2009/10/26

Ur-Kirolak 1925: Ipurmasailak odoletan



Ipurmasailak minbera, larrututa eta are odoletan izatea, arraunlariek hurbiletik ezagutzen duten kontua da. Tentu handiz zaindu eta zaildu beharrekoa da tostan hain marruskadura-saio gogorretan erabiltzen den ipurdi-alderdi hori. Duela gutxi Korta berak azaltzen zuen telebistan, gordintasun osoz, arraunean hasi zen garai hartan maindireak ipurdian literalki itsatsita esnatzen zela hainbatetan. Gaur kontatu nahi dizuedan istorioa, ordea, ez da arraunlarien ohiko ipurdi-min horiei buruzkoa, istripu batek eragindakoa baizik.

Ur-Kirolak 1922an sortu zuten arraunzale donostiar batzuek, aulki mugikorrean aritzeko zaletasunak bultzatuta. Lehiatzeko yolarik ez zutela-eta, bat beren kasa eraikitzea erabaki zuten. Baina plano eta informazio askorik gabekoak izaki, nahiko ontzi zatarra atera omen zitzaien: Euskotarra. Ez zen arraunerako ontzi baliagarria, eta irtenbide bat bilatu beharra zegoen, hartaz. Club Nauticoko biltegietan erdi ahaztuta zegoen yola zahar bat eskatu zioten klub horri, eta pixka bat zaharberritu eta gero, Urkik izan zuen bere lehen yola "lehiakorra": Antziak (ikus goiko argazkia). Halamoduzko ontzi horrekin 1924an Espainiako txapelketara joan eta irabazi egin zuten.

Jakina, irabazteko asmo berarekin joan ziren 1925ean Alacant aldera Angel Lizarraga, Agustin Lacoste, Jose Etxeberria eta Gaspar Iparragarai arraunlariak, Mariano Larrandia lemazainarekin batera. Hona hemen tripulazioa. Arraunketako teknika ez omen zuten oso landua aulki mugikorrerako, baina kementsuak eta gogo berokoak izateak konpentsatzen zuen gabezia hori. Eta kartsutasun hura frogatu beharra gertatuko zitzaion arraunlari bati estropada erdian. Izan ere, txapelketa lehiatzen jo eta su ari zirela, eserlekuko orga lekutik irten egin zitzaion Lizarragari, eta zuzenean errailen gainean eserita geratu zen. Hala, ipurdia aurrera eta atzera horren mingarriki zigortuz jarraitu behar izan zuen arraunean. Ez zen giro izango azpialde horretan! Hala ere, hortzak estutu eta ekinez, txapelketa irabazi ahal izan zuen Ur-Kirolakeko laukoteak:

1. Antziak (Ur-Kirolak), 7:47
2. Irrintzi (Club Nautico Donostia), 7:53
3. Arrea (Alacant), 7:59
4. Morato (Bartzelona), 8:13
5. Yo (Tarragona), 8:34

Era arranditsu eta bizi honetan kontatu zuen balentria hura Argia aldizkariak, 1925eko abuztuaren 23ko alean (beheko irudian ondo irakurtzen ez baduzu, egin klik esteka honetan):



Hala ere, agian ipurdiko min lazgarri horren arriskuari gehiegi iritzita-edo, ontzi berria eduki beharko zutela pentsatu zuten donostiarrek. Real Sociedadek sustatutako diru-biltze bati esker, Italian yola bat eraikitzeko adina eskuratu zuek Urkik: Ametza ontzia. Ondo eskertuko zuen Lizarragaren atzealdeak.

(Lehen argazkia: Ur-Kirolak)
(Bigarren irudia: Argia aldizkariko hemeroteka)

2009/10/19

Animo Mendi !!



Todoremo.com
foroan esan dutenez, Donostiarrako entrenatzaile Joserra Mendizabal, Mendi, Zaintza Intentsiboetako Unitatean (UVIn) omen dago, ostiraletik, odol-zirkulazioko arazo bat dela-eta.

Bihoakio hemendik besarkadarik handiena berari, eta bere senitarteko guztiei. Une latz hauetan, beste baterako utziko dugu horrek ekar ditzakeen kirol-ondorioei buruzko gogoeta; pertsona baikara beste ezeren aurretik, eta beste ezer baino lehenago.

Animo Mendi, eutsi gogor. Maite zaituztenek behar zaituzte. Donostiako arraunak behar zaitu.

(Argazkia: Diario Vasco)

2009/10/15

Facebook-era iritsi da Tornozulotik



Nire adiskide arraunzale bat ez da oso pozik egongo, eta barkamena eskatu beharko diot igual. Adiskide horrek ez du ulertzen zertan ibiltzen den hainbeste jende Facebook eta antzeko sare sozial horietan. Ez du ulertzen zertan lagun dezaketen horren tresna hotz eta artifizialek harremanak eratzen. Bere iritziz, harremanak gauza sinpleagoa dira, hainbeste alanbike bihurri erabili beharrik gabekoa: bere ustez, nahikoa da, Iztuetak zioen bezala, diosal moduan emandako bizkarreko sendo bat, adiskidetasun beroena adierazteko. Lege zaharrean, ze arraio. Utikan formulismo txepelak eta gehiegizko legamiak. Adiskidetasuna beroan landu behar dela dio, aurrez aurre eta zuzenean, eta askoz hobe, gainera, mahai baten inguruan edo garagardo fresko baten aurrean egiten bada. Hainbesteko ezinikusia die horrelako kontuei, bere kasa kamiseta bat diseinatu eta soinean jantzita poz-pozik erakutsi zidan lehengoan: "NOT IN FACEBOOK" dio, letra zuri handiz, kamiseta urdin hark.

Nik ez dut maiz pentsatu gai horren inguruan, eta zuzeneko harremanen aldekoa banaiz ere (izan ere, adiskide horren eta bion artekoa mahai, terraza eta garagardo artean ere mamitutakoa baita, eta ez dago damurik, ez horixe), a priori ez dut sekula ezertxo ere izan sare sozial horien kontra. Hala ere, ez dut parte hartzeko asmorik izan inoiz.

Kontua da duela egun batzuk estropa.net webgune bikaineko lagunek Facebook-eko adiskide izateko eskaera egin zidatela. Eta ni, zer zen asko jakin gabe ere, ba, eskaera onartu eta sare horretara sartu nintzen. Espero dut nire adiskidea ulerkorra izango dela; azken batean, ez naiz ni izen eta abizenez sartu Facebook-era, Facebook bera bezain tresna hotz eta artifizial bat sartu da: bloga. Facebook-en egin ditudan saio lotsati eta apurretan, baten bati bidali diot harreman-eskaera, eta beste batzuek ere eskaera luzatu didate neroni. Sare txikia eratu dut, inondik ere, baina tira, aparteko asmo handirik gabekoa da blog hau, ze demontre. Aritu beharrean nabil oraindik, hala ere; ez naiz oso eroso sentitzen oraindik tresna maneiatzen, eta ez dakit zer-nolako jokoa emango didan.

Baina tira, hor duzue berria eta gonbita: Tornozulotik Bloga (hori baita Facebook-eko ierabiltzaile-zena) sare horretan dago, eta nahi duenak hor dauka adiskide gisa agregatzeko aukera. Adiskide beharra izango dut, agian... zalantza baitut kamiseta urdin ederreko bat ez ote dudan galduko (egia esan, bi kamiseta eder dauzka, Donostiarrarena ere ezin dotoreago luzitzen baitu sarri han eta hemengo estropadei begira). Batek daki.

2009/10/13

Anaitasunezko afaria Artesanan



Opor egunak dira hauek Donostiarrako arraunlari, entrenatzaile eta zuzendarientzat. Tira, ez hainbeste azken bi talde horretakoentzat, lanean ariko baitira taldea prestatzen, datorren urteko denboraldiari ahalik eta modurik onenean aurre egin ahal izateko. Zurrumurruak ugari dira, etor litezkeen arraunlarien inguruan, baina egiazko berririk oraindik bat ere ez.

Bitartean, atseden eta ospakizun garaia da arraunlari eta zaletuentzat. Joan den ostiralean, anaitasunezko afari bat egin zen Union Artesanan; jakina da soziedade hori oso inplikatua dagoela Donostiarrako zuzendaritzan, eta soziedadeak arraun-taldeari egindako omenarekin batera, soziedadeari eskerrona adierazteko baliatu zuen taldeak afari hura. Elkarte gonbidatzaileko kideekin batera, Donostiarrako A eta B taldeetako hainbat arraunlari, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak eta enpresa babesleetako ordezkariak batu ziren, bai eta Ur-Kirolak, Arraun Lagunak eta Fortunako lagun batzuk ere.

Bertan jakitera eman zen 500 bazkide batu direla ia proiektura. Gutxitxo, akaso, Donostia batentzat; baina hori da gure inplikazioaren neurria, tamalez.
Afariari buruzko argibide xeheak ematen dira albiste honetan.

PD: Joti, taldearen izena Donostiarra da, edo la (trainera) Donostiarra, erdaraz enpeñatzen bazara; baina inola ere ez La Donostiarra. Ez da lehen aldia egunkari horretan horrela idatzita ikusten dudana.
(Argazkia: Diario Vasco)