2010/02/17

Urumean ontziak ezin behar bezala ibili

Arraun Lagunak taldeko Pedro Indo arraunlari ohiari elkarrizketa egiten zaio, gaur, Diario Vasco egunkarian. Garai bateko eta gaur egungo arraunketaren arteko desberdintasun batzuk aipatzen dira, baina, bereziki, nire ustez garrantzi bereziko kontu bat plazaratzen du Pedro Indok: Urumearen nabigagarritasuna.

Aspalditik, nahiko zabartuta dago Urumea; lokatz ugari metatzen da ibaiaren hondoan eta bazterretan, eta ez da hori konpontzeko behar bezalako garbiketarik egiten. Uraren ibilbidea nekezagoa egiten du horrek, eta, leku gehiegitan, asko urritzen du ibaiaren zabalera eta sakonera. Duela hilabete batzuetako beste artikulu batean, ibaiaren egoera horrek Ondarretako hondarraren eskasian ere eragina zuela esaten zen, uraren ibilera nekezaren eraginez ez baitzen hondar guzti hori itsasora iristen eta, gero, hondartzetan metatzen.

Eta, jakina, sakonera eskasak eta ibilgu murritzak guztiz zailtzen du ontziak bertatik igarotzeko aukera. Zer esanik ez bosgarren zubi horren obra amaiezinek egoera hori areagotu ondoren. Zer gertatzen da horren ondorioz? Ba, Indok dioen bezala, orain Donostiako klubek ezin dituzte beren entrenamenduak egin Urumea ibaian, beti egin izan den bezala (are gutxiago estropadak antolatu). Soustonseraino joan-etorriak egin behar izaten dituzte, eta horrek, bidean aurrera eta atzera ibiltzeak dakarren arriskuaz gain, beste eragin txar bat du: kirola ikusezin bihurtzen duela. Ibaian jendea arraunean ikusteak gogoa (harra) sor diezaioke jendeari, etorkizuneko arraunlariei. Baina horrelakorik ikusi ezean, nola piztu ezer? Indok dio Soustonsen oso pozik daudela arraunlari donostiarren jardunarekin, besteak beste bertako afizioaren pizgarri ere badelako.

Beste hainbat lekutan ibaien egoera eta itxura txukuntzen ari dira, baita kirola egiteko eremuak prestatzeko ere, Tolosan egin duten hesi puzgarri hori lekuko. Hemen ordea, ibaiaren egoerari kasurik ez, zubien lanak noiz amaituko jakin ez (hiri honetan ohikoa den moduan), ibaian arraunlaririk ez, kirola gizarteratzeko modu hori berreskuratzerik ez, arraunlari donostiarrak bidaia ezerosoetan ibil daitezen saihesteko aurreikuspenik ez, eta abar.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/02/16

Plantilla eraberritua

Gaurko Irutxuloko HITZAn Donostiarrako plantillaren eta entrenamenduen berri ematen da. Mendi entrenatzailearekin izandako solasaldia du ardatz artikulu horrek, eta informazio oso interesgarria ematen da bertan. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dut, informazio eta iritziz oso mamitsua baita, baina ona hemen bertako laburpena.
Gaur egun, 35 arraunlari ditu klubak entrenatzen, iazkoaren bikoitza hain justu (17). Etxeko arraunlariek (Arraun, Fortuna eta Urkikoek) proiektuan duten eta izan behar duten garrantzia azpimarratu nahi izan du Mendik ("proiektuaren muina dira"), eta, horregatik, zein etorriko pentsatzeak baino iaztik kluba utzi dutenek kezka handiagoa sortzen diotela dio. Beraz, Imanol Cascante, David Iglesias, Miguel Angel Enriquez, Mikel Kortadi eta Iñaki Andonegi berrien ekarpena baloratuta ere, 35eko kopuru handi hori baloratzen du berak.

Entrenamenduen baldintza txarrak azpimarratzen ditu gero (Pasaian ari dira batik bat, baina azpiegiturarik ez du klubak han). Lan fisikoaz aparte, arraunkera bateratzen ari dira orain, taldea egiten (adierarik zabalenean), eta sentsazioak onak dira. Goiz omen da zer-nolako emaitzak izango dituzten jakiteko, baina goruntz egitea da helburua, aurkariak ere ondo indartu direla badakien arren.

Urte apal batzuen ondoren, harrobia mugitzen ari dela uste du Mendik, eta horretan goiko traineruaren bultzadak zeresana izango duela pentsatzen du. Aurten ere bigarren trainerua aterako da; Manu Roteta izango da berriro entrenatzailea, baina lana arinduko dion laguntzaile bat izango du urte honetan.

1.000 bazkide biltzeko ahalegin horretan, 800eko kopurua gainditua dagoela esan du. Udalak bere diru-laguntza mantendu du (ezinbestekotat jotzen du laguntza hori etorkizunerako), eta babesle baten bilaketan bide onetik doazela dioen arren, ezer ere ez dagoela itxita aitortu du.

(Argazkia: irutxulo.info)

2010/02/02

Beteranoak Londresera begira

Donostiako Arraun Lagunak klubeko beteranoen zortzikoak Londreseko Head of The River ospetsuan parte hartuko du martxoan.

Berrogeita hamar urte inguruko adinean dabiltza, arraunlari hauek, eta bertan dira, besteak beste, gaztetan hainbat Kontxa (ez tosta donostiarretan baina) irabazitako eta pisu arineko Munduko Txapeldun ere izandako Eulogio Genoba eta Benito Elizalde. Eta horiekin batera, Joseba Higos, Aitor Iriondo, Borja Pablos, eta abar. Guztira hamabost bat arraunlari biltzen ditu beterano talde honek.

Diario Vasco egunkariko albiste honetan kontatzen dira talde horren nondik norakoak: nola elkartu ziren, urte askoren buruan, eta berriro ere lehiatzeko erabakia hartu zuten, barruko "harra" lasaitzeko asmoz. Eta bai ondo egin ere: gogoratu nahi dizuet zortziko honek iazko ekainean Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituela, blog honetan bertan aipatu genuen moduan. Etorkizunean Munduko Txapelketan aritzeko asmoa ere badute. Aurtengoan, behintzat, Londreseko Head of The River proban saiatuko dira.

Aurreko edizioetan Ur-Kirolakeko beteranoak ere aritu izan dira han, eta pentsatzekoa da aurten ere bertaratuko direla; ea, beraz, donostiar arraunlari hauek denek, lehian gozatzeaz gain, beren helburuak betetzen dituzten.
Animo bada denoi.

(Argazkia: diariovasco.com)