Kosta guziyan sonatutakoestropara da jokatu,
Getaria, Pasai, ta Oriyo,
onera ziran elkartu;
Getariarrak ontzi bikaña
zuben onera agertu,
bañan, Luis Zarra bentzutzeko
modurik izandu eztu.
Zeñek ez daki Luis Karrillen
berri estropara abetan?
aurten ere nagusi jarri da
jokatu duben onetan;
oraindañoko itsas apustu
jokatu diran denetan
beti bandera irabazi du
treñero arraunketan.
Amalau sari irabaziyak
baditu legez ta umill,
aukeraturik treñerorako
beretzat amairu mutill;
juan dan jayian beste sariya
irabazi du txit abill,
kanpotarraren buru eginda
Donostiko Luis Karrill.
Bertso hauek 1890ko Kontxako banderaren ondoren Pepe Artolak jarritako bertsoak dira, huraxe izan baitzen patroi honen garaipen handietako bat. Donostiako patroi handia eta patroi handi ospetsuetan lehena izan zen Luis Karril, Torrekua.
Eta, aizue, hau aprobetxatuz esan nahi nuke, salaketa gisa-edo, alderdi batek 2006an eskatu zuela udaletxean kale bati Karrilen izena ematea;
nik dakidala, ez du oraindik kalerik patroi handi honek Donostia
batean, bai ordea makina bat artaburuk eta dozenaka txorakeriak.
Luis "Torrekua"ren garaipen sonatu eta ezagunena 1890ean ondarroarren aurka irabazitako desafioa da. Desafio horren kontakizuna leku askotan dago azaldua eta edonoren eskura (adibidez Euskonewseko artikulu honetan edo blog honetako sarrera honetan eta honetan), eta ez da nire asmoa hemen beste bat gehitzea, bai ordea testigantza interesgarri bat eskaintzea: zuzeneko protagonista batena. Roman Etxenike Karrilen kuadrillako arrantzale eta arraunlaria zen, desafio hartan parte hartu zuen, eta handik ia bi urtera patroia eta kuadrillako bederatzi gizon hil zituen istripuan onik irten zen gutxietako bat izan zen.
Etxenikeren kontakizunarekin hasi aurretik, ordea, aipatu nahi nuke hainbat bertso-paperen gai-iturri izan zela desafio hura, garai hartako edozein gertaera handirekin gertatu ohi zen moduan. Antonio Zabalak bost bertso-paper bildu zituen estropada honi buruzkoak, baita beste bi bertso bikote motz ere. Hemen daukazue bertso-paper horietako bat, Bertsolariya aldizkariaren irudi eta guzti. Beste paper edo idazki kurioso bat duzue honako hau, Antonio Arzakek egindako karitate eskaera.
Etxenikeren testigantza Dionisio de Azkue (Dunixi) idazlearen Mi Pueblo, Ayer (1932) liburuan biltzen da. Nik eskueran hirugarren edizioa dut, 1975koa.
Dunixi berak esaten digunez Roman Etxenike (Roman ‘Largo’) gizon handi eta lerdena zen oraindik 1932 hartan (desafioaren garaian 104 kilo omen zituen); arrantzale donostiar petoa zela dio, txapela zertxobait belarri aldera okertua jarrita "a lo donostiarra" eramaten omen zuen, eta bere hizketa gustagarri egiten zitzaion, Donostiako kaiko esamoldeak eta hizkera bizia baitzituen ahoan. Romanez gainera, artean Karrilen kuadrillako beste hiru bakarrik zeuden bizirik: 'Xolomo' (Pedro Galdos), 'Martin-Erri' (Martin Erkizia) eta 'Loko' (Inazio Olaizola), kaiko izengoitiak denak ere.
Goazen, bada, Dunixirekin izandako elkarrizketan Roman Etxenikek ematen digun zuzeneko lekukotasuna ezagutzera:
Hilabeteko prestakuntza egin zuten 1890ko desafio famatu hura prestatzeko, duro bateko ordaina eta afaria ematen zieten. Egunero sei milia egiten zituzten entrenamenduetan, eta, Dunixi harritzen den arren, Romanek dio haiek ohituta zeudela horretara, arrantza jardunean "mandua bejela" aritzen baitziren egunero (horra "bejela" aldaera, kaieko hizkera zaharrekoa). Traineruko zazpi arraunlari Karrilen ohiko kuadrillakoak ziren, eta besteak Donostiako beste patroienak; horra tripulazioa: Pantaleon Isasa (ankekoa, garai hartan bakarra izaten zen-eta), Tomas Agote, Isidro Ibarzabal, Martin Erkizia, Pedro Galdos, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Angel Etxezarreta, Roman Etxenike, Anselmo Idiakez, Joakin Landa, Inazio Olaizola eta Pepe Sanchez (aurrekoa). Oker ez banago, Joxe Beobide hura Ur-Kirolakeko eta Donostiarrako lehendakari izandako Iñaki Aranaren birraitona zen.
Romanek dioenez, desafioan Lekeitiotik abiatu eta hasieran arraunean 'sarri' hasi omen ziren, baina berehala ‘luze', erritmo berean estropada osoan. Ondarroarrak parean zituzten lehen minutuetan, eta Saturraran aldera hasi ziren donostiarrak aurrea hartzen. Mutrikun Anbrosiok, ondarroarren patroiak, txalekoa uretara bota eta apullian arraunean hasi zen arraunlariei laguntzeko, baina, pixka bat hurbildu baziren ere, alferrik izan zen. Txikituta iritsi ziren bi tripulazioak, tostak odoletan blai, egurra eskuko hezurretaraino sartuta. "Eta urrengo egunian, ezin pauso bat emanik, danak ipurdiyari elduta". Iritsieran, ordea, batere minik sentitu ere ez, "txoriya bañon pozago". Bi ontzietako arraunlariak adiskide izan omen ziren betiko, baita Ondarroara itzuli ez eta Castrora joan zen Anbrosio patroia ere.
Pozaldi egun horretatik 22 hilabete geroago, Luis Karrilen heriotzaren negarraldi eguna iritsi zen: 1892ko urriak 19. Etxenikek esaten digunez, Karril eta hamabi arrantzale egunsentian irten ziren itsasora, eta goiza arrantzan pasatu ondoren, beste kala baterantz abiatu ziren. Haize zakarra omen zebilen, iparra (NNE). Itsasoa bare, eta, haizea aprobetxatuz, belarekin ari ziren nabigatzen, kostatik 9 milia ingurura. Anboto ikusi orduko (kala ondo enfilatzeko puntua zen mendi hura) Joxe Mari Tabernak ordularia atera eta “ordubata” esan omen zuen. Oraindik gorde ez zuenean, haize-bolada bortitz batek derrepentean bela bete-betean harrapatu zuen, ontzia trabeska jarri eta azkenean irauli egin zuen. Karril une horretan pipa kargatzen ari omen zen, patroi lana istante batez utzita, eta kasualidadea, orduantxe gertatu behar bolada hura.

Luzaro egon ziren ontzi irauliari helduta, eta bere adiskideak nekearen nekez banan-banan amore ematen, ontzitik askatzen eta bere begien aurrean itotzen ikusi behar izan zituen Romanek. Karrilek arropa erantzi egin zuen, ontziari hobeto heltzeko-edo, baina horrek azkartu egin zuen bere patua: ordu eta erdi eskasera, agian hotzak giharrak uzkurrarazita, eskuak gilatik askatu eta hondoratu egin zen betiko.
Ontzi bat pasatu zen handik denbora batera. Garrasi eta seinaleak egin zituzten, baina ontzikoak ez ziren konturatu. Laurak ziren, hiru ordu igaro ziren beraz istriputik, eta desagertuak ziren hamahiru gizonetatik bederatzi: Luis Karril, Jose Joakin Leunda, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Joxe Migel Egaña, Luziano San Sebastian, Mariano Blanco, Francisco Agirre eta Manuel Uribe. Biziari gogor eusten zirauten Roman Etxenike, Pedro Galdos, Lorentzo Ituarte eta Ascensio Landabereak. Romanek erabaki bat hartu zuen: lantxa aurkitzen badute, nire gorpua ere aurkituko dute esanez soka batekin bere gorputza traineruari lotuta utzi zuen.
Urrunean atunontzi bat ikusi zuten. Xolomok izan zuen kamiseta bat arraun-puntan jarri eta arrauna gora altxatzeko adina kemen. ‘Avelina’ izeneko kalera zen, eta kasualitatez, Karrilen lagun minena zuen patroi, Francisco Iturriza ‘Polvora’ (hain zuzen, patroi honena zen 1890ko desafioan donostiarrek erabilitako trainerua). ‘Avelina’ bera desafio hartako apustu batean irabazi omen zuen Iturrizak. Laurak eta laurden ziren lau gizonak salbatu zituztenean. Egun batzuk geroago, laurak hankutsik oinez joan ziren Lezoko Santo Kristora, salbazioarengatik eskerrak emateko.
Horra Roman Etxenike "Largo"ren oroitzapenak. Donostiako arraunaren historia oparoaren parte bat besterik ez da, dudarik gabe berebiziko garrantzia duen arren. Arrauna eta Donostia maite baditugu, denon zeregina da historia osatzen duten istorio hauek donostiarren artean ahaztu ez daitezen ahalegintzea.
Argazkiak:
1. Luis Karril
2. Luis Karril, Kontxan 1890an irabazi zuen Cariño traineruan.
3. Karril (pipa eskuan) traineru donostiarreko bere kuadrillarekin.

0 erantzun:
Publicar un comentario en la entrada