2012/05/26

2012 denboraldi berriari begira

Trainerilla denboraldia bukatzen ari da, eta ekaina hastearekin bat hasiko da traineru denboraldia bete-betean. Motorrak berotzeko ohiko estropadak aurrena (Mutriku, Lekeitio,...) eta ligakoak ekain amaieran.

Nolabaiteko inpresioa dut denboraldi hau berezia dela Donostiarrarentzat. Beste aurrerapauso bat eman nahi izan da proiektuaren garapenean, baina aurten igo nahi den koska ohikoa baino handiagoa dela uste dut. Azken urteotan izan den bilakaera kontuan hartuz eta  aurtengo plantilla nola osatu den ikusita, badirudi goragoko helburuak lortu nahi direla.

Horrek, noski, exijentzia eta erantzukizuna handitzea dakar berarekin, eta egoera berri horri neurria hartzea garrantzitsua izango da klubarentzat. ACT liga bera ere aurten oso urrun ez dela izango pentsa lezake norbaitek. Hitz potoloak dira horiek. Lehenengo, ikusi egin beharko da zer maila ematen dugun uretan, eta horretan oinarrituta hitz egin ahal izango dugu aukera hori izango dugun ala ez.

Hala ere, badakit klubean bertan bertigo pixka bat ere sortzen duela panorama horrek: ACT ligan beste parametro deportibo eta, batez ere, ekonomiko batzuk gestionatu behar dira... eta gaur egun dagoen panorama ikusita (esponsorren mundua oso eremu latza bihurtu da), ez litzateke oso ingurune gozoa izango. Baina, anbizioa dagoen lekuan, arriskua ere hor dago.

Tira, ARC ligan paper txukuna egiten bada, play-offean sartzea lortzen bada, eta aspaldiko partez Kontxan itxuraz aritzen bagara, nigatik koforme. Eta uste dut klubean ere horrenbestean. Denboraldi interesgarria, beraz, donostiarrontzat. 

Gure aldetik, balkoietan bandera jartzea eta estropadetan petriletik marru batzuk botatzea... horra gure egitekoa. Aurreko urteetan baino gehiago izango ahal gara! Talde honek merezi du eta. Gu behintzat, berriro diot, Txindokira joateko gogoz gaude.
Aupa Donostiarra! 

2012/05/07

1910eko apustua: Donostiako bi baserritar, Orioko arraunlari bakar baten aurka

Zein urtetan gertatu zen zehazki ez dakigun arren, badakigu 1910 urte inguruan gertatu zela orain kontatuko dizuedan apustu kurioso hau. Protagonistak: Donostiako bi baserritar (aietearrak, hain justu) eta Orioko arraunlari entzutetsu bat.

Antonio Zavalak AUSPOA Bilduman argitaratutako Estropadak Bertsotan(*) liburuan aurkitu dugu gertaera hau, azalpen batzuk ematen baititu Fermin Imaz bertsolari donostiarraren bertso batzuetan narratzen dena hobeto ulertzeko. Eta, dudarik gabe nik baino askoz grazia handiagoarekin egiten duenez kontakizuna, hobe dut besterik ez esan eta hitza Zavala jaunari berari eman:

"1910 urte inguruan ba omen zan Orion izengoitiz Aundiya edo Orioko Aundiya esaten zioten gizon sendo bikain bat, itxasoan makinista ibiltzen zana, Orion garai artan zan arraunlaririk onena.
Aundiya onek apustua egin zuan Aiete aldeko bi baserritarren kontra, Orioko barratik Donostiraiño, sei milla guzira, arraunketan batelean. Baserritar oiek pasaitar batzuekin prestatu omen ziran.
Estropada asi eta Aundiya aurretik jarri zan. Bi minutu baiño geiagoko aldea artu zien baserritarrei. Auek indarra bai ugari, baiña trebetasunik ez. Itxura gabeko arraunketan zijoazen.
Orduan, Pasaiko maixu oiek, albotik zijoazen baporetik, oiu egin zieten:
-Motellek, zuzen joatea naikoa dezute! Jarri baporearen ondoan eta segi oni lasai! Baiña zuzen! Zuzen!
Baita ala egin ere baserritarrak, eta alderatzen asi eta bai aurreratu ere oriotarrari. Alde aundiaz irabazi zioten.
Gertaera ontaz bertsoak jarri zituan Donostiako Fermin Imaz bertsolariak. Ez degu papera iñon ere arkitu. Emen eskeintzen ditugun bertsoak bertako mariñel zaarrei -Inazio Aizpuru, Inazio Karril eta abar- zor dizkiegu. Baita eman ditugun argibideak ere."

Bakarra bikotearen aurkako estropada
1.
Bertso batzuek ateratzeko,
jaunak, izan det asmua,
orain baño leenagotikan
artua neukan planua;
batzuentzako poztasuna da,
bestientzako damua;
tokatzen ez dan arrazoyikan
publikatzera ez nua,
gure Jainkuak eman deidala
entendimentu sanua.
2.
Gauzak pasatu diran bezela,
kristauak, nai ditut konta;
arraunian asi ziraden
beatzi t'erdiyak jota;
ango jendien burlak orduan
brankan gañera iyota,
esanaz: «Eman akiyozute
erremolkeko txikota,
oiek emendik Donostiyara
ez dituk iritxiko ta».
3.
Oiek ez-ezik bestiak ere
oituak burla egiten,
bañan ez dakit pertsonarikan
errespetatzen dakiten;
bañan orrela oinperatzia
zer pena ematen duten,
etzuten asko pentsatzen baño
inbentzible ziran irten,
......................
......................
4.
Gizon galanta izanagatik
ez da jeniyoz ustela,
andik onuntza olako markik
etzun egingo bestela;
bañan berriz e bikuarekin
fiyatu ez ditezela,
sei milla eta piko badaude
esaten duten bezela,
gizon bakarra probatutzeko
uste det naikua zala.

Badugu estropada bitxi horren beste erreferentzia bat. Izan ere, Fabian Loidi apaizak, bere Oriotarrak poeman (**), bertso batzuk eskaini baitzizkion Orioko Aundiari. Bertso horietan aipatzen den desafioa Fermin Imazek kontatutakoa berbera bada, aipatzekoa da hemen ez direla bi baserritar donostiar agertzen oriotar handiaren aurka, Erdozia donostiarra eta Artzak pasaitarra baizik. Harritzekoa da Antonio Zavalak izandako informatzaile zuzenek horrelako datu bat gaizki ematea, eta agian antzeko beste apustu bat zela pentsa liteke. Baina tira, estropada bera izan edo ez izan, horra bertsoak:

Orioko aundia
1.
Orio degu gizon bikaiñak
sortu dituan erria.
Bi metro luze, indar biziko
zan Oribarko Aundia.
Palanka-beso, gerri biguna,
erraldoi arraunlaria.
Aren indarrak ikaratu zun
Kantabri-kosta guzia.
2.
Arraun-lanean danak ausita
etsairik gabe gelditu,
neurriz kanpoko borrokaria,
gizonak ezin garaitu.
Itxas-olatu aundiak ere
ezin zioten jarraitu.
Aren garaian batel-estropak
erabat ziran amaitu.
3.
Erraldoi ori menderatzeko
baziran asmo zorrotzak;
bear zirala iru gizonen
beso, gerri ta biotzak.
Agertu ziran indar aundiko
bi arraunlari batentzat:
Donostiako Erdozia ta
bestea Pasaiko Artzak.
4.
Oriotikan Donostiraiño
eratu zuten borroka.
Zubi aurretik abitu ziran
arraun-indarrez orroka,
Aundi bakarrak bide erdiraiño
erakutsi zien popa,
azkenik larri ontzi bikoak
irabazi zun estropa.

(Argazkia: Aieteko Munto baserri ezaguna, gaur egun tamalez erortzear dagoena).
(*) ZAVALA, A: Estropadak bertsotan, AUSPOA Bilduma, Sendoa, Oiartzun, 2003.
(**) LOIDI, F: Esku-azalak, Colección Olerti., 1962

2012/05/02

Donostiako klubak aulki mugikorreko txapelketetan

Atzo jokatu zen Legution aulki mugikorreko 8+ kategoriako Euskadiko Txapelketa. Joan den asteburuan Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Orion. Donostiako bi klubetako zortzikoak izan ditugu bi txapelketa horietan.

Hona hemen emaitzak:

EUSKADIKO TXAPELKETA
1. Hondarribia A 05:49,11
2. Orio  05:56,41
3. Hondarribia B 06:02,11
4. Ur-Kirolak 06:07,23
(Donostia Arraun Lagunak sailkapen-estropadan kanporatuta geratu zen)

GIPUZKOAKO TXAPELKETA
1 Hondarribia A 04:10,27
2 Orio 04:16,11
3 Hondarribia B 04:24,55
4 Donostia Arraun Lagunak 04:28,14
(Ur-Kirolak sailkapen-estropadan kanporatuta geratu zen)

(Argazkia: Luis Lizarralde)

2012/04/25

Donostiarrako lehen arraunlari-zerrendak. Balorazio txiki bat.

ARC ligako webgunean argitaratu dituzte klubetako plantillen behin-behineko lehen zerrendak. Horien artean daude Donostiarrako A traineruaren eta B traineruaren arraunlari-zerrendak.

Jakina denez, zerrenda horiek aldaketak izan ditzakete ekainean, behin betiko zerrendak aurkezten direnean, baina lehen balorazio bat egiteko bidea erakusten digute behintzat.

Esan daitekeen lehen gauza da etxekoek osatzen dutela, aurten ere, plantillaren zatirik handiena. Azken denboraldietan, etxeko arraunlariek erakutsia digute ARC ligan maila oso duina mantentzeko oinarria eratzen dutela, eta hori ez da oinarri makala, hortik gora hobetzeko elementuak elkartzeko aukerarik izanez gero panorama polita zabaltzen baita. Lehen zerrenda hauetan Donostiarrak 45 arraunlari ditu guztira, eta horietatik 36 dira propioak, 35 harrobikoak.

Harrobiko horien artean, azpimarratzekoa da arraunlari batzuk itzuli egin direla Donostiako traineruen tostetara: Loren Jauregi (azken urteotan San Pedron ibilia) eta Gari Azkue (40 urte ditu, fitxak 27 dioen arren, Bartzelonako Joko Olinpikoetan aritua eta junior mailako Munduko Txapelketan dominak irabazia) beteranoak, euskararen munduan ezaguna den Unai Elizasu, eta lehenago Donostiarran aritutako Iñigo Collazo. Urrian jakinarazi zen Aritz Jauregi ere Donostiara itzuliko zela, baina ez da azkenean zerrendan, arrazoiak edozein direla ere.
Itzulera horiek erakusten dute klubaren sinesgarritasuna handituz doala, eta sendotu egiten dela Donostiako traineruan donostiar onenak biltzeko asmoa. 

Horiekin batera, trainerura batu dira harrobikoak ez diren Julen Durandegi (iaz Ur-Kirolakeko zortzikoan ibilia), Alain Osanbela, Gari Tolosa eta Joseba Etxabe.

Arraunlari horien denen beso-gerrietan egongo da Donostiak historiaz merezi duen lekura itzultzeko aukera eta erantzukizuna. Edo saiatzekoa behintzat. Noski, Txindokira igotzeko irrikitan gaude zale batzuk... ea aurtengoan (zaila izango den arren, Orio parean egokitu zaigunez).

Bestalde, guztiz aipagarria da B traineruan sendotu egin dela harrobia lantzeko zeregina. Harrobikoen kopurua handitu egin da iaztik (zerrendako 21etik 19 harrobikoak dira), jende oso gaztea arituko da tostetan, eta etorkizuna lantzeko eta bermatzeko aukera paregabea eskainiko du horrek.

2012/04/18

S. D. Txapel Aundi

Duela egun batzuetako ale batean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak S.D. Txapel Aundi elkartea izan zuen hizpide.

1956an sortutako Martuteneko elkarte hau oso errotua dago auzoan, eta hainbat ekimen eta arlo landu izan ditu bere historian zehar: festak, txirrindularitza (criteriuma antolatzen dute udazkenean), herri-kirolak, eta, nola ez... arrauna.

Ez dut Noticias de Gipuzkoako testu hori sarean, euskarri digitalean, aurkitzerik izan, baina elkarteak bereziki 1960ko hamarkadan arraunketan egindakoaz ere mintzatzen ziren elkarteko bazkideak. Arraunarekin izan zuen harreman horrengatik, aipatua dugu Txapel Aundi lehenago blog honetako sarrera honetan.

Txapel Aundi Martutenen dago, Urumearen ertzean, eta arraunean aritzeko baliabideak eta aukera zituztela ikusi zuten; hala, 1960ko hamarkadan batel eta trainerillak uretaratu zituzten. 1962an Espainiako txapeldunak izan ziren trainerilletan, eta elkarteko kide Rafael Almandoz zegoen txapela lortu zuten arraunlarien artean.

Juanito Irizar bazkideak anekdota gisa kontatzen duenez, bera zen trainerillak eta batelak bere kamioiean alde batetik betera eramateko ardura zuena. Taldea garraiatzeko autobusa ordaintzeko diru handirik ez, eta Jaizkibel konpainia militarraren autobusa erabiltzen omen zuten batzuetan. Jakina da konpainia militar horretako buruzagietako bat, Aizpurua kapitaina, oso arraunzalea zela (Kontxan aritutako traineru sendoa ere osatu zuten), eta horri esker erabili ahal izan zuten beren autobusa.

Goiko argazkian duzue Txapel Aundiko trainerillaren tripulazioa. Hona hemen arraunlariak: Rafael Almandoz, Tiburcio Etxeberria, "Bixentiko" Elizondo, J.M. Lizeaga "Ubillos", Antonio Oliden, Victor Sarasola eta Klaudio Etxeberria "Gorria".

Arrauna sustraitua egon izan da betidanik Donostian, modalitate guztietan, eta komeni da horrelako elkarte eta ekimenen berri izatea. Txapel Aundiko trainerillaren argazki gehiago ikusteko, horra Kutxatekako argazki-galeria. (CC BY-NC-ND-3.0-ES / KUTXATEKA / Paco Marín)

2012/03/29

Ezagutzen al duzue Ur-Kirolakeko koloreen anekdota?

Badakizue, gauza ezaguna baita, zein diren Ur-Kirolak klubaren koloreak: berdea, gorria eta zuria. Gure etxean Francoren garaiko anekdota bitxi bat kontatzen zen klubeko kolore horien inguruan, eta duela gutxi klubeko arduradun batzuekin anekdota benetakoa dela egiaztatzeko aukera izan dut. Eta kuriosoa delakoan, hemen kontatzea erabaki dut. Horra bada:

Ur-Kirolak 1922an sortu zenean, fundatzaileek euskal koloreak (alegia, ikurrinaren hiru koloreak) aukeratu zituzten klubaren bandera, ikur eta uniformeetarako.

Jakina, Gerra Zibilaren ondoren, frankismoaren garaia iritsi zenean, euskal kutsua zuen edozer susmagarria zen, "desegokia". Kontua da Gobernu Zibiletik deia jaso zutela klubekoek bertara joan zitezen. Joan zen, bada, Ur-Kirolakeko idazkaria, eta hara non galdetzen dioten ea zer esanahi zuten klubeko kolore horiek. Ez zen egoera atsegina izango idazkariarentzat, egia aitortuz gero auskalo zer pasatuko zen-eta.

Eta ataka horretatik ateratzeko zer egingo eta... burutazio bikaina izan zuen. Esan zien ez zuela zerikusirik euskaltasunarekin. Besterik gabe, Ur-Kirolak klub nautiko bat zela eta, ondorioz, itsas nabigazioko koloreak hautatu zituztela klubaren ezaugarri: istriborra (berdea), ababorra (gorria), eta posizio edo topea (zuria).

Ez dakit Gobernu Zibilean guztiz sinetsi zioten ala ez, baina kontua da esplikazio arrazional eta “logiko” bat ematen asmatu zuela idazkari hark, eta ondorio txarrik ez izateko bidea topatu zuela une latz horretan. Hala ere, arazoak saihesteko, badaezpada kendu egin zuten kolore zuria, kolore hirukote "susmagarria" erdi ezkutatzeko. 1935eko argazki honetan eta 1980ko honetan ikus dezakezuenez, jantziaren kulotea edo galtza beltz bihurtu zuten, gerra aurretik zuria bazen ere (eskuinean duzue konparazioa).

Nonbait aktaren batean jasoa omen dago idazkari buru-argi horren izena, baina Urkiko arduradunek ezin izan zidaten puntu hori argitu. A ze garai tristeak haiek, horrelako trantzeak pasatu beharra ere!

2012/03/18

Head of The River Race

Hilabete honetan Head of the River Race estropada ospetsua jokatzen ari da Londresen. Atzo, seniorren txanda izan zen: hona hemen emaitzak.
Ikus dezakezuenez, postu hauetan geratu dira donostiarrak:
  • Ur-Kirolak (86.): 19:15,50
  • Donostia Arraun Lagunak (89.): 19:16,60
Joan den astean, emakumeen estropada jokatu zen: Ur-Kirolak 113. postuan iritsi zen, 22:43,44

Beteranoen estropadan, berriz, Donostia Arraun Lagunak 6. postuan iritsi zen (2, bere kategorian), eta Ur-Kirolakek eramandako bi zortzikoek 40. eta 120. postua lortu zuten.

Hedabideetan izan du oihartzuna estropada honek:
  • Unai Elizasuk BERRIAn egindako kontakizun ederra 
  • Noticias de Gipuzkoa Donostia Arraun Lagunakeko talde beteranoaz ari da artikulu honetan, Canal aita-alabak haritzat hartuta (aita arraunlari, alaba lemazain).
  • Irutxuloko HITZAn hainbat protagonistari egindako elkarrizketa.

2012/03/14

Blogak hiru urte !

Aste honetan hiru urte bete ditu blog honek. Hiru urte zahar handi!!

Hiru urte hor ezkerrean duzuen Tornozulo horretatik itsasoari begira, donostiarrak arraunean zertan ibili diren ikusi eta kontatu nahian.

Hiru urte hauetan, 19.000 bisitatik gora izan ditu blogak. Batez beste 18 bisita inguru egunean, eta 9-10 bisitari. Eskerrik asko, zinez, handik eta hemendik biltzen ditudan albisteak, kontakizunak eta bestelako txorradak irakurtzen dituzuen guztioi.

Ba hori, zorionak zuri, bloga, eta mila esker zuri, irakurle.

2012/03/10

Kiriko telefono mugikorrean

Denetariko jende xelebrea omen dago mundu honetan. Egia galanta.

Duela gutxi gertatutakoa: horra hor tipo bat, besoa luze-luze eginda, argazki bat ateratzen bere telefono mugikorrarekin; eta hara non konturatzen den beste tipo bat duela disimuloz begira-begira jarrita. Baina ez berari begira, ez. Telefonoari begira dago, kuriosidade handiz. Halako batean hurbildu zaio bestea, eta ea telefonoa erakutsiko dion eskatu dio.

Erakutsi dio, bada, telefonoa, eta bai, ondo ikusi duela konturatu da bestea: traineru zahar baten argazkia du telefonoak. Ez telefonoaren funda edo zorroan, ez, telefonoan bertan du inprimatua. Eta, aizu… ez da edozein traineru: Kiriko handiaren trainerua ez da ba, hortxe dagoena!! Honako argazki hauxe da:

Harridura begiradari erantzunez, esplikazioak eman dizkio telefonoaren jabeak besteari. Antza, ba omen da Asian telefono marka horrentzat azalak diseinatzen dituen enpresa bat. Oso erraza omen da sistema: edozein irudi edo argazki hartu, enpresa horretako webgunean itsatsi (telefono azalaren diseinua zehazteko laukian), eta egun batzuen buruan etxera bidaltzen omen dizkizute azalak. Eta telefonoaren jabeari traineru horren argazkia bururatu zitzaion, arraunzalea izaki. Ez HTC Tatoo, ez HTC Wildfire eta ez krixto… HTC Kiriko!!

Denetariko jende xelebrea omen dago mundu honetan. Egia galanta.
Zuek erabaki istorio honetako bietatik zein den xelebreagoa.

2012/03/01

Head of the River estropadari begira

Aurten ere, urtero bezala, Londresen “Head of the River Race” aulki mugikorreko estropada antolatuko da Londresen, 8+ ontzientzat.

Aurreko urteetan bezala talde donostiarrak bertan izango dira. Ur-Kirolak klubak jakinarazi duenez, aurtengoan zortziko hauek bidaliko ditu Londresera:

Martxoaren 3an, nesken zortzikoa izango da bertan.
Martxoaren 17an, senior mutilen ontzia.
Martxoaren 18an, beteranoz osatutako bi zortziko.

Estropaden partaide-zerrendan ikusten denez, zortziko seniorra bidaliko du Donostia Arraun Lagunak-ek ere, eta pentsatzekoa da beteranoak ere bertan izango direla, azken urteetan izan diren bezala, emaitza onekin gainera. Zorte on denei!

2012/02/28

Donostiarrak XVIII. Oriaren Jaitsieran

Larunbatean XVIII. Oriaren Jaitsiera jokatu zen, jadanik klasikoa bihurtu den otsaileko arraun egun ederrean. Hona hemen emaitzak.

Donostiarrak hiru traineru eraman zituen bertara, eta Ur-Kirolaken traineru misto bat ere izan zen Oriako uretan.

Donostiarrako arraunlariak lehen aldiz aritu ziren traineru lehiaketa batean aurtengo denboraldian. Aurpegi berriak ikusteko lehen aukera izan genuen, beraz.

Ez zuten bere mailarik onena eman, klubak berak bere webgunean aitortu duenez. Hala ere, jakina da klub bakoitzak helburu desberdinekin parte hartzen duela jaitsiera hauetan, eta ez zaie kasu handiegirik egin behar emaitza horiei. Entrenamendu sasoian gaude, hilabete asko falta dira benetako estropadetarako, eta ikusiko dugu nola doazen aurrera prest jartzeko urratsak.

Bestalde, arraunketa mugikorreko Beteranoentzako Bidasoako V. Jaitsiera izan zen. Bost ontzi donostiarren hartu zuten parte (bat Donostia-Arraunekoa eta lau Ur-Kirolakekoak). Hemen dituzue emaitzak.

(Argazkia: © Luis Lizarralde)

2012/02/09

1915: Kontxako Banderarik ez?

Ezkerreko argazkian ageri den hori Biktoriano Iraola duzue (1841-1919), behean kopiatu ditudan bertsoen egilea. Jaiotzez sanjuandarra izan arren, Donostian pasatu zuen ia bizitza osoa.

Bertsoak 1915ekoak dira. 1911ko edizioan izandako iskanbilen ondorioz, hiru urtez ez zen Kontxako Banderarik antolatu, eta 1915ean ere bazirudien ez zela banderarik izango. Horren harira jarri zituen ondoko bertsoak Iraolak.

Hala ere, azkenean jokatu zen estropada, eta, oriotarrak faborito baziren ere, donostiarrek irabazi zuten, Soterotxoren gidaritzapean, 1915ko bandera hura. Blog honetan hainbat aldiz gogoratu dugun moduan, anekdota bitxi eta guzti.

Esanguratsua iruditzen zait bertso-sail honen azken bertsoa. Bandera ez antolatzeak eragingo lituzkeen kalteen artean, honela dio: "zeren diran bi festa eder galaztia: bat arraunian eta... ojuka bestia". Oso hitz gutxitan ederki azaltzen du Biktoriano Iraolak kirol eder honek dituen bi alderdi nagusiak: kirolarien ahalegina eta zaletuen grina.
Horra bertsoak:


Estropadak. Egia ote da?
1.
Estropadik eztala
udara onetan,
ori kontatzen dute
leku geienetan;
asko gelditu biar
dirade penetan,
ez ikusi biarra
zutik txalupetan
bulla dariyotela
danak erriyertan.
2.
Jokatzeko eguna
allegatutzian,
eta siñale danak
jarri ondorian,
beti bazuten zerbait
treña bakoitzian:
batian iskanbilla,
ojuka bestian...
Izugarriyak dira
orrela astian!
3.
Noizbait jokatutzeko
prestatzen badira,
altxa ta berriketan
berdiñ asten dira;
ikusi izandu det
aien erretira,
jokatu gabetandik
saltatzen errira
eta andikan joaten
sagardotegira.
4.
Bogalari bikañak
eustian lanari,
badakite altxatzen
onra erriyari.
Eta asarretzian?
Gezurra diruri!
Naiago amor eman
baña len iñori,
biziya kendu... iru
baso sagardori!
5.
Garbi aitortu nai det,
gizonak bezela,
oraingo gaztiakin
ari ez naizela;
ez dakit mutill abek
diraden orrela,
baña iduritzen zait
esan litekela
lengo zarraren antza
izango dutela.
6.
Treñarekin etortzen
ziran kanpotarrak,
gaitzak ziraden neurtzen
beraren indarrak;
emenguak oju ta
aiek deadarrak,
a zer mutillak danak,
onak edo txarrak,
arraunaz berotzeko
alkarren bizkarrak!

                                                             7.
                                                             Pena artzekua da
                                                             añ jende gaztia,
                                                             treñero apustuban
                                                             ez ikusitzia;
                                                             batzubek mar-mar daude
                                                             ori gertatzia,
                                                             zeren diran bi festa
                                                             eder galaztia:
                                                             bat arraunian eta...
                                                             ojuka bestia.

2012/01/19

Luis Karrilek ez du kalerik Donostian

Aurreko idazki honetan, plazaratu nuen Luis Karrilek ez zuela bere izeneko ez plazarik ez kalerik gure hiri santu honetan. Eta kritika hori ez nuen egin nire ustez guztiz merezia lukeelako bakarrik. Aipatu nuen, gainera, alderdi politiko batek (EAJk, hain zuzen) 2006an eskatua ziola kalea udalari. Antza, proposamen ofiziala eginagatik ere, ez du patroi handi hark horrenbeste merezi.

Hona hemen eskaera horren testua (*). Erdaraz dago; ez dakit eskaera euskaraz ere egin ote zen, nik behintzat ez dut aurkitu. Bertatik ateratakoa da eskaeraren pasarte konkretu hau:

Egia esan, amorratu ere egiten nau batzuetan gure kale eta plazen izenak ikusteak: ergelkeria galantak eta ganorabako totalak dauzkagu, mordoxka bat, eta Donostiari poza edo aintza eman dioten makina bat pertsona daude aitortza publiko horren faltan. Esaterako, Luis Karril.

Askotan susmoa dut ez dela behar bezala apreziatzen leku-izenak ere badirela herriaren ondare, eta ez soilik eraikinak eta ondasun materialak. Izenak ere herriaren ondarea dira, izen horiek izendatzen dituzten pertsona edo gauzak herri-oroimenaren ondarea diren bezalaxe (izenak izana baitu, esaerak dioen bezala).
   
Donostiako udalak orain dela hilabete gutxi hartu zuen Atotxako futbol-zelaia zegoen plazari izen horixe ematea, Atotxa zelaiarena alegia. Erabaki txalogarria. Hala ere, tamalgarria da duela ia 20 urte Atotxa zaharra bota eta plaza berria eraiki zenean, ez zitzaiela okurritu ere egin izen hura kale-izendegian gordetzea merezi zuenik. Ez izena bera, eta ez, beraz, futbol-zelaiaren oroimena. Ondarea zapuztuta berriro ere. Eskerrak pertsona zentzudunen baten ideia bultzatuz Gure Reala futbolzale-elkarteak udalean proposamena aurkeztu zuen, soka horretatik tiraka etorri baita Atotxa izena berreskuratzeko erabakia.

Tristea da, ordea, gauzak “berez” egin ez izana eta horrelako kontraproposamenak egin beharra. Horixe gertatu zen Amara Zaharrean eraikiko duten plaza berriari Nelson Mandela izena ezarri nahi izan ziotenean. Ez dut dudarik Mandela jaunak merezi duela hori eta gehiago, baina nire ustez egokiagoa da aurrena Donostiako izen-ondarean edo herri-oroimenaren ondarean bilatzea.

Ez zuten horrelakorik egin kai aldetik Paseo Berria hasten den zabalgune edo plaza horrentzako Jacques Cousteau izena hautatu zutenean: zein leku hobea Luis Karrilentzat, urtero-urtero zientoka arraunzalek estropadez gozatzeko erabiltzen duten talaia paregabe hori baino? Baina berandu da jadanik. Aproposa zen leku hura, gainera; kaiaren inguruan ia ez baitago berezko izen zaharrik ez duen beste lekurik. Ze, jakina, zerbaiti Luis Karril izena jartzeko erabakia hartzen badute, arren ez dezatela lehendik dagoen izen zahar bat hankapean hartu. Hau da, ez dezatela egin gaur egun Fermin Calbeton den kalearekin egin zutena: Erdi Arotik zetorren Puiuelo izena, duela bi belaunaldiko donostiarrek ere erabiltzen zuten izen gaskoi eder hori, oraingo eta etorkizuneko donostiarren ondaretik ezabatuta uztea. Aiton-amonei aditua diegun Parte Zaharrekooz aparte, zenbatek, zenbat gaztek ezagutzen du izen hori? Trakeskeria hori egiteko, hobe da ezer ez ukitzea, eser ez aldatzea.

Hor da, beraz, mahai gainean alderdi baten eskaera ofiziala. Baina 6 urte pasatu dira jadanik, eta...ezer ez. En fin, pazientzia, Luis Torrekua, pazientzia.

PD: Ondo pasa San Sebastian egunean !!!!

(*) Ikus dezakezuenez, Xabier Ezeizabarrena zinegotziak egindako eskaeran Luis Karril asturiarra zela dio. Hain zuzen testu hori irakurtzeak piztu zuen patroiaren ondorengo baten harridura, bai baitzekien Karril jaiotzez donostiarra zela, eta horixe frogatzeari ekin zion. Baita lortu ere.

2012/01/06

Egutegia aurten ere

Aurten ere, egutegia atera du Donostiarrak, Urkatx arraindegien lankidetzarekin. Iazkoan bezala, Donostiako auzoetan ospatzen diren jaiak markatuta eskaintzen dira egutegian, eta, nola ez, traineru eta arraunlarien argazki ederrak ikus ditzakegu bertan.

Egia esan, ez klubaren webgunean ez bazkideok Gabonetan jaso dugun gutunean horri buruz ezer esan ez zutenez, adiskide batek jakinarazi didalako enteratu naiz ni.

Arraindegi pare batera joan, eta agortuta dagoela esan didate. Eskerrak lagunak bere alea oparituko didan.

2012-01-11 EDITATUA: Gaur bertan jaso dut etxean klubak postaz bidalitako egutegia. Dirudienez, Urkatxek egutegi sail bat atera du, bere publizitate hutsarekin, eta klubak beste sail bat kaleratu du, gainerako esponsorrekin eta laguntzaile gisa ageri diren taberna eta jatetxe batzuekin. Eta bazkideoi azken honen ale bana bidali digute. Eskerrik asko, bada, eta barkatu klubari egindako "errieta". :)

2011/12/21

Luis Karril: bere kuadrillako baten testigantza zuzena

Kosta guziyan sonatutako
estropara da jokatu,
Getaria, Pasai, ta Oriyo,
onera ziran elkartu;
Getariarrak ontzi bikaña
zuben onera agertu,
bañan, Luis Zarra bentzutzeko
modurik izandu eztu.


Zeñek ez daki Luis Karrillen
berri estropara abetan?
aurten ere nagusi jarri da
jokatu duben onetan;
oraindañoko itsas apustu
jokatu diran denetan
beti bandera irabazi du
treñero arraunketan.

Amalau sari irabaziyak
baditu legez ta umill,
aukeraturik treñerorako
beretzat amairu mutill;
juan dan jayian beste sariya
irabazi du txit abill,
kanpotarraren buru eginda
Donostiko Luis Karrill.

Bertso hauek 1890ko Kontxako banderaren ondoren Pepe Artolak jarritako bertsoak dira, huraxe izan baitzen patroi honen garaipen handietako bat. Donostiako patroi handia eta patroi handi ospetsuetan lehena izan zen Luis Karril, Torrekua.

Eta, aizue, hau aprobetxatuz esan nahi nuke, salaketa gisa-edo, alderdi batek 2006an eskatu zuela udaletxean kale bati Karrilen izena ematea; nik dakidala, ez du oraindik kalerik patroi handi honek Donostia batean, bai ordea makina bat artaburuk eta dozenaka txorakeriak.

Luis "Torrekua"ren garaipen sonatu eta ezagunena 1890ean ondarroarren aurka irabazitako desafioa da. Desafio horren kontakizuna leku askotan dago azaldua eta edonoren eskura (adibidez Euskonewseko artikulu honetan edo blog honetako sarrera honetan eta honetan), eta ez da nire asmoa hemen beste bat gehitzea, bai ordea testigantza interesgarri bat eskaintzea: zuzeneko protagonista batena. Roman Etxenike Karrilen kuadrillako arrantzale eta arraunlaria zen, desafio hartan parte hartu zuen, eta handik ia bi urtera patroia eta kuadrillako bederatzi gizon hil zituen istripuan onik irten zen gutxietako bat izan zen.

Etxenikeren kontakizunarekin hasi aurretik, ordea, aipatu nahi nuke hainbat bertso-paperen gai-iturri izan zela desafio hura, garai hartako edozein gertaera handirekin gertatu ohi zen moduan. Antonio Zabalak bost bertso-paper bildu zituen estropada honi buruzkoak, baita beste bi bertso bikote motz ere. Hemen daukazue bertso-paper horietako bat, Bertsolariya aldizkariaren irudi eta guzti. Beste paper edo idazki kurioso bat duzue honako hau, Antonio Arzakek egindako karitate eskaera.


Etxenikeren testigantza Dionisio de Azkue (Dunixi) idazlearen Mi Pueblo, Ayer (1932) liburuan biltzen da. Nik eskueran hirugarren edizioa dut, 1975koa.

Dunixi berak esaten digunez Roman Etxenike (Roman ‘Largo’) gizon handi eta lerdena zen oraindik 1932 hartan (desafioaren garaian 104 kilo omen zituen); arrantzale donostiar petoa zela dio, txapela zertxobait belarri aldera okertua jarrita "a lo donostiarra" eramaten omen zuen, eta bere hizketa gustagarri egiten zitzaion, Donostiako kaiko esamoldeak eta hizkera bizia baitzituen ahoan. Romanez gainera, artean Karrilen kuadrillako beste hiru bakarrik zeuden bizirik: 'Xolomo' (Pedro Galdos), 'Martin-Erri' (Martin Erkizia) eta 'Loko' (Inazio Olaizola), kaiko izengoitiak denak ere.

Goazen, bada, Dunixirekin izandako elkarrizketan Roman Etxenikek ematen digun zuzeneko lekukotasuna ezagutzera:

Hilabeteko prestakuntza egin zuten 1890ko desafio famatu hura prestatzeko, duro bateko ordaina eta afaria ematen zieten. Egunero sei milia egiten zituzten entrenamenduetan, eta, Dunixi harritzen den arren, Romanek dio haiek ohituta zeudela horretara, arrantza jardunean "mandua bejela" aritzen baitziren egunero (horra "bejela" aldaera, kaieko hizkera zaharrekoa). Traineruko zazpi arraunlari Karrilen ohiko kuadrillakoak ziren, eta besteak Donostiako beste patroienak; horra tripulazioa: Pantaleon Isasa (ankekoa, garai hartan bakarra izaten zen-eta), Tomas Agote, Isidro Ibarzabal, Martin Erkizia, Pedro Galdos, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Angel Etxezarreta, Roman Etxenike, Anselmo Idiakez, Joakin Landa, Inazio Olaizola eta Pepe Sanchez (aurrekoa). Oker ez banago, Joxe Beobide hura Ur-Kirolakeko eta Donostiarrako lehendakari izandako Iñaki Aranaren birraitona zen.

Romanek dioenez, desafioan Lekeitiotik abiatu eta hasieran arraunean 'sarri' hasi omen ziren, baina berehala ‘luze', erritmo berean estropada osoan. Ondarroarrak parean zituzten lehen minutuetan, eta Saturraran aldera hasi ziren donostiarrak aurrea hartzen. Mutrikun Anbrosiok, ondarroarren patroiak, txalekoa uretara bota eta apullian arraunean hasi zen arraunlariei laguntzeko, baina, pixka bat hurbildu baziren ere, alferrik izan zen. Txikituta iritsi ziren bi tripulazioak, tostak odoletan blai, egurra eskuko hezurretaraino sartuta. "Eta urrengo egunian, ezin pauso bat emanik, danak ipurdiyari elduta". Iritsieran, ordea, batere minik sentitu ere ez, "txoriya bañon pozago". Bi ontzietako arraunlariak adiskide izan omen ziren betiko, baita Ondarroara itzuli ez eta Castrora joan zen Anbrosio patroia ere.

Pozaldi egun horretatik 22 hilabete geroago, Luis Karrilen heriotzaren negarraldi eguna iritsi zen: 1892ko urriak 19. Etxenikek esaten digunez, Karril eta hamabi arrantzale egunsentian irten ziren itsasora, eta goiza arrantzan pasatu ondoren, beste kala baterantz abiatu ziren. Haize zakarra omen zebilen, iparra (NNE). Itsasoa bare, eta, haizea aprobetxatuz, belarekin ari ziren nabigatzen, kostatik 9 milia ingurura. Anboto ikusi orduko (kala ondo enfilatzeko puntua zen mendi hura) Joxe Mari Tabernak ordularia atera eta “ordubata” esan omen zuen. Oraindik gorde ez zuenean, haize-bolada bortitz batek derrepentean bela bete-betean harrapatu zuen, ontzia trabeska jarri eta azkenean irauli egin zuen. Karril une horretan pipa kargatzen ari omen zen, patroi lana istante batez utzita, eta kasualidadea, orduantxe gertatu behar bolada hura.

Luzaro egon ziren ontzi irauliari helduta, eta bere adiskideak nekearen nekez banan-banan  amore ematen, ontzitik askatzen eta bere begien aurrean itotzen ikusi behar izan zituen Romanek. Karrilek arropa erantzi egin zuen, ontziari hobeto heltzeko-edo, baina horrek azkartu egin zuen bere patua: ordu eta erdi eskasera, agian hotzak giharrak uzkurrarazita, eskuak gilatik askatu eta hondoratu egin zen betiko.

Ontzi bat pasatu zen handik denbora batera. Garrasi eta seinaleak egin zituzten, baina ontzikoak ez ziren konturatu. Laurak ziren, hiru ordu igaro ziren beraz istriputik, eta desagertuak ziren hamahiru gizonetatik bederatzi: Luis Karril, Jose Joakin Leunda, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Joxe Migel Egaña, Luziano San Sebastian, Mariano Blanco, Francisco Agirre eta Manuel Uribe. Biziari gogor eusten zirauten Roman Etxenike, Pedro Galdos, Lorentzo Ituarte eta Ascensio Landabereak. Romanek erabaki bat hartu zuen: lantxa aurkitzen badute, nire gorpua ere aurkituko dute esanez soka batekin bere gorputza traineruari lotuta utzi zuen.

Urrunean atunontzi bat ikusi zuten. Xolomok izan zuen kamiseta bat arraun-puntan jarri eta arrauna gora altxatzeko adina kemen. ‘Avelinaizeneko kalera zen, eta kasualitatez, Karrilen lagun minena zuen patroi, Francisco Iturriza ‘Polvora’ (hain zuzen, patroi honena zen 1890ko desafioan donostiarrek erabilitako trainerua). ‘Avelina’ bera desafio hartako apustu batean irabazi omen zuen Iturrizak. Laurak eta laurden ziren lau gizonak salbatu zituztenean. Egun batzuk geroago, laurak hankutsik oinez joan ziren Lezoko Santo Kristora, salbazioarengatik eskerrak emateko.

Horra Roman Etxenike "Largo"ren oroitzapenak. Donostiako arraunaren historia oparoaren parte bat besterik ez da, dudarik gabe berebiziko garrantzia duen arren. Arrauna eta Donostia maite baditugu, denon zeregina da historia osatzen duten istorio hauek donostiarren artean ahaztu ez daitezen ahalegintzea.

Argazkiak:
1. Luis Karril
2. Luis Karril, Kontxan 1890an irabazi zuen Cariño traineruan.
3. Karril (pipa eskuan) traineru donostiarreko bere kuadrillarekin.

Gipuzkoako Arraunaren Gala 2011

Atzo, Gipuzkoako Arraunaren Gala ospatu zen, Gipuzkoako arraunlarien garaipenak eta arraunari laguntzen ari diren hainbat pertsona saritzeko.

Donostiari dagokionez, Donostiarrari KAE-1 ligako lehen talde gipuzkoarra saritzen duen bandera eman zitzaion (bigarren urtez jarraian lortu du sari hori). Era berean, Ur-Kirolakeko Imanol Iradi eta Jon Ander Diez gaztetxoek, Europako Gaztetasun Kopako irabazleek, garaikur bana jaso zuten.

Eta azkenik, Gipuzkoako arrauna bultzatzen jarduten duten boluntarioen lana eskertzeko banatu ziren sarien artean, Ur-Kirolakeko Jose Mari Etxeberria eta Roman Arostegi saritu zituzten.
Zorionak denei.

Argazkia: diariovasco.com

2011/12/05

URUMEAKO I. BINAKAKO JAITSIERA

Atzo, igandean, abenduaren 4an, Urumeako I. Binakako Jaitsiera jokatu zen, Ur-Kirolak taldeak antolatuta. 2x eta 2- modalitateak aritu ziren Donostiako ibaian behera, eta lau talde hauetako ontziek hartu zuten parte: Donostia-Arraun Lagunak, Santiagotarrak, San Juan eta Ur-Kirolak. Guztira, 24 ontzik.

Helbide honetako pdf fitxategian aurkituko dituzue jaitsiera horretako emaitzak eta denborak. Eta, Ur-Kirolaken eskutik, jaitsierako hainbat irudi ikus ditzakezue argazki-sail honetan.

2011/11/30

MENDI: "Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian"

Beti bezala, Donostiako arraunaren jarraipen fina egiten du Irutxuloko HITZAk. Oraingoan, Mendi entrenatzaileari egindako elkarrizketa dakarkigu Donostiako egunkariak, eta denboraldi berriak zer ekarriko digun du hizpide.

Hobe duzue zuzenean elkarrizketa irakurtzea, baina hona hemen ideia nagusiak:

“Lehengo filosofiarekin gehiago haztea ezinezkoa zen”, "Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian", "Azpimarratu nahiko nuke, asko hitz egiten dela arraunlari berrietaz, baina aurretik zeudenei laguntzera datozela. Benetan garrantzitsuak, azken urteetan Donostiarran lanean ari diren arraunlari horiek dira."

Bajak: Iban Viaga eta Patxi Olabe.
Altak: Julen Durandegi, Unai Elizasu, Joseba Etxabe, Loren Jauregi, Aritz Jauregi, Lander Olano, Alain Osanbela eta Gari Tolosa.

(Argazkia: Estitxu Zabala - irutxulo.hitza.info)

2011/11/22

I. ANTXON BEITIA JAITSIERAKO EMAITZAK

Ur-Kirolak taldearen webguneko orrialde honetatik atera dugun informazioa:

"Gaur, azaroaren 20ean, Antxon Beitiaren Omenezko I. Skiff jaitsiera ospatu da Urumea ibaian. Bi taldek hartu dute parte, Donosti-Arraun eta Ur-Kirolak, guztira 21 skiff lehiatu direlarik.

Gizonezkoen arteko garailea Iñaki Burutaran izan da, 19:06,21 denborarekin, bigarren sailkatuari ia 13 ateraz.

Emakumezkoen kategorian berriz parte
hartzaile bakarra izan da, Ur-Kirolak-eko Izaskun Arroyo. Bere denbora 23:21,10-koa izan da.
Aurtengoa etorkizunean egingo diren hainbat ekitaldietan lehena izatea espero dugu, Antxon Beitia ezagutzeko zortea izan ez zutenak bere berri izan dezaten.

Datorren urterarte!!"

EDITATUA (2011-11-22): Gaur Irutxuloko HITZAn ematen da jaitsiera honen berri, eta elkarrizketa ere egiten zaio Iñaki Burutaran irabazleari).

(Argazkia: urkirolak.com)