2011/12/21

Gipuzkoako Arraunaren Gala 2011

Atzo, Gipuzkoako Arraunaren Gala ospatu zen, Gipuzkoako arraunlarien garaipenak eta arraunari laguntzen ari diren hainbat pertsona saritzeko.

Donostiari dagokionez, Donostiarrari KAE-1 ligako lehen talde gipuzkoarra saritzen duen bandera eman zitzaion (bigarren urtez jarraian lortu du sari hori). Era berean, Ur-Kirolakeko Imanol Iradi eta Jon Ander Diez gaztetxoek, Europako Gaztetasun Kopako irabazleek, garaikur bana jaso zuten.

Eta azkenik, Gipuzkoako arrauna bultzatzen jarduten duten boluntarioen lana eskertzeko banatu ziren sarien artean, Ur-Kirolakeko Jose Mari Etxeberria eta Roman Arostegi saritu zituzten.
Zorionak denei.

Argazkia: diariovasco.com

2011/12/05

URUMEAKO I. BINAKAKO JAITSIERA

Atzo, igandean, abenduaren 4an, Urumeako I. Binakako Jaitsiera jokatu zen, Ur-Kirolak taldeak antolatuta. 2x eta 2- modalitateak aritu ziren Donostiako ibaian behera, eta lau talde hauetako ontziek hartu zuten parte: Donostia-Arraun Lagunak, Santiagotarrak, San Juan eta Ur-Kirolak. Guztira, 24 ontzik.

Helbide honetako pdf fitxategian aurkituko dituzue jaitsiera horretako emaitzak eta denborak. Eta, Ur-Kirolaken eskutik, jaitsierako hainbat irudi ikus ditzakezue argazki-sail honetan.

2011/11/30

MENDI: "Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian"

Beti bezala, Donostiako arraunaren jarraipen fina egiten du Irutxuloko HITZAk. Oraingoan, Mendi entrenatzaileari egindako elkarrizketa dakarkigu Donostiako egunkariak, eta denboraldi berriak zer ekarriko digun du hizpide.

Hobe duzue zuzenean elkarrizketa irakurtzea, baina hona hemen ideia nagusiak:

“Lehengo filosofiarekin gehiago haztea ezinezkoa zen”, "Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian", "Azpimarratu nahiko nuke, asko hitz egiten dela arraunlari berrietaz, baina aurretik zeudenei laguntzera datozela. Benetan garrantzitsuak, azken urteetan Donostiarran lanean ari diren arraunlari horiek dira."

Bajak: Iban Viaga eta Patxi Olabe.
Altak: Julen Durandegi, Unai Elizasu, Joseba Etxabe, Loren Jauregi, Aritz Jauregi, Lander Olano, Alain Osanbela eta Gari Tolosa.

(Argazkia: Estitxu Zabala - irutxulo.hitza.info)

2011/11/22

I. ANTXON BEITIA JAITSIERAKO EMAITZAK

Ur-Kirolak taldearen webguneko orrialde honetatik atera dugun informazioa:

"Gaur, azaroaren 20ean, Antxon Beitiaren Omenezko I. Skiff jaitsiera ospatu da Urumea ibaian. Bi taldek hartu dute parte, Donosti-Arraun eta Ur-Kirolak, guztira 21 skiff lehiatu direlarik.

Gizonezkoen arteko garailea Iñaki Burutaran izan da, 19:06,21 denborarekin, bigarren sailkatuari ia 13 ateraz.

Emakumezkoen kategorian berriz parte
hartzaile bakarra izan da, Ur-Kirolak-eko Izaskun Arroyo. Bere denbora 23:21,10-koa izan da.
Aurtengoa etorkizunean egingo diren hainbat ekitaldietan lehena izatea espero dugu, Antxon Beitia ezagutzeko zortea izan ez zutenak bere berri izan dezaten.

Datorren urterarte!!"

EDITATUA (2011-11-22): Gaur Irutxuloko HITZAn ematen da jaitsiera honen berri, eta elkarrizketa ere egiten zaio Iñaki Burutaran irabazleari).

(Argazkia: urkirolak.com)

2011/11/07

Ollagorrako bazkaria

Aurreko sarreran esan bezala, Juantxo Aginaga saria eman zion Ollagorra soziedadeak atzo Donostiarrari, aurtengo Kontxan lehen traineru gipuzkoarra izan zelako. Mahai baten inguruan, bazkari eder baten aitzakian elkartu ziren Donostiarrako arraunlari batzuk, zuzendaritzakoak, eta Ollagorrako hainbat kide eta gonbidatu.

Otorduaren amaieran, Juantxo Aginaga zena ekarri zuen gogora soziedadeko bazkide batek, Ollagorran (zuzendaritzako kide ere izan zen) eta Donostiako traineruan izan zuen ibilibideari buruzko datu batzuk aipatuta. Juantxok gobernatutako ontziaren eta Donostiarraren arteko hainbat kointzidentzia ere aipatu zituen: bien arteko lotura edo zubia iradoki nahi izan zuen horrekin (adibidez, traineru hark Luis Carril zuen izena, eta oraingoa Torrekua da; hau da, pertsona berari dedikatuta daude bi ontziak, Torrekua Luis Karrilen goitizena baitzen, hemen lehenago esana dugun moduan).

Jarraian, Carloto Garcíak, Ollagorrako presidenteak, memorial honen zergatia eta izaera laburbildu zituen, eta Donostiarrak irabazi izana behar bezala baloratu zuen. Eta gogorazi zuen Donostiak ez zuela 1950tik lortu lehen gipuzkoarra izatea.

Alberto Goitia Donostiarrako lehendakariak hartu zuen hitza azkenik: klubeko arraunlariek duten meritua azpimarratu zuen, eta zeinen baldintza gogorretan entrenatu behar duten. Saria eskertu zuen eta, Ollagorrak emandako ikurraren ordainetan, Torrekua traineruaren maketa bat eman zion soziedadeari (argazkian, hortxe dituzue une horretan Carloto Garcia ezkerrean, eta Alberto Goitia eskuinean). Amaitzeko, omenaldi xumea egin zitzaion Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari, aurten utzi baitu arrauna.

Donostiako traineruaren eta donostiar herritarren arteko lotura estutzen duen beste ekitaldi bat izan zen, eta ez dadila azkena izan.

2011/11/03

Juantxo Aginaga memorialaren saria Donostiarrari

Igande honetan, Ollagorra soziedadeak Juantxo Aginaga memorialaren saria emango dio Donostiarrari. Aurtengoa bosgarren edizioa du memorial honek, eta Kontxako banderan postu onena lortzen duen traineru gipuzkoarra saritzen du urtero. Azken edizioetan Oriok eraman du saria, baina aurtengoan Donostiako trainerua izan da lehen gipuzkoarra. Aspaldiko partez.

Aurten sarritan aipatu izan denez, 1992tik ez zen ontzi donostiarrik sailkatzen Kontxako ohorezko txandarako, baina uste dut azpimarratu behar dela Juantxo Aginaga memoriala irabazteko lortu beharrekoa, hau da, bandera horretan lehen gipuzkoarra izatea, ez zuela Donostiak lortzen 1950tik. Alegia, Esperanzak Donostiarentzako azken bandera irabazi zuen urte ospetsu hartatik. Bada zeozer... eta bada, beraz, zer ospatua igandean, bai horixe.

Bide batez, jakina, Juantxo Aginaga zena izango da gogoan: Donostiako Luis Carril traineruko patroia, 1980ko hamarkadan Kontxan hainbat aldiz aritutakoa (3. postua lortu zuen 1981ean). Hortxe dituzue ondoko argazkian Luis Carril traineru donostiarra, eta, popan, arrauna eskutan, Juantxo Aginaga patroi handia.

(Argazkia ez da oso kalitate onekoa, baina soziedadeko paretan zintzilik dagoen erretratu bati hala moduz ateratakoa da, eta tira, bego...).

2011/10/24

Urumeako I. Skiff jaitsiera - Antxon Beitiaren Oroimenez

Datorren azaroaren 20an, igandean, goizeko 11:30etan Ur-Kirolak klubak "Urumeako I. Skiff jaitsiera - Antxon Beitiaren Oroimenez" antolatuko du Gipuzkoako Arraun Federakuntzaren laguntzarekin.

Irteera 27. Poligonoko zubian emango da eta helmuga 5 km beherago izango da, Maria Kristina zubiaren parean. Itsaso zakarra izanez gero, helmuga Burdinazko Zubiaren parean jarriko da, proba 4 km-ra murriztuz.

Proba kadete, junior, senior eta beteranoen kategorietara dago irekia.

Ur-Kirolaken webguneko albiste honetan duzue eskura jaitsieraren informazio xehea eskaintzen duen pdf fitxategia.

2011/10/18

Istingorra soziedadeko afaria

Duela egun batzuk Antiguoko Istingorra soziedadean afari-omenaldia egin zioten Donostiarrari. Horren berri ematen zaigu gaur Diario Vascon.

Datu batek harritu nau, ordea. Albistean esaten da 2.000 bazkide dituela Donostiarrak, eta nik uste nuen milara iritsi ezinik zebilela kontua; lepoa egingo nuke ekainean 800 ingurukoa zela kopurua. Baina tira, ondo edo gaizki, hortxe duzue datua... (Ni oker banago, askoz hobe, noski).

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/10/05

1915: Bejon daizutela, donostiarrak

Blog honetako beste sarrera batean aipatua dut 1915eko Kontxako bandera berezi hura: gorabehera handiak izan ziren Donostiako eta Orioko zaletuen artean, anekdota kuriosoa izan baitzen hilkutxa batekin, eta hurrengo urtean ziatzen era aritu omen ziren oriotar arraunlariak Kontxan lehian ari zirela.

Gaurkoan, urte hartan jarritako bertso batzuk dakartzat hona. Badirudi Fermin Imaz bertsolari donostiarrak jarritakoak direla. 1915eko bandera hura nola joan zen aipatzen da bertsotan (ezustean San Juan eta Donostia sailkatu ziren, ordena horretan, bigarren iganderako, eta azken jardunaldian Donostia irabazle).

Baina, bereziki, 15. bertsotik aurrera esaten dena hartuko nuke nik kontuan: donostiarrak elkarren artean mokoka aritzea ez zitzaion, antza, batere gustatzen Imazi, eta horren kontra dihardu. Lehenago ere ekarri nuen blog honetara sail horretako bertsoren bat edo beste, eta hortxe dituzue beti begien bistan, blogaren eskuin aldeko goialdean. Horixe baita nire desioa, Donostia "unituta" izatea arraunaren arloan, donostiar guztion artean bil ditzakegun indarrak alferrik gal ez daitezen. Horra bertsoak:

"Bejon daizutela, donostiarrak"

1 2 3
Milla bederatzi egun Bi Pasaietakuak Sei milla errial zuten
ta amabost urte, Donostiyarekiñ, premiyo onenak,
agorren emeretziyan Oriyokuak ziran bigarrenak lau milla,
señaladamente, laugarrenarekiñ, bi milla urrenak,
aurtengo estropadak ta amalauna gizon eta berrogei duro
diran mediante, txalupa banarekiñ; laugarren zubenak;
Donostiko kuadrilla trabesak jaso dira alkar artu ezkero
lasaitu da fuerte, lege onarekiñ, orduan zeudenak,
bigarren premiyua eztago kontatzerik kasturako aiñbeste
irabazi dute. galdu dan arekiñ. bazeukaten denak.
4 5 6
Amaikak eta bostian Bertara zidanian Bi premiyuak oso
elkarren parian, jendia seriyo, seguru zeuzkaten,
Kontxatik ateriak ogei bat minutuan saiatu dira baña
denbora berian; naiko istoriyo; kosta zaie jaten;
iru milla t' erdi buelta famarikan geiena naiagatik eztira
zeukaten urian, zeukana Oriyo, danen buru erten,
kolpe alperrik egiñ len ondo ateria eztaki iñork neri zer
eztute birian, nai zuten gora iyo, poza eman nauten,
iñor ezta ibilli oraiñguan kukuak len Oriyon ziranak
galtzeko idian. alrebes jo diyo. Donostiyan aurten.
7 8 9
Danai bentaja aundiya Gizon oiek zebiltzan Jendiak eragiten
nai ziyoten kendu, aurrena poztuta, ziyon diruari,
azañ ori egiñ arte gerora jarri ziran makiña bat pertsonak
etziran kontentu; bastante oztuta; esan naute neri;
artarako mutillak oriyen desaidiak bezperatik an ere
zituzten mantendu, eztaude aztuta, trabesa ugari:
bi minutuz eztute apustubak beñere berrogei duro bosti
lengo markik ondu, gauz onik eztu-ta, ta ogei duro biri;
uste etzun petardua juanak badira poltsak konfiantza geiegi
berak eraman duo ederki ustuta. artzia da ori.
10 11 12
Arro zabiltzan oiek Bigarren premiyua Bi onenaren prueba
gaur daude lotsetan, Donostirakua, utzi zan geroko,
manifestatzen zaie San Juanek eraman du txalupak trukatuta,
pena biyotzetan; lendabizikua; ogei ta seirako;
apanak aundi zeuden irugarren Oriyo, denborale gaiztua
lenago itzetan, kuadrilla pijua, gertatu zalako,
gero deskuidatu da itxasoko lanetan zortzi egun atzerago
San Pedro giltzetan, maña aundikua, luzatu da franko,
larri samar ziranak oraiñgu ontan eman bandera ta diruba
baziran galtzetan. diyote naikua. Donostiyarako.
13 14 15
San Pedro ta Oriyoko Oriyotarrak beintzat Donostiñ e badade
arraunkalariyak Zumaitik bat jana, ez jende bikaña,
aspaldin zebilzkiten oso gizon aberats gaizki esaka ibilli
arrunka aundiyak; on batek emana; dutenak mingaña;
orra oien ollasko ta banderakin juateko erriyan bertakuak
zekor-aragiyak, ziran beregana, kontra, alajaña,
geratu dira oso bañan gertatu zaie badira okasiyua
lotsagarri biyak, eziñ eramana, ipintzeko aña,
beñere eztu gauz onik zergatik etorri dan ortarako obiak
burla geiegiyak. aurten guregana. laguntzeko baña.
16 17 18
Gizon prestu oieri Ez gure anayikan Len ere Donostiyak
nai'et adierazi: erosi ta saldu, bazun merituba,
zertako etziran berak ori egiten dunak emen gertatzen zana
or brubetan asi? juiziyorik al du? eziñ unituba;
Donostiarren izenik Askoz e obia da aurten pasa danakin
eztute merezi, alkarrena bildu, nago arrituba,
gustora dijuanai ta sasoia irixtian bañan oraiñ jendia
zertan galeazi? denai gogor eldu, dago argituba,
Ez al dute bandera Donostiyako onrik geonen paltan zegon
ondo irabazi? eztedilla galdu. lotan geldituba.
19 20 21
Oraiñ ogei ta bost urte Orrenbeste desaire la, donostiarrak,
gure Luis Karrill, egitia ala, unitu batera,
asko irabaziyaz gauz ori bai nik gaizki urrengorako ondo
prestu eta umill, billatzen derala; kontubak atera;
munduko ejenpluan alakua eziñ izan berdin gizonetatik
geratu zan abill, kristau naturala, badago aukera,
etzan zerura juango iñork eztu esango baldin alkarganatzen
ezpaldin bazan ill, ondo daguala, ezpaldin bagera,
andik ere lagunak sinixtu gu're amaren sartu aziko gaituzte
aiudatzen dabill. semiak gerala. betiko oinpera.
22 23 24
Donostiar kaxkariñen Don Antonio Elosegi, Agur, oriotarrak
arraunketa azkarrak gure kontzejala, da San Pedrokuak,
aterazi dizkate ori izandu degu desairosuak eta
abutik aparrak; danen kabezala; ajol gabekuak;
usteko zuten oiek len e bakiñakigun eztu orla ibilli biar
zirala bakarrak, gizon ona zala, kristau legekuak,
azañak egin ditu gurekin portatu da estimaziyo gutxi
aben potakarrak, iñor ez bezela, dauka alakuak,
bejundaizutela, naitasun eder ori izan zaitezte biyotz
Joxe Maritarrak! kontserba dezala. obiagokuak.

25

Sanjuandarrak nai etzun

banderik uztia,

bañan portunatu da

guk irabaztia;

alare lotsagarri

geratu eztia,

ondo portatu dira

bat eta bestia,

biba Donostiyako

kuadrilla gaztia!

2011/09/12

Igande gozoa. Arra, arra, arra !!!!

Igande gozoa atzokoa. Inoiz baino argiago nabarmendu zen Donostiarrak bat egiten duela donostiar zaletuekin. Inoiz baino bandera gehiago, inoiz baino kamiseta gehiago, inoiz baino pankarta gehiago. Nahiz eta zaletu horietatik espero baino gutxiago animatu ziren 'marea zurira' batzen.

Arra, arra, arra!!! Donostiarra!!!

Pankartetan eta donostiar arraunzaleen ezpainetan atzo nabarmendutako esaldia. Kemena eta gogoa bazuten behintzat gure arraunlariei arnas ematen ibili ziren gazteek. Niretzat hori izan zen atzoko igande gozo horretako albisterik onena: jendeak taldearekiko erakutsitakoa. Pentsatu nahi dut Mendik aipatzen zuen erraldoi hori, azken urteetan lo geratu den erraldoi hori, nolabait esnatzen hasia dela, edo gutxienez begitxo bat irekitzen hastekotan dela.

Kirol arloan, traineruak bere neurria eman duela esango nuke. Urdaibai kenduta, beste taldeek ez zioten minutua atera Donostiarrari: 52 segundo Hondarribiak, 49 Tiranek, 47 Kaikuk, 39 Pedreñak eta 36 San Juanek. Esandakoa, bere neurria, txukuna. Eta, azken batean, lehen igandeko zorte onak emandako 4. postua ziurtatzea zen helburua; baita lortu ere.

Igande gozoa beraz, bai zaletuen aldetik, bai lortutako postuagatik. Eta zer hobeto tarta eder bat baino, horrelako igande gozoa errematatzeko? Tarta ere gozoa zegoen, ba :)

2011/09/08

1910: Paseo Berria eraiki gabe, Kontxako Bandera

Argazki ederra, inondik ere, ez al zaizue iruditzen?. Hortxe dituzue arraunzaleak, Gazteluko (Urgull mendiko) magalean itsasoari begira, Kontxako estropadaz gozatzen, baita itsasertzeko arroketan ere. Argazkia 1910ekoa da, eta oraindik ez da ageri pare bat urte geroago eraiki zen Paseo Berria. Argi eta garbi ikus daiteke 100 urte baino gehiago dituela gure bandera handiak sortzen duen ikusmirak.

Novedades aldizkarian argitaratu zen irudi ikusgarri hori. Aldizkari garrantzitsua izan zen Novedades, Gipuzkoako bizimoduaren lekuko zuzena: gauza gehiago irakurri nahi baduzue aldizkari horri buruz, ikus HITZAko Itzurun gehigarriak 2011ko apirilean eskainitako atala (II-III orriak).

PD: kontu zaharren zalea den arraunzale honi asko gustatuko litzaioke Donostiarraren egoitzan (Salamanca pasealekuan) zintzilik dagoen Luis Karrilen kuadrillaren argazkia digitalizatu eta sarean jarriko balu klubak. Argazki hori inoiz ikusi gabea nintzen (kuadrilla horren beste argazkiren bat bai, baina hori ez), eta izugarri polita, xarma berezikoa, iruditzen zait. Dagokionari...

2011/09/06

Marea txuria igandean !!!!

Marea txuria igandean: gure mutilen aldeko ekimena bultzatu dute. Kaian, Donostiarrak jartzen duen txoznan elkartuko gara donostiar arraunzaleak 10:30 inguruan, kamiseta txuriarekin, eta txaranga eta guzti arranpa aldera joango gara 11:00etan. Kaiarribako arranpa kolore txuriz bete dezagun !!! Egin diezaiegun gure mutilei merezi duten harrera!!!

Eman ekimenaren berri zure lagunei, egin dezagun marea txuri ahalik eta handiena!!!

Haizearen eta itsasoaren laguntzaz izan bada ere, Donostiarra ohorezko txandan izatea gauza handia da. Urteotan egin den lanari zoriak eman dion saritzat har dezakegu, baina egia da lan txukuna egin zuela traineruak, eta urtez urte koska bat egiten ari dela gora.

Irutxuloko HITZAn Jon Sardon arraunlariak eskainitako elkarrizketan dioenez, "hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria da" igandekoa, baina, era berean, "erantzukizuna" da arraunlarientzat.

Edonola ere, susmoa dut inflexio bat ere izan daitekeela Donostiako afizioak traineruarekin duen harremanean. Mediatikoki oihartzun berezia izan du joan den igandekoak, eta agian jendea gehiago animatuko du traineruaren alde egitera. Mendik pasa den astean zioen bezala, "lo dagoen erraldoia" da Donostiako afizioa, eta pixkanaka esnatzen joan daiteke horrelako emaitzekin.

Nire ustez, datorren igandea aukera ederra da Donostiarraren aldeko eta Donostiako arraunaren aldeko oihu bat egiteko, "hemen gaude" ozen bat esateko. Eta aukera ona izan daiteke iganderako antolatu den marea txuria.

Poz handiz ikusten ari naiz inoiz baino Donostiarrako bandera gehiago jarri dituela jendeak zintzilik. Ikusi ezkerrean, zeinen itxura ederra zuen abuztuaren 31 kaleak atzo arratsean. Baina gero eta gehiago izan daitezen lortu behar dugu. Ikus dezatela gure arraunlariek hiri oso bat dutela atzetik eta hiritar guztien ordezkari direla itsasoan.

Beraz, anima zaitezte, demontre... erosi kamisetak eta jarri soinean igandean... erosi banderak eta jarri zuen etxe eta balkoietan. Donostiarrok, altxa burua!! Sortu dezagun gureen aldeko ez marea txuria, baizik eta tsunamia !! Aupa DONOSTIARRA, kontxo!!!!!

2011/09/05

Ohorezko txandan!!!

Itsasoa maite dut. Itsasoan, eta ez ibai-erreketan, jokatzen diren estropadak maite ditut. Kontxan jokatzen direnak maite ditut. Eta ez dakit zer duen aurten Kontxak, baina bertan izan diren hiru estropadetan haserre eta zakar agertu zaigu ura: Gipuzkoako Txapelketa, Donostiarra bandera eta Kontxako Bandera.

Aurreneko bietan maila ona erakutsi zuen Donostiarrak, eta atzo ere nahiko txukun ibili zen, kanporanzko luzean bereziki: bere txandan aritu zen Pedreñak 13 segundu eskas kendu zizkion ziabogan, eta itzulerako luzean ere 11 segundo besterik ez zizkion jan Kaiku ahaltsuak.

Hala ere, bigarren txandan haizea eta itsasoa asko zakartu ziren, eta hor aritu zirenek ezinezkoa izan zuten lehen txandakoen denboretara hurbiltzea ere. Pentsa, Tiranek 24:50,38 (eta 15 minutu paseak ziabogan)... noiz ikusi ote ditugu azken aldiz horrelako denborak!!

Hori dela eta, Donostiarra laugarren sailkatu zen atzo, eta, ondorioz, OHOREZKO TXANDAN izango da datorren igandean. 1992tik ez da traineru donostiar bat txanda horretan aritu. Gainera, badirudi postu hori mantentzeko hortxe-hortxe ibiliko direla, edo gehienez ere postu bat galduko dela. Ez da lorpen makala.

Zorionak bada, eta animo!!!! Eta donostiar zaletuei: zer gehiago nahi duzue zuen etxe eta balkoietan banderak jartzeko, eta arraunlariak animatzera kaira joateko kamiseta soinean duzuela??

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/08/31

Kontxari buruzko web onenak helbide berria


Joan den urtean hitz egin nizuen webgune honi buruz: nire iritziz, Kontxako Banderaren inguruko webgunerik onena da.

Kontua da, arrazoi teknikoak direla medio, helbidea aldatu egin duela. Hona hemen helbide berria:
http://www.kontxakoestropadak.eu/kontxako.htm (Webak izan dituen lehenagoko helbideetan zaharkitua dago informazioa).

Blog honetan, eskuineko zerrendan dituzuen esteka edo link horien arteko lehena da, eta hor izango duzue eskura web horretara joan nahi baduzue.

2011 KAE liga ona Donostiarrak

A
B
Aitor Aranegi 14 Ariel F. Lalosevich 16
Arkaitz Diaz 14 Asier Aizpurua 16
Ibai Sistiaga 14 Elias Arruabarrena 16
Iñaki Andonegi 14 Jon Aitor Krutxaga 16
Jon Sardon 14 Mikel Egaña 16
Miguel Angel Enriquez 14 Nikolas Yurramendi 16
Telmo Yurramendi 13 Oskar Villar 16
Hibai Fuente 13 Xabier De Diego 16
Ekain Iriarte 13 Xabier Goienetxea 16
Patxi Olabe 13 Iñaki Galparsoro 14
Xabier Zabala 12 Xabier Agirre 14
Iban Viaga 11 Julen Emezabal 11
Oskar Artola 11 Julen Gorostiaga 11
Gorka Ibarluzea 8 Ander Jauregi 9
Jon Enbil 8 Ibai Beraza 8
Oier Iurramendi 8 Iñaki Agoues 7
Mikel Kortadi 2 Julen Yarza 5


Ibon Letamendi 1

Hor goian dituzue arraunlari bakoitzak arraunean egindako estropada kopuruak. Izerdi guzti horren ondorioz, Donostiarrak laugarren postuan amaitu du 2011ko KAE-1 Liga. Iazkoarekin konparatuta postu bat gorago bukatzea lortu dute donostiarrek (nahiz eta kontuan izan behar den aurtengo denboraldian Santurtzik izan dituen gorabehera bereziak).

Gero eta lehiakorragoa den KAE Ligan beste pausotxo bat eman du Donostiarrak, pixkanaka baina sendo aurrera daraman bidean. Eta prozesu horretan azpimarratzekoa iruditzen zaidana: teorikoki iazkoa baino hobea ez zen plantilla batek lortu du hori, iaz B traineruan zebiltzan hiru arraunlari maiz tostetan arituta (posturik onena lortu zen estropadan, Bilbokoan, barruan zeuden hiru gaztetxo horiek).

Horri gehitzen badiogu B traineruak gero eta maila hobea eman duela KAE-2 ligan, bosgarren postu txukunak lortuz azken aldera, esan daiteke sustrai sendoak dituela proiektuak bere hazkundea bermatzeko. Blokea mantentzea izango da garrantzitsuena datorren urterako, eta hortik gora, ahal dena.

Gauza hauetaz eta beste batzuetaz mintzatu da Mendi entrenatzailea gaurko Irutxuloko HITZAn, denboraldiaren balorazioa egiten duen elkarrizketa honetan.

(Argazkia: Maider Celada)

2011/08/25

Donostiarrek gozatu egin dute Trophée Teink 2011 zeharkaldian

Duela bi hilabete, Donostiako arraunlari ohi batzuk Trophée Teink 2011 itsas zeharkaldian arituko zirela kontatu nizuen hemen.

Ezaugarri bereziko (garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzea baitu helburu) zeharkaldi hori amaituta, esperientzia benetan zoragarria izan dela diote Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideek, eta datorren urtean berriro ere bertan aritzeko asmoa erakutsi dute.

Donibane Irmako ontzian sei egunez 150 kilometro arraunari tiraka bizi izandakoa guztiokin partekatzeko, Facebook-eko helbide hau erabili dute Portaletas izeneko taldean aritu diren hiru donostiar hauek: bertan aurkituko dituzue etapen informazioa, sailkapenak, argazkiak, bideoak, eta izan dituzten beste hainbat bizipenen testigantza. Haiekin harremanetan jarri nahi duenak ere, hortxe du aukera ezin hobea. Itsas zeharkaldiari buruzko argibide gehiago jakin nahiz gero, hemen duzue zeharkaldiaren blog ofiziala.

Blog xume honetatik zorionik beroenak eman nahi dizkizuet hiruroi, horrelako ekimen erakargarrian parte hartzeagatik eta haren berri donostiarroi emateagatik.

2011/08/21

1940: Traineru donostiarraren eta kaiaren arteko lotura

Koldo Mitxelenak 1940an idatzitako bertso batzuen berri eman nizuen aurreko sarrera batean. Gertaera horri buruzko informazio zehatzagoa bilatzen ari nintzela, gauza jakingarri bat topatu nuen Rafael Agirre Francok Kontxako estropadei buruz idatzitako liburu paregabean(*).

Kontua da garai hartan estropalariek traineruaren herri bertako biztanleak izan behar zutela eta alkateak zuela nolabaiteko erroldatze-agiriak egiteko eskumena. Dirudienez, alkateak ez ziren oso zorrotzak izaten agiri horiek egitean, eta tarteka tranpatxoak egiteko tentazioa izaten zuten (baita tentazioan erori ere). Gero inpugnazioak izan ohi ziren, noski. Inpugnazio horietako bat Donostiako Amaikak-Bat traineruari buruzkoa zen: zerrendako hiru ez omen ziren donostiarrak, eta zerrenda aldatu egin behar izan zuten.

Zerrenda berri eta behin betikoan ikus daiteke oso lotura estua zuela traineru donostiarrak kai inguruarekin. Izan ere, tripulazio ia osoa kaian bertan bizi zen, edo kai ondo-ondoan (Mari kalean, Portu kalean...), edo Abuztuak 31 kalean (Amaikak Bat soziedade koxkeroa bera ere dagoen kalean). Hona hemen Donostiako Udaleko idazkariak aurkeztutako zerrendan ikus daitezkeen bizilekuak:

Eustakio Iraola Gaztelumendi ("Famao") - Kaia, 19
Fausto Arrasate Ituarte - Abuztuaren 31, 29
Jose Arruti Kalonje - Mari, 21
Jesus Megias Olaizola - Kaia, 14
Florentino Urtizberea Emezabal - Kaia, 3
Ricardo Vicuña Etxegoien - Mari, 21
Jose Ibarluzea Iturria - Abuztuak 31, 15
Felix Solabarrieta Balenziaga - Euskal Herria, 6
Juan Ikazategi Kaperotxipi - Portu, 9
Angel Etxabe Berasategi - Txanpoene baserria
Antonio Vaqueriza Balzola - Abuztuak 31, 31
Javier Etxezarreta Landaberea - Kaia, 10
Antonio Zubiaurre Arozena - Mari, 21

Donostiako arraunarekin lotura zuzena duten hainbat abizen ikus daitezke zerrenda horretan, eta, era berean, oso eremu murritzean zuela jatorria 1940ko bigarren jardunaldian garaile irten zen tripulazio hark. Salbuespen bakarra dago: Txanpoene baserriko Angel Etxabe. Txanpoene baserria Amara Zaharreko mendi magalean, San Roke auzuneko goialdean, dagoen baserri bat da, Donostiako erdialdetik bi pausu eskasera. Oraindik ere zutik dirau, nahiz eta, tamalez, luzaroko izango ez dela dirudien (hemen duzue argibide gehiago).

Bitxikeria gisa: 1940ko urte hartan, tripulazioek beren kamiseten kolorea hautatu ahal izan zuten lehen aldiz, eta orain arte iritsi diren koloreak hautatu zituzten; hala nola, Hondarribiak berdea, Oriok horia, Santurtzik morea, eta Donostiak zuria (Donostiako beste tripulazioak, Loiolatarrak, urdina hautatu zuen).

(*) AGUIRRE, R.: Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Kutxa Fundazioa. Donostia, 2002.
Argazkia: CC BY-SA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Argazki Bilduma.

2011/08/05

B traineruaren garrantzia

Askotan, Donostiarrak traineru bakarra duela pentsatzeko joera errazegia izaten dugu. KAE-1 ligako gorabeherak ditugu mintzagai, zer-nolako altak eta bajak izan diren ontzian, Zarautz edo Santurtzirekin zenbateko diferentzia izan dugun, Kontxan ze paper egingo ote dugun, eta abar… Hala ere, 20 bakarrik ez, Donostiarran guztira ia 40 arraunlari ari dira urtero gogor lanean. B trainerua ere hor badagoelako. Eta traineru horren funtzioa oso garrantzitsua da, funtsezkoa, oinarri sendokoa izan nahi duen klub honen etorkizunerako. Garrantzi hori gogorarazi diguten bi albiste izan dira azken egunotan.
Batetik, hain zuzen Donostiarrako B traineruaz aritu zen Mundo Deportivo egunkaria atzoko artikulu batean (ezkerrean duzue argazkia; ezin izan dut Interneten albistea aurkitu). Alberto Goitia presidentearen hitzak zekartzan artikuluak, eta traineru horren hainbat alderdi azpimarratzen zituen Goitiak: jende gaztea dela, denboraldian seguruena gorantz egingo duela, eta, adibidez bidaietan A traineruak baino gastu handiagoak baditu ere, guztiz garrantzizkoa dela Donostiarrarentzat, etorkizuneko arraunlariak zailtzeko.

Bide bertsutik mintzo da Mendi entrenatzailea Donostiarrako webgunean azaldu den elkarrizketa honetan. Beste hainbat konturen artean, B traineruaz dihardu: jendeak ez duela behar bezala baloratzen soilik San Pedrok, Oriok eta Hondarribiak duten B tripulazio bat izatea, A traineruaren emaitzetan besterik ez dela arreta jartzen (badela hor zer hobetu) eta beste gauza asko ondo egiten ari direla, beharrezkoa dela B ontzi hori etorkizunean ere arraunlariak hortik igo beharko direlako, aurten 3 igo diren bezala.

Gogoan izan, beraz, hortxe ditugula gure gaztetxoak gure koloreak defendatzen KAE-2 ligan, eta haietxek direla gure etorkizuna, etorkizunik izango bada.

PD: Donostiarrak kantaldi bat antolatu du abuztuaren 12an, Trinitate plazan. Hona hemen argibideak eta salmenta-puntuak.

2011/08/03

Ur-Kirolakeko bi jubenilek urrezko domina Austrian

Asteburu honetan, Arraunketako Gazteria Koparen 27. edizioa jokatu da Austrian (Linz/Ottesheim).

Igandeko jardunaldian, urrezko domina lortu zuten Ur-Kirolak talde donostarreko bi jubenilek. Jon Ander Diezek eta Imanol Iradik podiumeko postu gorena lortu zuten adin horretako 4- kategorian (JM 4- 2000 m), Jon Aizpeolea eta David Oliverrekin batera. (Eskuineko argazkian dituzue bi arraunlariok).

Hona hemen jardunaldi horretako denborak. Gure txapeldunek irabazitako estropada ikusteko, bilatu orri horretan Event 202: Junior Mens Coxless Four dioen atala.

GERORA EDITATUA: Abuztuaren 26an honako elkarrizketa hau egin zitzaien Mundo Deportivo egunkarian.

Zorionak biei eta animo!!!!

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/07/21

1940: Koldo Mitxelena donostiarrei burlaka

1940. urtean, Oriok irabazi zuen Kontxako bandera, bi igandeetako denborak batuta markarik onena egin zuelako. Hala ere, bigarren jardunaldian Donostiako Amaikak Bat taldeko trainerua izan zen nagusi (hona hemen denborak). Garaipen horren harira, anekdota bitxi bat gertatu zen, eta Koldo Mitxelena hizkuntzalari handia izan zen protagonista.

Koldo Mitxelenak berak kontatzen duenez (*), Burgosko espetxean zegoen urte hartan, beste hainbat euskaldunekin batera, gerraosteko kartzela-zigorra betetzen (hortxe duzue eskuineko argazkian Mitxelena, zutik daudenen artetik bigarrena ezkerretik hasita, gerrako fronteko hainbat adiskiderekin).

Mitxelenaren kontakizunaren arabera, urte hartako irailean familiarteko baten bisita jaso zuen Burgosko espetxean preso euskaldun batek, eta donostiarren garaipen horren berri izan zuen. Ziztu bizian zabaldu omen zen albistea euskaldunen artean. Jakina, donostiarrak pozez zoratzen jarri omen ziren, guztiz harrotuta, kartzelako bat baino gehiago dezente gogaitzeraino-edo.

Ez dakigu gogaituta utzi zituzten horietako bat Mitxelena errenteriarra izango zen, baina badakiguna da beheko bertso horiek idatzi zituela, donostiarrei adarra jotzeko intentzioarekin.

Bertsoetan ikus dezakegu nola aipatzen duen behin baino gehiagotan "Patxi" santua (Franco, noski), eta baita "Pamao" ere (Eustakio Iraola, "Famao", garai hartako donostiarren patroi ezaguna). Horra bertsoak:

1. 4.
Zenbait bertsotan azal bear det "Aufa! Etzegok mundu guzian
azaldu al baldin bada, gu bezelako mutillik!
gure gañera erori zaigun Gora Amaikak! Gora Donosti!
eraso gogor zakarra. Gora Kiriko ta Karril!
Atzo jokatu estropadak ta Lagundu digun Santu berria
garaile donostiarra… Jaunak dezala berekin!
Gure oraingo entzun bearra Gora Pamao! Betor onera
ezta izango makala! iñon bada galtzadunik!
Goiko Jaun onak emango al digu Eztator iñor… Ez baitek jaio
eramateko indarra! donostiarren berdiñik."


2. 5.
Ori da gauza arrigarria… Gaurko gurenda ospatu bedi
Donostiarrak lenbizi! Kirikorena bezela:
Patxi Santuak mirariren bat piztu argiak, jantzi leioak
egin duela dirudi. Patxiri jarri kandela…
Santu berriak lagundu arren "Marca Pamao" karameloak
atik eztute merezi. laister egin ditzatela…
Ta… aspaldi ontan nola eztuten Amaika urtez egon bagera
olakorikan ikusi, gure txokoan erreta…
esponja baño arrogo daude… ara aurtengoa guk irabazi…
Oien ondoan zein bizi! Danak izorraitezela.


3. 6.
Irten zulotik, donostiarra… Urte bat laster dijoa eta
mingaña ongi dantzatu; egin orain lasai parra,
ainbeste urtez ixil bearrak Datorrenean… ongi dakizu:
ia ia lertu zaitu. zokoan gorde bearra,
Bota arrunkak zuk oi bezela, Asterakoan: "Aupa Amaikak!
arro-panparroi agertu: Aurrera Donostiarra!"
au jakin gabe gipuzkoarrik Gero itzulera, beti bezela,
ez bedi beintzat gelditu; larri begian negarra…
oraingoa, ba, zurea da ta Beste olakorik ikusterako
bazter guziak nazkatu. luza bear zaizu bizarra!

(*) Koldo Mitxelena: Euskal idazlan guztiak, I, Klasikoak, 21, 1988. Euskal Editoreen Elkartea.
AUSPOA saileko Antonio Zavalaren "Estropadak bertsotan" liburuan jaso dugu anekdota eta bertso hauen berri.

2011/07/14

Donostiarrak laugarren Gipuzkoako Txapelketan

Oso itxura ona eman du Donostiarrak Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Itsaso zakarra izan da nagusi estropadan, eta itsaso horretan arraunkera egokian aritzea guztiz garrantzitsua izan da. Beherago duzue jmazkue arraunzale finak ateratako bideoa, itsasoaren egoera ikus dezazuen.

Donostiarrek ondo hartu diete neurria olatuei eta bigarrena izan da bere txandan, Orioren atzetik. Azpimarratzekoa da poparean egin dituzten bi luzeetan denbora jan egin diola Donostiarrak Oriori. Beste txandan ezustekoa eman du San Juanek, ontzian ura hartuta espero baino denbora txarragoa egin baitu.
Horrela, laugarren postua lortu dute Donostiarrek eta Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu dute. Hona hemen denborak.

2011/07/05

Donostiar more, berde, arrosa eta horiak

Ez, ez... ez naiz ari estropadetara kamiseta more, berde, arrosa edo horia jantzita joaten diren donostiar arraunzaleei buruz. Horiez igual beste egun batean hitz egingo dut... edo ez, bakoitzak egin dezala nahi duena, aizu.

TKE ligan arraunean ari diren arraunlari donostiarrak aipatzen ditu Irutxuloko HITZAk gaurko alean. Noizbait gure hiriko Donostiarra liga horretara iritsiko dela amesten dugun bitartean, gaur egun Donostiatik kanpo egin behar dute arraunean goi-goi mailan aritu nahi duten kirolariek.

Eta ez dira nolanahikoak, ez; albisteko arraunlari-zerrenda ikustea besterik ez dago: Xabier Etxebeste Kaikun; Haritz Etxebeste, Fernando Balentziaga eta Axier Kolina Orion; Aritz Jauregi, Alain Osanbela, Ion Piñeiro eta David Sainz San Juanen; eta Iker Aranburu, Iñaki Arrieta, Joseba Azurmendi, Egoitz Etxebeste, Iñaki Garmendia, Loren Jauregi, Lander Larrauri, Gabi Larrinaga, Jon Lizarazu eta Joseba Mayoz San Pedron.

Pentsa, horiek denak eta Donostiarran dauden donostiar mordoxka (gehiengo zabala da) batuta, pentsa zeinen tripulazio bikaina atera daitekeen. Gorena.
Amets egiteko bada ere...

(Argazkia: Irutxuloko HITZA)

2011/06/29

"JJ Gaztelu" itsasontzia

Aurreko batean, gure hiriko hainbat txokotan arraunarekin zerikusia duten irudi, argazki eta bestelako detalleak daudela gogoratzearekin batera, horietako batzuk pixkanaka blog honetan aipatzeko asmoa dudala kontatu nizuen. Badakit asko garrantzi txikikoak izango direla, seguruena; baina esanahi eta sinbolismo berezikoak dira, nire ustez behintzat. Lehengo hartan, Aizepe soziedadean dagoen argazki zahar bat ekarri nizuen gogora.

Oraingoan, denok ezagutuko duzuen “klasiko” bat aipatuko dut: kaian, Pixepel izenez ezagutzen den lekuaren inguruan atrakatuta egon ohi den “JJ Gaztelu” arrantza-ontzia. Egurrezko itsasontzi urtetsua da, dotorea, hainbat eta hainbat arrantzalditan parte hartutakoa, eta oraindik ere sasoiko dagoena, itsasorako joan-etorrietan aritzen baita bete-betean.

Nire lagun batek dio, eta ez zaio arrazoirik falta, inoiz ontzi honek arrantzan aritzeari utziko balio, udalak mantendu egin beharko lukeela kaian eta inguruko uretan hara eta hona, metalezko itsasontzi berrien ondoan, garai bateko arrantza-ontzien erakusgai.

Eta zergatik aipatzen dudan JJ Gaztelu? Ba, asmatuko zenuten bezala, branka aldean duen ikurrarengatik: kolore biziz margotuta Ur-Kirolak taldearen ikur gorri-berdea du ontziak aurrealdean (beno, garai batean izango zituen kolore biziak, gaur egun nahiko maskalduta ageri da-eta irudia). Pixepel paretik pasatzen naizen guztietan, JJ Gaztelu hortxe badago, ezinezkoa egiten zait begiratu azkar batean Ur-Kirolakeko bandera eta UK letra horiek ikusi gabe aurrera egitea.

Horrelakoxea naiz ba, nahiko berexia.

2011/06/20

Bidal gaitzazue Txindoki puntara!!!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Denboraldi berriaren aurrean, Donostiarrak egin dezakeena dute hizketagai. Ligako gainerako taldeak ondo prestatuta datoz, gogorra izango da kontua aurten; baina ezer ere ez omen da erraz munduan-eta...

Aurtengoan ere, trainerua animatzeko asmoa dute bi lagunek, eupadaka marru batzuk botata barrena lasaitzeko, eta, arraunlariek zeozer entzuten badute, hobeto... Haien nekea arintzeko balioko ahal du!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Zaila bada ere deskuidoan bandera bat irabaztea zeinen ederra litzatekeen dute hizketagai. Eta Donostiarrak, donostiar guztion traineruak, bere lehen bandera irabaziz gero nola ospatuko luketen hasi dira pentsatzen. Ja ja, polita litzateke. Baina nola ospatu? Parranda xoil bat? Eta hasi dira ideia txoroak botatzen, beste bi Keler eskatuta. Eta hara, halako batean hauxe dio batek "Bazekiat! Donostiarrako kamiseta jantzita Txindoki puntara igoko gaituk, eta Donostiarraren bandera zabalduta argazkia aterako diagu hantxe tontorrean!!". Hasieran, parre ergelekin egin diote ongietorria ideia txatxuari, baina parreak isiltzearekin bat, elkarri begiratu diote, bekainak altxa eta ikusi dute baietz, horixe egingo dutela. Hara! Eta parreari ekin diote berriro.

Beraz, Donostiarrako arraunlariak, badakizue. Tabernako berriketa txepelean aritu ohi diren bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile Txindokin gora bidali nahi badituzue, eta blog honetan ikusi nahi baduzue gure bandera Txindoki tontorrean... irabaz ezazue bandera bat. Hori "besterik ez", ja ja ja.

Eta lortzen ez baduzue, ez kezkatu, izango duzue-eta beti baten bat petriletik zuei eupadaka, marru batzuk botata barrena lasaitzeko
Animo!!
(Argazkia: Ketari CC BY-SA)

2011/06/17

Teink 2011 zeharkaldian, donostiar arraunlari ohiak

Ekimen interesgarri baten berri ematen zaigu Irutxuloko HITZAK argitaratzen duen Itzurun gehigarriaren gaurko aleko VII. orrialdean: Teink 2011 zeharkaldia.

Garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzeko itsas zeharkaldia da Teink 2011, Donibane Lohizuneko Ur Ikara elkarteak antolatua. Bilbotik irten eta Donibane Lohizunerako ibilbidea egiten dute arraunean, sei eguneko ibilbidea (uztailak 25-30). Guztira 150 kilometro egiten dira arraunari tiraka. Parte-hartzaile gehienak arraunlari nahiko beteranoak izan ohi dira.

Aurtengo edizioan (19.a izango da), Donostiako hiru arraunlari ohi arituko dira zeharkaldi horretan, Arraun Lagunak eta Donostia taldeetan aritu eta gero duela 15-17 urte arrauna egiteari utzi zioten Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideak. Hiru arraunlarirentzako batel batean arituko dira, eta, diotenez, Hegoaldeko partaide bakarrak izango dira.

Elkarrizketa honetan kontatzen digute nola izan zuten abentura honen berri, eta zein izan ziren prestaketa egin bitartean izan dituzten bizipenak eta sentimenduak. Interesgarria oso.

(Argazkia: Itzurun (Irutxuloko Hitza))


2011/06/13

Donostiarra: bazkidearen eguna

Atzo eguerdian Bazkidearen Eguna ospatu zuen Donostiarrak.

Klubak mokadutxo bat hartzera gonbidatu zituen bazkideak, eta, bidebatez, A eta B taldeetako arraunlariak aurkeztu zituen.

Alkate izendatu berriak azpimarratu zuen udala traineruaru laguntza ematen jarraitzeko prest dagoela, eta Donostiarrako presidenteak, eskerrak ematearekin bat, beste kontu batzuetaz ere hitz egin behar zutela erantzun zion (zerbaiten eskean-edo), irribarre artean. Esponsor guztiei eskerrak eman zizkien, eta aurtengoan Urkatx arrandegiaren eta Martin Berasategiren diru-laguntza ere jasoko dutela adierazi zuen. Gero, Ekain Iriarte eta Jon Sardon arraunlariek eskerrak eman zizkieten bertaratutako bazkide eta zale guztiei, eta beren aldetik ahal duten guztia egiten saiatuko direla agindu zuten.

Azkenik, herritarrok taldeari ematen diogun arnasaren erakusgarri modura, Donostiarrako kamisetarekin jantzita joandako guztiak argazki batean atera ginen Torrekua traineruaren atzean, klubeko presidentearekin, entrenatzaile eta arraunlariekin eta Donostiako alkatearekin batera. Kosta zitzaion argazkilariari inolako esponteneorik gabeko argazkiren bat ateratzea, bai kostatu ere. Hona hemen atzoko ekitaldiaren argazki galeria bat.

Arraunlariak pozik ageri ziren, neguko zailtasunak alde batera utzi eta benetako estropadei ekiteko irrikaz; zaleak, berriz, itxaropentsu gaude, ekaineko estropada hauetan emaitza txukunak lortzen ari baita Donostiarra. Ea bada.

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/06/08

Gorka Ibarluzea eta Alex Domingo

Donostiako udalaren euskara patronatuak argitaratzen duen MUGI aldizkarian, bi arraunlari donostiarri buruzko erreportaje hau argitaratu dute.

Donostiarra traineruan dabilen Gorka Ibarluzea (32 urte) da bata, eta Arraun Lagunakeko aulki mugikorreko modalitatean dabilen Alex Domingo (17 urte) bestea. Arraunean urteak daramatzan arraunlari esperientziaduna eta kirol honetan gogor ekiteko gogoz datorren gaztetxoa.

Beren nondik-norakoak, asmoak eta esperientziak kontatzen dizkigute elkarrizketa honetan. Eskertzekoa da arraunari bere tartetxoa eskaintzea horrelako argitalpenetan.

2011/06/01

Bazkideen eguna, ekainaren 12an

Donostiarra taldeak honako jakinarazpen hau egin du bere webgunean.

BAZKIDEEN EGUNA, plantillen aurkezpena, hamaiketakoa... denak kolore zuriarekin jantzita Donostiarraren kamisetarekin. Aukera paregabea arraunlarien eta herritarron arteko lotura estutzeko.

Joan gaitezen denok, eta eman diezaiegun arnas gure mutilei!!!!!

2011/05/29

Gu gera Donostikooo harrobi berria-aaa...

Donostiarra traineruaren proiektua sortu zen unetik, Donostiako arraunarentzat eta bere etorkizunarentzat ezinbesteko ekimena zela iruditu zitzaidan. Estrategikoa, gure hiriak kirol honen potentzialidade handienaz, aukera zabalenak aprobetxatuz, jardun nahi bazuen.

Badakit asko ez dagoela nirekin ados (bat baino gehiagorekin eztabaidatua baitut) baina Donostiak oinarrian zituen baliabideak, gorantzakoan, gailur argirik gabeko piramide batean galtzen zirela iruditzen zitzaidan. Izerdi, denbora, diru, buru-hauste eta dedikazio izugarriak kostata (klub historikoetako direktiboen eta entrenatzaileen aldetik, bereziki) ateratzen ziren arraunlariak erreferente zuzenik gabe geratzen zirela. Eta gailur hori traineru bateratua, Donostiako traineru bakarra, zela (edo izan behar zuela) argi ikusten nuen nik.

Donostiak badu harrobia, baina harrobi hori hemen gelditzea lortu behar dugu, eutsi egin behar diogu kemen guzti horri, gure etorkizuna baita. Hori lortzeko bide zuzenena harrobia elementu batekin identifikatzea da, Donostiarekin, Donostiako traineruarekin.

Hau dena etorri zait gogora Auzoka aldizkarian elkarrizketa hau irakurri dudanean. Donostiako arraunlari gaztetxo batek, Gontzal Iraolak, bere kirol-esperientzia kontatzen digu. Arraun Lagunak taldearen zale izanagatik, Ur-Kirolakeko zortzikoan ari da jo eta su. Eta, beste hainbat konturen artean, bere talde gustokoena zein den galdetuta, honako hau dio Gontzalek:

"
Ni txikitatik Arraun Lagunak taldekoa izan naiz, baina Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak taldeek Donostiarra sortu dutenetik, Donostiarra gustuko dut. Nire ustez, talde gaztea da, eta guztiak Donostiako arraunlariak dira; horrek bereizten du beste talde batzuetatik."

Hor esaten dena eta lerro artean irakur daitekeena, hori bai dela etorkizuna.

2011/05/27

Mendiri elkarrizketa Irutxuloko HITZAn

Gaurko Irutxuloko HITZAn, Donostiarrako entrenatzaile Mendiri egindako elkarrizketa hau ageri da. Aspaldi ez genuen klubeko albisterik -ez komunikabideen eskutik, ez klub beraren eskutik-, eta zinez eskertzen da talde barruko gorabeheren berri izatea.

Bajak eta altak izan diren arren, arraunlari-taldearen jarraipena azpimarratzen du, horrek beste puntu bat ematen baitio talde-kirol honi. Patroia Arkaitz Diaz izango dela berresten du, era berean, eta B taldetik hiru igoko direla. A taldean, guztira, 17 arraunlari eta bi patroi izango dira plantillan.

Portugalete eta Santurtzi sendo indartu diren arren, Donostiarra zerbait lortzeko bide onean ari dela uste du.

Bestalde, klubaren etorkizunerako oso garrantzitsutzat dituen bi alderdi aipatzen ditu: udalaren laguntza eta bazkide-kopuru handia. Eta azkenik, osasun-kontuak tarteko, ez du epe luzerako bere burua taldean ikusten, nahiz eta TKEra igotzeko asmoarekin segi.

Hor duzue, beraz, elkarrizketa.


2011/05/16

Ur-Kirolaken argazki zaharrak Gure Gipuzkoan

Gure Gipuzkoa webgunea ezagutzen al duzu? Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako webgunea da, eta Gipuzkoa gaitzat duten argazkien nolabaiteko bilduma jartzen du guztion eskura. Bertan dauden argazkiak zure ordenagailura jaitsi eta erabil ditzakezu, eta zureak ere igo ditzakezu webgunera beste guztiekin konpartitzeko.

Pixka bat saltseatzen ibili eta gero, Ur-Kirolak taldearen argazki hauek aurkitu ditut. Niri behintzat oso kuriosoak iruditu zaizkit, bizitasun handikoak, eta ea niri bezainbeste gustatzen zaizkizuen. (Bereziki bigarren argazkiko "Ur-Kirolak por Guipuzcoa" horrek harritu nau, Gipuzkoa osoari egindako erreferentziak... Alabaina, gaur egungo begiradarekin bakarrik da hori harrigarria, noski).

Lehen argazki-sail batean, 1946an Ur-Kirolakeko arraunlariei egindako ongietorrian ateratako zortzi argazki hauek ikus ditzakegu: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. Sail honetakoak dira behean ageri diren bi argazkiak.
Bigarren saila, berriz, 1964an Ur-Kirolak Espainiako Txapeldun izan zenekoa da, horra: 1, 2, 3 eta 4.

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 6/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 7/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

2011/05/09

Donostiarrak aulki mugikorreko txapelketetan

Asteburu honetan jokatu da Legution aulki mugikorreko 8+ kategoriako Euskadiko Txapelketa. Joan den asteruan Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Orion. Aspaldiko partez modalitate horretako ontzia atera dute Arraun eta Urkik, eta, beraz, bi klubetako zortzikoak izan ditugu bi txapelketa horietan.
Hona hemen emaitzak:

EUSKADIKO TXAPELKETA
1. Hondarribia 5:45,50
2. Getxo 5:54
3. Santiagotarrak 5:58,20
4. Orio
5. Arraun Lagunak
6. Ur-Kirolak

GIPUZKOAKO TXAPELKETA
1. Hondarribia 4:54,92
2. Orio 4:59,72
3. Ur-Kirolak 5:02,52

4. Santiagotarrak 05:03,13
(Donostia Arraun Lagunak sailkapen-estropadak kanporatuta geratu zen).

estropa.net webguneak Gipuzkoako Txapelketako bideo hau eskaini digu: