2009/06/01

Donostiar arraunzale baten oroitzapenak


Mutil koxkor bat amaren eskutik helduta, tximeletak sabelean, anaiarekin batera ttipi-ttapa Portu kaletik kai alderantz. Horra hor arraunzale koxkero honek arraunari buruz dituen lehen oroitzapenak. Txiki-txikitako oroitzapen kuttun eta maitatuenen artean dauzkat Kontxako estropaden ingurukoak

Goizean goizetiko kaleetako zalapartak esnatuta —etxafuegoak noiznahi, eta, oi, oriotarren sirena puta hura!!... bizi al da?—, eguneko ikuskizunaz gozatzeko prest jaikitzen zen ume mukizu hura. Sukaldeko irratian, nola ez, arraun-kontuak, eta, tarteka, Herri Irratiko arraun-emankizunetan ohikoa izan den trikiti-melodia bixia. Leihora irten eta kalera begira jarri ohi zen mutikoa, zaleen jardunari barre eginez. Nola ez barre egin, adibidez, duela hogeita hamar urte inguru Sotera eta Kaiku animatzera etortzen ziren andre haien kemen iskanbilatsua aurrean izanda? Egunkariei bistadizo bat ematen zien hurrena, ondo ulertzen ez zuen hizkuntza batean idatzitako letren artean traineru eta arraunlarien argazkiak deszifratu nahian-edo… eta, azkenean, entzun nahi zituen hitzen zain geratzen zen: "Umeak, joango al gera?"

Eta, amaren eskutik, anaiarekin batera, ttipi-ttapa kai alderantz. Tximeletak sabelean. Jakina, Portaletan, apustuzale eta artekarien kalaka ezagun hori! "Lasarte-Michelinek bandera ezetz!", "Kaiku honor a que no!", "Sanjuanek Oriori zortzi ezetz!"... Gero, segi pixka bat aurrera, eta, gesala eta gasolioa nahasten dituen kai-usain ahaztezin hori gozatuz, Kaiarriba aldera, zaleen artean erdi bultzaka. Traineruak garraiatzen zituzten orga herdoildu haiek ukitu gabe, badaezpada, eta beroketan aritzen ziren arraunlarien seriotasuna errespetatuta. Idolo anonimoak.

Koskortuagotzean, amaren eskua askatzean (baina sarrera ordaintzeko dirurik eta/edo borondaterik ez zen adin hartan), Trinidade eta San Telmo inguruko txokoren batetik Gaztelu aldera sartu eta Damen Bateria ondoko arroketan ikusten zuen mutiko hark estropada. Kontakizun honen garaian, ordea, Kaiarribako sotoen inguruan, arrapala arranpa gainean geratzen ziren bi anaiak; arraunlari eta traineruen uretaratzea ikusi, eta hantxe, zain... Halako batean, eupada eta animoz betetako zoramen zaratatsua: "Hara! Atera dira!". Eta, ia oharkabean, urrun, urrunegi, traineruak. Megafoniak ematen zuen informazioaren zain egon behar: "Ziabogan, lehena Orio, bigarrena Donostia (bai, izenez "Donostia" huts-hutsik, abizenik gabe)...". Ume haren imaginazioan geratzen ziren arraunlarien nekeak, popa erakutsi ezinaren amorrua, ahaleginaren arnasestua. Eta bat-batean, itzulerako eupada eta animo garrasiak berriro ere, “Hemen dira! Hemen dira!” eta, bukatzeko, denborak megafonian. "Sartu al da Donosti tandadeonorren, ama?"

Pixkanaka, jende andana biltzen hasten zen Kaiarribako arrapalan. Txalo zaparrada lehorreratzen ziren tripulazioentzat. Zale entusiastenak hantxe sartzen ziren uretan, belaunetaraino, patroiari pozezko bizkarrekoak emateko, lepotik helduta erdi itota geratzeko trantzean jartzen ez zutenean. Hain ondo ibili ez zirenak, aldiz, burumakur traineru barruan, zaleen txaloei tristeki eskerrezko agur-keinuak eginez. Haiek ere heroiak ziren, hala ere, heroi anonimoak, dena arreta handiz jarraitzen zuten begitxoentzat. Eta, handik gutxira, ume harentzat galduezina zen eszena: arraunlariek, trainerua bizkarrean jartzeko, ontzia iraultzeko unea. "Ea, ea, adi… kontu hortik… heldu ondo… bat, bi... orain!" eta, itsaso zakarreko egunetan, ur parrastada ontzi barrutik lurrera. Zoragarria.

Gero, etxean beti izaten ziren aitak kontatutako arraun-giroko istorioak: Donostiak ziaboga 1. kalean egin eta 4. kaletik sartu zeneko hura, Rekalde tabernan gizon batek —estropada eguneko edanak gehiegi piztuta-edo— ukabilkada batez adiskidea lurrean zerraldo utzi zueneko hura, puntetatik kanpora nahiko zabar eta alfer antzean arraun eginagatik puntetatik barrura herritarren aurrean dotore eta kementsu arraun egiten zuen beste hark entzun behar izaten zituen errietak, eta beste hainbat eta hainbat istorio...

Ume harentzat, kirolaren alderdi ludikoa eta alderdi emozionala —herri baten afizio izatekoa, kolore jakin bateko jarraitzailea—, hori besterik ez zen arrauna. Baina, haurtzaroa atzean utzi nuenean, ikasi nuen kirol honek bazituela beste alderdi batzuk ere, lehen begi-kolpean agian hain erakargarriak ez direnak, baina, seguruenik, benetan arraunaren muin-muineko zentzua biltzen dutenak bere baitan: neguko hilabete ilun eta ezezagunetan egiten den lan isil eta eskergaitza, lainope goibeletan arraunlariek ia egunero egin behar izaten dituzten saio latzak, kresaletan gazitutako izerdia, bigunak gogortu eta gogorrak bigundu beharra gorputzean, esku-ipurdietako zauri eta kalloak. Udako sariaren zain, abenduko arrats ilun, umel eta izoztu batean trainerua uretaratu eta jo eta su arraunean aritzea guztiz miresgarria da gorputza sufriarazteko abilidadean emaitzarik aurkitu ez dugunontzat. Eta are gehiago —entrenatzaileen egunez eguneko dedikazioa eta direktiboen buruhauste etengabea bezalaxe— ia dena musu -truke edo diru-sari askorik gabe egiten denean, zaletasun hutsagatik. Azken garaiotan ugariagoak diren salbuespen batzuk kenduta noski.

Horregatik, ume koskor izateari aspaldi utzi dion honako hau, udako estropadetan odola emozioz irakinda izan ohi duen arraunzale koxkero hau, neguan eta udaberrian ahal duenean kai aldera itzultzen da, bere koloreak defendatuko dituzten arraunlarien dedikazioaz aho zabalik geratzera. Eta jakin badaki jadanik eskutik heltzen ez dioten ama eta anaia zaharra, kaian paseoan badabiltza, adi geratzen direla Kaiarribako sotoetan mugimendua ikusten badute. Bai eta kostaldeko beste edozein herritan lepoa ur aldera luzatu ere, nonbaitetik estropu hots erritmikoa entzuten badute. Eta Kontxako Banderaren egunetan, edo traineru donostiar bat lehian ari denean, gogora etortzen zaio bere aita zena, nola kontatzen zizkion Donostiako arraunaren inguruko istorioak eta nola joaten ziren elkarrekin Kontxako igande goiz batzuetan kaia, itsasoa, traineruak eta giroa ikusiz gozatzera, txakolin freskagarri bat hartu aurretik.

Hori dena da niretzat arrauna, hori dena dut oroitzapen. Helduaroan odola irakinda sentiarazten dizun edozer eta, batez ere, umetan sabelean tximeletak sentiarazten dizkizun edozer, ez baita, inola ere, ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez dezala hori sekula ahaztu eskutik helduta gauza gogoangarri batez gozatzera eramateko moduko umeren bat duen ezein gurasok.

No hay comentarios:

Publicar un comentario