2009/08/20

Izurdearen fama eta botakarraren izana

Botakarra, Scomberesox saurus.
Demagun izurde bat eta botakar bat uretan ziztu bizian igerian ikusten ditugula, norgehiagoka larri batean lehiatzen. Jakinik bata bestaren harraparia dela, lehia orekatua izango al litzateke? Zein gertatuko litzateke irabazle?

Ez, ez, lasai... oraingoa ez baita itsasoko animaliei buruzko natura-dokumental bat, XIX. mendeko getariarren eta donostiarren arteko arraun-desafio bat baizik. Eta zer pintatzen dute, bada, bi animalia horiek istorio honetan? Ba, horiexek zirela desafio hartako ontzien izenak: Izurdia Getariakoa eta Potakorra Donostiakoa.

Desafioa Getarian jokatu zen; zein urtetan egin zen ezin dugu jakin zehazki, ez baitago data zehatzik adierazita inon. Hala ere, Antonio Zabala zenak Jose Manterolaren bilduman jasota topatu zituen egun hartako kontuak jorratzen dituzten bi bertso-paper. Hortaz, eta bilduma hori 1877koa denez, estropada nahitaez lehenagoko urteren batean gertatu zela badakigu behintzat. Bertso-paper horietako baten izenburua (Izurdiaren fama eta potakorraren izana) erabili dut, hain zuzen, idazki honi titulua jartzeko.

Dena delako urte hartan, nolabaiteko liskarra izan omen zen arraunlari getariarren eta donostiarren artean, Donostian lehenago antolatutako estropada bat zela medio: hainbat kontu eta eztabaidaren ondoren, ez zen estropada jokatzerik izan. Hurrengo egunetan, Donostiakoei errua botaz, Getarian burla eta mespretxu ugari ibili omen ziren airean donostiarren kontra. Azkenean, kontuak garbitzeko-edo, getariarrek desafioa bota zieten donostiarrei: batel-estropada bat, bosna arraunlari eta patroia izanik tripulazioa. Eta mila erreal jokoan; ez zen sari makala, garai haietarako.

Donostiarrek desafioa onartu, eta hitzartutako egunean hantxe agertu ziren Getarian batel gainean Donostiako gazteak, Anselmo patroiaren gidaritzapean. Eta bai gazteak izan ere donostiarrak, hamazazpi-hemezortzi urteko mutikoak baitziren. Getariako jendea seko harrituta geratu omen zen, gaztetxo haien itxura ikusita:

Allegatu ziraden
Getariko errira,
noski jendia franko
bazegon begira;
alkarri esanaz zeuden
alditik aldira:
"oiek estroparako
gizonak al dira?"

Apusturako lasta gisa, sei-zazpi arroa harri hartu zituzten donostiarrek, eta, bertso-paperetan esaten denez, hori ere txit barregarria izan omen zen getariarrentzat. Potakorra ea "pleiteroa" al zen (pleita edo karga eramaten zuen itsasontzia, alegia) eta antzeko burlen berri ematen da bertsoetan. Abiatu aurretik, orekarik gabeko norgehiagoka zirudien: gizaseme sendo eta zailduz osatutako izurdea, oraindik ia nerabe ziren gazte batzuez osatutako botakarraren aurka. Alabaina, uraren gainean giharrak dantzan hasi zirenean:

Gizon aulak zirala
galdubak petxutik,
indarrik etzutela
ibiltzeko txutik;
alere izurdiak
ez tragatziatik,
potakorrak utzi du
izurdia atzetik.

Oraiñdaño itxasuan
askok du ikusi:
izurdiak segita
potakorra igesi;
orain biyak pelian
diranian asi,
potakorra jarri da
izurdian nagusi.

Garaipen honek oso pozik jarri zituen, noski, donostiarrak. Ezustekoa eman eta mila erreal poltsikoratzeaz gainera, azkenaldi horretan jasan zituzten burlak kitatu zituzten getariarrekin. Eta, atzera, burlak beste aldera itzuli ziren:

Zubek eginak diran
burlaren erdiyak
jarri eztitugu emen
ez pentsa guziyak;
amarretatikan bost
dirade utziyak,
karanba getariyar
demontrez josiyak!

Adios, getariyarrak,
adios, ikusi arte,
ezer ofrezitutzen
bada eman parte;
Getariyatik ezta
Donostiya aparte,
adios, aje gabiak,
nai dezuten arte.

Azken lerro hauek une horretako sentimenen isla besterik ez dira, ez dakidala haserretu getariarrik. Arraunean garai onenak bizitzen ari ez diren bi herri historikoren omena izan dadila istoriotxo hau.

1 comentario:

  1. Historio polita da, baina ziur nire herritarren ordez ez zirela Oriotarrak aritu? jajajaa

    Aupa Getaria.

    ResponderEliminar