2010/05/09

1889: Sanjuandarren traineru seboduna

Pepe Artola da, dudarik gabe, blogari koxkero honentzat, XIX. mendeko Donostiako pertsonaiarik kuttunenetako bat. Berezko grazia eta "errikoxemeen" umorea barra-barra zituen gizon hark. Hainbeste ganorabako eta txoroflautarentzat estatuak eta bestelako omenaldiak eskatzen diren garai honetan, hobe genuke donostiarrok gure izaeraren neurria eman duten pertsona hauen oroimena ez galtzea (ezkerreko argazkian duzue Pepe Artola).

Arraunari dagokionez, hainbat bertsotan landu zituen Pepe Artolak ikusi zituen estropadak eta garaipen eta porrotak, eta bere grazia bereziarekin kontatzen zituen betiere, garaiko bere herrikideen gustagarri. Haren bertso-paper batzuek eman digute, hain justu, orain kontatuko dugun istorioaren berri: sanjuandarrek eta donostiarrek 1889an izandako desafioa eta traineru seboduna.

Kontua da 1889ko Kontxako Bandera jokatu zela irailaren 23an, eta donostiarrak garaile atera zirela sanpedrotarren eta Donostiako beste traineruaren aurretik. Azkenak geratu ziren sanjuandarrak, eta dirudienez nahiko atzean geratuta; emaitzen dokumentuetan ez da jasotzen Pasai Donibanekoen denborarik. Ez ziren estropadarekin batere konforme geratu, antza, San Juanekoak, eta, arantza kendu nahian-edo, desafio egin zioten irabazleari, hau da, Luis Karrilen tripulazio donostiarrari.

Esaten zuten Donosti ontan
etzeguela gizonik,
berriz pelian asi ezkero
etzekatela gauz onik,
amar bat milla errial pozik
jarriko zutela andik,
beste ainbeste nai baldin bazan
baldin ta jarri emendik.

Kondiziyua lan abek zuten
treñerua abek artu,
ala berian abek zutena
Pasaitarrari trukatu,
esanaz aiek len zebiltena
kabarra zala gertatu,
arrengatikan zirala bada
arren atzian geratu.

Arretarako lenaztik zuten
seboz ondo bete killa,
nairik aurria denai artuta
ondo irten gizon pilla,
Donostiarrak joan ziranian
aien kabarraren billa,
kraka ikusi ziyoten eta
andik asi zan naspilla.

Donostiyako patroiak zuben
esan arrazoiarekin,
treñero ura etzeguela
estropararako berdin,
eztala ondo arrexkatzia
ontzi sebodunarekin,
alaz guztiyaz irtengo zala
itz eman zubenarekin.

Argi dago zein zen "nahaspila". Sanjuandarrek ontziaren aitzakia eman omen zuten Kontxan hain makal ibiltzeko, eta desafioa egin zieten donostiarrei, baina elkarri traineruak trukatuta. Pasaitarrek erabilitako traineruaren bila joatean, Luis Karrilen mutilek harrituta eta haserre ikusi zuten sanjuandarrek seboa emana ziotela ontziaren azpialdeari.

Horrela zioen, Rafael Agirre Francok zehazten duenez, La Voz de Guipuzcoa egunkariak: "a los marinos de aquí les causó mala impresión el saber que la lancha que usaron los de Pasajes en el último regateo estaba untado de sebo, porque entendían que habiéndose carenado las cuatro traineras en este puerto no tenían derecho los de Pasajes a retocar el que les cupo en suerte". Iskanbila dezente izan zen horren harira, eta portuko komandante Baldasano jaunaren arbitrajea ere beharrezkoa izan zen auzi hori konpontzeko, eta halako batean konforme jarri ziren ontzi kontuetan.

Desafioaren eguna iristean, urriaren 6an, San Juanekoak Ondarroako arraunekin aurkeztu omen ziren Donostian, garai hartako onentsuenak zirelakoan. Uste zuten horrela erraz gaindituko zituztela Donostiako "zaharrak". Baina:

Esan bezela biyak batian
emendikan ziran irten,
indar lanari denak txit gogor
ziyoten bada ekiten,
emengo zarrak bala bezela
zuzen ta bizi zebilten,
bestiak berriz apar tartian
esponja ta ura egiten.
(...)

Donostiyarrak aisa diyote
estropara irabazi,
lengo txandan bañan atzerago
orainguan dute utzi,
obea zuten ez baziraden
pelian jokatzen asi,
eskax dirala indar lanian
berak lezakete etsi.

Estropara ontan ler egiñ eta
onuntz iritxitakuan,
beste ontziyan denak sartuta
beren errira ziran juan,
lenago deitzen zaion bezela
arunzko Pasaya San Juan,
Donostiyarrek onez aurrera
deituko diyote Juan San.

No hay comentarios:

Publicar un comentario