2011/08/21

1940: Traineru donostiarraren eta kaiaren arteko lotura

Koldo Mitxelenak 1940an idatzitako bertso batzuen berri eman nizuen aurreko sarrera batean. Gertaera horri buruzko informazio zehatzagoa bilatzen ari nintzela, gauza jakingarri bat topatu nuen Rafael Agirre Francok Kontxako estropadei buruz idatzitako liburu paregabean(*).

Kontua da garai hartan estropalariek traineruaren herri bertako biztanleak izan behar zutela eta alkateak zuela nolabaiteko erroldatze-agiriak egiteko eskumena. Dirudienez, alkateak ez ziren oso zorrotzak izaten agiri horiek egitean, eta tarteka tranpatxoak egiteko tentazioa izaten zuten (baita tentazioan erori ere). Gero inpugnazioak izan ohi ziren, noski. Inpugnazio horietako bat Donostiako Amaikak-Bat traineruari buruzkoa zen: zerrendako hiru ez omen ziren donostiarrak, eta zerrenda aldatu egin behar izan zuten.

Zerrenda berri eta behin betikoan ikus daiteke oso lotura estua zuela traineru donostiarrak kai inguruarekin. Izan ere, tripulazio ia osoa kaian bertan bizi zen, edo kai ondo-ondoan (Mari kalean, Portu kalean...), edo Abuztuak 31 kalean (Amaikak Bat soziedade koxkeroa bera ere dagoen kalean). Hona hemen Donostiako Udaleko idazkariak aurkeztutako zerrendan ikus daitezkeen bizilekuak:

Eustakio Iraola Gaztelumendi ("Famao") - Kaia, 19
Fausto Arrasate Ituarte - Abuztuaren 31, 29
Jose Arruti Kalonje - Mari, 21
Jesus Megias Olaizola - Kaia, 14
Florentino Urtizberea Emezabal - Kaia, 3
Ricardo Vicuña Etxegoien - Mari, 21
Jose Ibarluzea Iturria - Abuztuak 31, 15
Felix Solabarrieta Balenziaga - Euskal Herria, 6
Juan Ikazategi Kaperotxipi - Portu, 9
Angel Etxabe Berasategi - Txanpoene baserria
Antonio Vaqueriza Balzola - Abuztuak 31, 31
Javier Etxezarreta Landaberea - Kaia, 10
Antonio Zubiaurre Arozena - Mari, 21

Donostiako arraunarekin lotura zuzena duten hainbat abizen ikus daitezke zerrenda horretan, eta, era berean, oso eremu murritzean zuela jatorria 1940ko bigarren jardunaldian garaile irten zen tripulazio hark. Salbuespen bakarra dago: Txanpoene baserriko Angel Etxabe. Txanpoene baserria Amara Zaharreko mendi magalean, San Roke auzuneko goialdean, dagoen baserri bat da, Donostiako erdialdetik bi pausu eskasera. Oraindik ere zutik dirau, nahiz eta, tamalez, luzaroko izango ez dela dirudien (hemen duzue argibide gehiago).

Bitxikeria gisa: 1940ko urte hartan, tripulazioek beren kamiseten kolorea hautatu ahal izan zuten lehen aldiz, eta orain arte iritsi diren koloreak hautatu zituzten; hala nola, Hondarribiak berdea, Oriok horia, Santurtzik morea, eta Donostiak zuria (Donostiako beste tripulazioak, Loiolatarrak, urdina hautatu zuen).

(*) AGUIRRE, R.: Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Kutxa Fundazioa. Donostia, 2002.
Argazkia: CC BY-SA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Argazki Bilduma.

No hay comentarios:

Publicar un comentario