2011/09/05

Ohorezko txandan!!!

Itsasoa maite dut. Itsasoan, eta ez ibai-erreketan, jokatzen diren estropadak maite ditut. Kontxan jokatzen direnak maite ditut. Eta ez dakit zer duen aurten Kontxak, baina bertan izan diren hiru estropadetan haserre eta zakar agertu zaigu ura: Gipuzkoako Txapelketa, Donostiarra bandera eta Kontxako Bandera.

Aurreneko bietan maila ona erakutsi zuen Donostiarrak, eta atzo ere nahiko txukun ibili zen, kanporanzko luzean bereziki: bere txandan aritu zen Pedreñak 13 segundu eskas kendu zizkion ziabogan, eta itzulerako luzean ere 11 segundo besterik ez zizkion jan Kaiku ahaltsuak.

Hala ere, bigarren txandan haizea eta itsasoa asko zakartu ziren, eta hor aritu zirenek ezinezkoa izan zuten lehen txandakoen denboretara hurbiltzea ere. Pentsa, Tiranek 24:50,38 (eta 15 minutu paseak ziabogan)... noiz ikusi ote ditugu azken aldiz horrelako denborak!!

Hori dela eta, Donostiarra laugarren sailkatu zen atzo, eta, ondorioz, OHOREZKO TXANDAN izango da datorren igandean. 1992tik ez da traineru donostiar bat txanda horretan aritu. Gainera, badirudi postu hori mantentzeko hortxe-hortxe ibiliko direla, edo gehienez ere postu bat galduko dela. Ez da lorpen makala.

Zorionak bada, eta animo!!!! Eta donostiar zaletuei: zer gehiago nahi duzue zuen etxe eta balkoietan banderak jartzeko, eta arraunlariak animatzera kaira joateko kamiseta soinean duzuela??

(Argazkia: diariovasco.com)

No hay comentarios:

Publicar un comentario