2009/03/23

Donostiarra: gogoeta batzuk



Donostiarra (Kaiarriba) kluba bideratzeko hitzarmena udalarekin adostu den garai honetan, klub honi buruzko hainbat gogoeta egin nahi nituzke.
Trainerua versus mugikorra: zenbait lekutan kritikatu izan da Donostiarra bezalako proiektu batek distortsionatu egiten duela arraunketaren errealitatea, den-dena trainerura, eta are gehiago, Kontxara eta ACTra bideratutako proiektu batera mugatzen duelakoan. Egia da arraunketa gauza askoz zabalagoa dela (ikusi besterik ez dago asteburu hauetan Londresen dabilen arraun irakinaldia), baina bata ezinezkoa iruditzen zait bestea gabe. Eliteko arraunketaz ari bagara, betiere. Azken batean, mugikorreko talde sendoak dituzten klubak traineru sendoak dituztenak dira. Horretan ez dago atzera bueltarik, nire ustez.
Kantabriko alde honetan (besterik da Katalunian edo beste leku batzuetan), mediatikoki eta, ondorioz, ekonomikoki arraunketa mugitzen duen modalitatea trainerua da (telebistaz ikusten den trainerua, esango nuke). Gustatu ala ez. Eta mugikorrean puntan ibili nahi duenak, puntan ibili beharko du bestean ere.
Zuzendaritza eta antolamendua: Kaiarribak orain arte zeukan zuzendaritzak blokeoa eratzen zuen, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeetako ordezkariek berdinketa eratzen baitzuten kontrako iritzia zuten gaietan. Begi bistakoa zen bi talde horien gainetik (edo haietatik aparte, gutxienez) Kaiarribaren egitura bermatuko zuen antolamendua ezarri behar zela, etorkizun luzeko proiektua eratu nahi bazen behintzat. Gai horretan Cuenta Paladas blog azpimarragarrian kontu interesgarri batzuk aipatzen ziren, bereziki azken aurreko paragrafoan. Guztiz ados nago bertan esaten denarekin.
Auzi horri nolabaiteko irtenbidea eman zaio estatutu aldaketan, udalak bere diru-laguntza arma gisa erabili ondoren. Ez da berdinketarik egongo aurrerantzean, baina bada konponbide horri itxura ona hartu ez dionik ere: adibidez, duela egun batzuk, Josetxo Etxeberriak irrati saio batean zioen oraindik ere klub historikoetan oinarritua zegoela Kaiarribako zuzendaritza, hau da, zuzenean zuzendaritzako kide zirela, eta zerbait autonomoagoa-edo aldarrikatzen zuen. Kontuak kontu eta gustuak gustu, nabarmena da aurrerapauso bat egin dela, eta Donostiako klub historikoen hausnarketan eta talde-lanean oinarritu dela aldaketa. Bada hori zeozer. Hori bai, zuzendaritzaren osaeraz aparte, kirol-proiektuaren gidari izango den lantaldeak autonomoa izan beharko luke klub historiko horiekiko. Ikusiko dugu zer dinamika hartzen duen alderdi horrek aurrerantzean.
Kirol-proiektua eta harrobia: aurreko puntutik eratorri zen Etxart kanporatzea. Denboraldi amaieran, Ur-Kirolak zen entrenatzaile horren defendatzaile bakarra; antza, Arraunek eta udalak Mendi etortzea nahi zuten, eta egoera horrek sortutako blokeoak ekarri zuen estatutuak aldatzea (bi klub horiez aparte beste inork ez zuelako ordezkaririk zuzendaritzan, orain gertatuko den bezala).
Etxarten urtea oso gogorra izan zen beretzat, baina baita, ete bereziki, Donostiarra proiektuarentzat ere: udazkenean 35 arraunlari zituen klubak (6 inguru Etxartek kanpotik ekarriak), eta ozta-ozta 21ekin amaitu zuen. Oso bilakaera gogorra da hori luzaroko itxaropena duen proiektu batentzat, eta, erne, norberak bere gain hartu beharko du zurrunbilo itsusi hartan izandako parte hartzearen erantzukizuna. Askok bi klub historikoen arteko tirabirak eta barne torpedeoak salatu izan dituzte arraunlari galera horretan (oso-oso gauza larria, egia izanez gero); beste batzuek diote besterik gabe Etxarten taldearekin desadostasunak izan zirela. Denboraldi amaieran, txartzat jo dira, kirol ikuspegitik, 21 arraunlarirekin geratu zen talde murriztu horrek lortutako emaitzak, eta ez zaio 2009 denboraldia gidatzeko konfiantzarik eman nahi izan Etxarti. Ikusi beharko da aurten Mendiren gidaritzapean emaitzak antzekoak izanez gero, ze balorazio egiten den kritikak egin dituzten alderdi horietatik.
Gauzak horrela, azken egunotan, eztabaida piztu da foro honetan, Donostiarrako bi tripulazioak osatu nahian Mendi entrenatzailea Pasaia aldean bilatzen ari omen den fitxaketen edo zesioen inguruan, horren kostuaren inguruan, eta harrobiak duen paperaren inguruan. Nik ez dakit zenbat arraunlari ekartzeko asmoa duen Mendik, ez eta zenbat ordaintzen den ere. Niretzat argi dagoena da talde konpetitiboak eratu behar direla eta, harrobiak Donostiarraren oinarri izan behar badu ere (dudarik gabe), harrobiak ez duela zertan lekua bermatua izan behar inon, harrobi izate hutsagatik. Bakoitzak bere lekua asumitu behar du proiektuan, bai deportiboki bai ekonomikoki, jakinik B trainerua lantzea funtsezko lana dela etorkizuneko proiektu baterako: gaztetxoek ikasi egiten dute, trebatu egiten dira, geroa zimendatzen dute, eta helduxeagoek beterania erabil dezakete gazteak gidatzeko.
Ez da ahaztu behar Mendik 24 arraunlari dituela etxean, eta bi traineru osatzeko arraunlari asko ekarri beharko dituela kanpotik. Lehen esan bezala, aipatzekoa da Etxartek 6 inguru ekarri zituela, eta arraunlarien “ihesen” aurretik 35 zituela plantillan. Diagnosi moduan interesgarria litzateke aztertzea non eta zergatik geratu diren iaz alde egin eta aurten itzuli ez diren etxeko 5 – 6 arraunlari horiek. Akatsak ez errepikatzeko behinik behin.
Afizioa: funtsezko gaia iruditzen zait hau. Klubaren azpiegitura sendotu eta bermatzearekin batera, administrazioaren eta babesleen diru-iturriak lotzearekin batera, etorkizuneko kirol egitasmo baten funtsezko oinarria da afizioaren arnasa. Nik argi dut (askotan ukatzen den gauza bada ere) Donostian badagoela arraun afizioa. Jakina, Orio batekin konparatzen hasita, ba ez hainbeste, noski. Kontua da azken urteotan kirol emaitzak ez direla oso gustagarriak izan (nahiz eta meritukoak izan askotan, eskura zeuden baliabideak kontuan hartuz), eta horrek hoztu egiten dituela zaletuen animoak. Zarautz bezalako adibideak ikusi besterik ez dago, konturatzeko kirol emaitza positiboek berarekin dakartela afizioaren inplikazioa, nahiz eta askorentzat “aberats berrien” pareko gezurrezko afizioa izan.
Azken batean, bi aldetiko inplikazio edo sinbiosia eratzen ez bada, nekez egingo du aurrera proiektu sendo batek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario