Arrauna beti borborka dagoen kirola da, eta, antza, aspalditik da horrela Donostian ere. Norbaitek pentsa lezake azken urteotako kontua dela donostiar arraunlarien arteko zatiketaren auzia, baina, bai zera. Donostiarren arteko tirabirak, norgehiagoka antzuetan indarrak alferrik galtzea, eta horrek sortutako kezkak, aspaldiko kontua dira. Ikusi bestela zer idazten zuen bertsolari donostiar honek duela ia 100 urte, donostiar traineruei buruz (Fermin Imaz da bertsolaria da, Antonio Zabalaren ustez):
Uniyorikan batere eztauka
Donostiyako erriyak,
zergatik dauden arrantzaliak
alkarren kontra jarriyak;
batek bestia ikusi nai ez,
zer gauza penagarriyak!
ezpaditugu lenbailen uzten
alkarganako tirriyak,
alper-alperrik egin ditugu
enbarkaziyo berriyak.
Ia, donostiarrak,
unitu batera,
urrengorako ondo
kontubak atera;
berdin gizonetatik
badago aukera,
baldin alkarganatzen
ezpaldin bagera,
sartu aziko gaituzte
betiko oinpera.
Kontu honetan, beste gai askotan bezala, gogoan dauzkat Larramendik euskaldunei buruz esandako hitz hauek: "Baldin alkar artzen bagendu guziok (...). Non da ordea elkarte hori? Nagoan isilik. Nere min garratzena da, are eztakuskula onetarik darraizkun kalteak eta gaitzak, eta dirudienez, ezagutuko ere eztigula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean."
No hay comentarios:
Publicar un comentario