2009/04/21

Kontxa 1915-1916: Donostiako hilkutxa eta oriotarrak ziatzen



Donostiarrek estropaden historian bizi izandako xelebrekerien artean, aipatzekoak dira 1915 eta 1916ko Kontxako Banderetan gertatutako kontuak. Protagonistak: hilkutxa bat, bi arraunlari oriotar adar-jole, eta bi aldeetako bertsolariak.

Kontxako Bandera, gertatutako hainbat katramila zirela-eta, urte batzuk antolatu gabe izan zen, harik eta 1915ean berriro antolatzea ebatzi zuen arte Donostiako udalak. Udaleko ordezkariak inguruko herritara joan ziren, gonbitak egin eta estropadarako tripulazioak erakartzeko asmoz.

Lau ontzi batu ziren irailean lehiarako: Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Orio eta Donostia. Oriotarrak ziren faborito nagusi, 100 - 40 aldearekin egin baitziren trabesak. Beste bi lehiakideak nolabait gutxietsiz edo, harrokeria punttu batez iritsi omen ziren Kontxara sanpedrotarrak eta, bereziki, oriotarrak. Fanfarroikerian burlaka aritu omen ziren Oriokoak, banderaren aurreko egunetan.

Baina, zer da kontua eta, lehen igandean, Donostia eta Pasai Donibane sailkatu aurreneko bi postuetan! Pronostikoak hankaz gora bota ziren egun hartan, egundokoak entzun behar izan zituzten oriotarrek, harrokeria harengatik barrena minduta zuten donostiarren ahotik. Horren lekuko dira ondorengo egunetan argitaratu ziren bertso ugariak; hona hemen adibide bat:

San Pedro ta Oriyoko
arraunkalariyak
aspaldin zebilzkiten
arrunka aundiyak;
orra oien ollasko ta
zekor-aragiyak,
geratu dira oso
lotsagarri biyak
beñere eztu gauz onik
burla geyegiyak.

(Fermin Imaz bertsolari donostiarrarena da, Antonio Zabalaren ustez. Oriotarrei egindako "errietaz" aparte, ez da ahaztu behar, hala ere, donostiar askoren jokabidea ere kritikatu zuela bertsolari horrek; mezu honetan bildu nituen bertsoak urte hartakoak dira.)

Bigarren igandean, sanjuandarrak faborito (100 - 20 apustuetan), baina, itsaso zakarrarekin eta euri-zapar bortitzen pean, Donostia atera zen irabazle Pasai Donibaneren aurretik (hona hemen 1915eko denborak). Donostiarren tripulazioa: Francisco Vaqueriza “Soterotxo” patroi, Agustin Vaqueriza, Sebastian Vaqueriza, Cecilio Vaqueriza, Pascual Vicuña, Felix Vicuña, Javier Galdos, Jose Maria Zubiaurre, Roque Landaberea, Fermin Aristegieta, Jose Juan Aldanondo, Cleto Blanco, Jose Urresti eta Jose Maria Olaizola.

Garaipen handi horrekin harrotuta, donostiarrek, Oriokoei iseka egiteko asmoz, oriotarren hileta antzeztu zuten San Martin kale inguruan: kaja bat hilkutxa modura ibili zuten hara eta hona, haren gainean kandelak eta guzti jarrita. Pentsa liteke ez zutela batere gozo hartuko hori oriotarrak; haatik, barrenean gordeta edukiko zuten guztia, ederki gordeta eduki ere... eta hurrengo urtean etorriko zen buelta, 1916an.

1916an, Kontxako Bandera pixka bat egonkortzeko bidean zihoan, eta zazpi traineru elkartu ziren norgehiagokan: Donostia, Orio, Getaria (2 ontzi), Zarautz, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane. Antza, urte horretan donostiarrak ibili ziren zertxobait aho-bero, eta ankekoak ziatzen jarrita ere irabaziko zutela esanez aritu omen ziren. Hala ere, Orio, erraz eta garbi, eta Donostia, ozta-ozta, sailkatu ziren bigarren iganderako. Jakina, aurreko urtean gertatutakoaren ondoren, ez zen makala izango morboa, donostiarrak eta oriotarrak parez pare aritu behar zutelako.

Eta ezagun da oriotarrak, aurreko urteko episodioak amorratuta eta urte horretako donostiarren harrokeriaz suminduta, ezin hobeto eta guztiz serio prestatuta iritsi zirela bandera hartan lehiatzera. Lehen igandean bezala, Orio nagusi izan zen bigarrenean ere, eta aise gainera, nabarmen (hona hemen 1916ko denborak).

Hainbesterainokoa izan zen nagusitasuna, itzulerako luzean Orioko traineruko bi arraunlari (ankekoak, pentsa liteke), dezente aurrea hartuta zeudela ikusita, zutik jarri omen ziren ontzian, eta ziatzen hasi, donostiarrei burla egiteko. Giroa gori-gori jarriko zuen horrek, noski, eta lehorrean, Portaletan, mutur joka aritu omen ziren bi herrietako jarraitzaile batzuk.
Bertsolarien artean ere, iritsi zen kontuak garbitzeko ordua (Gaztelu bertsolariarenak dira, Antonio Zabalaren ustez):

Juan dan urtian Oriyon
galera aundiyak,
paperan beintzat ala
ziran jarriyak;
uste det bueltak ere
dirala etorriyak,
egundaño gauza onik
ez arrokeriyak;
orra komeriyak,
gaude igarriyak,
aurten irabaziyak
jaunari graziyak,
ordañetan izaten
dira odolkiyak.

(Argazkia: Pasai Donibaneko trainerua, 1915eko Kontxan.)

1 comentario:

  1. Ja,ja,ja,ja... ziatzen!!! ONA! Imajina al daiteke horrelakorik gaur egun? Eta zein traineruk egingo luke? ;)

    ResponderEliminar