(Argazkia: © www.euskonews.com)
Oso zabaldua dago, baina uste okerra da, Luis Karril (1847-1892) Asturiasen jaio omen zeneko hura. Interneten bistadizo azkar bat ematea besterik ez dago, patroi mitiko honen bizitza jorratzen duten ia artikulu, liburu eta idazki guztietan horrela dioela ikusteko, alegia, Asturiasen sortu zela. Alabaina, Luis Karril donostiarra zen.
Haren biloba batek, okerreko datu hori ikusteaz nazkatuta-edo, jaiotza agiria bilatzeari ekin zion, eta azkenean lortu zuen frogatzea Luis Karril, Luis Torrekua, Donostian jaio zela eta joxemaritarra zela, Santa Maria elizan bataiatu baitzuten. Biloba horrek bere lekukotasuna ematen du artikulu honetan. Erraz berretsi dezake informazio hori edonork, Donostiako Elizbarrutiko agirien bilatzailean galdetuta (Carril C letraz agertzen da hor, noski), eta, pixka bat gehiago miatuta, garbi ikusten da patroia ez zela lehen belaunaldi donostiarrekoa. Bere aita, Agustin Karril Noel, Aginagan bataiatu bazuten ere (halabeharrez izango zen), donostiarra zela pentsa daiteke, honen anaia-arreba denak, zaharragoak nahiz gazteagoak (alegia, Luis Karrilen izeba-osabak) Santa Marian bataiatu ziren-eta. Eta, belaunaldi bat gora jauzi eginda, agiriotan ikus daiteke Luisen aitona ere, Mariano Joaquin Karril Medina, joxemaritarra zela.
Non bataiatu zen badakigu, baina non bizi zen patroi handia? Luis Karrilek Torrekua goitizena omen zuen, Torrean bizi zelako, hau da, Itsas Kontsuletxe izandakoan, gaur egungo Untzi Museoan (Donostiarra - Kaiarriba klub berriaren ikurrean agertzen den eraikinean, hain zuzen). Ez da ahaztu behar eraikin horren eta lonjaren aurrean zegoen moila edo kaiari Torreko Kaia izena ematen zitzaiola.
Bego, beraz, betiko esana: Luis Karril donostiarra zen, ez beste inongoa. Beste egun baterako utziko ditut bere heriotzaren drama eta bere garaipenik sonatuena (Ondarroari irabazi zionekoa).
No hay comentarios:
Publicar un comentario