2012/09/10

Bikain atzo gure traineru bipolarra

Baziren 10 urte luze atzo lortutako hainbat gauza lortzen ez zirela: adibidez, irabazletik minutu bat baino denbora gutxiagora iristea eta bi jardunaldien baturan irabazletik bi minututik behera geratzea (Arraun Lagunak, 2002). Baita (ekaitz edo besteren lesiorik gabe) zortzigarren postuari ihes egitea (Arraun Lagunak, 2001).

Eta 20 urte dira ia (erraz esaten da) traineru donostiar bat 20 minututik jaitsi zen azken alditik. Telebistan bigarren aldia dela esan bazuten ere (eta gaur egunkariren batek ere hala dio), bosgarren aldia da donostiarrek muga hori gainditzen dutena: Arraun Lagunak 19:48,61 (1991), Ur Kirolak 19:50,62 (1993), Arraun Lagunak 19:50,81 (1992), Arraun Lagunak 19:56,89 (1993) eta atzo Donostiarrak 19:54,24. Kaiku indartsutik 44 segundo eskasera, eta Astillerorekin buruz buruko lehia estuan. Bi jardunaldiak batuta, donostiarren historiako hirugarren denbora onena lortu zen 1991 eta 1992ko Arraun Lagunaken atzetik.

Atzo lortu zena, beraz, kontuan hartzekoa da, eta esan liteke donostiarrok gure bandera nagusian aspalditik jasotzen dugun poz apurrenetako bat izan zela. Hor duzue irudian, 3. minutuan estropada buru gure trainerua. Ederra izan zen ikustea nola estropada osoan neurria emanez ibili ziren gure mutilak, eutsi eta eutsi. Eta harrobiko 8 arraunlari izanda traineruan. Bejondeizuela, benetan!

Horregatik, are tamalgarriagoa izan zen lehen jardunaldian izandako emaitza. Nabarmena da badela ontzi horretan materia nahikoa atzoko neurritik hurbilago ibiltzeko. Baina, denboraldi osoan bezala, irregulartasuna izan da nagusi Kontxan ere: huts handiko estropadak eta maila oneko estropadak. Hori izan da aurtengo Donostiarra bipolarraren gurutzea.

Tira, espero dezagun atzokoa inflexio puntu bat izatea. Hiri eta klub honek eman dezakeenaren lehen zantzuak izan daitezela. Bestalde, guztiz pozgarria izan zen hainbeste eta hainbeste bandera eta kamiseta ikustea donostiarron etxe, balkoi eta soinean (ez ordea alkatearenean eta zinegotzi batzuenean).

Eta noski, txalo bero bat Kaiarribako arranplan iskanbila eta giroa jartzen ibili ziren arraunzale burrunbatsu horiei. AUPA DONOSTIARRA!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario