2012/09/26

Datorren denboraldiari begira, zer?

Dudarik gabe, lanean murgilduta izango dira honezkero klubeko zuzendaritzakoak eta talde tekniko osoa. Kirolariak maiz zoriondu ditugu, eta uste dut urte osoan lan isil eta esker gaitzekoan aritzen diren arduradun horiek ere merezi dutela errekonozimendua. Bejondeiela haiei ere, beraz. Konfiantza dut gure arduradunengan; baina, azken denboraldietako neguetan gertatutakoa ikusita, zezenari adarretatik heltzeko garaia dela uste dut. Bertsolari txapeldun handi hark esan zuen bezala: “damu guztiak alferrik dira / garaia pasa ondoren”.

Pentsatzen dut amaitu berri den denboraldiaren analisia eta ongi nahiz gaizki egindakoaren diagnostiko zintzoa egin beharko dutela aurrena. Ongi egindakoa errepikatzearekin edo zertxobait hobetzearekin nahikoa izan daiteke. Gaizki egindakoari, ordea, aurrez aurre begiratu behar zaio, beldurrik gabe onartu eta hausnartu; beste biderik ez baitago okerrak zuzentzeko. Ez da lantegi makala, noski. Gogoeta horren beharra adierazi zuen Donostiarrako presidente Alberto Goitiak, klubaren webgunean azaldu den elkarrizketa honetan.

Zinez uste dut alderdi hau dela Donostiarraren alderdi ahula, “Akilesen orpoa”: Donostiako arraunean dauden proiektu desberdinak uztartzeko edo egokitzeko dauden zailtasunak; hau da, proiektuen arteko lehentasun-graduak ezartzean eta proiektuek elkarri jaten dioten esparrua mugatzean dauden iritzi desberdinen arteko tirabira deportiboa. Nahiz eta tirabira askatzeko negoziazioa “rollo” onez egin. Eta, hara, negoziazioz adostutako negu-prestakuntza horixe jarri da mahai gainean, “gaizki” egindako gauzen artean, denboraldiaren lehen diagnostikoetan. Ez dut, gainera, nik jarri mahai gainean, klub barneko tekniko, kirolari eta arduradunek egin dute. Lehen esan bezala, akatsak beldurrik gabe onartu eta hausnartu behar badira, nola ez ba egin?

Espektatiba handiegiak eduki izana ere aipatzen da, horrek gehiegizko presioa eta, gero, dezepzioa sortu duelakoan. Baina ez al zen, ba, normala aurtengoan espektatibak igotzea? Aspaldian ikusi diren osagairik onenak bildu ditu Donostiarrak aurten, eta hori arduradunen meritua da dudarik gabe: argi dago plantillak bazuela kalitatea udara hobea egiteko, denboraldiaren azken aldera frogatu denez; arraunaren berri dakien zentzuzko inork ez du zalantzan jartzen Mendi entrenatzaile bikaina dela; B traineruak talde sendoa bildu eta denboraldi ikaragarria egin du, badago hor etorkizuna bermatua puska baterako; Donostiako herritarrok sekula erakutsi dugun laguntasunik handiena erakutsi diogu traineruari. Eta, gainera, esan zidaten Donostiako klubak inoiz baino gehiago zeudela bat eginik proiektuaren inguruan, inoiz baino interes biziagoa zutela trainerua ondo ibil zedin, hainbat arrazoirengatik. Berriro diot horren meritua aitortu egin behar zaiela Donostiarrako arduradunei eta Donostiako beste klub denei.

Alabaina, traineru nagusiari (A traineruari) dagokionez, Kontxako txinparta ezin pozgarriago hori kenduta, esango nuke traineruaren inoizko dezepziorik handiena izan dugula aurten. Onartzen dut iritzi subjektiboa dela, baina nire ustez ez da espero zitekeenera iritsi, eta ez du Liga osoak izan duen kalitate hobekuntzaren erritmoa jarraitu. Eta erritmo hori handitu egingo da urtez urte.

Beraz, datorren denboraldiari begira zer? Geroak esan beza. Zezenari, ordea, adarretatik heldu behar zaio; eta gero gerokoak. Baina ez daitezela damu guztiak alferrik izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario