2012/09/06

Kontxako Bandera Donostian azken aldiz utzi zuen elkartearen historia liburu batean

Kontxako Bandera puri-purian dugu egunotan eta, nola ez, bandera etxera ekarri ez dugun denbora luzea datorkigu gogora gehiegitan donostiarroi. Dakizuen bezala, irabazitako banderen rankingean 3.ak bagara ere, 1950 urtean irabazi zuen traineru donostiar batek azken aldiz Kontxako Bandera, duela 62 urte luze jada. Bada zeozer, zeozer badenez. Eta, noski, Parte Zaharreko Esperanza kirol elkartea izaten da hizpide horrelako oroitzapenetan, elkarte horixe izan baitzen bandera horri Donostian eutsi ziona.

Kontua da 100 urte betetzen dituela Esperanzak aurten, 1912an sortu zenez. Mendeurrena ospatzeko ekitaldi edo ekintzen artean, soziedadearen bizitza xeheki biltzen duen liburu bat egitea erabaki zuten, eta liburu horren berri ematen digu bere egileak, Iñigo Aguayok, Irutxuloko HITZAk gaurko alean. Gaur egun bizirik Inus Etxeberria besterik ez duen arraun talde hura 1948-1958 hamarkadan ibili zen indar betean, eta traineru hari buruzko gauza jakingarriak kontatzen dizkigu Aguayok elkarrizketan. Liburua irakurtzeko harra ere sortzen digu barnean. Niri bai behintzat.

Beste baterako utziko dugu traineru hau aipatzen den guztietan "arrautza" aipatzen duten beste herrietako arraunzaleei erantzuna ematea; izango da beste uneren bat zozoak, beleak eta ipurdiak haizatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario