2012/09/18

Ei, sanjuandarrak, 1879 eta 1920ko Kontxak donostiarronak dira !

Ba horixe, adiskide sanjuandarrak: Pasai Donibaneko herriak 10 Kontxako Bandera irabazi ditu historian zehar, ez gehiago ez gutxiago; eta 10 horien artean ez dago ez 1879koa, ez eta 1920koa ere. Bi horiek Donostiak irabazi baitzituen.

Kontua da azken urteotan kamiseta berezi bat soinean daramatela etortzen direla Kontxara zale asko traineru sanjuandarra animatzera: kolore arrosaren gainean zerrenda beltz bat du kamiseta horrek, San Juanek irabazitako banderen urteak goitik behera biltzen dituena. Ni kamiseta horri arreta handirik eskaini gabea nintzen, baina duela egun batzuk adiskide batek galdetu zidan ea datu horiek ondo zeuden, garaipen gehitxo irudituta-edo, eta zuzenean 1879 eta 1920 urteak aipatu zizkidan.

Egia da Kontxako Banderaren edizio askoren inguruan eztabaida eta zalantza ugari izan direla, baina duela dozena bat urte Rafael Aguirrek argitaratutako ikerketa lanaren ondoren (*), gauza asko argi geratu dira. Eta bada garaia datuak eguneratu eta zuzentzekoa, hutsegite gehiegi egiten baitira hedabideetako hainbat informazio eta palmaresetan. Baita (bereziki mingarria) Donostiako alkatearen ahotan ere, Kontxako Banderaren aurkezpen egunean bertan.
Hementxe duzue palmares zuzena Gipuzkoako Federazioaren webgunean (urtez urteko irabazleak, eta behean herri irabazleen zerrenda).

Adiskide sanjuandar bati galdetuta honako erantzuna jaso zen: 1879koa ez dago argi zeinek irabazi zuen San Juanek ala Donostiak, eta 1920ean tranpa egin zuen Donostiak eta Zarautzen jokatu zen bigarren estropada. Tira, ikustagun:

1879
Izagirre alkateak berak aurkezpen ofizialean esan zuena esan bazuen ere, Pasaiako Avante ez zen izan Kontxako Bandera bat irabazi zuen lehen trainerua. Luzaro hala uste izan bazen ere, gaur egun badakigu ez dela horrela. Rafael Aguirrek datu xeheak eskaintzen dizkigu horren inguruan (lehen hiru hitzak nahikoak diren arren):

"No se presentó la "Avante" de Pasajes de San Juan, patroneada por Ramon Goicoechea, ya inscrita. Y la lucha se redujo a tres embarcaciones, siendo el resultado:

1.   Lequeitiarra, matrícula S.S., con remeros de San Sebastian. Patrón Juan Cruz Carril, con bandera roja, en 20'12''
2.   Santa Justina, matrícula S.S., con remeros de Orio, Patron Jose Maria Michelena Loidi, bandera blanca, No consta el tiempo.
3.   Ondarroa, matrícula de Ondarroa, con remeros de Orio. Sin tiempo."

Datu zehatz eta konkretuak. Ez dut kontrako argudio zentzudunik ikusten. Kontxako lehen bandera, 1879koa, Juan Kruz Karril “Txorrolo” handiaren traineru donostiarrak irabazi zuen.

1920
Aurrena liburuko testua jarriko dut, eta gero emango dut iritzia.
                                         
"Primer domingo (...)
Primera tanda:                                     Segunda tanda
1. San Juan 20'12                               1. Santurce 20'39
2. San Sebastián 20'22                       2. Fuenterrabia 21’12
(...)                                                     (…)

Al termino de la segunda tanda, el delegado pasaitarra presentó una reclamación contra San Sebastian, por haber entrado dejando a babor la baliza tres siendo la suya la dos y contrariamente al reglamento vigente en la época. Dado que este hecho no había supuesto ventaja alguna a la Nuestra Señora del Carmen de Kiriko, ni había perjudicado a ninguna otra embarcación, el jurado desestimó la queja.”

Beste nonbait irakurria dut antolakuntzak ez zuela sobrako bosgarren baliza bat kendu eta hortik etorri zela Kirikoren nahasmendua-edo. Nolanahi ere, San Juan eta Donostia sailkatu ziren bigarren jardunaldirako; eta ez ahaztu garai hartan traineruak trukatu egiten zirela bigarren jardunaldi horretan. Segi dezagun Rafael Aguirreren kontakizunarekin.

Kiriko, 1920ko traineru donostiarrean

“(...) el domingo día 12 solo se presentó la tripulación de San Sebastian con la trainera de Pasajes San Juan, pues estaba regulado que había cambio de trainera. Tras una espera de 13 minutos, se dio la salida a la trainera donostiarra, que hizo el recorrido en un extraordinario registro de 19,45''

Al desembarcar en el muelle, el grupo sanjuandarra encargado de recoger la embarcación se dedicó a lavarla con aire provocador, como si hubiera quedado contaminada por los donostiarras. Se produjeron enfrentamientos, (...) no pasaron a mayores.

Se decía que el "forfait" de San Juan era debido a la superioridad de su trainera, mucho más ligera que Nuestra Señora del Carmen, y el terror a una clara victoria de los hombres de Kiriko, al utilizarla en la tanda de honor.

Disconformes con la decisión oficial San Juan y Santurce se enfrentaron el 26 de septiembre en aguas de Zarautz. Vencieron los sanjuandarras con 17,26 por 18 segundos de diferencia.”

Beno, hasteko, Donostiak tranparik egin zuenik ez dut uste. Hutsegite bat egin zuen, baina tranparik ez.

Baina, hala balitz ere, besterik gabe epaimahaiaren erabakiarekin konforme ez egoteak ez du ezer baldintzatzen. Onerako edo txarrerako, hark du erabakimena eta onartu beharra dago. 1983ko boikota egin zutenek arrazoia zuten seguru asko, baina bandera Oriok irabazi zuen. Eta 2005ekoa Hondarribiak. Donostiak 1920ko bigarren jardunaldian parte hartu zuen, eta San Juanek ez. San Juanek eta Santurtzik Zarautzen egin zutena ez dakit zer izango zen, baina Kontxako Bandera ez behintzat. Bandera hura San Juanek irabazi zuela defendatzea absurdoa da.

Adibidez, 1895ekoan Donostiak ezin izan zuen parte hartu, antolatzaileek hala erabaki zutelako (azken 7 ediziotan garaile izan zen Donostia, eta, hau baztertuta, inguruko herrietako traineruak etortzera anima zitezen nahi zuten antolatzaileek), eta donostiarrek egin zuten aparteko protesta estropada bat; baina inori ez zaio okurritzen edizio hori Donostiari konputatzea. Ez eta 1921ekoa ere, nahiz eta bi igandeen baturan denbora hobea egin zuen Donostiak Pasaiako La Union-ek baino; baina, garai hartan, ohorezko txandakoek bakarrik irabaz zezaketen bandera, eta Donostiak lehen txandan hartu zuen parte bigarren igandean. Inori ez zaio okurritzen edizio hura erreibindikatzea donostiarrontzat. 1921ekoa Pasaiako (ez Pasai San Juaneko) La Unión-ek irabazi zuen, eta kitto.

Amaitzeko, ez dut uste ahaztekoa denik Rafael Aguirreren testuan letra lodiz markatutakoa: lehen jardunaldian 10 segundoko tarte eskasa izan ondoren, traineruen trukeak asko aldatuko zituen joko baldintzak bigarrenean, eta bigarren igandean Kirikoren mutilek traineru pasaitarrean lortutako denbora bikainak arrazoia ematen dio uste horri. Hortxe uzten dut datua.

(*) AGIRRE, Rafael: DONOSTIAKO ESTROPADAK 1879 -2001 REGATAS DE LA CONCHA. Kutxa, Donostia, 2001.

No hay comentarios:

Publicar un comentario