2011/12/30
2011/12/21
Gipuzkoako Arraunaren Gala 2011
2011/12/05
URUMEAKO I. BINAKAKO JAITSIERA
Helbide honetako pdf fitxategian aurkituko dituzue jaitsiera horretako emaitzak eta denborak. Eta, Ur-Kirolaken eskutik, jaitsierako hainbat irudi ikus ditzakezue argazki-sail honetan.
2011/11/30
MENDI: "Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian"
Beti bezala, Donostiako arraunaren jarraipen fina egiten du Irutxuloko HITZAk. Oraingoan, Mendi entrenatzaileari egindako elkarrizketa dakarkigu Donostiako egunkariak, eta denboraldi berriak zer ekarriko digun du hizpide.Hobe duzue zuzenean elkarrizketa irakurtzea, baina hona hemen ideia nagusiak:
Bajak: Iban Viaga eta Patxi Olabe.
Altak: Julen Durandegi, Unai Elizasu, Joseba Etxabe, Loren Jauregi, Aritz Jauregi, Lander Olano, Alain Osanbela eta Gari Tolosa.
(Argazkia: Estitxu Zabala - irutxulo.hitza.info)
2011/11/22
I. ANTXON BEITIA JAITSIERAKO EMAITZAK
Ur-Kirolak taldearen webguneko orrialde honetatik atera dugun informazioa:"Gaur, azaroaren 20ean, Antxon Beitiaren Omenezko I. Skiff jaitsiera ospatu da Urumea ibaian. Bi taldek hartu dute parte, Donosti-Arraun eta Ur-Kirolak, guztira 21 skiff lehiatu direlarik.
Gizonezkoen arteko garailea Iñaki Burutaran izan da, 19:06,21 denborarekin, bigarren sailkatuari ia 13 ateraz.
Emakumezkoen kategorian berriz parte hartzaile bakarra izan da, Ur-Kirolak-eko Izaskun Arroyo. Bere denbora 23:21,10-koa izan da.
Aurtengoa etorkizunean egingo diren hainbat ekitaldietan lehena izatea espero dugu, Antxon Beitia ezagutzeko zortea izan ez zutenak bere berri izan dezaten.
Datorren urterarte!!"
EDITATUA (2011-11-22): Gaur Irutxuloko HITZAn ematen da jaitsiera honen berri, eta elkarrizketa ere egiten zaio Iñaki Burutaran irabazleari).
(Argazkia: urkirolak.com)
2011/11/07
Ollagorrako bazkaria
Aurreko sarreran esan bezala, Juantxo Aginaga saria eman zion Ollagorra soziedadeak atzo Donostiarrari, aurtengo Kontxan lehen traineru gipuzkoarra izan zelako. Mahai baten inguruan, bazkari eder baten aitzakian elkartu ziren Donostiarrako arraunlari batzuk, zuzendaritzakoak, eta Ollagorrako hainbat kide eta gonbidatu.Otorduaren amaieran, Juantxo Aginaga zena ekarri zuen gogora soziedadeko bazkide batek, Ollagorran (zuzendaritzako kide ere izan zen) eta Donostiako traineruan izan zuen ibilibideari buruzko datu batzuk aipatuta. Juantxok gobernatutako ontziaren eta Donostiarraren arteko hainbat kointzidentzia ere aipatu zituen: bien arteko lotura edo zubia iradoki nahi izan zuen horrekin (adibidez, traineru hark Luis Carril zuen izena, eta oraingoa Torrekua da; hau da, pertsona berari dedikatuta daude bi ontziak, Torrekua Luis Karrilen goitizena baitzen, hemen lehenago esana dugun moduan).
Jarraian, Carloto Garcíak, Ollagorrako presidenteak, memorial honen zergatia eta izaera laburbildu zituen, eta Donostiarrak irabazi izana behar bezala baloratu zuen. Eta gogorazi zuen Donostiak ez zuela 1950tik lortu lehen gipuzkoarra izatea.
Alberto Goitia Donostiarrako lehendakariak hartu zuen hitza azkenik: klubeko arraunlariek duten meritua azpimarratu zuen, eta zeinen baldintza gogorretan entrenatu behar duten. Saria eskertu zuen eta, Ollagorrak emandako ikurraren ordainetan, Torrekua traineruaren maketa bat eman zion soziedadeari (argazkian, hortxe dituzue une horretan Carloto Garcia ezkerrean, eta Alberto Goitia eskuinean). Amaitzeko, omenaldi xumea egin zitzaion Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari, aurten utzi baitu arrauna.
Donostiako traineruaren eta donostiar herritarren arteko lotura estutzen duen beste ekitaldi bat izan zen, eta ez dadila azkena izan.
2011/11/03
Juantxo Aginaga memorialaren saria Donostiarrari
Igande honetan, Ollagorra soziedadeak Juantxo Aginaga memorialaren saria emango dio Donostiarrari. Aurtengoa bosgarren edizioa du memorial honek, eta Kontxako banderan postu onena lortzen duen traineru gipuzkoarra saritzen du urtero. Azken edizioetan Oriok eraman du saria, baina aurtengoan Donostiako trainerua izan da lehen gipuzkoarra. Aspaldiko partez.Aurten sarritan aipatu izan denez, 1992tik ez zen ontzi donostiarrik sailkatzen Kontxako ohorezko txandarako, baina uste dut azpimarratu behar dela Juantxo Aginaga memoriala irabazteko lortu beharrekoa, hau da, bandera horretan lehen gipuzkoarra izatea, ez zuela Donostiak lortzen 1950tik. Alegia, Esperanzak Donostiarentzako azken bandera irabazi zuen urte ospetsu hartatik. Bada zeozer... eta bada, beraz, zer ospatua igandean, bai horixe.
Bide batez, jakina, Juantxo Aginaga zena izango da gogoan: Donostiako Luis Carril traineruko patroia, 1980ko hamarkadan Kontxan hainbat aldiz aritutakoa (3. postua lortu zuen 1981ean). Hortxe dituzue ondoko argazkian Luis Carril traineru donostiarra, eta, popan, arrauna eskutan, Juantxo Aginaga patroi handia.
(Argazkia ez da oso kalitate onekoa, baina soziedadeko paretan zintzilik dagoen erretratu bati hala moduz ateratakoa da, eta tira, bego...).
2011/10/24
Urumeako I. Skiff jaitsiera - Antxon Beitiaren Oroimenez
Proba kadete, junior, senior eta beteranoen kategorietara dago irekia.
Ur-Kirolaken webguneko albiste honetan duzue eskura jaitsieraren informazio xehea eskaintzen duen pdf fitxategia.
2011/10/18
Istingorra soziedadeko afaria
Duela egun batzuk Antiguoko Istingorra soziedadean afari-omenaldia egin zioten Donostiarrari. Horren berri ematen zaigu gaur Diario Vascon.Datu batek harritu nau, ordea. Albistean esaten da 2.000 bazkide dituela Donostiarrak, eta nik uste nuen milara iritsi ezinik zebilela kontua; lepoa egingo nuke ekainean 800 ingurukoa zela kopurua. Baina tira, ondo edo gaizki, hortxe duzue datua... (Ni oker banago, askoz hobe, noski).
(Argazkia: diariovasco.com)
2011/10/05
1915: Bejon daizutela, donostiarrak
Blog honetako beste sarrera batean aipatua dut 1915eko Kontxako bandera berezi hura: gorabehera handiak izan ziren Donostiako eta Orioko zaletuen artean, anekdota kuriosoa izan baitzen hilkutxa batekin, eta hurrengo urtean ziatzen era aritu omen ziren oriotar arraunlariak Kontxan lehian ari zirela.Baina, bereziki, 15. bertsotik aurrera esaten dena hartuko nuke nik kontuan: donostiarrak elkarren artean mokoka aritzea ez zitzaion, antza, batere gustatzen Imazi, eta horren kontra dihardu. Lehenago ere ekarri nuen blog honetara sail horretako bertsoren bat edo beste, eta hortxe dituzue beti begien bistan, blogaren eskuin aldeko goialdean. Horixe baita nire desioa, Donostia "unituta" izatea arraunaren arloan, donostiar guztion artean bil ditzakegun indarrak alferrik gal ez daitezen. Horra bertsoak:
"Bejon daizutela, donostiarrak"
| 1 | 2 | 3 |
| Milla bederatzi egun | Bi Pasaietakuak | Sei milla errial zuten |
| ta amabost urte, | Donostiyarekiñ, | premiyo onenak, |
| agorren emeretziyan | Oriyokuak ziran | bigarrenak lau milla, |
| señaladamente, | laugarrenarekiñ, | bi milla urrenak, |
| aurtengo estropadak | ta amalauna gizon | eta berrogei duro |
| diran mediante, | txalupa banarekiñ; | laugarren zubenak; |
| Donostiko kuadrilla | trabesak jaso dira | alkar artu ezkero |
| lasaitu da fuerte, | lege onarekiñ, | orduan zeudenak, |
| bigarren premiyua | eztago kontatzerik | kasturako aiñbeste |
| irabazi dute. | galdu dan arekiñ. | bazeukaten denak. |
| 4 | 5 | 6 |
| Amaikak eta bostian | Bertara zidanian | Bi premiyuak oso |
| elkarren parian, | jendia seriyo, | seguru zeuzkaten, |
| Kontxatik ateriak | ogei bat minutuan | saiatu dira baña |
| denbora berian; | naiko istoriyo; | kosta zaie jaten; |
| iru milla t' erdi buelta | famarikan geiena | naiagatik eztira |
| zeukaten urian, | zeukana Oriyo, | danen buru erten, |
| kolpe alperrik egiñ | len ondo ateria | eztaki iñork neri zer |
| eztute birian, | nai zuten gora iyo, | poza eman nauten, |
| iñor ezta ibilli | oraiñguan kukuak | len Oriyon ziranak |
| galtzeko idian. | alrebes jo diyo. | Donostiyan aurten. |
| 7 | 8 | 9 |
| Danai bentaja aundiya | Gizon oiek zebiltzan | Jendiak eragiten |
| nai ziyoten kendu, | aurrena poztuta, | ziyon diruari, |
| azañ ori egiñ arte | gerora jarri ziran | makiña bat pertsonak |
| etziran kontentu; | bastante oztuta; | esan naute neri; |
| artarako mutillak | oriyen desaidiak | bezperatik an ere |
| zituzten mantendu, | eztaude aztuta, | trabesa ugari: |
| bi minutuz eztute | apustubak beñere | berrogei duro bosti |
| lengo markik ondu, | gauz onik eztu-ta, | ta ogei duro biri; |
| uste etzun petardua | juanak badira poltsak | konfiantza geiegi |
| berak eraman duo | ederki ustuta. | artzia da ori. |
| 10 | 11 | 12 |
| Arro zabiltzan oiek | Bigarren premiyua | Bi onenaren prueba |
| gaur daude lotsetan, | Donostirakua, | utzi zan geroko, |
| manifestatzen zaie | San Juanek eraman du | txalupak trukatuta, |
| pena biyotzetan; | lendabizikua; | ogei ta seirako; |
| apanak aundi zeuden | irugarren Oriyo, | denborale gaiztua |
| lenago itzetan, | kuadrilla pijua, | gertatu zalako, |
| gero deskuidatu da | itxasoko lanetan | zortzi egun atzerago |
| San Pedro giltzetan, | maña aundikua, | luzatu da franko, |
| larri samar ziranak | oraiñgu ontan eman | bandera ta diruba |
| baziran galtzetan. | diyote naikua. | Donostiyarako. |
| 13 | 14 | 15 |
| San Pedro ta Oriyoko | Oriyotarrak beintzat | Donostiñ e badade |
| arraunkalariyak | Zumaitik bat jana, | ez jende bikaña, |
| aspaldin zebilzkiten | oso gizon aberats | gaizki esaka ibilli |
| arrunka aundiyak; | on batek emana; | dutenak mingaña; |
| orra oien ollasko ta | banderakin juateko | erriyan bertakuak |
| zekor-aragiyak, | ziran beregana, | kontra, alajaña, |
| geratu dira oso | bañan gertatu zaie | badira okasiyua |
| lotsagarri biyak, | eziñ eramana, | ipintzeko aña, |
| beñere eztu gauz onik | zergatik etorri dan | ortarako obiak |
| burla geiegiyak. | aurten guregana. | laguntzeko baña. |
| 16 | 17 | 18 |
| Gizon prestu oieri | Ez gure anayikan | Len ere Donostiyak |
| nai'et adierazi: | erosi ta saldu, | bazun merituba, |
| zertako etziran berak | ori egiten dunak | emen gertatzen zana |
| or brubetan asi? | juiziyorik al du? | eziñ unituba; |
| Donostiarren izenik | Askoz e obia da | aurten pasa danakin |
| eztute merezi, | alkarrena bildu, | nago arrituba, |
| gustora dijuanai | ta sasoia irixtian | bañan oraiñ jendia |
| zertan galeazi? | denai gogor eldu, | dago argituba, |
| Ez al dute bandera | Donostiyako onrik | geonen paltan zegon |
| ondo irabazi? | eztedilla galdu. | lotan geldituba. |
| 19 | 20 | 21 |
| Oraiñ ogei ta bost urte | Orrenbeste desaire | la, donostiarrak, |
| gure Luis Karrill, | egitia ala, | unitu batera, |
| asko irabaziyaz | gauz ori bai nik gaizki | urrengorako ondo |
| prestu eta umill, | billatzen derala; | kontubak atera; |
| munduko ejenpluan | alakua eziñ izan | berdin gizonetatik |
| geratu zan abill, | kristau naturala, | badago aukera, |
| etzan zerura juango | iñork eztu esango | baldin alkarganatzen |
| ezpaldin bazan ill, | ondo daguala, | ezpaldin bagera, |
| andik ere lagunak | sinixtu gu're amaren | sartu aziko gaituzte |
| aiudatzen dabill. | semiak gerala. | betiko oinpera. |
| 22 | 23 | 24 |
| Donostiar kaxkariñen | Don Antonio Elosegi, | Agur, oriotarrak |
| arraunketa azkarrak | gure kontzejala, | da San Pedrokuak, |
| aterazi dizkate | ori izandu degu | desairosuak eta |
| abutik aparrak; | danen kabezala; | ajol gabekuak; |
| usteko zuten oiek | len e bakiñakigun | eztu orla ibilli biar |
| zirala bakarrak, | gizon ona zala, | kristau legekuak, |
| azañak egin ditu | gurekin portatu da | estimaziyo gutxi |
| aben potakarrak, | iñor ez bezela, | dauka alakuak, |
| bejundaizutela, | naitasun eder ori | izan zaitezte biyotz |
| Joxe Maritarrak! | kontserba dezala. | obiagokuak. |
| 25 | ||
| Sanjuandarrak nai etzun | ||
| banderik uztia, | ||
| bañan portunatu da | ||
| guk irabaztia; | ||
| alare lotsagarri | ||
| geratu eztia, | ||
| ondo portatu dira | ||
| bat eta bestia, | ||
| biba Donostiyako | ||
| kuadrilla gaztia! |
2011/09/12
Igande gozoa. Arra, arra, arra !!!!
Igande gozoa atzokoa. Inoiz baino argiago nabarmendu zen Donostiarrak bat egiten duela donostiar zaletuekin. Inoiz baino bandera gehiago, inoiz baino kamiseta gehiago, inoiz baino pankarta gehiago. Nahiz eta zaletu horietatik espero baino gutxiago animatu ziren 'marea zurira' batzen.Arra, arra, arra!!! Donostiarra!!!
Pankartetan eta donostiar arraunzaleen ezpainetan atzo nabarmendutako esaldia. Kemena eta gogoa bazuten behintzat gure arraunlariei arnas ematen ibili ziren gazteek. Niretzat hori izan zen atzoko igande gozo horretako albisterik onena: jendeak taldearekiko erakutsitakoa. Pentsatu nahi dut Mendik aipatzen zuen erraldoi hori, azken urteetan lo geratu den erraldoi hori, nolabait esnatzen hasia dela, edo gutxienez begitxo bat irekitzen hastekotan dela.
Kirol arloan, traineruak bere neurria eman duela esango nuke. Urdaibai kenduta, beste taldeek ez zioten minutua atera Donostiarrari: 52 segundo Hondarribiak, 49 Tiranek, 47 Kaikuk, 39 Pedreñak eta 36 San Juanek. Esandakoa, bere neurria, txukuna. Eta, azken batean, lehen igandeko zorte onak emandako 4. postua ziurtatzea zen helburua; baita lortu ere.
Igande gozoa beraz, bai zaletuen aldetik, bai lortutako postuagatik. Eta zer hobeto tarta eder bat baino, horrelako igande gozoa errematatzeko? Tarta ere gozoa zegoen, ba :)
2011/09/08
1910: Paseo Berria eraiki gabe, Kontxako Bandera
Argazki ederra, inondik ere, ez al zaizue iruditzen?. Hortxe dituzue arraunzaleak, Gazteluko (Urgull mendiko) magalean itsasoari begira, Kontxako estropadaz gozatzen, baita itsasertzeko arroketan ere. Argazkia 1910ekoa da, eta oraindik ez da ageri pare bat urte geroago eraiki zen Paseo Berria. Argi eta garbi ikus daiteke 100 urte baino gehiago dituela gure bandera handiak sortzen duen ikusmirak.Novedades aldizkarian argitaratu zen irudi ikusgarri hori. Aldizkari garrantzitsua izan zen Novedades, Gipuzkoako bizimoduaren lekuko zuzena: gauza gehiago irakurri nahi baduzue aldizkari horri buruz, ikus HITZAko Itzurun gehigarriak 2011ko apirilean eskainitako atala (II-III orriak).
PD: kontu zaharren zalea den arraunzale honi asko gustatuko litzaioke Donostiarraren egoitzan (Salamanca pasealekuan) zintzilik dagoen Luis Karrilen kuadrillaren argazkia digitalizatu eta sarean jarriko balu klubak. Argazki hori inoiz ikusi gabea nintzen (kuadrilla horren beste argazkiren bat bai, baina hori ez), eta izugarri polita, xarma berezikoa, iruditzen zait. Dagokionari...
2011/09/06
Marea txuria igandean !!!!
Marea txuria igandean: gure mutilen aldeko ekimena bultzatu dute. Kaian, Donostiarrak jartzen duen txoznan elkartuko gara donostiar arraunzaleak 10:30 inguruan, kamiseta txuriarekin, eta txaranga eta guzti arranpa aldera joango gara 11:00etan. Kaiarribako arranpa kolore txuriz bete dezagun !!! Egin diezaiegun gure mutilei merezi duten harrera!!!Eman ekimenaren berri zure lagunei, egin dezagun marea txuri ahalik eta handiena!!!
Haizearen eta itsasoaren laguntzaz izan bada ere, Donostiarra ohorezko txandan izatea gauza handia da. Urteotan egin den lanari zoriak eman dion saritzat har dezakegu, baina egia da lan txukuna egin zuela traineruak, eta urtez urte koska bat egiten ari dela gora.
Irutxuloko HITZAn Jon Sardon arraunlariak eskainitako elkarrizketan dioenez, "hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria da" igandekoa, baina, era berean, "erantzukizuna" da arraunlarientzat.
Edonola ere, susmoa dut inflexio bat ere izan daitekeela Donostiako afizioak traineruarekin duen harremanean. Mediatikoki oihartzun berezia izan du joan den igandekoak, eta agian jendea gehiago animatuko du traineruaren alde egitera. Mendik pasa den astean zioen bezala, "lo dagoen erraldoia" da Donostiako afizioa, eta pixkanaka esnatzen joan daiteke horrelako emaitzekin.
Nire ustez, datorren igandea aukera ederra da Donostiarraren aldeko eta Donostiako arraunaren aldeko oihu bat egiteko, "hemen gaude" ozen bat esateko. Eta aukera ona izan daiteke iganderako antolatu den marea txuria.
Poz handiz ikusten ari naiz inoiz baino Donostiarrako bandera gehiago jarri dituela jendeak zintzilik. Ikusi ezkerrean, zeinen itxura ederra zuen abuztuaren 31 kaleak atzo arratsean. Baina gero eta gehiago izan daitezen lortu behar dugu. Ikus dezatela gure arraunlariek hiri oso bat dutela atzetik eta hiritar guztien ordezkari direla itsasoan.
Beraz, anima zaitezte, demontre... erosi kamisetak eta jarri soinean igandean... erosi banderak eta jarri zuen etxe eta balkoietan. Donostiarrok, altxa burua!! Sortu dezagun gureen aldeko ez marea txuria, baizik eta tsunamia !! Aupa DONOSTIARRA, kontxo!!!!!
2011/09/05
Ohorezko txandan!!!
Itsasoa maite dut. Itsasoan, eta ez ibai-erreketan, jokatzen diren estropadak maite ditut. Kontxan jokatzen direnak maite ditut. Eta ez dakit zer duen aurten Kontxak, baina bertan izan diren hiru estropadetan haserre eta zakar agertu zaigu ura: Gipuzkoako Txapelketa, Donostiarra bandera eta Kontxako Bandera.
Aurreneko bietan maila ona erakutsi zuen Donostiarrak, eta atzo ere nahiko txukun ibili zen, kanporanzko luzean bereziki: bere txandan aritu zen Pedreñak 13 segundu eskas kendu zizkion ziabogan, eta itzulerako luzean ere 11 segundo besterik ez zizkion jan Kaiku ahaltsuak.
Hala ere, bigarren txandan haizea eta itsasoa asko zakartu ziren, eta hor aritu zirenek ezinezkoa izan zuten lehen txandakoen denboretara hurbiltzea ere. Pentsa, Tiranek 24:50,38 (eta 15 minutu paseak ziabogan)... noiz ikusi ote ditugu azken aldiz horrelako denborak!!
Hori dela eta, Donostiarra laugarren sailkatu zen atzo, eta, ondorioz, OHOREZKO TXANDAN izango da datorren igandean. 1992tik ez da traineru donostiar bat txanda horretan aritu. Gainera, badirudi postu hori mantentzeko hortxe-hortxe ibiliko direla, edo gehienez ere postu bat galduko dela. Ez da lorpen makala.
Zorionak bada, eta animo!!!! Eta donostiar zaletuei: zer gehiago nahi duzue zuen etxe eta balkoietan banderak jartzeko, eta arraunlariak animatzera kaira joateko kamiseta soinean duzuela??
(Argazkia: diariovasco.com)
2011/08/31
Kontxari buruzko web onenak helbide berria
Joan den urtean hitz egin nizuen webgune honi buruz: nire iritziz, Kontxako Banderaren inguruko webgunerik onena da.
Kontua da, arrazoi teknikoak direla medio, helbidea aldatu egin duela. Hona hemen helbide berria:
http://www.kontxakoestropadak.eu/kontxako.htm (Webak izan dituen lehenagoko helbideetan zaharkitua dago informazioa).
Blog honetan, eskuineko zerrendan dituzuen esteka edo link horien arteko lehena da, eta hor izango duzue eskura web horretara joan nahi baduzue.
2011 KAE liga ona Donostiarrak
| A |
| B |
|
| Aitor Aranegi | 14 | Ariel F. Lalosevich | 16 |
| Arkaitz Diaz | 14 | Asier Aizpurua | 16 |
| Ibai Sistiaga | 14 | Elias Arruabarrena | 16 |
| Iñaki Andonegi | 14 | Jon Aitor Krutxaga | 16 |
| Jon Sardon | 14 | Mikel Egaña | 16 |
| Miguel Angel Enriquez | 14 | Nikolas Yurramendi | 16 |
| Telmo Yurramendi | 13 | Oskar Villar | 16 |
| Hibai Fuente | 13 | Xabier De Diego | 16 |
| Ekain Iriarte | 13 | Xabier Goienetxea | 16 |
| Patxi Olabe | 13 | Iñaki Galparsoro | 14 |
| Xabier Zabala | 12 | Xabier Agirre | 14 |
| Iban Viaga | 11 | Julen Emezabal | 11 |
| Oskar Artola | 11 | Julen Gorostiaga | 11 |
| Gorka Ibarluzea | 8 | Ander Jauregi | 9 |
| Jon Enbil | 8 | Ibai Beraza | 8 |
| Oier Iurramendi | 8 | Iñaki Agoues | 7 |
| Mikel Kortadi | 2 | Julen Yarza | 5 |
|
|
| Ibon Letamendi | 1 |
Hor goian dituzue arraunlari bakoitzak arraunean egindako estropada kopuruak. Izerdi guzti horren ondorioz, Donostiarrak laugarren postuan amaitu du 2011ko KAE-1 Liga. Iazkoarekin konparatuta postu bat gorago bukatzea lortu dute donostiarrek (nahiz eta kontuan izan behar den aurtengo denboraldian Santurtzik izan dituen gorabehera bereziak).
Gero eta lehiakorragoa den KAE Ligan beste pausotxo bat eman du Donostiarrak, pixkanaka baina sendo aurrera daraman bidean. Eta prozesu horretan azpimarratzekoa
iruditzen zaidana: teorikoki iazkoa baino hobea ez zen plantilla batek lortu du hori, iaz B traineruan zebiltzan hiru arraunlari maiz tostetan arituta (posturik onena lortu zen estropadan, Bilbokoan, barruan zeuden hiru gaztetxo horiek).
Horri gehitzen badiogu B traineruak gero eta maila hobea eman duela KAE-2 ligan, bosgarren postu txukunak lortuz azken aldera, esan daiteke sustrai sendoak dituela proiektuak bere hazkundea bermatzeko. Blokea mantentzea izango da garrantzitsuena datorren urterako, eta hortik gora, ahal dena.
Gauza hauetaz eta beste batzuetaz mintzatu da Mendi entrenatzailea gaurko Irutxuloko HITZAn, denboraldiaren balorazioa egiten duen elkarrizketa honetan.
2011/08/25
Donostiarrek gozatu egin dute Trophée Teink 2011 zeharkaldian
Duela bi hilabete, Donostiako arraunlari ohi batzuk Trophée Teink 2011 itsas zeharkaldian arituko zirela kontatu nizuen hemen.
Ezaugarri bereziko (garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzea baitu helburu) zeharkaldi hori amaituta, esperientzia benetan zoragarria izan dela diote Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideek, eta datorren urtean berriro ere bertan aritzeko asmoa erakutsi dute.
Donibane Irmako ontzian sei egunez 150 kilometro arraunari tiraka bizi izandakoa guztiokin partekatzeko, Facebook-eko helbide hau erabili dute Portaletas izeneko taldean aritu diren hiru donostiar hauek: bertan aurkituko dituzue etapen informazioa, sailkapenak, argazkiak, bideoak, eta izan dituzten beste hainbat bizipenen testigantza. Haiekin harremanetan jarri nahi duenak ere, hortxe du aukera ezin hobea. Itsas zeharkaldiari buruzko argibide gehiago jakin nahiz gero, hemen duzue zeharkaldiaren blog ofiziala.
Blog xume honetatik zorionik beroenak eman nahi dizkizuet hiruroi, horrelako ekimen erakargarrian parte hartzeagatik eta haren berri donostiarroi emateagatik.
2011/08/21
1940: Traineru donostiarraren eta kaiaren arteko lotura
Kontua da garai hartan estropalariek traineruaren herri bertako biztanleak izan behar zutela eta alkateak zuela nolabaiteko erroldatze-agiriak egiteko eskumena. Dirudienez, alkateak ez ziren oso zorrotzak izaten agiri horiek egitean, eta tarteka tranpatxoak egiteko tentazioa izaten zuten (baita tentazioan erori ere). Gero inpugnazioak izan ohi ziren, noski. Inpugnazio horietako bat Donostiako Amaikak-Bat traineruari buruzkoa zen: zerrendako hiru ez omen ziren donostiarrak, eta zerrenda aldatu egin behar izan zuten.
Zerrenda berri eta behin betikoan ikus daiteke oso lotura estua zuela traineru donostiarrak kai inguruarekin. Izan ere, tripulazio ia osoa kaian bertan bizi zen, edo kai ondo-ondoan (Mari kalean, Portu kalean...), edo Abuztuak 31 kalean (Amaikak Bat soziedade koxkeroa bera ere dagoen kalean). Hona hemen Donostiako Udaleko idazkariak aurkeztutako zerrendan ikus daitezkeen bizilekuak:
Eustakio Iraola Gaztelumendi ("Famao") - Kaia, 19
Fausto Arrasate Ituarte - Abuztuaren 31, 29
Jose Arruti Kalonje - Mari, 21
Jesus Megias Olaizola - Kaia, 14
Florentino Urtizberea Emezabal - Kaia, 3
Ricardo Vicuña Etxegoien - Mari, 21
Jose Ibarluzea Iturria - Abuztuak 31, 15
Felix Solabarrieta Balenziaga - Euskal Herria, 6
Juan Ikazategi Kaperotxipi - Portu, 9
Angel Etxabe Berasategi - Txanpoene baserria
Antonio Vaqueriza Balzola - Abuztuak 31, 31
Javier Etxezarreta Landaberea - Kaia, 10
Antonio Zubiaurre Arozena - Mari, 21
Donostiako arraunarekin lotura zuzena duten hainbat abizen ikus daitezke z
errenda horretan, eta, era berean, oso eremu murritzean zuela jatorria 1940ko bigarren jardunaldian garaile irten zen tripulazio hark. Salbuespen bakarra dago: Txanpoene baserriko Angel Etxabe. Txanpoene baserria Amara Zaharreko mendi magalean, San Roke auzuneko goialdean, dagoen baserri bat da, Donostiako erdialdetik bi pausu eskasera. Oraindik ere zutik dirau, nahiz eta, tamalez, luzaroko izango ez dela dirudien (hemen duzue argibide gehiago).
Bitxikeria gisa: 1940ko urte hartan, tripulazioek beren kamiseten kolorea hautatu ahal izan zuten lehen aldiz, eta orain arte iritsi diren koloreak hautatu zituzten; hala nola, Hondarribiak berdea, Oriok horia, Santurtzik morea, eta Donostiak zuria (Donostiako beste tripulazioak, Loiolatarrak, urdina hautatu zuen).
(*) AGUIRRE, R.: Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Kutxa Fundazioa. Donostia, 2002.
Argazkia: CC BY-SA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Argazki Bilduma.
2011/08/05
B traineruaren garrantzia
Askotan, Donostiarrak traineru bakarra duela pentsatzeko joera errazegia izaten dugu. KAE-1 ligako gorabeherak ditugu mintzagai, zer-nolako altak eta bajak izan diren ontzian, Zarautz edo Santurtzirekin zenbateko diferentzia izan dugun, Kontxan ze paper egingo ote dugun, eta abar… Hala ere, 20 bakarrik ez, Donostiarran guztira ia 40 arraunlari ari dira urtero gogor lanean. B trainerua ere hor badagoelako. Eta traineru horren funtzioa oso garrantzitsua da, funtsezkoa, oinarri sendokoa izan nahi duen klub honen etorkizunerako. Garrantzi hori gogorarazi diguten bi albiste izan dira azken egunotan.Bide bertsutik mintzo da Mendi entrenatzailea Donostiarrako webgunean azaldu den elkarrizketa honetan. Beste hainbat konturen artean, B traineruaz dihardu: jendeak ez duela behar bezala baloratzen soilik San Pedrok, Oriok eta Hondarribiak duten B tripulazio bat izatea, A traineruaren emaitzetan besterik ez dela arreta jartzen (badela hor zer hobetu) eta beste gauza asko ondo egiten ari direla, beharrezkoa dela B ontzi hori etorkizunean ere arraunlariak hortik igo beharko direlako, aurten 3 igo diren bezala.
Gogoan izan, beraz, hortxe ditugula gure gaztetxoak gure koloreak defendatzen KAE-2 ligan, eta haietxek direla gure etorkizuna, etorkizunik izango bada.
PD: Donostiarrak kantaldi bat antolatu du abuztuaren 12an, Trinitate plazan. Hona hemen argibideak eta salmenta-puntuak.
2011/08/03
Ur-Kirolakeko bi jubenilek urrezko domina Austrian
Igandeko jardunaldian, urrezko domina lortu zuten Ur-Kirolak talde donostarreko bi jubenilek. Jon Ander Diezek eta Imanol Iradik podiumeko postu gorena lortu zuten adin horretako 4- kategorian (JM 4- 2000 m), Jon Aizpeolea eta David Oliverrekin batera. (Eskuineko argazkian dituzue bi arraunlariok).
Hona hemen jardunaldi horretako denborak. Gure txapeldunek irabazitako estropada ikusteko, bilatu orri horretan Event 202: Junior Mens Coxless Four dioen atala.
GERORA EDITATUA: Abuztuaren 26an honako elkarrizketa hau egin zitzaien Mundo Deportivo egunkarian.
Zorionak biei eta animo!!!!
(Argazkia: diariovasco.com)

