2010/03/10

Blogak urte 1 bete du

Aste honetan bertan, bere ibilbideko lehen urtea betetzen du Tornozulotik (Donostiarrak arraunean) blogak. Horra Tornozulo, ezkerreko argazkian.
Duela 12 hilabete esan nuen moduan, blog honek ez zuen aparteko pretentsiorik: Donostiako arraunaren inguruan sor litezkeen berriak bitakora moduan biltzea besterik ez, erreferentzia xume bat izan zedin donostiar arraunzaleentzat. Ez dakit nire asmo hori behar bezala betetzen asmatu dudan, baina kontua da 6.500 bisita inguru bildu dituela blogak urte honetan. Bisiten eta erabiltzaile desberdinen batez bestekoak aterata, egunero 18 bisita inguru izaten ditu leku honek, eta 11-12 erabiltzaile desberdin sartzen dira, zeozerren bila. Batzuetan zerbait aurkitzen duten seinale, espero dut. Nire eskerrik bero-bero eta zinezkoenak horiek denentzat!!

Irakurle anonimo horien ondoan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Irutxuloko HITZA egunkaria, irakurle ez-anonimo izateaz gainera eta Donostiako arraunari leku eta dedikazio ezin hobea emateaz gainera, blog hau eta blogari hau ere bere orrietan hizpide izan baitira (birritan gainera). Mila esker HITZAri ere. Bai eta estropa.net webguneko arduradunei ere, beti laguntzeko prest izanik, arraunaren zabalkunderako lankidetzaren eredu iruditzen zaizkit-eta. Eta jakina, laguntza edo informazio eske joanik erantzuteko astia hartu eta argibideak eman dizkidaten guztiei ere, eskerrik asko.

Arrauna ez ezik bertsolaritza ere gustuko dudalako, bi arlo horiek batzen dituzten idazkiak prestatu izan ditut askotan, kontu zaharrei buruzkoetan bereziki. Izan ere, egunerokotasun hurbilenetik ihes eginda, aspaldiko kontuak eta Donostiako arraunaren iraganeko istorioak kontatzea ere gustagarri gertatu zait, besteak beste: Luis Karril donostiarra zela azpimarratzea; 1915-6ko Kontxetan donostiarrek, oriotarrek eta hilkutxa batek protagonizatutako gorabeherak; XIX. mendeko Getariako izurdearen eta Donostiako botakarraren arteko desafioa; 1948an Kontxako banderan bertan Franco hiltzeko izan zen saioa; eta beste hainbat.... blogaren eskuineko Etiketak atalean Kontu Zaharrak hautatuta izango dituzue eskueran (bertsoak dituztenak bilatzeko, Bertsoak etiketa hautatu).

Atal horretako Donostiarra (Kudeaketa-zuzendaritza) etiketa hautatuta, klub horren zuzendaritzan, kudeaketan, bazkide bilaketan, eta antzekoetan izandako berriak aurkituko dituzue. Donostiarra (Kirola) etiketan, berriz, kirol-jarduneko emaitzak, plantilla kontuak eta bestelakoak. Bi arloetan, klubarentzako urte garrantzitsua izan da hau, garrantzitsua izan denez. Gainerako etiketetan, Donostiako arraunean eragina duten klub, pertsonaia, lehiaketa eta era guztietako berriak biltzen saiatu eta antolatzen saiatu naiz. Zuek esango duzue asmatu dudan edo ez.

Eskuineko zutabean agertzen den nire posta helbidea zuen esku geratzen da, zerbait komentatu nahi baduzue, edo, zuzenean, zerbaiten kexa egiteko arrazoia ikusi baduzue. Eta ezin aipatu gabe utzi Facebook-en ere badela Tornozulotik Bloga (izen horixe baitu sare sozial horretan); nahi duen edozein egin daiteke blogaren "lagun", hala nahi izanez gero.

Tira, nire aldetik besterik ez. Han eta hemen biltzen ditudanak nahi duenaren eskueran jartzen saiatuko naiz aurrerantzean ere; beraz, eskerrik asko kontatzen ditudan albiste, istorio eta bestelako txorradak irakurtzeko interesa edo pazientzia izan eta izango duzuen guztioi.

2 comentarios:

  1. Ataixu aurreko tiri3/10/2010 11:29 p. m.

    Lehenik eta behin, nire zorionaik beroenak ez ezik, eskerrik beroenak ere luzatzeko aprobetxatu nahi dut iruzkin hau, izan ere blog honetan nire zaletasun ugari uztartzen dira, arrauna, bertsolaritza (eta hori ez dela erraza biak egunerokotasunean uztartzea, galdetu niri bestela) eta kontu zaharrak.

    Ez da erraza blog bat aurkitzea non zure zaletasun handienak uztartzen diren (Erreala falta, agian), eta are gutxiago zure herriak presentzia apur bat izan badu sarrera batzuetan!!

    Beraz, zorionak eta mila esker, tokatzen zaizun antzera, eta beste hamar bat urte izan bitez!!

    Agurrak su honen bueltan dabilen baten partetik, Getariatik hain zuzen.

    ResponderEliminar
  2. Estimatua ziok, lapajale, estimatua ziok ;)

    ResponderEliminar