
Izango du askok zer kritikatu, izango da noski zer hobetu, izango da mamia eta gaia hitz egiteko eta hausnartzeko... Izango da. Baina, akordioa sinatu zutenek, izan zuten beste zerbait gogoan: traineru bateratu baten beharra, Donostiako arraunarentzat duen garrantzi estrategikoa.
Traineru bateratuak hiru ardatz nagusiren arteko lotura katalizatzen ditu: hiri bat - traineru bat - zalego bat. Hiru erpineko identifikazio horrek berebiziko garrantzia du herrien osagai emozional hain handia duen kirol honetan. Errazagoa da donostiar zale bat hiria ordezkatzen duen traineru batekin identifikatzea, nahiz eta zuzenean arraunarekin harremanik ez izan, zale-nukleo partikularrak biltzen dituzten klubekin identifikatzea baino. Eta identifikazio indartu horrek inplikazioak eta laguntzak (are ekonomikoak) erakartzeko bidea zabaltzen du. Txalorik beroenak, hortaz, duela bost urte proiektu honen beharra ikusi eta martxan jarri zutenentzat, eta ordudanik egunez egun ekimenari arnas ematen aritu diren laguntzaile guztientzat.
Izango da, seguru asko, pauso nabarmenagoak emateko ordua. Izango da Donostiak arraunean bere lekua berreskuratzeko garaia. Izango da zer borrokatu, izango da zer animatu, zer lagundu, izango da zer ospatu, zer lortu, zergatik barre eta zergatik negar egin… Izango da. Baina, jadanik, bada zerbait Donostiarra. Eta ez dut dudarik: lehen bost urteotan izan den hori etorkizunaren oinarria da, eta… izango da.
Zorionak eta Aupa Donostiarra!!!!