Mostrando entradas con la etiqueta Argazkiak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Argazkiak. Mostrar todas las entradas

2012/07/15

1890eko kartel kuriosoa


Traineruen historiako pasarterik ezagunenetako bat da 1890ean Donostiak eta Ondarroak jokatutako desafio-estropada hura, donostiarrek Luis Karrilen gidaritzapean irabazitakoa. Blog honetan eman nuen desafio horren berri sarrera honetan.

Interneten beste gauza batzuen bila nenbilela goiko irudi hori aurkitu dut, eta hona ekartzea pentsatu dut, kuriosoa edo, gutxienez, ikusgarria delakoan. Garai bateko estetikaren erakusgarria bai behintzat. Irudian agertzen den argazki hori nonbait ikusia nuela iruditzen zitzaidan, eta bai, oker ez banago, Ollagorra soziedadeko beheko solairuko paretan zintzilik dago.

PD: Facebooken ohar bat egin dit Orioko arraunzale batek. Horri esker jakin dut hemen informazio gehiago eskaintzen dela irudi horri buruz. Mila esker arraunzale horri.

2012/06/11

Argazki zahar baten pisua

Egia galanta da ez dela komeni etengabe atzera begira bizitzea. Oraina behar bezela disfrutatzea eta etorkizunari behar bezala aurre egitea eragozten du atzera begira ibili behar horrek.

Hala ere, arraunaren arloan, susmoa dut Donostian ez zaiola merezi adinako aitortza egiten gure iraganari. Era txatxu eta antzuan elkarri mokoka aritzeko joera handiegia dugu (ez da, antza, joera berria, eskuinean dituzuen 1916ko bertso horiek diotenez), etorkizuna zalantzan jartzeraino. Eta, kanpokoa gehiegi goretsiz, ez dugu Donostiak arraunaren historian izan duen eta izan behar duen lekua apreziatzen. Ondare aberats hori balioetsiko lukeen museo edo antzeko zeozer egitea ere inori ez zaio burutik pasatu.

Zertara datorren txapatxo hau? Beno, beheko argazki hau topatu dut (Luis Karril eta bere kuadrilla omen dira), argazki ederra inondik ere.... eta morrosko donostiar jator horien aurpegiek nolabait kargu hartzen ari zaizkigula iruditu zait. Pixka bat jota nagoela? Baliteke.


2011/09/08

1910: Paseo Berria eraiki gabe, Kontxako Bandera

Argazki ederra, inondik ere, ez al zaizue iruditzen?. Hortxe dituzue arraunzaleak, Gazteluko (Urgull mendiko) magalean itsasoari begira, Kontxako estropadaz gozatzen, baita itsasertzeko arroketan ere. Argazkia 1910ekoa da, eta oraindik ez da ageri pare bat urte geroago eraiki zen Paseo Berria. Argi eta garbi ikus daiteke 100 urte baino gehiago dituela gure bandera handiak sortzen duen ikusmirak.

Novedades aldizkarian argitaratu zen irudi ikusgarri hori. Aldizkari garrantzitsua izan zen Novedades, Gipuzkoako bizimoduaren lekuko zuzena: gauza gehiago irakurri nahi baduzue aldizkari horri buruz, ikus HITZAko Itzurun gehigarriak 2011ko apirilean eskainitako atala (II-III orriak).

PD: kontu zaharren zalea den arraunzale honi asko gustatuko litzaioke Donostiarraren egoitzan (Salamanca pasealekuan) zintzilik dagoen Luis Karrilen kuadrillaren argazkia digitalizatu eta sarean jarriko balu klubak. Argazki hori inoiz ikusi gabea nintzen (kuadrilla horren beste argazkiren bat bai, baina hori ez), eta izugarri polita, xarma berezikoa, iruditzen zait. Dagokionari...

2011/09/06

Marea txuria igandean !!!!

Marea txuria igandean: gure mutilen aldeko ekimena bultzatu dute. Kaian, Donostiarrak jartzen duen txoznan elkartuko gara donostiar arraunzaleak 10:30 inguruan, kamiseta txuriarekin, eta txaranga eta guzti arranpa aldera joango gara 11:00etan. Kaiarribako arranpa kolore txuriz bete dezagun !!! Egin diezaiegun gure mutilei merezi duten harrera!!!

Eman ekimenaren berri zure lagunei, egin dezagun marea txuri ahalik eta handiena!!!

Haizearen eta itsasoaren laguntzaz izan bada ere, Donostiarra ohorezko txandan izatea gauza handia da. Urteotan egin den lanari zoriak eman dion saritzat har dezakegu, baina egia da lan txukuna egin zuela traineruak, eta urtez urte koska bat egiten ari dela gora.

Irutxuloko HITZAn Jon Sardon arraunlariak eskainitako elkarrizketan dioenez, "hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria da" igandekoa, baina, era berean, "erantzukizuna" da arraunlarientzat.

Edonola ere, susmoa dut inflexio bat ere izan daitekeela Donostiako afizioak traineruarekin duen harremanean. Mediatikoki oihartzun berezia izan du joan den igandekoak, eta agian jendea gehiago animatuko du traineruaren alde egitera. Mendik pasa den astean zioen bezala, "lo dagoen erraldoia" da Donostiako afizioa, eta pixkanaka esnatzen joan daiteke horrelako emaitzekin.

Nire ustez, datorren igandea aukera ederra da Donostiarraren aldeko eta Donostiako arraunaren aldeko oihu bat egiteko, "hemen gaude" ozen bat esateko. Eta aukera ona izan daiteke iganderako antolatu den marea txuria.

Poz handiz ikusten ari naiz inoiz baino Donostiarrako bandera gehiago jarri dituela jendeak zintzilik. Ikusi ezkerrean, zeinen itxura ederra zuen abuztuaren 31 kaleak atzo arratsean. Baina gero eta gehiago izan daitezen lortu behar dugu. Ikus dezatela gure arraunlariek hiri oso bat dutela atzetik eta hiritar guztien ordezkari direla itsasoan.

Beraz, anima zaitezte, demontre... erosi kamisetak eta jarri soinean igandean... erosi banderak eta jarri zuen etxe eta balkoietan. Donostiarrok, altxa burua!! Sortu dezagun gureen aldeko ez marea txuria, baizik eta tsunamia !! Aupa DONOSTIARRA, kontxo!!!!!

2011/06/29

"JJ Gaztelu" itsasontzia

Aurreko batean, gure hiriko hainbat txokotan arraunarekin zerikusia duten irudi, argazki eta bestelako detalleak daudela gogoratzearekin batera, horietako batzuk pixkanaka blog honetan aipatzeko asmoa dudala kontatu nizuen. Badakit asko garrantzi txikikoak izango direla, seguruena; baina esanahi eta sinbolismo berezikoak dira, nire ustez behintzat. Lehengo hartan, Aizepe soziedadean dagoen argazki zahar bat ekarri nizuen gogora.

Oraingoan, denok ezagutuko duzuen “klasiko” bat aipatuko dut: kaian, Pixepel izenez ezagutzen den lekuaren inguruan atrakatuta egon ohi den “JJ Gaztelu” arrantza-ontzia. Egurrezko itsasontzi urtetsua da, dotorea, hainbat eta hainbat arrantzalditan parte hartutakoa, eta oraindik ere sasoiko dagoena, itsasorako joan-etorrietan aritzen baita bete-betean.

Nire lagun batek dio, eta ez zaio arrazoirik falta, inoiz ontzi honek arrantzan aritzeari utziko balio, udalak mantendu egin beharko lukeela kaian eta inguruko uretan hara eta hona, metalezko itsasontzi berrien ondoan, garai bateko arrantza-ontzien erakusgai.

Eta zergatik aipatzen dudan JJ Gaztelu? Ba, asmatuko zenuten bezala, branka aldean duen ikurrarengatik: kolore biziz margotuta Ur-Kirolak taldearen ikur gorri-berdea du ontziak aurrealdean (beno, garai batean izango zituen kolore biziak, gaur egun nahiko maskalduta ageri da-eta irudia). Pixepel paretik pasatzen naizen guztietan, JJ Gaztelu hortxe badago, ezinezkoa egiten zait begiratu azkar batean Ur-Kirolakeko bandera eta UK letra horiek ikusi gabe aurrera egitea.

Horrelakoxea naiz ba, nahiko berexia.

2011/05/16

Ur-Kirolaken argazki zaharrak Gure Gipuzkoan

Gure Gipuzkoa webgunea ezagutzen al duzu? Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako webgunea da, eta Gipuzkoa gaitzat duten argazkien nolabaiteko bilduma jartzen du guztion eskura. Bertan dauden argazkiak zure ordenagailura jaitsi eta erabil ditzakezu, eta zureak ere igo ditzakezu webgunera beste guztiekin konpartitzeko.

Pixka bat saltseatzen ibili eta gero, Ur-Kirolak taldearen argazki hauek aurkitu ditut. Niri behintzat oso kuriosoak iruditu zaizkit, bizitasun handikoak, eta ea niri bezainbeste gustatzen zaizkizuen. (Bereziki bigarren argazkiko "Ur-Kirolak por Guipuzcoa" horrek harritu nau, Gipuzkoa osoari egindako erreferentziak... Alabaina, gaur egungo begiradarekin bakarrik da hori harrigarria, noski).

Lehen argazki-sail batean, 1946an Ur-Kirolakeko arraunlariei egindako ongietorrian ateratako zortzi argazki hauek ikus ditzakegu: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. Sail honetakoak dira behean ageri diren bi argazkiak.
Bigarren saila, berriz, 1964an Ur-Kirolak Espainiako Txapeldun izan zenekoa da, horra: 1, 2, 3 eta 4.

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 6/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 7/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

2011/04/17

1924: Ur-Kirolaken esker ona Aizeperi

Begiak zertxobait zabaldu eta pixka bat erne egonez gero, erraz ikusi ahal izango dugu Donostian (Parte Zaharrean bereziki) edonon nabari dela arraunaren eta herriaren artean dagoen lotura. Nahikoa da hiriko hainbat bazterretan edo tabernetan edo soziedade gastronomikoetan ageri-agerian ditugun argazki eta irudiei erreparatzea. Nahiago nuke garai bateko lotura hori, arraunaren eta gizartearen artekoa, biziberrituko balitz.

Nahiz eta irudi horietako gehienak ezagunak izango dituzuen seguru asko, beharbada pixkanaka ekarriko ditut blog honetara, aparteko albiste berezirik ez dagoenean, interesgarri direlakoan (edo kuriosoak bai, behintzat).

Gaurkoan ekarri dizuedana Aizepe soziedadean dago. Ur-Kirolakek soziedade horri dedikatutako argazkia da, 1924ko abuztukoa. Oker ez banago, Aizepe urte horretan bertan sortu zen, eta Ur-Kirolak bi urte lehenago. Talde donostiarraren laukoa ageri zaigu, Urkiren lehen urteetako ontzi maitatuena; uste dut Pasaiako badian egina dagoela argazkia, eta garaiko euskaran idatzitako (R gogorra "r kakotxa"rekin dago idatzia adibidez) hitz hauek irakur daitezke:

"Aizepe Bazkunari, bere guganako maitasun-ordezko eskarron-agerbidez. Dagonila 1924. Ur-Kirolak"
.

Argazkia ez da oso kalitate onekoa baina, tira, soziedade bateko afalondoan ateratakoa izateko, ez dago gaizki.