Mostrando entradas con la etiqueta Urumea. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Urumea. Mostrar todas las entradas

2011/12/05

URUMEAKO I. BINAKAKO JAITSIERA

Atzo, igandean, abenduaren 4an, Urumeako I. Binakako Jaitsiera jokatu zen, Ur-Kirolak taldeak antolatuta. 2x eta 2- modalitateak aritu ziren Donostiako ibaian behera, eta lau talde hauetako ontziek hartu zuten parte: Donostia-Arraun Lagunak, Santiagotarrak, San Juan eta Ur-Kirolak. Guztira, 24 ontzik.

Helbide honetako pdf fitxategian aurkituko dituzue jaitsiera horretako emaitzak eta denborak. Eta, Ur-Kirolaken eskutik, jaitsierako hainbat irudi ikus ditzakezue argazki-sail honetan.

2011/11/22

I. ANTXON BEITIA JAITSIERAKO EMAITZAK

Ur-Kirolak taldearen webguneko orrialde honetatik atera dugun informazioa:

"Gaur, azaroaren 20ean, Antxon Beitiaren Omenezko I. Skiff jaitsiera ospatu da Urumea ibaian. Bi taldek hartu dute parte, Donosti-Arraun eta Ur-Kirolak, guztira 21 skiff lehiatu direlarik.

Gizonezkoen arteko garailea Iñaki Burutaran izan da, 19:06,21 denborarekin, bigarren sailkatuari ia 13 ateraz.

Emakumezkoen kategorian berriz parte
hartzaile bakarra izan da, Ur-Kirolak-eko Izaskun Arroyo. Bere denbora 23:21,10-koa izan da.
Aurtengoa etorkizunean egingo diren hainbat ekitaldietan lehena izatea espero dugu, Antxon Beitia ezagutzeko zortea izan ez zutenak bere berri izan dezaten.

Datorren urterarte!!"

EDITATUA (2011-11-22): Gaur Irutxuloko HITZAn ematen da jaitsiera honen berri, eta elkarrizketa ere egiten zaio Iñaki Burutaran irabazleari).

(Argazkia: urkirolak.com)

2011/10/24

Urumeako I. Skiff jaitsiera - Antxon Beitiaren Oroimenez

Datorren azaroaren 20an, igandean, goizeko 11:30etan Ur-Kirolak klubak "Urumeako I. Skiff jaitsiera - Antxon Beitiaren Oroimenez" antolatuko du Gipuzkoako Arraun Federakuntzaren laguntzarekin.

Irteera 27. Poligonoko zubian emango da eta helmuga 5 km beherago izango da, Maria Kristina zubiaren parean. Itsaso zakarra izanez gero, helmuga Burdinazko Zubiaren parean jarriko da, proba 4 km-ra murriztuz.

Proba kadete, junior, senior eta beteranoen kategorietara dago irekia.

Ur-Kirolaken webguneko albiste honetan duzue eskura jaitsieraren informazio xehea eskaintzen duen pdf fitxategia.

2010/08/07

Loiolatarraren San Inazioko estropaden historiala

Duela aste batzuetako blog-sarrera honetan, Loiolatarra elkarteak San Inazio egunean egin ohi dituen batel-estropadak aipatu nituen. 1983an jokatu zen estropada hori aldiz. Ordundik hona, urtero jokatu da estropada hori, eta ezin da aipatu gabe utzi elkarte horrek ibai-arraunketa sustatzeko eginiko ahalegina.

Foro bateko mezu batean jakinarazi denez, Gipuzkoako Aldundiko web orri honetan Loiolatarrak antolatutako estropada honen edizio guztien berri ematen da: emaitzak, denborak, eta baita urte batzuetako irabazleen tripulazioak ere. Aipatzekoa da 1986 eta 1987an Loiolatarra bera izan zela irabazlea.

Datu interesgarriak, inondik ere. Honen bidez, elkarte horrek duen meritua aitortu nahi nuke.

2010/05/24

Urumea ibaiaren ertzetik

Sarri asko, udako goi mailako arraunketa besterik ez dugu izaten donostiarrok kontuan: Kontxako banderaren garaian akordatzen gara Donostiako traineruaz, apenas inporta zaigun Liga, agian jakin ere ez dugu egingo trainerilla eta batela existitzen direnik ere, eta Oxford-Cambridge lehiari arreta gehiago eskaintzen diogu Londresen gure arraunlariek egindakoari baino.

Arlo mediatikoak garrantzi nabarmena duen garai honetan, ahaztu egiten zaizkigu arraunak dituen beste hainbat eta hainbat alderdi. Isileko ahalegin eta lan ugari egiten dute Donostiako klubek, modalitate eta adin askotan, nahiz eta izeberg horren puntta besterik ez den ailegatzen herritarrarengana.

Hori dena etorri zitzaidan burura atzo, Urumea ibaiaren ertzean paseatzen ari nintzela. Mikel Laboa pasarelatik Loiola aldera egin duten bide berria Ur-Kirolak klubaren egoitzatik igarotzen da, eta oso gustagarria izan zen niretzat atzo han zen ikuskizuna: edozein adinetako gizon eta emakume, mutil eta neska, entrenatzen, arraunkera lantzen, eta, noski, arraunketaz gozatzen. Gozamendua baita lanaren oinarria.

2010/02/17

Urumean ontziak ezin behar bezala ibili

Arraun Lagunak taldeko Pedro Indo arraunlari ohiari elkarrizketa egiten zaio, gaur, Diario Vasco egunkarian. Garai bateko eta gaur egungo arraunketaren arteko desberdintasun batzuk aipatzen dira, baina, bereziki, nire ustez garrantzi bereziko kontu bat plazaratzen du Pedro Indok: Urumearen nabigagarritasuna.

Aspalditik, nahiko zabartuta dago Urumea; lokatz ugari metatzen da ibaiaren hondoan eta bazterretan, eta ez da hori konpontzeko behar bezalako garbiketarik egiten. Uraren ibilbidea nekezagoa egiten du horrek, eta, leku gehiegitan, asko urritzen du ibaiaren zabalera eta sakonera. Duela hilabete batzuetako beste artikulu batean, ibaiaren egoera horrek Ondarretako hondarraren eskasian ere eragina zuela esaten zen, uraren ibilera nekezaren eraginez ez baitzen hondar guzti hori itsasora iristen eta, gero, hondartzetan metatzen.

Eta, jakina, sakonera eskasak eta ibilgu murritzak guztiz zailtzen du ontziak bertatik igarotzeko aukera. Zer esanik ez bosgarren zubi horren obra amaiezinek egoera hori areagotu ondoren. Zer gertatzen da horren ondorioz? Ba, Indok dioen bezala, orain Donostiako klubek ezin dituzte beren entrenamenduak egin Urumea ibaian, beti egin izan den bezala (are gutxiago estropadak antolatu). Soustonseraino joan-etorriak egin behar izaten dituzte, eta horrek, bidean aurrera eta atzera ibiltzeak dakarren arriskuaz gain, beste eragin txar bat du: kirola ikusezin bihurtzen duela. Ibaian jendea arraunean ikusteak gogoa (harra) sor diezaioke jendeari, etorkizuneko arraunlariei. Baina horrelakorik ikusi ezean, nola piztu ezer? Indok dio Soustonsen oso pozik daudela arraunlari donostiarren jardunarekin, besteak beste bertako afizioaren pizgarri ere badelako.

Beste hainbat lekutan ibaien egoera eta itxura txukuntzen ari dira, baita kirola egiteko eremuak prestatzeko ere, Tolosan egin duten hesi puzgarri hori lekuko. Hemen ordea, ibaiaren egoerari kasurik ez, zubien lanak noiz amaituko jakin ez (hiri honetan ohikoa den moduan), ibaian arraunlaririk ez, kirola gizarteratzeko modu hori berreskuratzerik ez, arraunlari donostiarrak bidaia ezerosoetan ibil daitezen saihesteko aurreikuspenik ez, eta abar.

(Argazkia: diariovasco.com)