Mostrando entradas con la etiqueta Pertsonaiak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Pertsonaiak. Mostrar todas las entradas

2014/01/11

Joxe Jabier Uresberueta





Donostiako arraunaren historian pertsonaia batzuk aski ezagunak ditugu. Luis Karril edo Kiriko modukoak ohikoak dira arrauna atsegin dugunon imajinarioan. Beste batzuk, ordea, zertxobait ahaztuta ditugu nolabait. Horietako bat dakarkizuet gaurkoan hona: Joxe Jabier Uresberueta.

Joxe Jabier Uresberueta Ugarte (Donostia, 1850 - 1927) Donostiako patroi bat izan zen, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran bere garrantzia izan zuena bai kirol-arloan bai arrantzaren munduan.

Arraunlari modura, blog honetan aipatua dudan batel-desafio batean parte hartu zuen 1869an, artean 19 urteko gaztetxoa zela. Getariako eta Donostiako batel bana aritu ziren, Getariatik Donostiarako ibilbidean; Donostia izan zen garailea, eta garai hartan entzute handia izan omen zuen estropada hark.

Patroi gisa ere garaipen azpimarragarriak eskuratu zituen. 1883ko Kontxako Bandera irabazi zuen Angelita traineruarekin. Bigarren geratu zen 1898an, Ondarroaren atzetik, eta 1906ko banderan ere parte hartu zuen. Kazeta batzuetan esaten denez, Luis Karril berari irabazi zion 1882an Kontxako estropada batean, baina argitzeke dago Kontxako Bandera zen ala bestelako estropada bat izan zen hura.

Arrantzaren arloan, berriz, ekarpen garrantzitsua egin zuen Donostiako portuan, bera izan baitzen Donostiara ohiko traineru eta lantxen ordez arrantza-baporeak sartu zituen lehen arrantza-patroia.

1900ean, Pierre Mari baporea erosi zuen Donibane Lohizunen, eta Denak-Bat izen berria emanda, Donostian matrikulatu zuen. Hasieran, barre artean hartu omen zuten arrantzaleek Joxe Jabierren "okurrentzia" hura, baina aldaketak ekartzen zituen onurak nabarmenak izan ziren: arrantzatzen zen kantitatea askoz handiagoa zen, eta bisiguak oso fresko iristen omen ziren portura (kaian uretara bota eta bizirik igerian joan omen zen alerik ere izan omen zen). Horregatik, gerora, beste bapore batzuk ekarri zituen Donostiara Uresberuetak; Bella Donostia eginarazi zuen Donibane Lohizuneko Letamendia ontziolan, eta, geroago, Ederrena eraikiarazi zuen Donostian, Mari Bautista Hondarribian eta Calbeton Mutrikun.

Ea denon artean ezagunagoak egiten ditugun gure arrauna handi egin zuten pertsonaia hauek denak. 

2013/04/25

Kirikoren ziaboga

Kirikoren ziaboga. Bilboko Abrako Bandera (1919).
Gora Arraunak dokumentaleko fotograma
Eskuinean duzuen irudia Gorka Reizabalen gidoiarekin egindako "Gora Arraunak" dokumentaleko fotograma bat da (oso dokumental interesgarria da, merezi du Youtuben dauden kapituluei begiratu bat ematea). Eta fotograma hori erabili dut, izan ere beste inon ez baitut topatu Interneten Kirikoren ziaboga famatuaren irudirik.

«Kiriko» patroi donostiar handiaren traineruak 1919ko Bilboko Abrako Bandera irabazi zuen egunean emandako ziaboga ezaguna da. Baina, egia esan, ez da aparteko ezer ikusten irudian: traineru normal bat ziaboga arrunt bat egiten... Oso ziaboga ona izan bazen ere, zer du ba berezitik, hain ospetsua izateko arraunaren historian? Geroago erantzungo diogu galdera horri.

Kiriko
Frantzisko Zubiaurre Cabañas, «Kiriko» (1867-1926), jaiotzez getariarra bazen ere, umetan Donostiara etorri zen bizitzera bere familiarekin. Eta esan liteke gure historiako patroirik ezagun eta ospetsuena dela, Luis Karrilekin batera.

Azpimarratu beharra dago bera dela Donostiako traineruekin Kontxako Bandera gehien irabazi dituen patroia: guztira bost bandera irabazi zituen Kontxan (1891, 1892, 1894, 1918 eta 1920). Donostia punta-puntakoa zen arraunean garai hartan, eta seguruenik,  bandera gehiago ere irabaziko zituen Kirikok, 1894 eta 1918 urte bitartean traineruaz arduratzeko lana baztertua izan ez balu. Hainbat zirkunstantzia berezi gertatu ziren urte horietan: 1895ean Donostiari ezarritako debekua; udalak eta Club Nautikoak XX mende hasieran urte batzuetan traineru estropadak gutxietsi eta are ez antolatu izana balandro eta yolak hobesteko; antolakuntza arazoak; Donostiako arraun munduan orduan ere gertatzen omen zen ezinikusi-saltsa, eta abar.

Esan bezala, arrazoia edozein izan zela ere, urte askotan ez zuen bere patroi lana egin traineru estropadetan. Hala ere, 1910ko hamarkada amaieran berriro ere Donostiako traineruaren lema hartu eta hiru urte bikain izan zituen: 1918 eta 1920ko Kontxak irabazi zituen, eta auskalo 1919koa ere ez ote zuen irabaziko, baldin eta lehen jardunaldian bere arraunlari batek arrauna hautsi izan ez balu. Gainera, 1919 urte horretan, lehen aipatutako Bilboko Abrako Bandera garrantzitsua irabazi zuen.

Eta berriro iritsi gara, beraz, 1919ko Abrako Banderara eta bertan Kirikoren traineruak egindako ziabogara. Jakina denez, Kirikok egindako ziabogarekin guztiz txundituta geratu ziren bandera hartan Bilboko itsasadarrean estropadari begira zeudenak. Maniobra bikaina izan omen zen, eta berari esker izan omen zuten donostiarrek aurkariei aurrea hartzeko aukera. Nolanahi ere, bazuen ziaboga hark beste berezitasun bat ikusleak txundituta uzteko. Zein baina?

1894ko Kontxako Banderan, Amigos traineru donostiarraren popan izan zen Kiriko, eta gure badian begira zeudenak zeharo harrituta utzi zituen berrikuntza batek. Kontuan izan behar da urte hartan (gerora ez bezala) traineruek badiaren barruan ibilbide zirkular bat egin zutela, eta horrela ikusleek ziabogak zuzenean ikusteko aukera izan zutela. Berrikuntza hark sortutako harridura honela azaltzen du garaiko kronista batek, Rafael Aguirrek Kontxako estropadei buruz idatzitako liburuan kontatzen duenez:

« Un cronista señalaba que "para dar más rápido el giro, el proel de Amigos utilizaba un remo-timón en proa, lo que conseguía de forma vertiginosa. Esta maniobra, que es lícita, causó asombro entre las gentes de mar". »  (1)

Ziaboga egiteko era klasikoan, izenak dioen bezala zia eta boga egiten zuten arraunlariek, besterik gabe: istriborrekoak boga egin bitartean, ababorrekoek ziatu egin behar zuten, edo gutxienez eutsi. Gaur ere hala egiten dute bi bandetako hamabi arraunlariek. Baina aurrekoak (brankariak) ez zuen antzina ezer desberdinik egiten. Dirudienez, Kiriko gure patroiaren berrikuntza izan zen aurrekoak arrauna branka aldean uretan sartu eta ziaboga ematen laguntzeko indarra egitea. Goiko aipuak adierazten du, behintzat, gauza ezezagun eta harrigarritzat hartu zutela garaiko itsasgizonek. Horra bada, donostiarrok teknikaren arloan ere ekarpen esanguratsua egin genion, antza, arraunketaren garapenari.

Kiriko klubeko batela.
Argazkia: Klausser

Amaitzeko, esan behar da Kirikoren izena Donostiako arraunaren imaginarioan geratu dela. Bada Kiriko izeneko arraun klub donostiar bat (eta, seguru ez badakit ere, pentsatzen dut patroiarengatik duela izen hori). Nolabait Fortunatik bereizita sortutako klub hau, bateletan eta trainerilletan aritu ohi da lehian, eta Donostiarra traineruan izaten dira bertako arraunlariak. Denboraldia amaitu berri du oraintxe bateletan, eta trainerilletan ari dira buru-belarri. Hortxe duzue batela eskuineko argazkian.

Eta, noski, gogoan izan Donostiarra klubak izan zuen lehen traineruak, 2008 denboraldikoak, Kiriko izena zuela, patroi handiaren omenez. Hala ere, gorabehera handiak izan ziren traineru harekin, eta urtebete eskas iraun zuen Donostiarrarekin uretan (dena dela arrazoia... nahiago dut hauts horiek ez harrotu... bakea, arren). Gerora Ur-Kirolakeko emakumeek erabili izan dute. Hemen duzue traineru horren irudi bat, Donostiarrarekin 2008ko Kontxako Banderan, eta hemen, berriz, Urkiko emakumeekin 2009koan.

Franzisko Zubiaurre «Kiriko», patroi donostiar handia, eta ziaboga modernoa, bere ekarpen teknikoa.

(1) AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa. 20 or.

2012/08/06

Portaletas - Trophée Teink 2012

Iaz ere eman nizuen Teink zeharkaldiaren berri. Arraun estropada interesgarri honetan, Donostiako talde bat dugu, Portaletas izenekoa.

Bada, aurten ere abian jarri da Teink 2012 zeharkaldia. Facebookeko helbide honetan aurkituko duzue arraunlari donostiar horien partaidetzari buruzko informazioa: Portaletas - Trophée Teink 2012. Bertan azaltzen dira estropadaren ibilbidea, egutegia, eta argazkiak.

Merezi duen ekimen bat dela uste dut, eta arreta pixka bat eskaintzea ere ez legoke gaizki. Zorte on Portaletasentzat.

2011/11/03

Juantxo Aginaga memorialaren saria Donostiarrari

Igande honetan, Ollagorra soziedadeak Juantxo Aginaga memorialaren saria emango dio Donostiarrari. Aurtengoa bosgarren edizioa du memorial honek, eta Kontxako banderan postu onena lortzen duen traineru gipuzkoarra saritzen du urtero. Azken edizioetan Oriok eraman du saria, baina aurtengoan Donostiako trainerua izan da lehen gipuzkoarra. Aspaldiko partez.

Aurten sarritan aipatu izan denez, 1992tik ez zen ontzi donostiarrik sailkatzen Kontxako ohorezko txandarako, baina uste dut azpimarratu behar dela Juantxo Aginaga memoriala irabazteko lortu beharrekoa, hau da, bandera horretan lehen gipuzkoarra izatea, ez zuela Donostiak lortzen 1950tik. Alegia, Esperanzak Donostiarentzako azken bandera irabazi zuen urte ospetsu hartatik. Bada zeozer... eta bada, beraz, zer ospatua igandean, bai horixe.

Bide batez, jakina, Juantxo Aginaga zena izango da gogoan: Donostiako Luis Carril traineruko patroia, 1980ko hamarkadan Kontxan hainbat aldiz aritutakoa (3. postua lortu zuen 1981ean). Hortxe dituzue ondoko argazkian Luis Carril traineru donostiarra, eta, popan, arrauna eskutan, Juantxo Aginaga patroi handia.

(Argazkia ez da oso kalitate onekoa, baina soziedadeko paretan zintzilik dagoen erretratu bati hala moduz ateratakoa da, eta tira, bego...).

2011/08/25

Donostiarrek gozatu egin dute Trophée Teink 2011 zeharkaldian

Duela bi hilabete, Donostiako arraunlari ohi batzuk Trophée Teink 2011 itsas zeharkaldian arituko zirela kontatu nizuen hemen.

Ezaugarri bereziko (garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzea baitu helburu) zeharkaldi hori amaituta, esperientzia benetan zoragarria izan dela diote Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideek, eta datorren urtean berriro ere bertan aritzeko asmoa erakutsi dute.

Donibane Irmako ontzian sei egunez 150 kilometro arraunari tiraka bizi izandakoa guztiokin partekatzeko, Facebook-eko helbide hau erabili dute Portaletas izeneko taldean aritu diren hiru donostiar hauek: bertan aurkituko dituzue etapen informazioa, sailkapenak, argazkiak, bideoak, eta izan dituzten beste hainbat bizipenen testigantza. Haiekin harremanetan jarri nahi duenak ere, hortxe du aukera ezin hobea. Itsas zeharkaldiari buruzko argibide gehiago jakin nahiz gero, hemen duzue zeharkaldiaren blog ofiziala.

Blog xume honetatik zorionik beroenak eman nahi dizkizuet hiruroi, horrelako ekimen erakargarrian parte hartzeagatik eta haren berri donostiarroi emateagatik.

2011/06/17

Teink 2011 zeharkaldian, donostiar arraunlari ohiak

Ekimen interesgarri baten berri ematen zaigu Irutxuloko HITZAK argitaratzen duen Itzurun gehigarriaren gaurko aleko VII. orrialdean: Teink 2011 zeharkaldia.

Garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzeko itsas zeharkaldia da Teink 2011, Donibane Lohizuneko Ur Ikara elkarteak antolatua. Bilbotik irten eta Donibane Lohizunerako ibilbidea egiten dute arraunean, sei eguneko ibilbidea (uztailak 25-30). Guztira 150 kilometro egiten dira arraunari tiraka. Parte-hartzaile gehienak arraunlari nahiko beteranoak izan ohi dira.

Aurtengo edizioan (19.a izango da), Donostiako hiru arraunlari ohi arituko dira zeharkaldi horretan, Arraun Lagunak eta Donostia taldeetan aritu eta gero duela 15-17 urte arrauna egiteari utzi zioten Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideak. Hiru arraunlarirentzako batel batean arituko dira, eta, diotenez, Hegoaldeko partaide bakarrak izango dira.

Elkarrizketa honetan kontatzen digute nola izan zuten abentura honen berri, eta zein izan ziren prestaketa egin bitartean izan dituzten bizipenak eta sentimenduak. Interesgarria oso.

(Argazkia: Itzurun (Irutxuloko Hitza))


2011/06/08

Gorka Ibarluzea eta Alex Domingo

Donostiako udalaren euskara patronatuak argitaratzen duen MUGI aldizkarian, bi arraunlari donostiarri buruzko erreportaje hau argitaratu dute.

Donostiarra traineruan dabilen Gorka Ibarluzea (32 urte) da bata, eta Arraun Lagunakeko aulki mugikorreko modalitatean dabilen Alex Domingo (17 urte) bestea. Arraunean urteak daramatzan arraunlari esperientziaduna eta kirol honetan gogor ekiteko gogoz datorren gaztetxoa.

Beren nondik-norakoak, asmoak eta esperientziak kontatzen dizkigute elkarrizketa honetan. Eskertzekoa da arraunari bere tartetxoa eskaintzea horrelako argitalpenetan.

2011/05/29

Gu gera Donostikooo harrobi berria-aaa...

Donostiarra traineruaren proiektua sortu zen unetik, Donostiako arraunarentzat eta bere etorkizunarentzat ezinbesteko ekimena zela iruditu zitzaidan. Estrategikoa, gure hiriak kirol honen potentzialidade handienaz, aukera zabalenak aprobetxatuz, jardun nahi bazuen.

Badakit asko ez dagoela nirekin ados (bat baino gehiagorekin eztabaidatua baitut) baina Donostiak oinarrian zituen baliabideak, gorantzakoan, gailur argirik gabeko piramide batean galtzen zirela iruditzen zitzaidan. Izerdi, denbora, diru, buru-hauste eta dedikazio izugarriak kostata (klub historikoetako direktiboen eta entrenatzaileen aldetik, bereziki) ateratzen ziren arraunlariak erreferente zuzenik gabe geratzen zirela. Eta gailur hori traineru bateratua, Donostiako traineru bakarra, zela (edo izan behar zuela) argi ikusten nuen nik.

Donostiak badu harrobia, baina harrobi hori hemen gelditzea lortu behar dugu, eutsi egin behar diogu kemen guzti horri, gure etorkizuna baita. Hori lortzeko bide zuzenena harrobia elementu batekin identifikatzea da, Donostiarekin, Donostiako traineruarekin.

Hau dena etorri zait gogora Auzoka aldizkarian elkarrizketa hau irakurri dudanean. Donostiako arraunlari gaztetxo batek, Gontzal Iraolak, bere kirol-esperientzia kontatzen digu. Arraun Lagunak taldearen zale izanagatik, Ur-Kirolakeko zortzikoan ari da jo eta su. Eta, beste hainbat konturen artean, bere talde gustokoena zein den galdetuta, honako hau dio Gontzalek:

"
Ni txikitatik Arraun Lagunak taldekoa izan naiz, baina Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak taldeek Donostiarra sortu dutenetik, Donostiarra gustuko dut. Nire ustez, talde gaztea da, eta guztiak Donostiako arraunlariak dira; horrek bereizten du beste talde batzuetatik."

Hor esaten dena eta lerro artean irakur daitekeena, hori bai dela etorkizuna.

2011/04/09

Inus Etxeberria eta Ahotsak ekimena

Duela egun pare bat, honako albiste hau irakurri nuen Irutxuloko HITZAn. "Ahotsak" ekimenaren berri ematen zuen: herri-hizkera eta ahozko ondarea gordetzea eta zabaltzea du helburu ekimen honek, eta, horretarako, hainbat eta hainbat herritako edadetuak grabatu dituzte bideoetan. Ondare oso baliotsua biltzen da grabazio horietan, eta ez bakarrik herri-hizkeraren aldetik; egiten dituzten kontakizunetan, era bizi eta zuzenean ematen zaigu garai bateko ohituren, lanbideen eta bizimoduen berri.

Nik banuen lehendik ekimen honen berri, eta ahotsak.com webgunean ikusitako kontu bat apuntatua nuen blog honetan noizbait aipatzeko. Donostian 136 pertsonari egin zaizkio grabazioak, hemen ikus dezakezuenez. Pertsona ezagunak dira horietako asko, eta horien artean Inus Etxeberria. Hortxe duzue argazkian, Aquarium aurreko plazatxoan, anaiarekin eta aitarekin batera uretatik atera zituen bi kanoietako baten ondoan. Webgune horretan Inusi eskainitako orrian esaten zaigu umetatik kaiean bizi izandakoa dela, arrantzan ibilia beti, eta bizitzan zehar gauza latzak pasatutakoa ere bai. Grabazioen indizean ondo laburbiltzen da bere ibilbidea eta bizimodua. Tamalez, oraindik ez daude webgunean eskura berari egindako grabazioak, eta ezin dira online ikusi eta entzun. Pena.

Hala ere, arraunzaleak zaretenok jakingo duzue zergatik ekarri dudan Inus Etxeberria arraunari buruzko blog honetara. Laburpen biografikoan aipatzen da "estropadetan hainbat sari irabazia" dela. Eta, jakina, sari horietako bat bereziki dugu gogoan donostiarrok, izan ere Donostiak eskuratu duen azken Kontxako bandera irabazi zuen tripulazioko kide baitzen.

Eskuineko argazkian ikus ditzakezue, 1950ean Kontxan irabazitako banderaren ondoan, C.D. Esperanza elkarteko arraunlariak eta Olegario Iturralde presidentea. Mundo Deportivok argitaratutako albiste honetan Inus Etxeberriak berak kontatzen du 100.000 pezetako saria jaso zutela, sekulako dirutza garai haieterako, eta prestaketa eta otordu bereziez gozatzeko aukera izan zutela. Zeozer egin beharko Valdecillako markesaren babespean zeuden pedreñarrak mendean hartzeko. Antonio Korta "Pintxan" patroiaren agindupean aritutako tripulazio osoa ere zerrendatua ageri da albiste horretan.

Horra bada, Ahotsak ekimen horrek gogora ekarri didana. Nik behintzat badut asmoa webgune horretan eskaintzen den ondarean pixka bat kuxkuxeatzeko. Ez dago gaizki noizean behin atzera begiradatxo bat egitea, edadetuei eta beren esanari arreta eskaintzea; betiere hobeto jakingo baitugu aurrera nola egin, aurrera egingo badugu.

(Argazkiak: ahotsak.com, elmundodeportivo.es)

2010/07/28

Unai Luzuriaga "Txinpart" Donostiarraren webgunean

Donostiarra klubaren webguneak eskaintzen duen informazioaren artean, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari egiten zaion elkarrizketa hau gehitu dute gaur.

Kirol-ibilbide luzeko arraunlari donostiar honek hainbat gauza komentatzen ditu, eta irakurtzea gomendatzen dizuet. Hona ideia nagusiak: pixka bat goraxeago egotea espero zuten; maila oneko arraunlariak daude klubean, baina oraindik talde modura guztiz bateratu gabe daude, eta plantillari eutsiz gero (garrantzitsua da hori), datorren urtean pauso nabarmena emango luke traineruak arlo horretan. Bere kirol-bizitzako azken urratsak etxean emateko asmoz itzuli da Donostiara, traineru bateratuaren proiektuan beti sinetsi izan duelako, eta esperientzia zabalarekin eskain dezakeen laguntza emateko prest.

Oso arraunlari kuttuna izan dut Unai Luzuriaga betidanik; adiskide ez banaiz ere, txikitatik ezagutzen dut, eta pertsona ezin jatorragoa izateaz gainera, arraunlari izugarria eta langilea iruditu izan zait beti. Edozein giza talderentzako funtsezkoa. Traineru bateratuaren proiektua gauzatu zenean, ezinbesteko pieza izan behar zuela pentsatu nuen, dudarik gabe gainera, eta guztiz poztu nintzen aurten itzuli zela jakitean. Urtero denboraldia amaitzen denean trasteak utzi eta erretiratzeko gogoa zinez ulertzen badut ere, espero dut oraindik ere puska batean arituko dela tostan jo ta fuego, Donostiako arraunaren etorkizunari arnas ematen.

PD: Norbaitek esan diezaiola KAE Ligari Unairen fitxan agertzen den adina ez dela zuzena. Mirari bat litzateke 53 urterekin duen sasoia izatea. :)

2010/07/21

Felix Erdozia hil da

Gipuzkoako Arraun Federakuntzak bidalitako ohar baten bidez jakinarazi da Felix Erdozia Martiarena hil berri dela, 95 urte zituela.

Urtetan Ur-Kirolak taldeko arraunlari izandakoa, gero talde horretako entrenatzaile izan zen, baita klubeko presidentea ere 1949 eta 1971 bitartean. Gerora, 1971 eta 1984 bitartean, Espainiako Arraun Federazioaren presidente ere izan zen. Seguruenik, bera izan zen arraunketa olinpikoa indartzen ahalegin handiena egin zutenetako bat.
Besarkada bat arraun munduko pertsona garrantzitsu honen senitarteko eta adiskide guztiei.

(Argazkia: Felix Erdozia, berari egindako omenaldi batean, Lasurtegi eta Climent arraunlarien artean: diariovasco.com).

2010/07/18

Martin Berasategik Donostiarraren propaganda ETBn

Aspalditik ezaguna da Martin Berasategi sukaldari handia xaltxa guztietan ibili zalea dela. Lan isil asko egina da Martin, dudarik gabe, baina jendaurreko plaza zaratatsuetan agertzea oso gustukoa duela ere ezin uka.

Kontua da uztailaren 15ean berriro ere telebistan agertu zela, beste sukaldari famatu baten programan, hain zuzen: David de Jorgek aurkezten duen Robin Food programan.

Eta hara non agertu zitzaigun Donostiarra traineruko bandera atzean zuela, lepoan zapia jarrita, eta mahai gainean zapia eta txanoa, denak ere klubaren ikurrarekin. David de Jorgek ere lepoan du zapia. Traineruari arnas ematera deitu zituen arraun zaletuak, eta txiki-txikitatik ezagunak dituen klubeko arduradunak goraipatu zituen (Joserra Mendizabal, Mendi, eta Joxan Jauregi bereziki, Parte Zaharrekoak izaki, Martin bezalaxe).

Kuriosoa egin zait horrelako programa batera joatean Berasategik izan duen okurrentzia edo detallea; baina traineruaren oihartzun mediatikoa eta taldearen sozializazioa indartzeko balio badu, bejondeiola Martini.

Programa osoa ikusi nahi duenak, hemen du aukera (1:20 - 2:50 minutuan egiten du "propaganda"), eta mendrezka ezin goxoagoa egiteko jarraibideak ere ikasiko ditu, bide batez. On egin!

2010/07/04

Xabier Zabala "Bixkar"

Irutxuloko HITZAk ostiraletan kaleratu ohi duen ITZURUN gehigarriko aste honetako alean, Xabier Zabala Bixkar arraunlari eta entrenatzaile donostiarrari egin diote elkarrizketa.

Xabier Zabala (hona hemen KAE Ligan duen fitxa) Ur-Kirolakeko arraunlari eta entrenatzaile izandakoa da ("Nire bihotzeko kluba Urki da" dio elkarrizketan), eta hainbat talde eta klubetan egin du arraun bere kirol-ibilbidean. Azken urteetan Hernanin dabil, gaztetxoekin lanean bereziki, hango arraun-tradizioa berreskuratu eta sendotu nahian. Kirol arloan dituen buruhausteez gainera, AHTko obrek egoitzarik gabe utziko dituen kezkari ere egin beharko dio aurre. Arraunlari gisa, berriz, San Pedron arituko da aurten, gero erretiratzeko asmoa badu ere.

Artikulu mamitsua da, eta guztiz gomendagarria, hango eta hemengo arraunari buruzko gauzak jakin nahi dituenarentzat. Donostian arraunak duen egoerari buruz (harrobiaren inguruan batez ere) esaten duena ere aipagarria iruditzen zait: "Bai Urkin eta bai Arraunen dominak lortzera iritsi ginen talde asko egon ginen. Orain, ordea, badira urte batzuk beheko mailetan emaitza onik lortzen ez dutela. Kategoria txikietako lana nahiko utzia dagoela iruditzen zait".

2010/02/17

Urumean ontziak ezin behar bezala ibili

Arraun Lagunak taldeko Pedro Indo arraunlari ohiari elkarrizketa egiten zaio, gaur, Diario Vasco egunkarian. Garai bateko eta gaur egungo arraunketaren arteko desberdintasun batzuk aipatzen dira, baina, bereziki, nire ustez garrantzi bereziko kontu bat plazaratzen du Pedro Indok: Urumearen nabigagarritasuna.

Aspalditik, nahiko zabartuta dago Urumea; lokatz ugari metatzen da ibaiaren hondoan eta bazterretan, eta ez da hori konpontzeko behar bezalako garbiketarik egiten. Uraren ibilbidea nekezagoa egiten du horrek, eta, leku gehiegitan, asko urritzen du ibaiaren zabalera eta sakonera. Duela hilabete batzuetako beste artikulu batean, ibaiaren egoera horrek Ondarretako hondarraren eskasian ere eragina zuela esaten zen, uraren ibilera nekezaren eraginez ez baitzen hondar guzti hori itsasora iristen eta, gero, hondartzetan metatzen.

Eta, jakina, sakonera eskasak eta ibilgu murritzak guztiz zailtzen du ontziak bertatik igarotzeko aukera. Zer esanik ez bosgarren zubi horren obra amaiezinek egoera hori areagotu ondoren. Zer gertatzen da horren ondorioz? Ba, Indok dioen bezala, orain Donostiako klubek ezin dituzte beren entrenamenduak egin Urumea ibaian, beti egin izan den bezala (are gutxiago estropadak antolatu). Soustonseraino joan-etorriak egin behar izaten dituzte, eta horrek, bidean aurrera eta atzera ibiltzeak dakarren arriskuaz gain, beste eragin txar bat du: kirola ikusezin bihurtzen duela. Ibaian jendea arraunean ikusteak gogoa (harra) sor diezaioke jendeari, etorkizuneko arraunlariei. Baina horrelakorik ikusi ezean, nola piztu ezer? Indok dio Soustonsen oso pozik daudela arraunlari donostiarren jardunarekin, besteak beste bertako afizioaren pizgarri ere badelako.

Beste hainbat lekutan ibaien egoera eta itxura txukuntzen ari dira, baita kirola egiteko eremuak prestatzeko ere, Tolosan egin duten hesi puzgarri hori lekuko. Hemen ordea, ibaiaren egoerari kasurik ez, zubien lanak noiz amaituko jakin ez (hiri honetan ohikoa den moduan), ibaian arraunlaririk ez, kirola gizarteratzeko modu hori berreskuratzerik ez, arraunlari donostiarrak bidaia ezerosoetan ibil daitezen saihesteko aurreikuspenik ez, eta abar.

(Argazkia: diariovasco.com)

2009/09/20

Gabi Larrinaga: donostiar arraunlari handia



Duela hamar bat egun, Gabi Larrinaga (1975) arraunlari donostiarrari elkarrizketa egin zion BERRIA egunkariak. Kontxako Banderaren zurrunbiloa zela-eta, ahaztu egin zitzaidan horren berri ematea blog honetan.
Azken urteotan Donostiak izan duen arraunlari onenetako eta ezagunenetako bat da Gabi Larrinaga, sei taldetan ibilia da eta Kontxan 14 partaidetza izan ditu (1995ean irabazi zuen). Bere kirol-ibilbidearen nondik norakoak kontatzen dizkigu elkarrizketa honetan: Arraun Lagunak, Donibaneko, Pasai Donibane, Orio, Zarautz eta San Pedro taldeetan izan duen ibilera, joan-etorrien zergatia, eduki dituen taldekideak, eta etorkizunerako dituen asmoak. Elkarrizketa interesgarria.

2009/05/26

Luis Karril: akats bat eta bi istorio



Apirilaren 1eko mezuan esaten nizuen oso zabaldua zegoela Luis Karril Asturiasen jaio omen zeneko uste oker hura.
Ba horixe ikus dezakegu, gaur ere, Irutxuloko HITZA egunkarian patroi handi horri buruz egin duten artikuluan, asturiarra zela baitiote. Akats horretaz aparte, haren desafio entzutetsuenari eta heriotza tristeari buruzko datu batzuk dituzue. Bi gertakari horien inguruko artikulu luzexeagoak egiteko asmoa nuen, baina tira, hor duzue kontakizuna...
Eta, berriro ere: ezetz ba, Luis Karril donostiarra zela, Torrekua!!!

2009/04/01

Luis Karril donostiarra zen, Torrekua


(Argazkia: © www.euskonews.com)

Oso zabaldua dago, baina uste okerra da, Luis Karril (1847-1892) Asturiasen jaio omen zeneko hura. Interneten bistadizo azkar bat ematea besterik ez dago, patroi mitiko honen bizitza jorratzen duten ia artikulu, liburu eta idazki guztietan horrela dioela ikusteko, alegia, Asturiasen sortu zela. Alabaina, Luis Karril donostiarra zen.
Haren biloba batek, okerreko datu hori ikusteaz nazkatuta-edo, jaiotza agiria bilatzeari ekin zion, eta azkenean lortu zuen frogatzea Luis Karril, Luis Torrekua, Donostian jaio zela eta joxemaritarra zela, Santa Maria elizan bataiatu baitzuten. Biloba horrek bere lekukotasuna ematen du artikulu honetan. Erraz berretsi dezake informazio hori edonork, Donostiako Elizbarrutiko agirien bilatzailean galdetuta (Carril C letraz agertzen da hor, noski), eta, pixka bat gehiago miatuta, garbi ikusten da patroia ez zela lehen belaunaldi donostiarrekoa. Bere aita, Agustin Karril Noel, Aginagan bataiatu bazuten ere (halabeharrez izango zen), donostiarra zela pentsa daiteke, honen anaia-arreba denak, zaharragoak nahiz gazteagoak (alegia, Luis Karrilen izeba-osabak) Santa Marian bataiatu ziren-eta. Eta, belaunaldi bat gora jauzi eginda, agiriotan ikus daiteke Luisen aitona ere, Mariano Joaquin Karril Medina, joxemaritarra zela.
Non bataiatu zen badakigu, baina non bizi zen patroi handia? Luis Karrilek Torrekua goitizena omen zuen, Torrean bizi zelako, hau da, Itsas Kontsuletxe izandakoan, gaur egungo Untzi Museoan (Donostiarra - Kaiarriba klub berriaren ikurrean agertzen den eraikinean, hain zuzen). Ez da ahaztu behar eraikin horren eta lonjaren aurrean zegoen moila edo kaiari Torreko Kaia izena ematen zitzaiola.
Bego, beraz, betiko esana: Luis Karril donostiarra zen, ez beste inongoa. Beste egun baterako utziko ditut bere heriotzaren drama eta bere garaipenik sonatuena (Ondarroari irabazi zionekoa).