2009/09/02

1.000 bazkide lortzea helburu



Donostiarra traineruaren proiektua gizarteratzeko lanean gogor ari dira klubekoak; horren lekuko atzoko aurkezpena, bazkideak biltzeko ekimen berria aurkeztu baitzuen klubak atzo. Ekimen honetan, Gureak taldeko EgunOn zerbitzuaren lankidetza izango dute, herritarrei informazioa zabaltzeko eta bazkide egiteko bideak zehazteko. Gaur egun dauzkagun 400 bazkidetik 1.000 izatera omen da kanpaina berri honen helburua. Ez da ahaztu behar 1.000 bazkidek 30.000 euroko diru-sarrera eratuko luketela; ez da mauka makala klubaren diru-kutxarentzat.

30 soziedade gastronomikok ere 100 euroko ekarpena egingo dutela esan du Alberto Goitia presidenteak elkarrizketa honetan.

Beste puntu aipagarri bat da klubak, azkenean, webgune berria ireki duela (eskuineko esteken zerrendan duzue eskura). Arraunzaleentzat eta Donostiarrako bazkideentzat atari baliagarria eratzen badute, edukiz aberatsa eta informazio eguneratukoa, Internetek eskaintzen duen potentzialitateaz baliatzeko aukera eskainiko zaio Donostiako arraunari.

2009/08/30

Donostiarra: Liga denboraldia amaitu da


Amaitu da aurtengo KAE-ARC Liga. Kontxaren atarian, hainbat ondorio ateratzeko garaia da hau.

Kontuan hartzekoa da iaz eta aurten taldea eratzeko eta bideratzeko prozesuak eta epeak oso desberdinak izan direla, tamalez (ez ditugu xehetasunak eta arrazoiak berriro errepikatuko). Hala ere, emaitzak hortxe-hortxe ibili dira Donostiarra A traineruari dagokionez: aurten 88 puntu lortu dituzte 15 estropadatan (5,86 batez beste), iaz 81 puntu 14 estropadatan (5,78 batez beste). Denboraldian izandako bilakaera ere iazkoaren nahiko antzekoa izan da: sailkapenaren erdialdeko emaitzak lortzen hasi (helburua zen bezala), abuztu hasieran emaitza onenak lortu, eta abuztu amaieran emaitza kaskarrenak; Kontxari begira egindako lan kargaren eraginez, seguruenik. Ea aurten Kontxan iazkoa hobetzerik duten; aurrerapausu baten seinale izango litzateke, datozen urteetan emango omen den jauziaren atari gisa-edo.

B taldean berriz, gorabehera asko izan diren arren (gertatu behar ez luketen itsusikeriak barne) eta emaitzak erdipurdikoak izan badira ere, ontzat eman beharko da esperientzia, etorkizunari oinarria jartzeko lehen pausua izan delakoan. Harrobiko gaztetxoei lehiaketan murgiltzen hasteko aukera eman die B traineru honek, eta jarraipena izan dezala garapen-prozesu horrek datozen urteetan, benetan garrantzitsua baita hori etorkizuna eduki nahi duen talde batentzat. Hori bai, errepikatu behar ez diren gauzak bazterrean utzi behar lirateke betiko; eta seriotasun eta zintzotasun handiagoak exigitu beharko lizkioke zuzendaritzak hainbat teknikori.

Arraunlariek denboraldian izan duten egitekoa ikusi nahiz gero, hona hemen arraunlari bakoitzak jokatutako estropada kopurua:
DONOSTIARRA A
Aitor Aranegi 15
Andima Martinez 15
Ekain Iriarte 15
Hibai Fuente 15
Ibai Sistiaga 15
Jon Lizarralde 15
Patxi Olabe 14
Asier Lopez (Pat.) 13
Iagoba Bakero 13
Jon Sardon 13
Iñaki Fraile 11
Gorka Ibarluzea 10
Iñigo Collazo 10
Jon Quintana 10
Aritz Peiro 9
Unai Iparragirre 8
Telmo Yurramendi 7
Ion Fidalgo (Pat.) 2
Ander Iriarte 0
Imanol Brit 0

DONOSTIARRA B

Hodei Abaurrea 15
Iban Ramos 15
Oier Iurramendi 15
Jon Mayoz 14
Mikel Iradi 14
Xabier Zubiri 14
Andoni Lizaso (Pat.) 13
Lander Clemente 13
Mauricio Barros 13
Ricardo Ponce 13
Xabier Lezertua 13
Asier Urdangarin 12
Aitor Casis 11
Nikolas Yurramendi 8
Ekaitz De Ibero 7
Jokin Egaña 6
Alberto Domingo 5
Xabier De Diego 5
Elias Arruabarrena 2
Manu Roteta (Pat.) 2
Andres Fernandez 0

2009/08/20

Izurdearen fama eta botakarraren izana

Botakarra, Scomberesox saurus.
Demagun izurde bat eta botakar bat uretan ziztu bizian igerian ikusten ditugula, norgehiagoka larri batean lehiatzen. Jakinik bata bestaren harraparia dela, lehia orekatua izango al litzateke? Zein gertatuko litzateke irabazle?

Ez, ez, lasai... oraingoa ez baita itsasoko animaliei buruzko natura-dokumental bat, XIX. mendeko getariarren eta donostiarren arteko arraun-desafio bat baizik. Eta zer pintatzen dute, bada, bi animalia horiek istorio honetan? Ba, horiexek zirela desafio hartako ontzien izenak: Izurdia Getariakoa eta Potakorra Donostiakoa.

Desafioa Getarian jokatu zen; zein urtetan egin zen ezin dugu jakin zehazki, ez baitago data zehatzik adierazita inon. Hala ere, Antonio Zabala zenak Jose Manterolaren bilduman jasota topatu zituen egun hartako kontuak jorratzen dituzten bi bertso-paper. Hortaz, eta bilduma hori 1877koa denez, estropada nahitaez lehenagoko urteren batean gertatu zela badakigu behintzat. Bertso-paper horietako baten izenburua (Izurdiaren fama eta potakorraren izana) erabili dut, hain zuzen, idazki honi titulua jartzeko.

Dena delako urte hartan, nolabaiteko liskarra izan omen zen arraunlari getariarren eta donostiarren artean, Donostian lehenago antolatutako estropada bat zela medio: hainbat kontu eta eztabaidaren ondoren, ez zen estropada jokatzerik izan. Hurrengo egunetan, Donostiakoei errua botaz, Getarian burla eta mespretxu ugari ibili omen ziren airean donostiarren kontra. Azkenean, kontuak garbitzeko-edo, getariarrek desafioa bota zieten donostiarrei: batel-estropada bat, bosna arraunlari eta patroia izanik tripulazioa. Eta mila erreal jokoan; ez zen sari makala, garai haietarako.

Donostiarrek desafioa onartu, eta hitzartutako egunean hantxe agertu ziren Getarian batel gainean Donostiako gazteak, Anselmo patroiaren gidaritzapean. Eta bai gazteak izan ere donostiarrak, hamazazpi-hemezortzi urteko mutikoak baitziren. Getariako jendea seko harrituta geratu omen zen, gaztetxo haien itxura ikusita:

Allegatu ziraden
Getariko errira,
noski jendia franko
bazegon begira;
alkarri esanaz zeuden
alditik aldira:
"oiek estroparako
gizonak al dira?"

Apusturako lasta gisa, sei-zazpi arroa harri hartu zituzten donostiarrek, eta, bertso-paperetan esaten denez, hori ere txit barregarria izan omen zen getariarrentzat. Potakorra ea "pleiteroa" al zen (pleita edo karga eramaten zuen itsasontzia, alegia) eta antzeko burlen berri ematen da bertsoetan. Abiatu aurretik, orekarik gabeko norgehiagoka zirudien: gizaseme sendo eta zailduz osatutako izurdea, oraindik ia nerabe ziren gazte batzuez osatutako botakarraren aurka. Alabaina, uraren gainean giharrak dantzan hasi zirenean:

Gizon aulak zirala
galdubak petxutik,
indarrik etzutela
ibiltzeko txutik;
alere izurdiak
ez tragatziatik,
potakorrak utzi du
izurdia atzetik.

Oraiñdaño itxasuan
askok du ikusi:
izurdiak segita
potakorra igesi;
orain biyak pelian
diranian asi,
potakorra jarri da
izurdian nagusi.

Garaipen honek oso pozik jarri zituen, noski, donostiarrak. Ezustekoa eman eta mila erreal poltsikoratzeaz gainera, azkenaldi horretan jasan zituzten burlak kitatu zituzten getariarrekin. Eta, atzera, burlak beste aldera itzuli ziren:

Zubek eginak diran
burlaren erdiyak
jarri eztitugu emen
ez pentsa guziyak;
amarretatikan bost
dirade utziyak,
karanba getariyar
demontrez josiyak!

Adios, getariyarrak,
adios, ikusi arte,
ezer ofrezitutzen
bada eman parte;
Getariyatik ezta
Donostiya aparte,
adios, aje gabiak,
nai dezuten arte.

Azken lerro hauek une horretako sentimenen isla besterik ez dira, ez dakidala haserretu getariarrik. Arraunean garai onenak bizitzen ari ez diren bi herri historikoren omena izan dadila istoriotxo hau.

2009/08/15

Soziedadeak Donostiarrarekin bat eginez



Donostiako soziedade gastronomikoak Donostiarra traineruaren proiektuan inplikatuta daude. Jakina da Union Artesana ondo errotuta dagoela uztailean izendatu berri den zuzendaritzan. Eta, harreman-sare hori aprobetxatuta, beste soziedade asko ekimenarekin bat egin dezaten lortzeko bidean dira, traineruari dirutxo bat emanez, edo jendea bazkidetzara batzeko zereginean lagunduz.

Traineru berria gizarteratzeko lanean ari diren seinale, bart arratsean Donostiarraren bandera zintzilik ikusi genuen hainbat soziedadetan. Hemen jarri dudan argazkia, Kanpandegi kaleko Zubigain soziedadeko mastarena da. Hori bai, bandera buruz behera zintzilikatuta ikusi genuen, bai hemen eta bai Gaztelubiden ere; akats hori konpon dezala konpondu behar duenak.

Bestalde, bandera horiek, kamisetak eta Donostiarraren gainerako merchandising gauzak saltzen dituzte Lorea izeneko dendan, Portu eta Aingeru kaleen izkinan (Aingeru kaleko eskaileratik hurbilen dagoen izkinan).

2009/07/31

Donostiarra Euskadiko Txapelketan

Hondarribian jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketan, Donostiarrak zazpigarren postua eskuratu du. San Pedro, Zarautz eta Zumaiak txapelketa horri uko egin diotelako aritu dira donostiarrak lehian. TKE mailako Arkote gainditu du, eta Kaiku ikusgarria aparte utzita, gainerakoengandik minututik behera iritsi da, Orio 29 segundo eskasera izanik, eta Urdaibai 39 segundora.

1. Kaiku 19:16:84
2. Hondarribia 19:34:17
3. Urdaibai 19:46:22
4. Orio 19:54:07
5. Santurtzi 20:11:90
6. Pasai Donibane 20:12:63
7. Donostiarra
20:25:27
8. Arkote 20:55:14

2009/07/30

Presidente berriaren asmoak



Alberto Goitiari, Donostiarra arraun-elkarteko presidente berriari elkarrizketa egin diote gaurko Irutxuloko HITZAn. Proiektua nola hartu duten, orain egin beharreko lana, eta etorkizunerako dituzten itxaropenak kontatzen dizkigu bertan.
Ekimenaren lema oraintxe hartu dutela-eta, pixkanaka joan behar dela dio, hankak lurrean ondo jarrita; hala ere funtsezko xedeen berri ematen digu: Donostian eta donostiarrengan ilusioa piztea, bazkide kopurua handitzea, zalegoa ikusgai egitea, bizpahiru urte barru ontzi lehiakorra eratzea, eta, oraindik urruneko helburua badirudi ere, kanpoan ari diren donostiar arraunlariak berriro etxeratzen saiatzea.
PD: Zorionik beroenak eman nahi dizkiot Irutxuloko HITZAri Donostiako arraunketari egiten dioten segimendu hain egokiarengatik. Bejondeizuela!

2009/07/28

Fortunako neskak TKE Ligan


Aurreko mezu batean esan bezala, hiru arraunlari donostiar ari dira emakumeen TKE Ligan: Amaia Dublang (Gros, 1976), Aloña Gastesi (Añorga, 1976) eta Maite Martin (Antigua, 1977).
Hirurak Fortuna taldekoak dira, eta Zumaia eta Hondarribiako tostetan ari dira aurten. Gaur, Irutxuloko HITZAn elkarrizketa egiten diete, beren kirol-ibilbidea eta kanpoko taldeetan aritzeko arrazoiak komentatzeko. Interesgarria iruditu zait niri.
Bukaeran esaten den esaldia, elkarrizketaren titulu gisa erabili dutena, aipagarria da: «Gezurra dirudi arraunak, kentzen duen guztiarekin, zenbat ematen duen».

2009/07/27

Zuzendaritza berriaren asmoak



Kaiarriba klubeko zuzendaritza berria ofizialki izendatu zen atzo, Ur-Kirolakeko Loiolako egoitzan (aurreko mezuan duzue kideen zerrenda). Ondorengo prentsaurrekoan, Alberto Goitia lehendakari berriak aditzera eman zituen klubaren lan-ildo eta asmoak.
Lehenik, klubaren kohesioa eta integrazio gogoa azpimarratu zituen, hau da, orain arteko kluben arteko ika-mikak baztertu eta Donostiarra traineruaren inguruan indarrak, ahaleginak eta ilusioak biltzeko gogoa. Donostiako herritarrak traineruarekin identifikatzea eta garai bateko zaletasuna eta ilusioa berriro piztea, funtsezko helburuak dira.
Herritarren inplikazioa lortzeko, proiektua gizarteratzeko ahalegina egingo dute: bazkideak biltzeko kanpaina berri beti ekingo zaio, "Donostiarra naizelako, porque soy donostiarra" lelopean. Lehen urratsa karpa batzuk ezartzea izango da, bai Donostia-Donostia txirrindularitza-klasikan (abuztuaren 1ean, Bulebarrean), bai Realaren mendeurreneko partiduan (abuztuaren 15ean, Anoetan), bazkideak izen emateko aukera izan dezaten, eta traineruaren proiektua ikusgai egiteko herritarren aurrean. Denden eta ostalarien inplikazioa ere bildu nahi dute zeregin horretan.
Kirol-arloan, Mendi entrenatzaileak adierazi zuen aurtengo asmoa dela proiektuaren oinarriak ezarri eta sendotzea, lan-kultura bat finkatzea eta arraun-estilo bat lantzen hastea. Epe laburrera, Kontxan lan txukuna egitea da helburua, eta hurrengo pausoa, berriz, TKE ligara igotzea.
Jakina, horretarako ezinbestekoa da baliabide ekonomikoak eskura izatea. Ildo horretan lana gogotik egin behar dela jakitun da zuzendaritza berria, eta prest daude proiektua gara dadin behar adinako baliabide horiek eskuratzeko lanerako.
(Argazkia: Diario Vasco).

2009/07/23

Donostiarra (Kaiarriba): Zuzendaritza berria



Donostia Arraun Lagunak taldeko webgunean esaten denez, hau da Kaiarribak izango duen zuzendaritza berria:

Alberto Goitia Larman
(Lehendakaria)
Jose Ramon Iradi Urdanpilleta (Lehendakariordea)
Fermin Tomas Zubeldia Fano (Diruzaina)
Felix Martinez Gracia (Idazkaria)
Jose Manuel Roteta Etxeberria (Bokala)
Javier Nogueras Uribe (Bokala)
Iñaki Santesteban Rotaetxe (Bokala)
- -
Joseba Ubillos Salaberria (Ordezkoa)
Iñaki Otsoa De Uribe Labaien (Ordezkoa)
Jose Maria De Diego Torres (Ordezkoa)

Donostiarra Gipuzkoako Txapelketan

Getarian jokatu den Gipuzkoako Traineru Txapelketan, Donostiarrak zazpigarren postua eskuratu du. Denboraldi osoan Ligan erakutsitako mailari eutsi dio, bere txandan nagusituz KAE-2ko traineruen aurretik nabarmen (minutuko aldea), eta TKEkoetatik urrun (hurbilena 20 segundora).
1. San Pedro 19:26:48
2. Hondarribia 19:27:23
3. Orio 19:45:49
4. Zarautz 19:51:57
5. Pasai Donibane 20:03:20
6. Zumaia 20:11:45
7. Donostiarra 20:31:24
8. Trintxerpe 21:31:01
9. Hibaika 21:41:16

2009/07/18

Nesken diaspora


Aurreko idatzian esaten nizuen hainbat arraunlari donostiar daudela beste herrietako traineruetan. Baina, gizonezkoak bakarrik kontuan hartu eta neskekin ahaztu nintzen.
Donostiako neskek (Ur-Kirolakekoak bereziki) Kontxarako traineru bat atera nahi zutela kontatu nizuen beste mezu honetan, baina ez da ligetan lehiatuko den ontzi donostiarrik uretaratu aurten. Alabaina, gaur HITZAn jakin dugun moduan, badira ligan ari diren beste herrietako tostetan dabiltzan hiru neska donostiar: Amaia Dublang Hondarribian, eta Aloña Gastesi eta Maite Martin Zumaian.

2009/07/16

Eliteko donostiarren diaspora


Gauza jakina da donostiar asko dagoela arraunketaren elitean, Donostiakoak ez diren hainbat trainerutako tostetan sakabanatuta.
TKE ligako puntako traineruetan dabiltzanen berri ematen du gaurko Irutxuloko HITZAk artikulu honetan: Zarautzen ari diren Alain Osanbela eta Unai Luzuriaga; San Pedron diharduten Jon Ander Obiñeta, Lander Larrauri eta Gabi Larrinaga; Castron dabilen Xabier Etxebeste; eta Orion ari diren Haritz Etxebeste, Fernando Balenziaga eta Asier Kolina.
HITZArekin solasean, Ligari buruzko lehen jardunaldietan izan duten esperientzia eta aurrera begira dituzten asmoak azaltzen dituzte.
Maila bikaineko horrelako arraunlari gehienak Donostiako tostetan ikusiko al ditugu etorkizunean...

2009/07/12

Arraun Lagunakeko beteranoak sasoian


Donostia Arraun Lagunak taldeko beteranoek oraindik ere sasoi bete-betean daudela erakutsi dute.
2X eta 8+ ontziek urrezko domina hirukoitza atera dute aurten: Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan; Orion, ekainaren 14ean, Soustonsen, ekainaren 21ean eta Sevillan, ekainaren 27an, hurrenez hurren.
Hona hemen bi ontzi horien tripulazioak:
2X
Borja Pablos Fernandez
Aitor Irindo Solera
8+
Borja Pablos Fernandez
Aitor Iriondo Solera
Gustavo Canal Lizarbe
Imanol Arruti Guerra
Jose Ramon Berasaluze Erkizia
Joakin Bein Sanchez
Eulogio Genova Emezabal
Joseba Higos Iriarte
Andrea Canal Deleito (Lemazaina)

2009/07/04

Postu eta zale bila, bigarren urtez


Donostiarrak denboraldia nola hasi duen ikusteko, elkarrizketa egin diete Mendi entrenatzaileari eta Jon Lizarralde arraunlariari, gaurko Irutxuloko HITZAn.
Gauza oso zentzuzkoak esaten ditu Mendik bi taldeen osaerari eta helburuei buruz; baita landu beharreko arlo teknikoari eta esfortzuaren kulturari buruz ere. Eta, nola ez, taldeak beharrezkoa duen zalegoari buruz ere zeozer esaten du. Hitz interesgarriak.

2009/06/30

1959: Ur Kirolak supertxapeldun


Gaurko Diario Vascoko alean, Ur Kirolakeko tripulazioek 1959an izandako ongietorriaren berri ematen digu Javier Sadak, garai bateko istorioak kontatuz duen sailean.
Urte hartan, egundoko balentria egin zuen Ur-Kirolak klub donostiarrak, Espainiako Txapelketan urrea lortu baitzuten skiff, 2+, 4+ eta 8+ kategorietan. Garai hobe baten oihartzunak, inondik ere.
Argazkia: Diario Vasco - (Kutxa Fototekak utzia)

2009/06/26

Donostia, Donostiarrarekin txanpan


Atzo, Donostiako hainbat pertsonaia eta erakundek bere elkartasuna adierazi zioten Donostiarrari, Konstituzio plazan egindako ekitaldi batean, Union Artesana soziedadearen ekimenez. Besteak beste honakoak elkartu ziren:
Donostiarrako arraunlariak, Patxi Olabe, Jon Mayoz, Ibai Sistiaga, Andima Martínez, Iñaki Fraile, Lander Clemente, Telmo Yurramendi, Mikel Iradi, Aritz Peiro, Aitor Aranegi eta Gorka Ibarluzea; klubeko zuzendaritzakoak, Antxon Iriarte eta Tomas Zubeldia; Ur-Kirolakeko zuzendaritzakoak, Javier Nogueras eta Ibon Gorraiz; Euskadiko Arraunketa Federazioko presidentea eta Donostia Arraun Lagunakeko presidente ohia, Josetxo Fernandez Bakeriza; Fortunako presidenteordea, Carlos del Río; zinegotziak, Denis Itxaso, Jon Lasa, Duñike Agirrezabala, Xabier Ezeizabarrena, Jaione Arratibel, Mertxe Garmendia, José Luis Arrue, Ainhoa Beola eta Aitziber San Román; Real Sociedad eta GBCko presidenteak, Jokin Aperribai eta Gorka Ramoneda; Bera Berako presidentea, Fernando Díez; Euskal Txirrindularitza Federazioko presidentea, Jose Luis Arrieta; Juantxo Koka pilotaria; kirolaren munduko Txomin Perurena, Kote Olaizola, Enrique Erentxun eta Iñigo Olaizola; Iñigo Argomaniz Get In-eko burua; Rafael Agirre Franco idazlea; A Fuego Negroko eta Bernardo Etxeako sukaldariak, eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria; Ramon Agirre eta Jose Ramon Soroiz aktoreak; Union Artesanako Juanjo Beltza eta Gaztelubideko Juan Mari Abad.
Normalean, ez naiz horrelako pertsonaiekin egindako ekitaldien zalea; baina erdi lo dagoen afizioa esnatzeko balio badu, bego. Donostiarrarekin txanpan!!!
(Argazkia: Gorka Estrada - Noticias de Gipuzkoa)

2009/06/21

Donostiarrako plantillak


Hona hemen Donostiarrako bi plantillak; guztira, ari diren 41 arraunlaritik iaz Donostiarran 12 izan ziren (8 Kontxan). 26 arraunlari propioak dira, eta 15 ez propioak.
KAE 1:
Aitor Aranegi
Ander Iriarte
Andima Martinez
Asier Lopez
Ekain Iriarte
Gorka Ibarluzea
Haritz Peiro
Hibai Fuente
Iagoba Bakero
Ibai Sistiaga
Imanol Brit
Iñaki Fraile
Iñigo Collazo
Ion Fidalgo
Jon Lizarralde
Jon Quintana
Jon Sardon
Patxi Olabe
Telmo Yurramendi
Unai Iparragirre
20 hauetatik 9 iaz Donostiarran aritu ziren (7 Kontxan). 12 propio dira, eta 8 ez propio. Aipatzekoa da Asier Lopez patroi beteranoaren itzulera.

KAE 2:
Aitor Casis
Alberto Domingo
Andoni Lizaso
Andres Fernandez
Asier Urdangarin
Ekaitz De Ibero
Elias Arruabarrena
Hodei Abaurrea
Iban Ramos
Jokin Egaña
Jon Mayoz
Jose Manuel Roteta
Lander Clemente
Mauricio Barros
Mikel Iradi
Nikolas Yurramendi
Oier Iurramendi
Ricardo Ponce
Xabier De Diego
Xabier Lezertua
Xabier Zubiri
21 hauetatik 3 iaz Donostiarran izan ziren (1 Kontxan). 14 propio dira, eta 7 ez propio.
Zorte on denoi !!!

2009/06/17

Donostiarrako zuzendaritza uztailaren 27an hautatuko da.


Bazkideei jakinarazi zaienez, uztailaren 27an hautatuko da Donostiarra-Kaiarriba klubeko zuzendaritza berria. Hona hemen hauteskundeen egutegia:

Ekainak 8: hauteskundeen deialdia.
Ekainak 26: hautagaitzak aurkezteko epea hasten da.
Uztailak 3: hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen da.
Uztailak 11: hautagaitzen iragarpenerako epea Arraun eta Urkiko sotoetan.
Uztailak 27: Ezohiko Batzar Nagusia, hautagaitza-zerrenden artean zuzendaritza berria hautatzeko.

2009/06/06

Donostiako neskak Kontxan izango dira


Donostiako udalak kirolari buruz argitaratzen duen Mugi aldizkarian esaten denez, Ur-Kirolakeko neskek Kontxako banderan trainerua ateratzeko asmoa dute.
Antza, Donostiako traineru batek parte hartzea besterik ez da asmoa. Berez aulki mugikorra egiten duten neskak dira, eta tostako arraunketaz ez dakite askorik. Hala ere, eskertzekoa da gure bandera nagusian donostiarren presentzia bideratzeko asmo hori.
Ekainaren 19an gehitua: Irutxuloko HITZAn argitaratutako albiste honetan beste argibide batzk ematen dira: 14 arraunlari jubenil eta senior elkartu dira (2 Arraunekoak dira).

2009/06/01

Donostiar arraunzale baten oroitzapenak


Mutil koxkor bat amaren eskutik helduta, tximeletak sabelean, anaiarekin batera ttipi-ttapa Portu kaletik kai alderantz. Horra hor arraunzale koxkero honek arraunari buruz dituen lehen oroitzapenak. Txiki-txikitako oroitzapen kuttun eta maitatuenen artean dauzkat Kontxako estropaden ingurukoak

Goizean goizetiko kaleetako zalapartak esnatuta —etxafuegoak noiznahi, eta, oi, oriotarren sirena puta hura!!... bizi al da?—, eguneko ikuskizunaz gozatzeko prest jaikitzen zen ume mukizu hura. Sukaldeko irratian, nola ez, arraun-kontuak, eta, tarteka, Herri Irratiko arraun-emankizunetan ohikoa izan den trikiti-melodia bixia. Leihora irten eta kalera begira jarri ohi zen mutikoa, zaleen jardunari barre eginez. Nola ez barre egin, adibidez, duela hogeita hamar urte inguru Sotera eta Kaiku animatzera etortzen ziren andre haien kemen iskanbilatsua aurrean izanda? Egunkariei bistadizo bat ematen zien hurrena, ondo ulertzen ez zuen hizkuntza batean idatzitako letren artean traineru eta arraunlarien argazkiak deszifratu nahian-edo… eta, azkenean, entzun nahi zituen hitzen zain geratzen zen: "Umeak, joango al gera?"

Eta, amaren eskutik, anaiarekin batera, ttipi-ttapa kai alderantz. Tximeletak sabelean. Jakina, Portaletan, apustuzale eta artekarien kalaka ezagun hori! "Lasarte-Michelinek bandera ezetz!", "Kaiku honor a que no!", "Sanjuanek Oriori zortzi ezetz!"... Gero, segi pixka bat aurrera, eta, gesala eta gasolioa nahasten dituen kai-usain ahaztezin hori gozatuz, Kaiarriba aldera, zaleen artean erdi bultzaka. Traineruak garraiatzen zituzten orga herdoildu haiek ukitu gabe, badaezpada, eta beroketan aritzen ziren arraunlarien seriotasuna errespetatuta. Idolo anonimoak.

Koskortuagotzean, amaren eskua askatzean (baina sarrera ordaintzeko dirurik eta/edo borondaterik ez zen adin hartan), Trinidade eta San Telmo inguruko txokoren batetik Gaztelu aldera sartu eta Damen Bateria ondoko arroketan ikusten zuen mutiko hark estropada. Kontakizun honen garaian, ordea, Kaiarribako sotoen inguruan, arrapala arranpa gainean geratzen ziren bi anaiak; arraunlari eta traineruen uretaratzea ikusi, eta hantxe, zain... Halako batean, eupada eta animoz betetako zoramen zaratatsua: "Hara! Atera dira!". Eta, ia oharkabean, urrun, urrunegi, traineruak. Megafoniak ematen zuen informazioaren zain egon behar: "Ziabogan, lehena Orio, bigarrena Donostia (bai, izenez "Donostia" huts-hutsik, abizenik gabe)...". Ume haren imaginazioan geratzen ziren arraunlarien nekeak, popa erakutsi ezinaren amorrua, ahaleginaren arnasestua. Eta bat-batean, itzulerako eupada eta animo garrasiak berriro ere, “Hemen dira! Hemen dira!” eta, bukatzeko, denborak megafonian. "Sartu al da Donosti tandadeonorren, ama?"

Pixkanaka, jende andana biltzen hasten zen Kaiarribako arrapalan. Txalo zaparrada lehorreratzen ziren tripulazioentzat. Zale entusiastenak hantxe sartzen ziren uretan, belaunetaraino, patroiari pozezko bizkarrekoak emateko, lepotik helduta erdi itota geratzeko trantzean jartzen ez zutenean. Hain ondo ibili ez zirenak, aldiz, burumakur traineru barruan, zaleen txaloei tristeki eskerrezko agur-keinuak eginez. Haiek ere heroiak ziren, hala ere, heroi anonimoak, dena arreta handiz jarraitzen zuten begitxoentzat. Eta, handik gutxira, ume harentzat galduezina zen eszena: arraunlariek, trainerua bizkarrean jartzeko, ontzia iraultzeko unea. "Ea, ea, adi… kontu hortik… heldu ondo… bat, bi... orain!" eta, itsaso zakarreko egunetan, ur parrastada ontzi barrutik lurrera. Zoragarria.

Gero, etxean beti izaten ziren aitak kontatutako arraun-giroko istorioak: Donostiak ziaboga 1. kalean egin eta 4. kaletik sartu zeneko hura, Rekalde tabernan gizon batek —estropada eguneko edanak gehiegi piztuta-edo— ukabilkada batez adiskidea lurrean zerraldo utzi zueneko hura, puntetatik kanpora nahiko zabar eta alfer antzean arraun eginagatik puntetatik barrura herritarren aurrean dotore eta kementsu arraun egiten zuen beste hark entzun behar izaten zituen errietak, eta beste hainbat eta hainbat istorio...

Ume harentzat, kirolaren alderdi ludikoa eta alderdi emozionala —herri baten afizio izatekoa, kolore jakin bateko jarraitzailea—, hori besterik ez zen arrauna. Baina, haurtzaroa atzean utzi nuenean, ikasi nuen kirol honek bazituela beste alderdi batzuk ere, lehen begi-kolpean agian hain erakargarriak ez direnak, baina, seguruenik, benetan arraunaren muin-muineko zentzua biltzen dutenak bere baitan: neguko hilabete ilun eta ezezagunetan egiten den lan isil eta eskergaitza, lainope goibeletan arraunlariek ia egunero egin behar izaten dituzten saio latzak, kresaletan gazitutako izerdia, bigunak gogortu eta gogorrak bigundu beharra gorputzean, esku-ipurdietako zauri eta kalloak. Udako sariaren zain, abenduko arrats ilun, umel eta izoztu batean trainerua uretaratu eta jo eta su arraunean aritzea guztiz miresgarria da gorputza sufriarazteko abilidadean emaitzarik aurkitu ez dugunontzat. Eta are gehiago —entrenatzaileen egunez eguneko dedikazioa eta direktiboen buruhauste etengabea bezalaxe— ia dena musu -truke edo diru-sari askorik gabe egiten denean, zaletasun hutsagatik. Azken garaiotan ugariagoak diren salbuespen batzuk kenduta noski.

Horregatik, ume koskor izateari aspaldi utzi dion honako hau, udako estropadetan odola emozioz irakinda izan ohi duen arraunzale koxkero hau, neguan eta udaberrian ahal duenean kai aldera itzultzen da, bere koloreak defendatuko dituzten arraunlarien dedikazioaz aho zabalik geratzera. Eta jakin badaki jadanik eskutik heltzen ez dioten ama eta anaia zaharra, kaian paseoan badabiltza, adi geratzen direla Kaiarribako sotoetan mugimendua ikusten badute. Bai eta kostaldeko beste edozein herritan lepoa ur aldera luzatu ere, nonbaitetik estropu hots erritmikoa entzuten badute. Eta Kontxako Banderaren egunetan, edo traineru donostiar bat lehian ari denean, gogora etortzen zaio bere aita zena, nola kontatzen zizkion Donostiako arraunaren inguruko istorioak eta nola joaten ziren elkarrekin Kontxako igande goiz batzuetan kaia, itsasoa, traineruak eta giroa ikusiz gozatzera, txakolin freskagarri bat hartu aurretik.

Hori dena da niretzat arrauna, hori dena dut oroitzapen. Helduaroan odola irakinda sentiarazten dizun edozer eta, batez ere, umetan sabelean tximeletak sentiarazten dizkizun edozer, ez baita, inola ere, ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez dezala hori sekula ahaztu eskutik helduta gauza gogoangarri batez gozatzera eramateko moduko umeren bat duen ezein gurasok.