2010/08/26

Donostiarrak Kontxan zuzenean, bai edo ez?

Data hauetan, urtero-urtero sortzen da eztabaida: donostiarrek zuzenean Kontxako Banderan parte hartu behar duten edo ez... Bakoitzak bere iritzia izango du honi buruz, baina askotan beldurtu ere egiten da bat jendea zeinen kategorikoa den ikusita.

Tira, hasteko, betiko debekatuko nuke Arraunketaren Olinpiada izendapen hortera eta ezin absurdoago hori. Ezin dut eraman. Olinpiada olinpiada da, eta Kontxako Bandera Kontxako Bandera da. Ez da zertan konparatu, eta Donostiarra klubetik bertatik izen hori erabili izanak halako mutur-okertze bat eragin dit. Hala ere, ni horrelakoa naiz, ez egin kaso handirik. Dena dela, gogoratu nahi nuke Olinpiadetan ere geratzen direla on asko kanpoan: esaiozue Jokoetara joan ezinean geratzen den laugarren belozista estatubatuarrari, bera baino marka txarragoa duen hainbat parte hartzen ikusten ari denean.

Jarraitzeko, onartzen dut ez dela atsegina hasiera-hasieratik atze-atzean geratzen den traineru bat ikustea (azken 10 urteotan pasa den bezala), are gutxiago zuk maite duzun trainerua denean, eta nolabait kalte egiten diola estropadaren ikuskizunari (bai eta Donostiako klubei berei ere).

Hori alde batetik. Baina, bestalde, donostiarrek besterik gabe lekurik izan beharko ez luketela diotenek ere, gauza asko izan beharko lituzkete kontuan. Postura hau defendatzen dutenen artean bereizi nahiko nituzke arraun-munduan dabiltzanak eta kaleko zaletu 'xume' batzuk. Arraun munduan dabiltzanek badakite Donostiaren berri, eta besterik gabe kirol irizpideak jarraituta "onenak irabaz (edo parte har) dezala" defendatzen dute. Eztabaida sakona eta kontsentsua behar da auzia konpontzeko; lehen esan bezala, hau ez baita olinpiada, Kontxako Bandera baizik, eta udal batek era pribatuan antolatzen duen bandera. Eztabaida dadila eta auzia konpondu. Horretan ez dut askorik esateko.

Kaleko zaletu askoren ahotik, ordea (Donostiaz kanpokoez ari naiz), goitik-beherako begiradak, topiko aspergarriak, eta errespetu falta handiak ere jasan behar izan ditu pertsonalki donostiar honek, ezjakintasunaren ahotik, gehienetan. Horiei bizpahiru gauza esan nahi nieke.

Askorentzat Donostia hutsaren hurrengoa da kirol honetan, ez da arraun herri "autentikoa," (berena bai, noski) eta “betidanik” erridikuloa egin du Kontxan. Alabaina, Donostia historikoki erreferentea izan da arraun munduan; hasiera-hasieratik, onenetakoa baitzen traineruak arrantza kuadrillek osatzen zituzten garaian (XX. mendeko lehen hamarkadetara arte). Hala ere, ez da hain atzera joan behar; 90eko hamarkadan ohorezko txandan eta are "podiumean" sartzen ziren donostiarrak, eta ohikoa zen bi donostiar izatea Kontxako banderan lehian, sailkapen estropadan bere lekua irabazi zuelako bigarren traineru batek. Bestalde, ez da ahaztu behar arraunketa olinpikoaren aitzindari ere izan dela Donostia, 1920ko hamarkadatik bertatik. Bada zeozer Donostia arraunketan, beraz.

Eta nola ez, kontuan hartu behar da Donostiak antolatzen duela Banderarik garrantzitsuena, duela 130 urte baino lehenagotik. Batzuen ustez, Kontxako Banderaren fama horretaz “aprobetxatu” egin nahi du Donostiak. Fama hori airetik edo zerutik etorri izan balitz bezala. Eta ez, ez da zerutik etorri: arraunaren herri "ez-autentiko" honek ehun urte baino gehiagoz lan egin du estropada hau orain dena izan dadin lortzeko. Badirudi ez dela aitortu egin behar Donostiak arlo horretan egindako lana. Kirol honek bizi izan zituen urte latzenetan ere (1950eko hamarkadan adibidez), estropada jarduna guztiz ahulduta zegoen urte horietan, beste hainbat herri (denok dakigun salbuespen onrosoez aparte) arraunaz batere arduratzen ez ziren garai horietan, Donostiak herriz herri egin zuen lana, kuadrillak bildu eta Kontxara etor zitezen konbentzitzeko, sari itxurosoak proposatzeko, Kontxako bandera eta, ondorioz, arraunketa bera bizirik mantentzeko, azken batean. Baina hori Donostiak eta ez bestek egin izana, zer inporta dio... ken zaitezte orain paretik eta trabatik donostiarrak.

Egia da lan hori dena Donostiari komeni zitzaiolako egin zela, hiriari sona ematen ziolako, baina baita ere kirol hau maite zuten agintari askok lana latz egin zutelako ere. Zenbat herrik egiten zuen lan arrauna aurrera ateratzeko? Zenbat bandera jokatzen ziren garai haietan? Zenbat herrik hartzen zuen kirol honi bultzadatxo bat emateko eta sos batzuk emateko buruhauste arina? Orain oso grazioso geratzen da Odon eta Denisi egurra ematea (ni lehena, aizue, itxurakeriak salatzeko), baina Kontxako Bandera bezalako gauza eder bat lortu izana ere ez al zaio aitortu behar Donostiari, meritutxo hori eta meritu horrek dakartzan eskubidetxoak ere ez al zaizkio aitortu behar?

Eta, hala ere, halako goitik-beherako begirada batzuk ere jasan behar dira, baita kirol honetara atzo goizean iritsitako batzuen eskutik ere. Ken daitezela orain donostiarrak paretik, traba egiten dute eta! Ba ez, Kontxako banderaren historiak bere nondik-norakoa izan du, bere izaera propioa eta bakarra du, eta donostiarrei aitortu behar zaie bertan zer egin erabakitzeko eskumena. Azken batean ez delako arbitrariedade handirik egiten, 8 ordez 7 sailkatzeko araua besterik ez da jartzen. Jakin nahiko nuke askoren iritzia Bandera hau eta bere historia osoa beren herrian kokatua balitz. Eta noski, kritikatzen den gauza bakarra da donostiarren parte hartzea; antza, inork ez du arazorik gipuzkoar guztiek, maila apalenekoek ere, sailkapen-estropadan aritzearekin, nahiz eta bizkaitar, kantabriar edo galiziar 'hobeak' alboan geratu.

Beste kontu bat da zergatik ez duen Donostiak neurri egokia eman traineruan azken urteotan. Kritikoa naiz klub donostiarrek izan dituzten hainbat jokabiderekin, uste baitut ez direla Donostiako arraunaren onerako izan. Baina esan behar da, era berean, adibidez Donostiako trainerilla oso bat blokean beste herri bateko talde batek fitxatuko balu, oso bitxia izango litzatekeela gero talde horrek Donostiari Kontxan parte hartzeko eskubidea ukatu nahi izatea, maila ematen ez duelako aitzakian. Ez dut esan bidezkoa ez litzatekeenik, esan dut bitxia irudituko litzaidakeela. Badakit arrauna aldatu egin dela, eta beste kirol-irizpide batzuk, eta kirola gainditzen dutenak, bereziki, direla nagusi gaur egun (kupoei buruzko eztabaida ere hor dago: ni kupoen aldekoa naiz, askok 'onenak irabaz dezala' ideiaren kontrakoa dela uste badute ere; hala ere, kuriosoa da, 'onenak irabaz dezala' ideia hutsa matizatu egin behar dela-eta kupoen alde dauden askok 'onenek parte har dezatela' ideia hutsa defendatzen dute Kontxan). Baina bego hor esana esan behar nuena.
Donostiarrek pribilegio guztiak galtzearen kontra EZ dagoen arraunzale batek esaten dizue: edozer gauza defendatzen dela ere, topiko txoroak utzi alde batean, arren; errespetu bat Donostiari.

2 comentarios:

  1. Ez naiz oriotarra, hau hasieratik garbi gera dadila. Badaezpadaere. Oriotarrak ere beti jarriko nituzke Donostiako estropadatan, kanporaketatik pasa gabe. Historiari begiratuz, pasadizo asko irakurriz, hainabat eta hainbat kronika aztertuz, zenbat eta zenbat urtetan Kontxako bandera aurrera atera da oriotarrei esker. Arraunlariz aparte, ontziak, arraunak, urtero tripulazioak aurkeztuz. Beti lehiakorrak, egoskorrak, bainan beti hor. Donostian.

    ResponderEliminar
  2. Horrexegatik nioen salbuespen onrosoena...

    ResponderEliminar