2011/02/11

Otsaileko traineru-jaitsierak

Neguko entrenamendu gogorren monotonia nolabait hausteko-edo, denboraldiko lehen traineru-lehiak datoz, urtero bezala: Bidasoa eta Oriako jaitsierak.

Iaz Donostiarra horietan parte hartu gabe geratu zen, ez baitzen Hondarribikora joan, eta Oriokoa suspenditu egin baitzen, ditxosozko ziklogenesi hori zela eta ez zela.

Aurten berriz, Hondarribira traineru bat (EDITATUA: azkenean badirudi ez dela Donostiarra han izango) eta Oriako jaitsierara bi traineru bidaliko ditu Donostiako klubak. Bidasoakoa igande honetan, otsailaren 13an izango da, 11:00etan hasita; Oriokoa berriz, hurrengo larunbatean, otsailaren 19an, 15:30ean hasita.

Oso berri pozgarria da, era berean, ikustea Donostiako beteranoen bi ontzi izango direla jaitsiera horietan, Ur-Kirolak eta Fortuna klubekoak.

Jakina da oraindik oso goiz dela ondorio seriorik ateratzeko, eta klub bakoitzak bere kasara ekiten diela prestakuntza-estropada hauei, baina, hala ere, gure mutilek ze neurri eman dezaketen sumatzen hasteko aukera izan dezakegu. Eta nola ez, arraun-ikuskizun ederra gozatzeko aukera ere bai.

No hay comentarios:

Publicar un comentario