2011/09/06

Marea txuria igandean !!!!

Marea txuria igandean: gure mutilen aldeko ekimena bultzatu dute. Kaian, Donostiarrak jartzen duen txoznan elkartuko gara donostiar arraunzaleak 10:30 inguruan, kamiseta txuriarekin, eta txaranga eta guzti arranpa aldera joango gara 11:00etan. Kaiarribako arranpa kolore txuriz bete dezagun !!! Egin diezaiegun gure mutilei merezi duten harrera!!!

Eman ekimenaren berri zure lagunei, egin dezagun marea txuri ahalik eta handiena!!!

Haizearen eta itsasoaren laguntzaz izan bada ere, Donostiarra ohorezko txandan izatea gauza handia da. Urteotan egin den lanari zoriak eman dion saritzat har dezakegu, baina egia da lan txukuna egin zuela traineruak, eta urtez urte koska bat egiten ari dela gora.

Irutxuloko HITZAn Jon Sardon arraunlariak eskainitako elkarrizketan dioenez, "hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria da" igandekoa, baina, era berean, "erantzukizuna" da arraunlarientzat.

Edonola ere, susmoa dut inflexio bat ere izan daitekeela Donostiako afizioak traineruarekin duen harremanean. Mediatikoki oihartzun berezia izan du joan den igandekoak, eta agian jendea gehiago animatuko du traineruaren alde egitera. Mendik pasa den astean zioen bezala, "lo dagoen erraldoia" da Donostiako afizioa, eta pixkanaka esnatzen joan daiteke horrelako emaitzekin.

Nire ustez, datorren igandea aukera ederra da Donostiarraren aldeko eta Donostiako arraunaren aldeko oihu bat egiteko, "hemen gaude" ozen bat esateko. Eta aukera ona izan daiteke iganderako antolatu den marea txuria.

Poz handiz ikusten ari naiz inoiz baino Donostiarrako bandera gehiago jarri dituela jendeak zintzilik. Ikusi ezkerrean, zeinen itxura ederra zuen abuztuaren 31 kaleak atzo arratsean. Baina gero eta gehiago izan daitezen lortu behar dugu. Ikus dezatela gure arraunlariek hiri oso bat dutela atzetik eta hiritar guztien ordezkari direla itsasoan.

Beraz, anima zaitezte, demontre... erosi kamisetak eta jarri soinean igandean... erosi banderak eta jarri zuen etxe eta balkoietan. Donostiarrok, altxa burua!! Sortu dezagun gureen aldeko ez marea txuria, baizik eta tsunamia !! Aupa DONOSTIARRA, kontxo!!!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario