Nire eskura iritsi da Donostiako Orfeoiak, Donostiarraren eskutik, abuztuaren 10ean Trinitate Plazan eman zuen kontzertuko sarreraren idazkia.
Kontzertuaren hasieran, Unai Elizasuk agur hitz batzuk eskaini zizkien kontzertua entzutera bertaratu zirenei. Elizasu, bertso munduan ezaguna izateaz gainera, Donostiarra traineruko arraunlari ere bada, eta bere agur horretan nolabait uztartu egin zituen orfeoi baten eta traineru baten jarduerak, eta aipatu zuen Donostiako orfeoia donostiarrontzat den ikonoaren parekoa nahi dugula gure trainerua ere.
Ba horixe, idazkia nire eskura iritsi dela, eta zuekin konpartitzeko modukoa iruditu zaidala. Hortxe doa:
"Gabon eta ongi etorri, Donostiarrako
traineruaren alde antolatu dugun Donostiako Orfeoiaren kontzertu honetara.
Emanaldiari hasiera eman aurretik, eskerrak
eman nahi dizkiegu, Donostiarra traineruaren proiektuan babesle eta
laguntzaile, edo hobe esanda, tostakide zaituztegun guztioi. Eskerrak eman, Donostiako udalari ere. Euren
babesa, olatuak baitira guretzat. Olatu hauen gainean, gure lana, azkar eta
ondo egin ahal dugulako.
Eta gaurko honetan, modu berezian eskertu nahi
dugu, Donostiako orfeoia. Azken batean, arraunlariok oso identifikatuak sentitzen garelako zuekin.
Arraunlariok, akordean arraun egitea dugulako
helburu. Itsasoaren pentagraman, notak marrazten ditugu paladaro. Haizearen
melodian, gure arraunkaden erritmoa harmonikoa izaten ahalegintzen garelako.
Zuek, ahotsa tonuan jartzeko whiskia hartzen
duzuen bezala, hartzen dugu guk ere... bueno, alegia.. oso identifikatuak
sentitzen garela zuekin.
Egunen batean, donostiar zalegoak, halako
orfeoia izatearen harrotasun bera, traineruarekin izan dezan, lanean dihardugu. Traineruaren babesean sorturiko kamiseta bana
utzi dizuegu aulkietan, Donostiako estropadatan jantzi dezazuen. Orfeoiak ahots
kolore asko dituen bezala, Kontxako estropadan, kolore guztien artean, kamiseta
zuriak ikusi nahiko genituzke uretatik, eta kamiseta zuri horien babesean
irten, eta sartu nahiko genuke portuan.
Aurkezpenari bukaera emateko, hona hemen
gaurko tripulazioa, ababorreko kontraalto eta istriborreko sopranoak, popako
bajo eta brankako tenoreak. Euren formarik gorenean datoz, Trinitate itsaso
eder honetara.... Sainz Alfaro patroi dutela, gure estropada batean, minutuak
beste, kantu eskainiko dizkigute. Ziurrenik, kantu gehiago entzungo zenituzkete
pozik... guk ere, minutu gutxiagoan egin nahiko genituzke estropadak, baina.
Besterik gabe, goza ezazue gaurko Donostiako
orfeoiaren emanaldiarekin... goza ezazue, bihar bertan hasiko den Donostiako
Aste nagusiarekin... eta goza ezazue... bueno ez, Donostiako arraunlariok, zuek
gozarazten ahaleginduko gara datozen estropada, eta batipat, Iraileko lehen bi igandeetan,
Kontxako badian."
Hala bedi, Unai, azken esaldikoa batez ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario