Gaur idatziko dudana ez da inoren aurka
idatzia. Kritika bat ere ez dela esango nuke; gogoeta bat besterik ez da. Inor
ez dadila mindu, beraz. Nire buruan ibili ohi ditudan betiko ideia aspergarrien
beste buelta bat da. Eta, forofo txepel bat naizenez, txepelkeriak esateko
eskubidea aldarrikatzen dut, ze demontre.
Dakizuenez, langileon egutegiak eta
hezkuntza-sistemarenak oso zail egiten dute ditxosozko kontziliazioa, eta, uda
iristean, gure umeen kargu nor egingo ote den izan ohi da gurasoon
buruhausteetako bat. Aiton-amonak eta gainerako senitartekoak ere ez dira nahikoa
izaten lantegi horretarako, eta udaleku antolatuetara bidali ohi ditugu askok
haurrak. Nire alaba Kutxa Gizarte Ekintzak antolatzen dituen Donostia Ezagutuz
izeneko udalekuetara joaten da goizetan. Egia esan, oso ondo pasatzen dute,
ederki antolatuta daude, eta gure hiriak eskaintzen dituen leku eta jakingarri
asko ezagutzen dituzte.
Udalekutik itzuli zen eguerdi batean, zera
esan zidan: “Aita, etzi arraun egitera eramango gaituzte.” Hara, pentsatu nuen,
zeinen ideia ona haurrak arraun egitera eramatea, dibertituz hartzen dira-eta
horrelako zaletasunak ondoen. Gure kirola umeei erakustea oso jarduera aproposa
iruditu zitzaidan. Eta jarraitu zuen: “Bai, Oriora goaz, eta hango instalazio
batean egingo dugu arraun”. Hara!
Bale. Ulertzen dut Kutxak dirutza ederra jarri
zuela Orioko Arraunetxe egiteko, eta seguru asko hobe beharrez eskaintzen
zaizkie haurrei Kutxaren diruz ordaindutako arraun-instalazio berrienak eta
onenak. Dudarik ez dut horretan. Badakit Kutxa ez dela Donostiakoa bakarrik eta
instalazio hori berez ez dela oriotarrentzat bakarrik eta, beharbada, hitzarmen
moduko bat ere izango dutela bi erakundeek. Baina udalekuaren izena Donostia
Ezagutuz izanik, esanguratsua ere iruditu zait arraun egin behar eta ume
donostiarrak Oriora eramatea, Donostian arraun klubik eta, are gehiago, arraun
egiteko instalazio ederrik ez balego bezala. Ez dakit... klub donostiarrek
kontuan hartu beharreko zerbait iruditu zait, identifikazioak txikitatik landu
behar direla uste baitut.
Eta, bale, baietz. Igual oso kiskillosoa
naizela eta, gehiegitan ohi dudan bezala, gauzak bere onetik ateratzen ari
naizela. Baina, zer nahi duzue, nire alaba Orion algaraz arraun egiten
irudikatzen dut, kolore horiz inguratua eta klub oriotarraren erreferentzia
ugariren artean jo eta su dibertitzen, eta neure buruari galdetzen diot ea hain
erraz eramango ote liratekeen neska-mutil sanjuandarrak eta hondarribiarrak
nora eta Oriora arraun egitera (agian bai, eta hor ere hanka sartzen ariko
naiz, auskalo). Nik, forofo txepel honek, badaezpada, Donostiarrako zapi bat
sartu diot alabari motxilan, amuleto gisa edo...
Esan bezala, hau dena ez da inoren aurka
idatzia. Ezta kritika bat ere. Gogoeta bat da; nire betiko ideia aspergarriei
(“hiria ← → zalea ← → arraun-taldea” identifikazio-triangeluari) buruan
emandako beste buelta bat. Besterik ez.
PD: gure traineruak baikor izateko zantzuak eskaintzen dizkigu pixkanaka. Animo, eta segi horrela!!
PD: gure traineruak baikor izateko zantzuak eskaintzen dizkigu pixkanaka. Animo, eta segi horrela!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario