
Ezkerreko koadroan duzue arraunlari bakoitzak Ligan jokatutako estropada kopurua. Gehien parte hartu duten 14 arraunlarien artetik (tripulazio oso batetik) 13 etxeko harrobikoak dira. Eta horietako 6 iaz ez ziren A traineruan aritu, behetik etorritako gaztetxoak direnez (beno, gaztetxoak eta Azkue beteranoa).
Eta hala ere, egunero-egunero harrobiko 12-13 mutil tostetan izanda, beheko postuak urrun utzi eta bigarren txandan oso duinki aritu dira: 4 aldiz garaitu dituzte ondarroarrak, 3 aldiz getariarrak, behin lekeitiarrak, eta 6 estropadatan trintxerpetarrekin segundo pare bateko tarte eskasean borrokan aritu dira. Uste dut badela nahikoa talde gazte honi bere meritua aitortzeko.
Itxaropena pizteko moduko oinarria da, jakina. Baina ezingo gara horrekin konformatu, ala? Dudarik gabe, etorkizunerako bermea eskaintzen digu talde gazte honek. Aurten konpetizioan zailtzen aritu dira, hazten eta hazten. Eta, blokea mantenduz, gora besterik ezin du egin ekipoak. Hala ere, Donostiako arraunlari gehiago aglutinatzeko bidea eman beharko luke proiektu honek. Badakit ez dela erraza, baina izan beharko luke erakarmen nahikoa arraunlari donostiar gehiago metatzeko. Eta metatzeko esan dut, benetan ekarpena egiteko prest dagoen jendea baita behar dena, ez besterik.
Horrela, bada... zorionak denei, eskerrik asko mutilak, entrenatzaileak eta zuzendariak!!! Helburu hobeko urteetan jasoko ahal dugu aurten erein duguna!!! Zorte on Kontxan!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario