2014/01/11

Joxe Jabier Uresberueta





Donostiako arraunaren historian pertsonaia batzuk aski ezagunak ditugu. Luis Karril edo Kiriko modukoak ohikoak dira arrauna atsegin dugunon imajinarioan. Beste batzuk, ordea, zertxobait ahaztuta ditugu nolabait. Horietako bat dakarkizuet gaurkoan hona: Joxe Jabier Uresberueta.

Joxe Jabier Uresberueta Ugarte (Donostia, 1850 - 1927) Donostiako patroi bat izan zen, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran bere garrantzia izan zuena bai kirol-arloan bai arrantzaren munduan.

Arraunlari modura, blog honetan aipatua dudan batel-desafio batean parte hartu zuen 1869an, artean 19 urteko gaztetxoa zela. Getariako eta Donostiako batel bana aritu ziren, Getariatik Donostiarako ibilbidean; Donostia izan zen garailea, eta garai hartan entzute handia izan omen zuen estropada hark.

Patroi gisa ere garaipen azpimarragarriak eskuratu zituen. 1883ko Kontxako Bandera irabazi zuen Angelita traineruarekin. Bigarren geratu zen 1898an, Ondarroaren atzetik, eta 1906ko banderan ere parte hartu zuen. Kazeta batzuetan esaten denez, Luis Karril berari irabazi zion 1882an Kontxako estropada batean, baina argitzeke dago Kontxako Bandera zen ala bestelako estropada bat izan zen hura.

Arrantzaren arloan, berriz, ekarpen garrantzitsua egin zuen Donostiako portuan, bera izan baitzen Donostiara ohiko traineru eta lantxen ordez arrantza-baporeak sartu zituen lehen arrantza-patroia.

1900ean, Pierre Mari baporea erosi zuen Donibane Lohizunen, eta Denak-Bat izen berria emanda, Donostian matrikulatu zuen. Hasieran, barre artean hartu omen zuten arrantzaleek Joxe Jabierren "okurrentzia" hura, baina aldaketak ekartzen zituen onurak nabarmenak izan ziren: arrantzatzen zen kantitatea askoz handiagoa zen, eta bisiguak oso fresko iristen omen ziren portura (kaian uretara bota eta bizirik igerian joan omen zen alerik ere izan omen zen). Horregatik, gerora, beste bapore batzuk ekarri zituen Donostiara Uresberuetak; Bella Donostia eginarazi zuen Donibane Lohizuneko Letamendia ontziolan, eta, geroago, Ederrena eraikiarazi zuen Donostian, Mari Bautista Hondarribian eta Calbeton Mutrikun.

Ea denon artean ezagunagoak egiten ditugun gure arrauna handi egin zuten pertsonaia hauek denak. 

2013/10/26

Historia errepikatzera kondenatuta?

Zuria indartu eta prestigiatu beharreko kolorea da Donostian

Esaera ezagun batek dioenez, bere historia ezagutzen ez duen herria kondenatuta dago historia horixe errepikatzera. Egia izango da, seguruenik; ez dut ezetzik esango. Pentsatzen dut akatsak ez errekipatzeko ohar gisa sortu zela esaera hori, etorkizun hobea bermatzeko, alegia. Baina, Donostiako arraunari gagozkiola, historia errepikatzea zer da, kalterako edo onerako? Segurua den gauza bakarra da ezagutu behintzat ez dela oso ondo ezagutzen.

Duela egun batzuk, otordu osteko solasaldi batean arraunaren gaia atera zen mahai gainera. Ondo jan eta edan ondorengo denbora  tarte hori egokia izaten da berriketarako, baina ez da hain aproposa izaten sosegurako. Nahiz eta adiskidetasun sanoan izan. Onartu behar dut nire solaskide gehienak (herri bat baino gehiagoko jendea bildu ginen) ez zirela arraunzale handiak eta askorik ere ez zekitela arraunari buruz. Ezer ez ez esatearren. Bueno, bai, zeozer bazekiten, mediatikoki azken urte apur hauetan zabaldu dena besterik ez. Kontua da Kontxa, Donostia eta horrelakoez ari ginela, lasai asko barrezka hasi zirela nire bizkar. Aluak. Nire eta Donostia arraunean (izan) denaren bizkar barre. Sabela lehertu beharrean. Zer nahi duzue esatea, ohituta ere banago horrelakoak jasatera (nire defektuetako bat da alderdi ahulak oso agerian uzten ditudala eta xirikatzaile amorratuenek etengabe erasotzen didatela hortik), baina, bizkar zabala izanda ere, gogaitu ere egiten da bat azkenean. Eta protesta artean nire argudioak ematen hasi nintzen, isiltasuna lortzeko Fernando Arrabalen modura mahaian kolpeak sutsuki ematen nituen bitartean. Beste herrietakoei gero azalduko ditudan gauzak esan nizkien; baina mingarriena, dudarik ez, solaskide donostiarrek egindako barreak gertatu zitzaizkidan. Tu quoque, Bruto... donostiar polikromo horiek. Jas!

Donostiar horiei alferrik zen esplikatzea Donostia historikoki arraunaren elitea izan zela ("zein koño dira Kiriko, Soterotxo eta Luis Karril", "ez kontatu aiton zaharren batallitarik, astuna haiz gero"), edo arraunketa olinpikoan Euskal Herriko aitzindariak eta onenak izan garela luzaro ("buuu, zeini axola zaio banko mobila"), arraunlari olinpikoak eta Munduko txapeldunak izan ditugula ("zeini inporta zaio Erroma", "baina hori ez al zen San Pedrokoa") edo, iragan urrunera joan gabe, 1990ko hamarkadan ere Kontxan lehen hiruren artean geratu izan garela ("asmatzen ari haiz, ze froga daukak" frogak eskatzen ez zizkidaten ba... "hoa Youtubera, babua, ETB ordurako hortxe zioken eta" esaten nien) edo hamarkada horretan Espainia eta Euskadiko Traineru Txapeldun izan ginela, edo Traineru Liga nagusian laugarren edo Espainiako Txapeldun 8+ ontzian. Alferrik. Barre. Donostia eta arrauna... gauza barregarriak kontatzen ari nintzen, antza. Eta pentsatzen nuen nerekiko: zein izango gure bekatua (penitentzia latza pasarazten diguna), azken 15 urte mediatiko hauetan kontrako pausuan ibili dela arraun donostiarra, desagertu egin garela foko nagusietatik, eta ezjakinaren memoriak oso ibilbide laburra duela.

Beste herrietako solaskideei, errespetu pixka bat eskatzeaz gainera (abutxeatu ere egiten zidaten aizue, kirten haiek), esan nien gurekiko estereotipo batzuk kriterio handirik gabe errepikatzen ari zirela, loro zahar batzuk bezala. Haietako bati esan nion bere herriari beti aitortuko niola arraunean handia dela, nahiz eta 50 urte luzez Kontxan izan zuten papera guztiz testimoniala izan. Eta hutsune luze hori izanagatik inork ez zuela haien meritu historikoa ukatzen; ez zuela, beraz, hainbeste alaitasunik izan behar guri buruz txorradak esaten ibiltzeko. Arraunketa olinpikoan hutsaren hurrengoak izan direla ahaztu gabe, noski. Beste eztabaida-fronte batean, arraunaz hitz egiten ari garela txapela kendu behar den herri batekoa den beste bat 1950ko Esperanza hura eta "arrautza" famatua aipatuz hasi zen marmarrean (nola ez), ogi-mami zatiak burura jaurtitzen hasi zitzaizkidan unean hain zuzen. Nik ezetz, ordea. Traineru hartako tripulazioaren erdia baino gehiago donostiarrak zirela, eta ez dudala ezagutzen gorringo zuria duen arrautzarik. Eta, aizu, gerora ikusi dena ikusita, ea kanpoko arraunlariak ontzi barruan izateak noiz utzi zion barregarri izateari... denok barre egin dezagun orain. Sabela lehertu beharrean. Alferrik. Azkenik (ogi-koxkorrak bota eta kaskarrean min ere egin zidaten artaburu haiek orduantxe), esan nien hemen denak garela oso arraunzale eta oso autentiko, bai, baina norberaren trainerua gorengo mailan ez dagoen urteetan nekez ikusten dela herri horretako zapi eta kamisetarik kaleetan zehar. Ez ditut alferrik ikusi Donostiako kaleak Kontxako Banderan azken ia 40 urteotan, urte bat bera ere huts egin gabe. Alferrik. Barre. Donostia eta arrauna... gauza barregarriak.

Esan bezala, gure bekatua da azken urteotako garai mediatikoan kontrako pausuan sartu ginela. Eta horregatik jende askorentzako ez garela existitu ere egiten. Baina ez hori bakarrik. Lehengoan bati irakurri nion, eta egia da, arraunketa modernoan Gipuzkoako arraun-herri historiko guztiek izan dutela garaile izan diren une bat: Hondarribia, Pasai San Juan, Pasai San Pedro, Orio, Zumaia. Salbuespena: gu, Donostia. Eta susmoa dut hor aukera handi bat galtzen utzi genuela. 1983-1993 hamarkadako belaunaldi donostiar bikaina dut gogoan: Segurola olinpikoa zuen Ur-Kirolak hura, Frances tostetan zuen Donostia hura, Genoba eta Elizalde munduko txapeldunak eta jauregitarrak zituen Arraun Lagunak hura... eta garai hartako beste hainbat arraunlari donostiar. Zer ez ote zukeen lortuko traineru donostiar bateratu batek? Edo 8+ ontzi bateratu batek? Akaso ezer hoberik ez, akaso ez. Baina bateratu ezak badakigu zer ekarri zuen: baliabide horiek denak sakabanatu eta beste herrietan garaipenak lortzera joatea. Akaso ezer hoberik ez zen lortuko, baina akaso bai, eta lor zitekeen hura akaso izango zen etorkizunaren (orainaren) oinarri sendoa jarriko zuen zerbait. Eta, ezjakinen batek ez lidake ogi-mamirik botako barre artean, ustez bera bezain guaia izango nintzelako. Eta donostiar baten bat ez zen barre horietara batuko, herritarrekin modu unibokoan identifikatzen den kolore bat izango zuelako. Ez klub hau edo hura, baizik kolore zuria.

Baina, tira, utz diezaiogun iragan fikzioa egiteari, eta historia errepikatzera kondenatuta egonez gero, pentsa dezagun gure iraganaren zein parte nahi dugun errepikatu, eta zein ez. A, eta barre egin nahi duenari gogoratu nahi diot norbere buruari barre egiten hastea dela osasungarriena.

Hurrengoan, gin-tonicak zuen kontura. Niretzat Anis del Mono. :)

2013/10/07

1934: Kontxan puntetatik kanpora aritzeko proposamena

1934ko Kontxan parte hartu zuen Amaikak Bat talde donostiarra
Kontxako Banderak zeresana, eztabaida eta saltsa sortu izan ditu bere historia luzean zehar. Ez da alferrik traineru arraunketan dagoen estropadarik garrantzizkoena. Esanak esan, halaxe baita. Urteen joan-etorrian traineru, herri eta afizio ugarien kateak osatutako tradizioaz gainera, dudarik gabe bere ibilbide berezia da Kontxak duen erakargarrietako bat. Eta, hala ere, hainbat aldaketa izan ditu ibilbideak historian zehar. Adibidez, traineruak ikusleen bistatik urrunegi aritzen zirela iritzita, badia barruan aritzeko ibilbide zirkular bat eratu zen XIX. mende amaierako urte batzuetan.

Paper zaharrak arakatzen ari nintzela, ikusi dut 1930eko hamarkadan izan zela ibilbide hori aldatzeko beste saio edo iritzi-joera bat. Dirudienez, batzuen ustez pena zen traineru guztiak txanda berean aritu ezina eta traineruak txanda desberdinetan bananduta lehiatu beharra. Hori konpontzeko, irtenbide bitxi bat plazaratu zen: badiak eta, bereziki, bi puntek eratzen zuten espazio-hersturari ihes egin, eta traineru denak puntetatik kanpora aldi berean arituko liratekeen ibilbidea eratzea. Horixe ikusi dugu 1934ko banderari buruzko El Día egunkariko artikulu honetan. Ez dirudi idazkia idatzi duena ados dagoenik, eta hain zuzen bi puntek eratzen duten ingurune eder berezia eta hortik barrura badian goza daitekeen ikuskizuna goraipatzen ditu ideia xelebre hori baztertzeko. Honela dio:
«Alpeŕik ari zerate, adiskideak, ez da treñero estropadetarako gure Kontxa bezelakorik.
Akats bat: treñero guziak batera ezin jokatua. ¡A lengo igandean ere sei treñeroak batera izan balira!
Baña akats orixe aitortu aŕen, nun arki dezakezute Igeldo, Santa Klara, Gaztelu eta ondartza arteko edertasun ori? Kontxa baŕenen irten ta bi mutuŕetarañoko bero ura, ta itxaso zabalean leiatu ondoren bi mutuŕetatik baŕena sartu ta irixten diran artekoa, ezin diteke iñon berdindu.
Onegatik aitortu degun akatsa zuzendu nairik, ni mutuŕetatik kanpora treñero guziak batera bota ditezkela diotenai, zer dioten ez dakitela esango nieke. ¡Estropadak erdia galduko bailukete!
Ez, ez, auŕera ere, beti, gaur bezelaxe jokatu bitez gure estropada bikain abek. Akats ta guzti, olaxe baitira ikusgaŕien.» 
Ez dut uste oker dagoenik. Zenbat estropada amaiera eder, zenbat lehia estu, zenbat emaitza-iraultze, zenbat emozio eder ez ote ditugu ba ikusi puntetatik barrurako ibilbide horretan. Ez dirudi oihartzun handiegirik izan zuenik ideia bitxi horrek, ez baita beste inoiz horrelako asmorik planteatu izan. Eta hala gera bedi... artikuluak dioen bezala "akats eta guzti, holaxe baitira ikusgarrien".

Gero datu interesgarri batzuk aipatzen ditu artikuluan apustuen harira, eta pronostiko bat ere egiten du. Tamalez, azken emaitzak ikusita, ezin da esan iragarle gaitasun handirik izan zuenik. Baina tira.

2013/09/09

Bukatu da 2013 denboraldia

Argazkia: Irutxuloko HITZA
"Inoiz eztet aurten beste arraunaz gozatu. Denboraldi berrirako gogoz...". Horixe idatzi zuen atzo Donostiarrako arraunlari ezagun batek bere Twitter kontuan. Eta itxaropenez betetzeko moduko mezua dela iruditzen zait.

Atzokoan ere, Kontxako Bigarren jardunaldian, neurri egokia eman zuen Donostiarrak. Bi jardunaldien baturan, 2:07,28ko atzerapena metatu zuten irabazlearekiko. Aldaketa bakarra egin zuen Bixkarrek bigarren jardunaldirako, entrenamenduetan landutako blokeari jarraipena eman nahian-edo. Talde gaztea, etxekoa, eta lan oso duina eginez. Iaz, bigarren jardunaldiko estropada bikaina eta guzti, 7 segundo hobea besterik ez zen izan batura hori (Urdaibai deskalifikatu ez balute, 12 segundo hobea izango zen). Iazko plantilla eta aurtengoa konparatuta, datu esanguratsua iruditzen zait, oso esanguratsua, prestaketa lanak eta mutilen errendimendua zein izan diren baloratzeko.

Eta hortik ematen diot garrantzia hasieran kopiatu dudan tuit horri. Taldea gustora aritu da denboraldian entrenatzen, giro ona dute, etxekoak dira, proiektuarekin inplikatuta daude, eta horrek urrea balio du arraunaren moduko talde-kirol batean. Bloke fidagarria osatu dute arraunlariek eta entrenatzaileak, eta denboraldi berrirako gogoz omen daude, gainera. Gauzak ganoraz eginez gero, progresio handiko taldea izan daiteke, talde lan hori hobetuz eta pare bat ukiturekin segundo hobekuntza majoa egin dezakeena. Ziklo honek jarraipena izan dezan lanean ari dira orain arduradunak, eta ahalik eta azkarren gora egin dezala da denon desioa. Gu ere denboraldi berrirako gogoz gaude, kai-mutur eta petriletatik animoak emateko berriz ere.

Dena dela, ez nuke amaitu nahi emakumeei buruz zerbait esan gabe. Han eta hemen arraunlari donostiarrak badira beste herrietako traineruetan. Uste dut Donostiak izan beharko lukeela katalizatzeko gaitasuna, Donostialdeko emakume arraunlarientzat erreferentea izan dadin. Emakumeen arrauna garai modernoetan sartu da zeharo, sendotzen ari den joera batean dabil, eta ez dakit ba ez ote duen Donostiako arrauna duela urte gutxi mutilekin gertatu zen bezala kontrako pausuan harrapatuko.

Dagokionari.

PD: lesioak, ekaitzak eta deskalifikazioak... baina kontua da Donostiarra Kontxan aritu den 6 edizio horietatik 3 aldiz baino ez dela 8. postuan geratu. Kuriosoa oso.

2013/09/02

2013 Kontxako lehen jardunaldia

Harrobiko 13 mutil izan dira ontzian gaur (Trintxerpek utzitako mutiko gazte bat da harrobikoa ez den bakarra)., eta tripulazioko 8 arraunlari ez zeuden iaz A traineruan. Eta, hala ere, askok espero baino emaitza hobea lortu dute Kontxako lehen jardunaldi honetan. 20:20,20ko denborarekin, txandako irabazlearengandik minutua baino lehenago iristea lortu du gure taldeak, eta jardunaldiko irabazleak (Urdaibaik) 1:03 kendu dizkio.

Emaitza horren neurri egokia ulertzeko, hona hemen datu batzuk: Donostiarrak Kontxan 6 urtetan izan dituen 11 estropadetatik irabazlearekiko 2. diferentzia txikiena izan du gaur, eta Donostiko traineruek Kontxako historian 104 urtetan jokatutako estropada guztien artetik 8. denbora onena izan da.

Eta esan bezala, harrobiko 13 mutil ziren ontzian; 8 arraunlari berri. Bere apalean, uste dut aitortzeko moduko meritua izan duela gaurkoak. Etorkizunerako oinarria badagoela iruditzen zait.

Eta gauza negatiboak haizatzeko garaia ez bada ere, gaurkoak are latzago adierazten du iazko denboraldiko errendimendua (Kontxako 2. jardunaldian salbu) ez zela inola ere taldeak merezi zuena.

Zorte on bigarren jardunaldirako!!

2013/08/28

Donostiarrak Kontxan: estatistikak

Kontxako Bandera jokatuko den aste honi begira gaudenez, iaz bezala Donostiako traineruek Kontxaren historian izan duen parte hartzeari buruzko datuen estatistika txiki bat eskainiko dizuet.

Esperanza, Kontxako azken irabazle donostiarra (1950)
Kontxako Banderak 117 edizio izan ditu. Donostiako ontziren bat izan da horietako 103 ediziotan. Guztira, 152 traineru donostiar lehiatu dira Kontxako Banderaren bi igandeetan.

Lehen postua, hau da, bandera: 14 aldiz
Lehen lauren artean: 82 aldiz
Gehien errepikatutako postua: 3.a (27 aldiz)

Sailkapen estropada irabazi: 1 (1976).

Denbora onena:  19:48,61 (Arraun Lagunak, 1991)
20 minututik jaistea lortu duten klubak: 3. Arraun Lagunak 1991, 1992, 1993; Ur-Kirolak 1993; Donostiarra 2012

Bandera gehien irabazi dituen patroia: 
Franzisko Zufiaurre "Kiriko", 5 bandera

Jarraian irabazitako edizioak: 7 bandera (1883-1894 bitarteko denak, hainbat urtez ez baitzen jokatu).
7 bandera horiek Kontxan jarraian irabazitako errekorra ezarri zuten. Egia da San Pedrok duela, Aita Manuelekin, urte jarraietan bandera gehien irabazi izanaren errekorra (6 bandera, 1927-1932 bitartean), baina bandera jarraien errekorra Donostiak du (7 bandera, esan bezala). Garaipen segida hori izan zen, besteak beste, Donostiari hurrengo urtean (1895ean) parte hartzen ez uzteko arrazoia, gainerako herriak etortzera anima zitezen.

Noizbait Kontxan parte hartu duten klub edo elkarte donostiarrak: 10. Datu ikusgarria da, baina arraunak gure hirian izan duen ekimen indarraren adierazgarria.
Behean duzue elkarte bakoitzak parte hartu duen urte kopurua. "Bestelakoak" esatean, besterik gabe Donostiako herriaren izenarekin aritutako ontziak edo bertako arraun-kuadrillak adierazi nahi da:

Arraun Lagunak: 15
Donostia: 15
Ur-Kirolak: 14
Jaizkibel: 8
Esperanza: 7
Amaikak Bat: 7
Loiolatarra: 6
Donostiarra: 5
Empuje: 2
Fortuna: 1
Bestelakoak:  72

Ez ahaztu datu hauek eta askoz gehiago ere eskura dituzuela Wikipediako sarrera honetan.

2013/08/26

Amaitu da 2013 Liga

Bukatu zaigu, bada, 2013ko ARC Liga. Donostiarrak 7. postuan amaitu du, eta, azken urteotako sailkapenen ondoren, norbaitek atzerapausua izan dela pentsa badezake ere, uste dut baleko urtea izan dela aurtengoa. Eta itxaropena pizteko modukoa. Kontuan izan behar da iazko denboraldia amaitzean baja ugari izan zirela, eta plantillak sakon birmoldatu beharra izan zuela. Hala ere, B traineruan egindako lan bikainari esker, harrobiak ondo erantzun zuen, eta etorkizunerako oinarria hor zegoela erakutsi dute aurten gure mutilek.

Ezkerreko koadroan duzue arraunlari bakoitzak Ligan jokatutako estropada kopurua. Gehien parte hartu duten 14 arraunlarien artetik (tripulazio oso batetik) 13 etxeko harrobikoak dira. Eta horietako 6 iaz ez ziren A traineruan aritu, behetik etorritako gaztetxoak direnez (beno, gaztetxoak eta Azkue beteranoa).

Eta hala ere, egunero-egunero harrobiko 12-13 mutil tostetan izanda, beheko postuak urrun utzi eta bigarren txandan oso duinki aritu dira:  4 aldiz garaitu dituzte ondarroarrak, 3 aldiz getariarrak, behin lekeitiarrak, eta 6 estropadatan trintxerpetarrekin segundo pare bateko tarte eskasean borrokan aritu dira. Uste dut badela nahikoa talde gazte honi bere meritua aitortzeko.

Itxaropena pizteko moduko oinarria da, jakina. Baina ezingo gara horrekin konformatu, ala? Dudarik gabe, etorkizunerako bermea eskaintzen digu talde gazte honek. Aurten konpetizioan zailtzen aritu dira, hazten eta hazten. Eta, blokea mantenduz, gora besterik ezin du egin ekipoak. Hala ere, Donostiako arraunlari gehiago aglutinatzeko bidea eman beharko luke proiektu honek. Badakit ez dela erraza, baina izan beharko luke erakarmen nahikoa arraunlari donostiar gehiago metatzeko. Eta metatzeko esan dut, benetan ekarpena egiteko prest dagoen jendea baita behar dena, ez besterik.

Horrela, bada... zorionak denei, eskerrik asko mutilak, entrenatzaileak eta zuzendariak!!! Helburu hobeko urteetan jasoko ahal dugu aurten erein duguna!!! Zorte on Kontxan!!!

2013/08/22

Donostiarra Facebook eta Twitterren

 
Asko poztu naiz Donostiarra klubak bere komunikazio bitartekoak eguneratu eta Facebook eta Twitter kontuak ere ireki dituela ikusita.

Aspaldi sinetsia nago Donostiako arraunak nolabaiteko burrunba mediatikoagoa behar duela. Bagarela sozializatzeko, hemen egin eta egingo ditugunak ezagutarazteko, edo zer dakit nik, Twitter bidez esaten duten bezala, entrenamenduak non eta noiz izango diren jakinarazteko besterik ez bada ere, oso tresna interesgarria iruditzen zait. Entrenamendu bat ikustera doan ume bat etorkizuneko arraunlari bat izango da agian, batek daki.

Argazki sorta ederrak eskaintzen dituzte, baita estropadetako denbora eta informazioa ere. Eta kontu historikoren bat ere aipatu dute.

Zorionak, bada, erabakia hartu eta kontu horien ardura duenari.

2013/07/11

Donostia ezagutzeko, arraun egitera Oriora

Gaur idatziko dudana ez da inoren aurka idatzia. Kritika bat ere ez dela esango nuke; gogoeta bat besterik ez da. Inor ez dadila mindu, beraz. Nire buruan ibili ohi ditudan betiko ideia aspergarrien beste buelta bat da. Eta, forofo txepel bat naizenez, txepelkeriak esateko eskubidea aldarrikatzen dut, ze demontre.

Dakizuenez, langileon egutegiak eta hezkuntza-sistemarenak oso zail egiten dute ditxosozko kontziliazioa, eta, uda iristean, gure umeen kargu nor egingo ote den izan ohi da gurasoon buruhausteetako bat. Aiton-amonak eta gainerako senitartekoak ere ez dira nahikoa izaten lantegi horretarako, eta udaleku antolatuetara bidali ohi ditugu askok haurrak. Nire alaba Kutxa Gizarte Ekintzak antolatzen dituen Donostia Ezagutuz izeneko udalekuetara joaten da goizetan. Egia esan, oso ondo pasatzen dute, ederki antolatuta daude, eta gure hiriak eskaintzen dituen leku eta jakingarri asko ezagutzen dituzte.

Udalekutik itzuli zen eguerdi batean, zera esan zidan: “Aita, etzi arraun egitera eramango gaituzte.” Hara, pentsatu nuen, zeinen ideia ona haurrak arraun egitera eramatea, dibertituz hartzen dira-eta horrelako zaletasunak ondoen. Gure kirola umeei erakustea oso jarduera aproposa iruditu zitzaidan. Eta jarraitu zuen: “Bai, Oriora goaz, eta hango instalazio batean egingo dugu arraun”. Hara!

Bale. Ulertzen dut Kutxak dirutza ederra jarri zuela Orioko Arraunetxe egiteko, eta seguru asko hobe beharrez eskaintzen zaizkie haurrei Kutxaren diruz ordaindutako arraun-instalazio berrienak eta onenak. Dudarik ez dut horretan. Badakit Kutxa ez dela Donostiakoa bakarrik eta instalazio hori berez ez dela oriotarrentzat bakarrik eta, beharbada, hitzarmen moduko bat ere izango dutela bi erakundeek. Baina udalekuaren izena Donostia Ezagutuz izanik, esanguratsua ere iruditu zait arraun egin behar eta ume donostiarrak Oriora eramatea, Donostian arraun klubik eta, are gehiago, arraun egiteko instalazio ederrik ez balego bezala. Ez dakit... klub donostiarrek kontuan hartu beharreko zerbait iruditu zait, identifikazioak txikitatik landu behar direla uste baitut.

Eta, bale, baietz. Igual oso kiskillosoa naizela eta, gehiegitan ohi dudan bezala, gauzak bere onetik ateratzen ari naizela. Baina, zer nahi duzue, nire alaba Orion algaraz arraun egiten irudikatzen dut, kolore horiz inguratua eta klub oriotarraren erreferentzia ugariren artean jo eta su dibertitzen, eta neure buruari galdetzen diot ea hain erraz eramango ote liratekeen neska-mutil sanjuandarrak eta hondarribiarrak nora eta Oriora arraun egitera (agian bai, eta hor ere hanka sartzen ariko naiz, auskalo). Nik, forofo txepel honek, badaezpada, Donostiarrako zapi bat sartu diot alabari motxilan, amuleto gisa edo...

Esan bezala, hau dena ez da inoren aurka idatzia. Ezta kritika bat ere. Gogoeta bat da; nire betiko ideia aspergarriei (“hiria ← → zalea ← → arraun-taldea” identifikazio-triangeluari) buruan emandako beste buelta bat. Besterik ez.

PD: gure traineruak baikor izateko zantzuak eskaintzen dizkigu pixkanaka. Animo, eta segi horrela!!

2013/06/12

Amaikak Bat

Blog honetako aspaldiko sarrera batean aipatua dut Donostiako elkarteek hiriko arraunean izan zuten pisua. Esan liteke nolabait haiek eman ziotela bultzada traineru donostiarren jardunari arrantza-kuadrilla tradizionalen eta kirol-elkarte modernoen arteko trantsizio-garaietan, eta gure arrauna bizirik mantendu zutela kirol honentzat hain zailak izan ziren hamarkada batzuetan. Elkarte haien arteko bat dugu Amaikak Bat.

Amaikak Bat Kirol Elkartea 1907an sortu zen (duela sei urte ospatu zuten mendeurrena, H eta guzti). Elkano kalean izan zuen lehen egoitza. Gaur egun jarduera garrantzitsuena gastronomikoa bada ere, sorreratik kirol-arlora bideratu zuen bere ekimen nagusia; izenak berak ere futbol-hamaikakoari egiten dio erreferentzia. Elkarte polideportiboa izan zen, kirol-modalitate ugari landu zituena: jatorrian futbol-taldea, gerora estatuan aitzindaria izan zen eskubaloian, eta era berean aritu zen pilotan, futbolean, mendi-irteeratan eta, noski, baita arraunean ere.

1932an arraunean hasi eta trainerua aurkeztu izana gauza berritzailea izan zen: kuadrilla bat besterik gabe bere izenean edo Donostiaren izenean aurkeztu ordez elkarte baten izenean aurkezten zen lehen aldia izan zen hura gure hirian. Eta bi elkarte donostiarrek egin zuten hori, ez baita ahaztu behar Empuje elkarteak ere beste traineru bat eraman zuela Kontxara urte hartan.

Amaikak Bat elkartearen egoitza.
(Ikus fatxadan hiriaren zigilu zaharraren erreplikak)
Beste kirol-atal bati ekin eta arraun-ibilbidea abiarazteko erabaki hartan, zerikusi handia izan omen zuen elkartearen egoitza aldatzeak: 1932an egoitza Parte Zaharrera eraman zen, eta hain justu urte horretan uretaratu zuen Amaikak Batek bere trainerua lehen aldiz. Egoitza lekuz aldatzean, Parte Zaharreko giroan inplikatu nahia erakutsi zuen elkarteak, eta bat egin zuen auzoan garai hartan bizi-bizi zegoen zaletasun harekin; arraunarekin, alegia. Arraunak eta Parte Zaharrak (bereziki kai inguruak) elkarrekin zuten harreman estua ulertzeko, sarrera honetan erakutsi nuen zerrenda ikusi besterik ez dago: arraunlari gehien-gehienak bertakoak ziren.(1) Beraz, traineru-egitasmoan buru-belarri sartuta, elkarteko bazkideek diru-bilketa jarri zuten martxan, traineruaren gastuei aurre egiteko, eta egoitzan otorduak eskaintzen zizkieten arraunlariei, entrenamenduetan behar bezalako kemenez aritu zitezen arraunari tiraka. 

Amaikak Bat taldeko Joxemaritarra trainerua (1932)
Lotura hark hamarkada bat iraun zuen, eta, bitarte horretan, zazpi aldiz parte hartu zuen Amaikak Batek Kontxako Banderan. Banderarik eskuratu ez zuen arren, bi aldiz lortu zuen bigarren postua (1932 eta 1940an), eta beste urte batean hirugarrena (1933). Joxemaritarra, Donostiarra II, Koruko Ama Birjiña eta Amaikak Bat izeneko traineruak erabili zituen Kontxan, eta popan Eustakio Iraola “Famao” famatua eta bakerizatarrak (Balentin eta Antton) aritu ziren patroi. Bitxikeria gisa esango dugu bigarren postua lortu zuen bi urte haietan garaile izan zela banderaren bigarren jardunaldian, eta 1940ko garaipen horren harira anekdota bitxi honen protagonista izan zela Koldo Mitxelena hizkuntzalari ezaguna (eta bertsolari afizionatua, antza).

Traineruez aparte, beste garaipen bat ere eskuratu zuen bere arraun-ibilbidean, 1953an Zarauzko trainerilla-estropada ospetsuak irabazi baitzituen.

Uste dut gauza hauen berri izatea eta bakoitzari zor zaiona aitortzea ez dela kalteko, arrauna atzo goizean telebistaren gerizpean jaio zela pentsatzen duten batzuentzat bereziki.

 (1) Zerrenda horretan, Parte Zaharreko hainbeste arraunlariren artean, baten ezohiko edo salbuespeneko jatorritzat aipatzen da Amara Zaharraren gainean dagoen Txanpuene baserria. Bada, gogoan hartzekoa da asteburu honetan bertan ospatzen duela baserri horrek (urtero egiten duen moduan) beste urtebete iraun duela zutik. Luzaro iraun dezala!

2013/06/02

Txapeldunak!!! Zorionak mutilak, zorionak!!!

Donostiarrako taldekideak txapelketako
lehen jardunaldian

Hau da marka!! Bost urte luze Donostiarraren garaipen baten zain, eta horra, Mediterraneoko ur urrunetara joan ez dira, bada, palmaresa betetzen hasteko.

Egia esan, gure inguruko taldeetako arraunlariek ez dute maiz parte hartzen modalitate horietan (lagun askori esplikatu behar izan diet zer den Mediterraneoko Llaüt izeneko hori, eta barre ere egin dit xelebreren batek), baina ze arraio, garaipen bat garaipen bat da, eta ez du meritu makala. Donostiarrako bitrinek badute lehen txapelketa apaingarri, Gipuzkoako Federazioak ligako gipuzkoar onena izateagatik emandako bi bandera haiei konpainia egiteko. Behean duzue finaleko bideoa.

Ilusio berezia egiten dit aurten ziklo berri batean hasi den talde honek zaleei horrelako poza eman izanak. Eta espero dut arraunlariei berei ere emango diela halako kemen bat, laster hasi behar duen denboraldi berriari hortzak estutuz ekiteko. Platanito edo ez platanito, horretxek emango baitio klubari garaipen gehiago lortzeko aukera.

Hala ere, zalantza bat dut: bi lagun txepelek behinola egindako apustu edo promesa moduko hau, bandera bat irabaziz gero egin beharrerko hau egiteko, Llauten txapelketa hau ere kontuan hartzekoa al da? Bi lagunek eztabaidatu egin beharko dute, eta dena dela, eguraldi hobeak datozenean izan beharko...

2013/05/21

Amaitu du Donostiarrak trainerilla denboraldia

Donostiarraren A trainerilla Orion.
Argazkia: argazkiak orioae
Amaitu berri da trainerilla denboraldia donostiarrontzat. Azken urteotan ez bezala, Donostiarra buru-belarri jardun da aurtengoan modalitate horretan. Traineruen sasoi aurreko hilabete hauetarako prestakuntza aldatu egin da aurtengoan, eta trainerillei protagonismo handiagoa eskaintzea erabaki du Bixkar entrenatzaileak. Eta buru-belarri aritu dela esan dut, guztira hiru trainerilla aritu direlako bertan; hemezortzi arraunlari, beraz, jardunaldi bakoitzean Txomin, Martutene eta Loiola ontzietan.

Hemen dituzue Gipuzkoako Trainerilla Txapelketaren emaitzak. Ikus dezakezuenez, Donostiarra 7. postuan sailkatu da, gutxi gorabehera denboraldi osoan ibili den mailan. Hala ere esan behar da ezaugarri berezi bat izan duela Donostiarrak trainerilla-denboraldi honetan: ontzien arteko berdintasuna. Beste klub gehienetan koska handia zegoen A trainerillaren eta B trainerillaren artean. Donostiarran, aldiz, ez da horrenbesteko aldea izan, eta zenbaitetan B ontziak A ontziak baino denbora hobea ere egin du Ligako estropadaren batean. Plantillaren barruan maila orekatua dagoela adieraz dezake horrek.

Beste gauza esanguratsu bat A trainerillak erakutsi duen berrikuntza izan da: arraunlariak ababorrean eta istriborrean 1-1-1-2-1 moduko disposizio tradizionalago batean ezarri ordez, 3-3 disposizioa azaldu du trainerilla horrek (goiko argazkiak ikus dezakezuen moduan): hiru arraunlari ababorretik jarraian eta beste hiru istriborretik. Ontzia zuzen joatea ere posible ote zen galdetzen zuen adar-jole batek, baina bai, zuzen joateaz gainera, badirudi ziabogak errazago emateko asmoz-edo egin dutela berrikuntza hori. Arduradun teknikoek aterako zituzten atera beharreko ondorioak.

Eta, amaitzeko, ezin ahaztu Kiriko arraun-taldea ere aritu dela trainerilla denboraldian. Txapelketan parte hartu ez badu ere, ligan jardun da (Federazio Kopan). Hona hemen, adibidez, 8. jardunaldiko sailkapenetan.

Orain, traineruari bete-betean heltzeko garaia iritsi da. Aste gutxi barru hasiko dira denboraldi-aurreko azken estropadak eta aproba guztiak eginda iristea komeni da. Animo mutilak!!

2013/04/25

Kirikoren ziaboga

Kirikoren ziaboga. Bilboko Abrako Bandera (1919).
Gora Arraunak dokumentaleko fotograma
Eskuinean duzuen irudia Gorka Reizabalen gidoiarekin egindako "Gora Arraunak" dokumentaleko fotograma bat da (oso dokumental interesgarria da, merezi du Youtuben dauden kapituluei begiratu bat ematea). Eta fotograma hori erabili dut, izan ere beste inon ez baitut topatu Interneten Kirikoren ziaboga famatuaren irudirik.

«Kiriko» patroi donostiar handiaren traineruak 1919ko Bilboko Abrako Bandera irabazi zuen egunean emandako ziaboga ezaguna da. Baina, egia esan, ez da aparteko ezer ikusten irudian: traineru normal bat ziaboga arrunt bat egiten... Oso ziaboga ona izan bazen ere, zer du ba berezitik, hain ospetsua izateko arraunaren historian? Geroago erantzungo diogu galdera horri.

Kiriko
Frantzisko Zubiaurre Cabañas, «Kiriko» (1867-1926), jaiotzez getariarra bazen ere, umetan Donostiara etorri zen bizitzera bere familiarekin. Eta esan liteke gure historiako patroirik ezagun eta ospetsuena dela, Luis Karrilekin batera.

Azpimarratu beharra dago bera dela Donostiako traineruekin Kontxako Bandera gehien irabazi dituen patroia: guztira bost bandera irabazi zituen Kontxan (1891, 1892, 1894, 1918 eta 1920). Donostia punta-puntakoa zen arraunean garai hartan, eta seguruenik,  bandera gehiago ere irabaziko zituen Kirikok, 1894 eta 1918 urte bitartean traineruaz arduratzeko lana baztertua izan ez balu. Hainbat zirkunstantzia berezi gertatu ziren urte horietan: 1895ean Donostiari ezarritako debekua; udalak eta Club Nautikoak XX mende hasieran urte batzuetan traineru estropadak gutxietsi eta are ez antolatu izana balandro eta yolak hobesteko; antolakuntza arazoak; Donostiako arraun munduan orduan ere gertatzen omen zen ezinikusi-saltsa, eta abar.

Esan bezala, arrazoia edozein izan zela ere, urte askotan ez zuen bere patroi lana egin traineru estropadetan. Hala ere, 1910ko hamarkada amaieran berriro ere Donostiako traineruaren lema hartu eta hiru urte bikain izan zituen: 1918 eta 1920ko Kontxak irabazi zituen, eta auskalo 1919koa ere ez ote zuen irabaziko, baldin eta lehen jardunaldian bere arraunlari batek arrauna hautsi izan ez balu. Gainera, 1919 urte horretan, lehen aipatutako Bilboko Abrako Bandera garrantzitsua irabazi zuen.

Eta berriro iritsi gara, beraz, 1919ko Abrako Banderara eta bertan Kirikoren traineruak egindako ziabogara. Jakina denez, Kirikok egindako ziabogarekin guztiz txundituta geratu ziren bandera hartan Bilboko itsasadarrean estropadari begira zeudenak. Maniobra bikaina izan omen zen, eta berari esker izan omen zuten donostiarrek aurkariei aurrea hartzeko aukera. Nolanahi ere, bazuen ziaboga hark beste berezitasun bat ikusleak txundituta uzteko. Zein baina?

1894ko Kontxako Banderan, Amigos traineru donostiarraren popan izan zen Kiriko, eta gure badian begira zeudenak zeharo harrituta utzi zituen berrikuntza batek. Kontuan izan behar da urte hartan (gerora ez bezala) traineruek badiaren barruan ibilbide zirkular bat egin zutela, eta horrela ikusleek ziabogak zuzenean ikusteko aukera izan zutela. Berrikuntza hark sortutako harridura honela azaltzen du garaiko kronista batek, Rafael Aguirrek Kontxako estropadei buruz idatzitako liburuan kontatzen duenez:

« Un cronista señalaba que "para dar más rápido el giro, el proel de Amigos utilizaba un remo-timón en proa, lo que conseguía de forma vertiginosa. Esta maniobra, que es lícita, causó asombro entre las gentes de mar". »  (1)

Ziaboga egiteko era klasikoan, izenak dioen bezala zia eta boga egiten zuten arraunlariek, besterik gabe: istriborrekoak boga egin bitartean, ababorrekoek ziatu egin behar zuten, edo gutxienez eutsi. Gaur ere hala egiten dute bi bandetako hamabi arraunlariek. Baina aurrekoak (brankariak) ez zuen antzina ezer desberdinik egiten. Dirudienez, Kiriko gure patroiaren berrikuntza izan zen aurrekoak arrauna branka aldean uretan sartu eta ziaboga ematen laguntzeko indarra egitea. Goiko aipuak adierazten du, behintzat, gauza ezezagun eta harrigarritzat hartu zutela garaiko itsasgizonek. Horra bada, donostiarrok teknikaren arloan ere ekarpen esanguratsua egin genion, antza, arraunketaren garapenari.

Kiriko klubeko batela.
Argazkia: Klausser

Amaitzeko, esan behar da Kirikoren izena Donostiako arraunaren imaginarioan geratu dela. Bada Kiriko izeneko arraun klub donostiar bat (eta, seguru ez badakit ere, pentsatzen dut patroiarengatik duela izen hori). Nolabait Fortunatik bereizita sortutako klub hau, bateletan eta trainerilletan aritu ohi da lehian, eta Donostiarra traineruan izaten dira bertako arraunlariak. Denboraldia amaitu berri du oraintxe bateletan, eta trainerilletan ari dira buru-belarri. Hortxe duzue batela eskuineko argazkian.

Eta, noski, gogoan izan Donostiarra klubak izan zuen lehen traineruak, 2008 denboraldikoak, Kiriko izena zuela, patroi handiaren omenez. Hala ere, gorabehera handiak izan ziren traineru harekin, eta urtebete eskas iraun zuen Donostiarrarekin uretan (dena dela arrazoia... nahiago dut hauts horiek ez harrotu... bakea, arren). Gerora Ur-Kirolakeko emakumeek erabili izan dute. Hemen duzue traineru horren irudi bat, Donostiarrarekin 2008ko Kontxako Banderan, eta hemen, berriz, Urkiko emakumeekin 2009koan.

Franzisko Zubiaurre «Kiriko», patroi donostiar handia, eta ziaboga modernoa, bere ekarpen teknikoa.

(1) AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa. 20 or.

2013/04/01

Txalo bero bat, kontxo !!!!

Zuen buruari galdetuko diozue igual: "zertara dator, orain, txalo eske txatxu hau... ez da estropadarik izan egunotan... txalo, zeri edo zeini ordea?". Bai ba, arrazoi duzue, ez da estropadarik izan, baina ARC Ligako arraunlari zerrendak sareratu dituzte, liga horretako webgunean, eta zer pentsatua ere eman dit horrek.

Zerrendari begira eta begira jarrita, azken urteotan izan diren arraunlarien joan-etorriak etorri zaizkit gogora. Horrela, ikusi dut bost arraunlari baino ez direla izan Donostiarra uretan izan den urte guztietako plantilletan: Aitor Aranegi, Ander Iriarte, Ekain Iriarte, Jon Sardon eta Telmo Yurramendi. Ez al dute txalorik merezi? Klub honek, traineru donostiar bateratuaren egitasmo honek izan duen ibilbidearen ardatz izan dira; ahaztu gabe noski, urte sabatikoren baten ostean itzuli ziren Iñigo Collazo edo Julen Yarza modukoak (Oier Iurramendi ere urte sabatikoan omen da orain) edo adinarengatik trainerura geroago batutako Elias Arruabarrena, Nikolas Yurramendi, Jon Enbil, Xabier Agirre, Xabier Goienetxea, edo Donostiako trainerura itzulitako Gari Azkue edo Unai Elizasu beteranoagoak. Edo, nola ez, B trainerua atera ez delako gure koloreak defendatu gabe geratuko diren Xabier De Diegoren moduko gaztetxoak. Gure tostetan izerdia botatzen ibili den edonork, ez al du txalorik merezi?

Aipatutako arraunlari horiek denak eta ahaztu zaizkidan beste horiek denak (aipatu ez ditudanek barkatuko ahal didate) askotan "arraunlari" izendapen orokorraren anonimatoan ezkutuan geratzen dira, eta uste dut batzuetan merezi duela izen-abizenez haiekin akordatzea... eta txalo bero bat eskatzea haientzat. Azken batean, traineruan ipurdi eta eskuak izorratzen dituztenak haiek dira, eta haien aldean, arraunzaleok petriletik txaloka besterik ezin ditugu berotu gure eskuak. Txalo bero bat bada, haientzat, kontxo!!

Eta txalotzen hasita, aurten traineruan sartu den Imanol Iradi gaztearen elkarrizketa bat etorri zait gogora. Elkarrizketa hartan esaten zituen hainbat gauzaren artean, Kontxa Donostiarrarekin (eta ez besterekin) irabazi nahi ote zuen galdetuta, honako hau bota zuen: -Bai, noski. Nik asko zor diot nire klubari eta ez naiz traidorea. Eta erabaki horretan gerora diruak izan dezakeen garrantzia aipatu ziotenean: -Ez dizut ezetz esango, baina ni diruari garrantziarik ez ematen saiatuko naiz. Den-dena zor diot nire klubari. Gazte batek ti-tau botatako erantzun beroak dirudite, eta batek baino gehiagok pentsatuko du: "aldatuko duk". Baliteke, baina niri, erantzunaren borobilak grazia egitearekin batera, ilusioa egin zidan horrelakoak irakurtzeak. Txalo bero bat horri ere, bada!!!

Amaitzeko, guztiz aipagarria da aurtengo lehen zerrenda horretan 3 arraunlari besterik ez daudela harrobikoak ez direnak. 21 arraunlaritik 3 besterik ez; eta hiru horietatik bi traineruan gurekin hasi diren Hernaniko gaztetxoak dira. Beste 18ak gure klubetan hasitako mutilak dira. Niri ilusio berezia egiten dit horrek, gure traineruak izan behar duenaren oinarria baita hori. Eta meritu handiagoa emango dio gure ontziak aurten lor dezakeenari. Niretzat bai, behintzat.

2013/03/19

Aurten B trainerurik ez

2012 denboraldiko Donostiarra B
Ba horixe, izenburuan irakurri duzuena: aurtengo denboraldian Donostiarra klubak ez du B trainerurik izango ARC 2 Ligan.

Aurreko bi sarreretan esana nizuen A traineruan sekulako plantilla berrikuntza izan dela, iazko plantillatik arraunlari askok kluba edo arrauna utzi ondoren. Baja horiek estaltzeko, iaz B traineruan aritutako arraunlari asko traineru nagusira igo dira, eta, gainera, B plantilla horretan ere izan dira bajak. Ondorioz, pentsa zitekeen B trainerua osatzeko arazoak izango zirela.

Arrazoia edozein dela ere, aurten ez dugu gaztetxoak zailtzeko eta esperientziaz janzteko hain baliagarria den traineru donostiarrik izango. Nik pertsonalki asko baloratu izan dut azken urteotan Donostiarra bezalako klub batek B traineru bat landu izana: estrategikoki beharrezkoa iruditu zait beti, etorkizuna bermatzen dionez traineru donostiarrari, aurtengo plantillaren berrikuntzan ikusi ahal izan den bezala (ez dakit B traineru bat hor izan gabe zer gertatuko zen klubean aurtengo baja ugarien ondoren).

Alderdi deportibo hertsia alde batera utziz, xoxak hain eskasak diren garaiotan baten batek pentsa lezake B trainerua ez ateratzeak arindu egingo duela diruzainaren karga (bigarren traineruak bere kostua du, antolatu behar den estropadan gastatu behar den dirutza barne), eta seguruenik hala izango da. Ez dakit, ordea, kirol alderdian galtzen dena konpentsatzen ote duen horrek. Baina zeozerrekin kontsolatu beharko, ez?

Trainerurik gabe geratu eta aurtengoz arrauna utzi dutenei, animo eta ea datorren urtean uretaratzeko aukerarik duten. Eta arrauna utzi nahi ez eta aurten oraindik zer egin ez dakiten horiei, ba animo are beroagoak, eta zorte on-ona izan dezazuela datozen hilabeteetan.

Aupa B trainerua, kontxo!!! Lehenbailehen berreskuratuko ahal dugu!!!

2013/02/18

Meritu handiko emaitza

Donostiarra larunbateko XIII. Bidasoako jaitsieran.
Argazkia:  Klausser
Bai. Larunbatean Hondarribian jokatu zen XIII. Bidasoako Traineru Jaitsieran meritu handiko emaitza lortu zuen Donostiarrak, meritu handiko ematza lortu zuenez. Larunbateko sailkapena ikusita, baten batek pentsa lezake ez dela horrenbesterako: Orio irabazlearengandik 1:10era iritsi baitzen, ARC ligan arerio izango dituen batzuk aurretik zituela. Alabaina, hala dela uste dut nik.

Zergatik diodan hori? Estropadako argazkiei begiratu besterik ez dago Torrekuako tostetan iaztik hona zer nolako aldaketak izan diren ikusteko. Aurreko sarreran, aurtengoa trantsizio-denboraldia izango zela esan nuen, baina pentsatzen hasia nago, areago, ziklo berri baten hasieran ere  bagaudela. Dirudienez, joan den urteko A traineruko dozena-erdi arraunlari eskas geratu dira taldean aurtengo denboraldirako, dozena-erdi besterik ez; eta, horrela, B trainerutik igo dira plantilla osatzeko elementuak. Sasoi beteko gaztetxo gogotsuak gehienak.

Baina alderdi positiboa ere ba omen du ziklo aldaketa honek. Antza, potentzial teorikoa galdu bai, baina, ordainetan, taldearen kohesioa indartu egin da. Aspaldian ez bezain ondo eta gustora ari omen dira entrenatzen neguan, eta ez da ahaztu behar harrobian eta behetik gora oinarritutako taldeek badutela halako faktore estra bat hortzak estutu eta lantegiari aurre egiteko. Neguko lan egoki honek udan bere fruituak emango ditu, dudarik gabe, eta argi dago datozen urteetarako ereiten ari garela (ezin da ahaztu, era berean, azken urteotan B traineruak egin duen lan paregabeak egin duela posible aurtengo plantilla birmoldaketa sakona).

Bada, erreparaiozue argazkiari: hortxe, dituzue, hortxe, gure arraunlariak, denak etxekoak, denak harrobikoak, gaztetxo ugari tartean. Joan den urtean B traineruan zeuden 8 arraunlari ikus daitezke bertan. Eta, hala ere, emaitza ez da espero zitekeena bezain eskasa izan, ia-ia aurreko urteetan lortutakoen antzekoa da-eta. Ez al da meritu handikoa?

PD: beste donostiarrik ere izan zen Hondarribiako jaitsieran. Fortunako beteranoak izan ziren, Kanpandegi traineruan. Argazki-galerian ikusgai dituzue. Animo horiei ere, nola ez!

2013/01/27

Denboraldi berriaren atarian

Argazkia: kaiarriba.com
Hilabeteak aurrera doaz, eta, aurtengoan ere, traineru denboraldi berriaren atarian gaude dagoeneko. Hemendik gutxira jokatuko dira Bidasoako eta Oriako ohiko jaitsierak. Horiexek izango dira traineruen nondik norakoak zertan diren ikusteko lehen neurgailuak, garai hauetako estropaden balioa oso erlatiboa dela ondotxo dakigun arren.

Badirudi nolabaiteko trantsizio denboraldia izango duela aurten Donostiarrak, edo berritze-aldi baten hasiera bai behintzat. Baja dezente izan ditu iazko plantillatik (Osanbela, Tolosa, Durandegi, eta Etxabe modura etorritakoak, eta baita etxeko beste hainbat beterano ere bai), eta, kanpotik etor litekeena aparte utzia, B traineruko hainbat gaztetxo igoko dira traineru nagusira.

Hori, alde batetik, gauza positiboa da, gaztetxoen traineruak betetzen duen funtzioak fruituak ematen dituela ikus baitezakegu. Eta gazteek ere ikus dezakete beheko ontzian egiten duten lanak baduela merezi duen saria. Hala ere, ikusteko dago berrikuntza fase honetan nola orekatzen diren plantillaren balioa, indarra eta esperientzia. Eta ikusirik ARC ligak zer-nolako kalitatea izango duen aurten (Zierbena, Santurtzi, Getaria, Trintxerpe, Lekittarra, eta abar), ezin da ukatu erronka gogor baten aurrean ditugula gure mutilak.

B traineruan ere nabarituko dira ondorioak: gora igo direnez gainera, baten bat beste talde batera joan da, eta jende faltan ere izan daitezke. Jubenil adinekoak ere taldean ditugu entrenatzen. Espero liteke, dena dela, ez dela arazorik izango denboraldiari aurre egiteko, nahiz eta azken urteetako sendotasunez ez izan (hobe nahastuko banintz, jakina). Baina, lehen esan bezala, traineru honek bikain bete du lana azken urteotan.

Bestalde, ezin dugu ahaztu aulki mugikorreko ontziak bete-betean daudela beren prestakuntza garaian, eta horrek tirabira edo distortsio deportibo nabarmenak sortu izan dituela azken urteetako neguetan. Espero dezagun orain arte baino hobeto lortuko dutela proiektu desberdinak konplementatzea.

Hala bedi.

2013/01/04

No-Do albistegiko bideo interesgarriak

Jaizkibel, arraunak gora, garaile (1962).
Argazkia: RTVE - No-Do
RTVEren plataforma digitalaren bitartez, garai bateko No-Do albistegi frankistaren artxiboa jendearen esku jarri du Filmoteca Españolak. (Nik ozta-ozta ezagutu nuen No-Do hura, eta, tira, zorionekoak zuek, hori zer ote zen ere ez dakizuen gazteak).

Artxibo horretatik, arraunaren inguruko bideo batzuk jarri ditu Mugardos arraun talde galiziarrak bere webgunean. 1943 eta 1975 bitarteko estropadak biltzen dituzten bideoak dira, hain zuzen. Merezi du denbora pixka bat hartu, eta bideoetan "buzeatzen" ibiltzea. Zinez apreziatzeko modukoak baitira arrauna gustatzen zaigun guztiontzat.

Donostiari dagokionez, Jaizkibel traineru donostiarra ikus daiteke Generalisimoaren Kopan hainbat ediziotan parte hartzen, baita 1962koa irabazten ere (horri dagokio ondoan daukazuen argazkia). Kontxako Banderaren edizio zahar batzuen irudiak ere agertzen dira, baita 1953an jokatutako batel-txapelketa bat ere.

Arraunaz aparte, oso irudi bitxiak eta interegarriak topa daitezke (1953ko batel txapelketaren orrian, Donostiako beste hainbat gairi buruzko bideoak daude), eta betiere dibertigarriak gertatzen dira esatariaren modulazio inpostatua eta Francoren itxura xelebrea.

Eskerrik asko, bada, Mugardos taldeari. Eta zuek, gozatu irudiekin.

2012/12/28

2013 URTE BERRI ON

Ba hementxe duzue, urtero bezala, urte berri ona opa izateko erabiltzen dudan iruditxoa. Berez nahiko alferra izaki, behinola egin nuena hobetzeko gogo handirik ez, eta horrekin konformatu beharko duzue. Gainera, aizue, berrerabiltzea eta birziklatzea omen da etorkizuna. Horra ba.

Urte Berri on denoi, bada, eta datorren urtea oparoa izan dadila Donostiako arraunarentzat. 

PD: agur bero bat Donostiako arrantzale-kofradiari.


2012/12/17

2013ko egutegi berria eta abenduko balea

Aurten ere, urte berriko egutegia bidali digu Donostiarrak bazkideoi. Traineruaren irudiak dira nagusi hilabeteetako argazkietan, beti bezala; irudi ikusgarriak dira, nahiz eta, pertsonalki, kirolaz aparteko argazki gehiago nahiko nituzkeen (ondoko argazkian agertzen dena, adibidez, edo egutegian bertan hilabeteetatik kanpo dauden bestelako argazki batzuk). Baina alferrikakoa da gustu kontuetan sartzea, ez?

Klubaren ohiko esponsorrez gainera, taberna ugari ageri dira egutegian Donostiarrari bere babesa (ekonomikoa, alegia) eskaintzen. Diru kopuru handirik emateko prest ia inor agertzen ez den garai honetan, aukera interesgarria izan daiteke diru kopuru txikiak emango dituzten babesle masa handiak lortzeko bide hori.

Neronek behintzat atseginez hartzen dut urtero egutegia, eta leku estrategiko bat apaintzen jarriko dut aurtengoan ere, munduak jakin dezan hor donostiarrazale bat dagoela. Bueno, munduak edo nire inguruko lau katuk. Baina jakin bezate.


Argazkia: EFE
Bestalde, gogoan izango duzuenez, balea bat azaldu zen Donostiako uretan duela egun batzuk, eta Kontxako hondartzan hil zen azkenean. Ikusmin handia sortu zuen gertaera horrek, ikusmina sortu zuenez.

Albistearen hari horri tiraka eta Orioko balearen bertso-paper zaharra nolabait atzakia gisa erabilita, idazki hauxe idatzi zuen Unai Elizasuk Irutxuloko HITZAn.

Eta bertan Donostiako trainerua aipatzen duelako ekarri dut idazki hori hona gogora: niri behintzat kuriosoa iruditu zitzaidan Unaik traineruaru buruz esaten duena eta erabilitako metafora.