2010/10/28

HITZAri atxikimendua eta bazkaria Zubigainen

Hona hemen zer dioen Donostiarraren webgunean argitatutako ohar honek

"Hurrengo larunbatean 11:00etan, Kaiarriba Donostiarraren hainbat zuzendari eta arraunlari batzuk Paseo Berrian egongo dira, konkretuki Oteizaren eskulturaren alboan. Bertan Hitzarekin atxikimendua egin nahi duten guztiak egongo dira. Egunkari euskaldun honek proiektu berri bati ekingo dio, Berriarekin batera, horregatik, argazki bat atera nahi dute euren laguntzaile eta lagun guztiekin.


Hitzak beti eduki du Klubarekiko jokaera bikaina, horregatik Donostiarrak babes hori itzuli nahi dio, etapa garrantzitsu batean euren alboan egonez.


Bestalde, 14:15etan, Kaiarriba Donostiarra Klubak Zubigain soziedadean bazkari bat antolatu du Klubarekin kolaboratu duten pertsona guztientzat. Horrela, pertsona anonimo hauek muxutruk eman duten laguntza hori eskertu nahi da, beraiei esker Kluba hazten ari delako egunetik egunera."


Aspalditik esana dut Irutxuloko HITZAk arraunari, eta bereziki Donostiarrari, eskaintzen dion lekua eta estatusa oso eskertzekoak direla. Pozten naiz klubetik bertatik ere horrela ikusi badute.

Ur-Kirolak beste 10 urte Loiolan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluan erabaki denez, Ur-Kirolak arraun-taldeak beste hamar urtez erabili ahal izango ditu Loiolan dituen instalazioak.

Jadanik pasatu dira 40 urte talde gorri-berdea eraikin hori erabiltzen hasi zenetik, 1970 urtean errepide-ingurabidea egin zutenean egoitza zaharra bota eta oraingoa eraiki zutenetik.

Atzoko erabakiaren ondorioz, gutxienez 50 urte bete ahal izango ditu Donostiako arraun-talde historiko honek instalazio horietan arraunaren oraina eta geroa lantzen.

(Argazkia: urkirolak.com)

2010/10/17

1891: Donostia Getariaren aurretik, Iparraldekoei mezua

Guztiz ezaguna da Donostiak eta Ondarroak 1890ean jokatu zuten desafio handia. Luis Karril patroi izanik arraunlari donostiarrek irabazitako estropada hura arraunketaren historian izandako entzutetsuenetako bat da, ospe handienekoa ez bada.
Era horretako norgehiagoken sorburua herri edo kuadrilla batek beste bati botatako erronka izan ohi zen. Ondarroak bere burua garaiezintzat izaki, donostiarrek hori uretan frogatu behar zela bota zieten ondarrutarrei. Horrela eratu zen orain azalduko ez dugun estropada hura (guztiz ezaguna baita).

Kontua da 1890eko garaipen hark sekulako burrundara sortu zuela kosta osoan, eta, noski, donostiarren garailetza zalantzan jarri nahi zutenen desafioak jasotzen hasi ziren kaxkariñak. Desafio horietako asko Iparraldetik ("Frantziatikan") etorri ziren, eta horiei emandako nolabaiteko erantzuna da gaurkoan dakarkigun bertso-paper hau. 1891n Donostiak (Kiriko handia patroi) Getariaren aurretik lortutako Kontxako Banderaren berri ematen da, Iparraldekoei donostiarren ahalmenaren berri emateko; azkenik, erronka onartzen dela adierazten zaie, hitz hutsak albora utzi eta dirua jarri dezatela esanez. Horra bertsoak:
1 7
Estropara bat premiokua
Esan bezela martxatu dira
jokatu da Donostian, bi treñeruak batian,
jendia franko begira dagola, kasik bentajan Getariarrak
Agor-illaren zortzian, bandera ikutu artian;
Kiriko patroi, Pepe aurretik, jendia franko baziyon begira
biyak mariñell-jantzian; baztar guziak betian,
bertso berriak jartzera nua aien dirubak gelditu dira
jakin dezaten Frantzían. Donostiyako partian.
2 8
Lendabizikua bi txalupetan Buelta emanda Donostiarrak
Donostiako gaztiak, aurretik ziraden jarri:
aien pelia bukatu arte «Ea, mutillak, bentajan gaituk!
egondu ziran bestiak; -esan zioten alkarri-.
jendia asko kontsolatu du Lenago ere bazekiagu
gutarrak irabaztiak, beste oinbesteren berri».
erri ontako semien amak Aien orduko konsueluak!
eztaude atso tristiak. Etziran triste etorri.
3 9
Batek gogotik korritu zuben, Donostiyako kaballeruak
ia ark aña bestiak, ikustera juan dia,
zein ez giñuen kontsolatuko gañera berriz eztakit zenbat
aik orrela ikustiak? Madrid aldeko jendia;
Ogei ta zortzi gizon ondradu biar bezela kunplitzekotan
amari asko kostiak, estroparako legia,
oiek dirade Donostiako Donostiarrak dirade maisu,
Jose-Maritar gaztiak. artu leizteke fedia.
4 10
Gazte jendia ala jokatzen Juan dan urtian Ondarroatik
zuten denboran ikusi, ziran persegiantiak,
Kiriko eta bere lagunak egun batian egin zituzten
korajez ziraden asi; aiekiko pakiak;
arraun aundi bat firme arturik ta aurten berriz Frantziatikan
Pepe jarri zan lenbizi, arronka asko botiak,
esaten zuben: «ia, mutillak, obraz ez dira iristen baño
nere juegua ikasi!». mingañez balientiak.
5 11
Kirikok zorrotz esan zioten: Frantzi aldeko gizon indartsu
«Jaunak, preparatzen asi; bizkor intelijentiak,
Getariako gizon oriek zuen aldian Donostiarrak
bear ditugu ikusi. daude langille fuertiak;
Azkar gelditzen baldin bagera aien itestan errenditzeko (sic)
emango degu itxusi, ez gerade inozentiak,
diru askoko premiyua da, len egindako zitalkeriyaz
ez degu galtzerik merezi». gaude bastante betiak.
6 12
Getariako patroia ere Orra amabi bertso berri ta
etzan aldrebes mintzatu: bost zentimuan papera,
«Ea, mutillak, denbora da-ta Frantzian diran bizkorrenairi
oraintxen ondo pentsatu jarri zaiote aukera:
itxasuari kontra egiñez diruba berdin depositatu,
arraunak nola dantzatu, nai dutenian atera,
Donostiako premio ori Donostiyatik deitzen ditugu
al balegi alkantzatu». gizonez gizonetara.

2010/10/05

Tosta gaineko txintxurra tosta gainean egin behar da

Liga, Kontxa eta udako bestelako arraun-lehiaketen eguneroko zurrunbiloa dela-eta, ia-ia ahaztuta utzi dut albiste honi buruz zerbait esateko nuen asmoa. Irutxuloko HITZAk ekainean argitaratutako albiste horretan, Untzi Museoak ganbaran antolatutako erakusketa berezi baten berri ematen zen. Untzi Museoaren proposamena gustatu (publikoari, bereziki gaztetxoei, arrauna helaraztea beti da interesgarria, are gehiago era ludikoan egiten bada) eta, ume kurioso batzuk ondoan hartuta, erakusketaz gozatzera joan nintzen duela hilabete pare bat. Urrian, hilabete honetan hain justu, itxiko omen da erakusketa hori, eta horregatik lehenbailehen idazki hau egiteko beharra sentitu dut, egun hartan ikusitakoari buruzko notak nire ordenagailuan ikusi ditudanean.

Erakusketaz 'gozatzera' esan dut, ez baita besterik gabe ikusi (edo entzun) egiten den erakusketa ohikoa. Hemen gauzak ukitu, erabili, sentitu eta bizi egin daitezke, eta, horrela, bisitariek, bereziki haurrek, gauzak hobeto barneratzen dituztela esango nuke. Tresna, gauza, jantzi eta elementu ugari daude eskura (literalki eskura: arraunak, platanito eta bestelako jantziak, palkak, estropuak, kronometroak, ergometroak, megafonoak, jateko barra energetikoak, etab.) eta horrek partaide egiten du bisitaria, ikusle edo ikasle huts baino areago.

Eskertzekoa da klub asko inplikatu izana, bere materiala ekimen honetarako musu truke emanez, gaztetxoei arrauna hurbiltzeak duen garrantziaz ohartuta-edo. Hala ere ohartxo txiki bat egin nahi nioke, dagokionari: kolore guztietako kluben jantziak eta objektuak zeuden (Orio, Trintxerpe, San Pedro, San Juan, Hondarribia, Arkote, Urdaibai, Euskal Selekzioa... eta baita Ur-Kirolak eta Arraunenak ere). Donostiarrarenik, ordea, ezertxo ere ez. Alegia, erakusketa horretatik pasa diren zientoka pertsona etas ume donostiarrek ez dute ikusi Donostiarraren inolako erreferentziarik, tostako arraunketari buruzko Donostiako erakusketa batean. Esan bezala, dagokionari (oharra zeini dagokion ondo ez badakit ere).

Erakusketa nolakoa den? Ea bada. Lehen panel batean nolabait arraun-kirolaren jatorria esplikatzen da, modu bisual eta egoki batean. Arrantza-jardueran duen sustraia azaltzen da, eta gerora kirol bihurtzeko izan dituen urratsak erakusten dira, adibidez, lehiaketa nagusiak nola eratu ziren; eta jakina, lehiaketa guztietan garrantzitsuena da azalpen horien eredu: Kontxako Bandera. Pertsonaia eta tripulazio historikoak, gertakari garrantzitsuenak eta banderaren eboluzioa ikus daitezke, era errazean. Lagungarri gisa garai guztietako argazki, kazeta, agiri eta bestelako testigantzak erabiltzen dira, esate baterako, antzina hain garrantzitsuak ziren bertso-paperak; hona hemen erakusketan azaldutako bat:

Donostiarrak badatoz eta
ikusi zagun sarrera,
benzedoriak nola dakarren
inbenzibleen bandera.

Beste eremu batean kirolarien prestakuntzak izan duen eboluzioa azaltzen da, bai entrenamendu aldetik, bai elikadura aldetik. Ergometroan saio bat egin dezakete haurrek, beste bat erritmoa kontrolatzen duen bitartean paladak zenbatzeko kronometroa eskuan duela. Kirol-jantziak ere hortxe daude eskura, soka batetik zintzilik (bigarren argazkian ikus dezakezuen bezala). Eta dena alderdi ludikoa ez delako, argi uzten da kirol honek sakrifizio dosi handiak dituela eta arraunean ondo aritzeko ba, horixe, aritu egin behar dela (oso deigarria eta egokia iruditu zitzaidan letra lodiz ageri zen esaldi bat, idazki honen izenburu gisa erabili dudana).

Estropaden antolakuntza eta arauak ere lantzen dira erakusketan. Distantziak, kaleak, irteera emateko modua, eta abar. Estropada birtual bat ere hortxe da, maketa modura (ikus lehen argazkia), baliza lana egiten duen buia eta guzti. Kaleen zozketa egiteko kutxa, haga eta bolak ere hortxe dituzte bisitariek, detallerik txikiena ere bazterrean utzi gabe.

Azkenik, arrauneko materiala dago aztergai: traineru, trainerilla eta batelen neurriak, materialak, eraikitzeko teknikak, eta atalen esplikazioak. Trainerugile famatuenen berri ere ematen da. Eta material ukigarri modura, arraunak eta Fontanen palka zahar bat daude... eta estropuak. Tailer gisako bat dago eratuta: gaztetxoei estropuak egiten erakusten zaie eta ondo egiten asmatzen duenak etxera eramango du estropua oroigarri.

Ez dakit oraindik irekita egongo den (urrian baita ixtekoa), baina arrauna maite dugunontzat eta, batez ere, gure haurrek arrauna maitatzea nahi dugunontzat erakusketa oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta, nola ez, horren testigantza eman behar nuen nire blog honetan. Zorionak antolatzaileei, eta gure ondarea ezagutarazteko ahaleginean dabiltzan guztiei.

PD: erakusketan esaten da 1879ko Kontxa (lehenengo Kontxako Bandera, alegia) Pasaiako Avantek irabazi zuela. Urte asko eta askotan horrela esan izan den arren, Aguirre Francoren 2002ko liburuan argitu zen hala ez zela izan eta Donostiak irabazi zuela. Dagokionari, ohar hau ere.

Mendiren esaldi bat

Impulsofijo webgunean, KAE-1 buruzko hainbat komentario eta analisi egin ditu Mendik aurtengo denboraldian zehar. Amaierako ekarpen modura, konkretuki bere lanari buruzko gogoeta egin dezan eskatu diote, eta honako hau erantzun du Donostiarrako entrenatzaileak. Lehendik (aurreko sarreran adibidez) aipatutako ideia batzuk azaltzen dira, eta horiek ez ditut errepikatuko, hobe da Mendiren erantzunak zuzenean irakurtzea.

Alabaina, bere arraunlariei zuzenduriko esaldi hau azpimarratu nahiko nuke, horixe baita, nire ustez, Donostiarrak lehen urte hauetan finkatu beharrekoa:

“Somos los encargados de echar a andar este proyecto con el sacrificio a todos los niveles que ello supone. Nuestra obligación es mejorar la situación heredada y que nuestro legado a generaciones venideras sea igual que con el que nos hubiese gustado iniciar esta andadura”.

2010/10/01

Mendi: aurtengo plantilla, etorkizunaren oinarri

Zinez eskertzekoa da Donostiarrak webgune estatikoa egin ez izana. Alegia, eskertzen dela maiz berrikuntzak aurkitzea bertan, eta konturatzea klubarentzat garrantzitsua dela bazkide eta zale guztiei aldiro-aldiro albisteak eta bestelako informazioa ematea. Bi norabideko zirkuitua (zaleak, bazkideak <-> arraunlariak, kluba) izan ezean, batere bizirik eta etokizunik gabekoa izango baita talde sendo egiteko asmoa.
Joan den astean, presidentearen hitzak jasotzen ziren webgunean; gaurkoan, berriz, entrenatzailearen gogoeta ageri zaigu. Hainbat gauza interesgarri esaten dira bertan, eta hona hemen Mendiren ideia nagusiak:
  • Proiektua heldutasunera iritsi da, ia atzera bueltarik gabeko egoera batera. Horretan, adierazgarria da donostiar herritarrek aurten taldearekin izan duten inplikazioa. Taldearen eta zaleen arteko lotura hau izango da etorkizuneko bermea, beste helburu handiago batzuk lortzeko. Udalaren eta alkatearen laguntasuna ere eskertzekoa da.
  • Akats nagusia: neguko lana ondo egin ahal ez izana, hainbat arrazoirengatik. Eta ez da lehen aldia. Horregatik, hobetzeko bide nagusia aurten lan hori behar bezala egitea izango da.
  • Taldea: Donostian azken 15 urteotan izan den arazorik handiena izan da urtero talde ia berriak zirela, eta horrela oso zaila da epe ertainera ezer eraikitzea. Taldeari jarraitasuna emanez gero, emaitzak etorriko dira. Aurtengo plantilla mantentzea izango da, beraz, etorkizunaren oinarri.
  • Baja askorik ez da espero, eta, diru gutxi dagoenez eskura (ezin du Donostiarrak arlo horretan lehiatu beste hainbat talderekin, eta TKE liga sortzean Donostiako klubek olatu hori harrapatu ez izana da arrazoietako bat), ilusioa, giro ona eta proiektuaren erakargarritasuna izango dira argumentu nagusiak arraunlariak ekartzeko. Lanean ari gara aurtengo oinarria sendotzeko arraunlariren bat ekartzeko.
  • B taldean sei edo zazpi arraunlari daude etorkizun ederrekoak, eta goiko taldera igotzea azkenean eratuko den plantillaren araberakoa izango da; alabaina, oro har, nahiago datorren denboraldian B traineruan bere formazioa biribiltzea.