2010/10/01

Mendi: aurtengo plantilla, etorkizunaren oinarri

Zinez eskertzekoa da Donostiarrak webgune estatikoa egin ez izana. Alegia, eskertzen dela maiz berrikuntzak aurkitzea bertan, eta konturatzea klubarentzat garrantzitsua dela bazkide eta zale guztiei aldiro-aldiro albisteak eta bestelako informazioa ematea. Bi norabideko zirkuitua (zaleak, bazkideak <-> arraunlariak, kluba) izan ezean, batere bizirik eta etokizunik gabekoa izango baita talde sendo egiteko asmoa.
Joan den astean, presidentearen hitzak jasotzen ziren webgunean; gaurkoan, berriz, entrenatzailearen gogoeta ageri zaigu. Hainbat gauza interesgarri esaten dira bertan, eta hona hemen Mendiren ideia nagusiak:
  • Proiektua heldutasunera iritsi da, ia atzera bueltarik gabeko egoera batera. Horretan, adierazgarria da donostiar herritarrek aurten taldearekin izan duten inplikazioa. Taldearen eta zaleen arteko lotura hau izango da etorkizuneko bermea, beste helburu handiago batzuk lortzeko. Udalaren eta alkatearen laguntasuna ere eskertzekoa da.
  • Akats nagusia: neguko lana ondo egin ahal ez izana, hainbat arrazoirengatik. Eta ez da lehen aldia. Horregatik, hobetzeko bide nagusia aurten lan hori behar bezala egitea izango da.
  • Taldea: Donostian azken 15 urteotan izan den arazorik handiena izan da urtero talde ia berriak zirela, eta horrela oso zaila da epe ertainera ezer eraikitzea. Taldeari jarraitasuna emanez gero, emaitzak etorriko dira. Aurtengo plantilla mantentzea izango da, beraz, etorkizunaren oinarri.
  • Baja askorik ez da espero, eta, diru gutxi dagoenez eskura (ezin du Donostiarrak arlo horretan lehiatu beste hainbat talderekin, eta TKE liga sortzean Donostiako klubek olatu hori harrapatu ez izana da arrazoietako bat), ilusioa, giro ona eta proiektuaren erakargarritasuna izango dira argumentu nagusiak arraunlariak ekartzeko. Lanean ari gara aurtengo oinarria sendotzeko arraunlariren bat ekartzeko.
  • B taldean sei edo zazpi arraunlari daude etorkizun ederrekoak, eta goiko taldera igotzea azkenean eratuko den plantillaren araberakoa izango da; alabaina, oro har, nahiago datorren denboraldian B traineruan bere formazioa biribiltzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario