2011/06/20

Bidal gaitzazue Txindoki puntara!!!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Denboraldi berriaren aurrean, Donostiarrak egin dezakeena dute hizketagai. Ligako gainerako taldeak ondo prestatuta datoz, gogorra izango da kontua aurten; baina ezer ere ez omen da erraz munduan-eta...

Aurtengoan ere, trainerua animatzeko asmoa dute bi lagunek, eupadaka marru batzuk botata barrena lasaitzeko, eta, arraunlariek zeozer entzuten badute, hobeto... Haien nekea arintzeko balioko ahal du!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Zaila bada ere deskuidoan bandera bat irabaztea zeinen ederra litzatekeen dute hizketagai. Eta Donostiarrak, donostiar guztion traineruak, bere lehen bandera irabaziz gero nola ospatuko luketen hasi dira pentsatzen. Ja ja, polita litzateke. Baina nola ospatu? Parranda xoil bat? Eta hasi dira ideia txoroak botatzen, beste bi Keler eskatuta. Eta hara, halako batean hauxe dio batek "Bazekiat! Donostiarrako kamiseta jantzita Txindoki puntara igoko gaituk, eta Donostiarraren bandera zabalduta argazkia aterako diagu hantxe tontorrean!!". Hasieran, parre ergelekin egin diote ongietorria ideia txatxuari, baina parreak isiltzearekin bat, elkarri begiratu diote, bekainak altxa eta ikusi dute baietz, horixe egingo dutela. Hara! Eta parreari ekin diote berriro.

Beraz, Donostiarrako arraunlariak, badakizue. Tabernako berriketa txepelean aritu ohi diren bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile Txindokin gora bidali nahi badituzue, eta blog honetan ikusi nahi baduzue gure bandera Txindoki tontorrean... irabaz ezazue bandera bat. Hori "besterik ez", ja ja ja.

Eta lortzen ez baduzue, ez kezkatu, izango duzue-eta beti baten bat petriletik zuei eupadaka, marru batzuk botata barrena lasaitzeko
Animo!!
(Argazkia: Ketari CC BY-SA)

1 comentario: