Oraingoan, denok ezagutuko duzuen “klasiko” bat aipatuko dut: kaian, Pixepel izenez ezagutzen den lekuaren inguruan atrakatuta egon ohi den “JJ Gaztelu” arrantza-ontzia. Egurrezko itsasontzi urtetsua da, dotorea, hainbat eta hainbat arrantzalditan parte hartutakoa, eta oraindik ere sasoiko dagoena, itsasorako joan-etorrietan aritzen baita bete-betean.
Nire lagun batek dio, eta ez zaio arrazoirik falta, inoiz ontzi honek arrantzan aritzeari utziko balio, udalak mantendu egin beharko lukeela kaian eta inguruko uretan hara eta hona, metalezko itsasontzi berrien ondoan, garai bateko arrantza-ontzien erakusgai.
Eta zergatik aipatzen dudan JJ Gaztelu? Ba, asmatuko zenuten bezala, branka aldean duen ikurrarengatik: kolore biziz margotuta Ur-Kirolak taldearen ikur gorri-berdea du ontziak aurrealdean (beno, garai batean izango zituen kolore biziak, gaur egun nahiko maskalduta ageri da-eta irudia). Pixepel paretik pasatzen naizen guztietan, JJ Gaztelu hortxe badago, ezinezkoa egiten zait begiratu azkar batean Ur-Kirolakeko bandera eta UK letra horiek ikusi gabe aurrera egitea.
Horrelakoxea naiz ba, nahiko berexia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario