2011/11/07

Ollagorrako bazkaria

Aurreko sarreran esan bezala, Juantxo Aginaga saria eman zion Ollagorra soziedadeak atzo Donostiarrari, aurtengo Kontxan lehen traineru gipuzkoarra izan zelako. Mahai baten inguruan, bazkari eder baten aitzakian elkartu ziren Donostiarrako arraunlari batzuk, zuzendaritzakoak, eta Ollagorrako hainbat kide eta gonbidatu.

Otorduaren amaieran, Juantxo Aginaga zena ekarri zuen gogora soziedadeko bazkide batek, Ollagorran (zuzendaritzako kide ere izan zen) eta Donostiako traineruan izan zuen ibilibideari buruzko datu batzuk aipatuta. Juantxok gobernatutako ontziaren eta Donostiarraren arteko hainbat kointzidentzia ere aipatu zituen: bien arteko lotura edo zubia iradoki nahi izan zuen horrekin (adibidez, traineru hark Luis Carril zuen izena, eta oraingoa Torrekua da; hau da, pertsona berari dedikatuta daude bi ontziak, Torrekua Luis Karrilen goitizena baitzen, hemen lehenago esana dugun moduan).

Jarraian, Carloto Garcíak, Ollagorrako presidenteak, memorial honen zergatia eta izaera laburbildu zituen, eta Donostiarrak irabazi izana behar bezala baloratu zuen. Eta gogorazi zuen Donostiak ez zuela 1950tik lortu lehen gipuzkoarra izatea.

Alberto Goitia Donostiarrako lehendakariak hartu zuen hitza azkenik: klubeko arraunlariek duten meritua azpimarratu zuen, eta zeinen baldintza gogorretan entrenatu behar duten. Saria eskertu zuen eta, Ollagorrak emandako ikurraren ordainetan, Torrekua traineruaren maketa bat eman zion soziedadeari (argazkian, hortxe dituzue une horretan Carloto Garcia ezkerrean, eta Alberto Goitia eskuinean). Amaitzeko, omenaldi xumea egin zitzaion Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari, aurten utzi baitu arrauna.

Donostiako traineruaren eta donostiar herritarren arteko lotura estutzen duen beste ekitaldi bat izan zen, eta ez dadila azkena izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario