ARC Ligaren lehen
bi jardunaldiak pasatu dira, eta, tamalez, Donostiarra ez dabil aurtengo plantilla
hobekuntzari begiratuta espero genuen bezain ondo.
Denboraldia hasi
baino lehen, Mendik berak esana zuen iaz baino azkarrago zihoala ontzia,
helburua zela ohorezko txandan egotea —baina betiere bigarren postuari begira (play-offa
gogoan)—, eta ez litzatekeela seinale ona izango laugarren postutik beherakoei begira
egotea. Bada, lehen bi estropadetan zazpigarren eta seigarren iritsi dira donostiarrak
(agur play-offa, ala?), ohorezko txandan lehiakide izan beharko lituzkeen Santurtzi
eta Lekittarratik urrutiago geratuta beste helburu batzuekin abiatu den Getaria batetik baino. Ligaren maila urtez urte gorantz doan arren, aurtengo plantilla ez
dago egina iazko emaitzak errepikatzeko, eta are gutxiago postu okerragoak
lortzeko. Badago hor, beraz, zer hausnartua, zer hausnartua badagoenez.
Zerk egin ote du huts, bada? Aurten ere badirudi ezin izan dela behar bezala prestatu trainerua udazken-negu-udaberri garaietan.
Jakina da Donostiako
arraunaren egitura oso berezia dela —beste herrietan ez bezalakoa—, klub eta
interes asko uztartzen asmatu behar dela, zaila dela antolaketa eta
erabaki-esparruak eragozpenik gabe kudeatzea… baina, kontxo, ezinezkoa da urtero
berdin ibiltzea. Traineru bateratua bosgarren urtean da jadanik, eta arazo
horiek aienatuta beharko lukete honezkero. Beste hainbat klubek aparteko arazorik gabe uztartzen
dituzte arraun mugikorra eta trainerua, eta gainera, hemen ez bezala,
trainerilla eta batela ere lantzen dituzte.
Gogoeta lasaia egin
beharko dute hala egin behar dutenek, zer ari den pasatzen urtez urte
traineruarekin, gure arraunaren estamentuen arteko harremanarekin eta,
ondorioz, zer oinarri ari garen ezartzen Donostiako arraunaren etorkizunerako.
Egungo egitura oso ona izan daiteke geroari begira: klub bakoitzaren
idiosinkrasia historikoa mantentzeko aukera ematen du, eta Donostiako masa
sozialaren katalizatzaile gisa funtzionatzen duen trainerua jartzen du uretan.
Beste ezein egiturak ezin du hori eskaini. Egitura hori hobetzeko egin beharko
litzateke lan. Zinez uste dut arraunaren
historian lehen mailako erreferente izan den gure hiriari zor zaiola horrenbeste.
Zeozer positiboa
esateko, esango dut benetan pozgarria dela B trainerua eskaintzen ari zaiguna.
Azken urteetako lana biribiltzen duen talde bat osatu da, talde gaztea eta etxekoa,
eta arraunean txukun ari direla ikus daiteke astez aste. Hori ere bada beste arrazoi
bat A trainerua ahal den bezain ondo “zukutzeko”… gazte hauei Donostian bertan
erreferente erakargarri bat eskaintzea.
Beste gauza
positibo bat esateagatik, ba Kontxa aipatuko dut. Optimista zoro bat naizela?
Seguruena. Konfiantza itsua dut nik, ordea, Mendiren lanean, eta, ekipo hau
zertxobait eskas hasi bada ere, ezin da ukatu bertan badagoela segundo dezente azkarrago
ibiltzeko lehengaia. Nire esperantza da astetik astera barruan duena ateratzen hasiko
dela Torrekua eta bere maila onena emateko moduan iritsiko dela irailera. Ligan
ematen den neurria edozein dela ere, arantza sakon bat dugu sartuta
donostiarrok: azken 10-15 urteetan Kontxan, gure estropadan, hobeto aritu ezin
izana. Nik behintzat badut arantza hori.
Eta arantza hori pixka bat kentzeko lehen aukera aurtengoa izango zela uste
nuen duela gutxi arte.
Aurten ez bada, ea
datorren urtean bihurtzen den esperantza egia.
Etxera bueltatutako horrek,zergatik hutzi zuen?? Zuk badakizu esan?? Baino egia esan! Ta kluben artean liskarrak egon direla!? Gezurra!! Galanta!!! ,precisamente azkenaldi hontan egon diren baino ados geihago ez dira inoiz egon,seguraski klub interes haundiena donostiarra ondo ibiltzea delako....gauza asko gatikan.....ez dakit nor zeran baino ez dezu idea haundegirik eta ez zazu giroa gezurrekin kontaminatu mesedez. Inguruan dabiltzatenak badakite zergatik utzi zuen zuk esaten dezun arraunlari horrek(famili arazoak) ezim da hain erraz idatzi.....ta kluben arteko liskarrak!!??? Noiz,nun,nola,zergatik.....???? Erantzungo diazu...baino kriterio minimo bat,gezurrik ez! Ta gezurretan zabiltz...
ResponderEliminarKaixo,
ResponderEliminarzure komentarioaren harira hiru gauza esan nahiko nituzke:
1) lehenik, arraunlari konkretu horri barkamena eskatzea, niregana iritsitako informazioa zuzena ez bazen. Benetan diot.
2) nik ez dut liskarra esan, nik tirabira esan dut, eta agian ez nuen asmatuko nire tonoan. Tirabira deportiboez ari nintzen. Ez dut esan nahi izan beste klubek Donostiarra ondo ibiltzea nahi ez dutenik. Baina ezin ukatuzkoa da trainerua modu optimoenean prestatzeko zailtasunak ezartzen direla Donostiako arraunaren proiektu deportibo desberdinetan, eta hortik zihoan nire komentarioaren intentzioa.
Ez dut uste Donostiarrako teknikoek lehendik esan gabeko ezer berririk jarri dudanik mahai gainean. Eta ez dut inguruko herrietako klubetako teknikorik ikusi horrelako gauzak planteatzen.
Agian hemen ere oker egongo naiz, eta Mendik nahi adinako eta nahi bezalako entrenamenduak egin ditu traineruarekin. Poztuko nintzateke zinez.
Baina proiektuak hobetzea nahi badugu, zer hobetua non dagoen identifikatu eta aurre egin beste irtenbiderik ez dago.
3) nire desiorik handiena da Donostian traineru indartsu eta konpetitiboa izatea, eta inork ere ez dezala pentsa Donostiarraren kontra saltsa sortu edo giroa kontaminatu nahi dudanik.
Justu kontrakoa da nire asmoa. Nire bloga errepasatu, ikusiko duzu Donostiarraren alde besterik ez dudala egin. Baina, lehen esan bezala, gauzak behar bezala zergatik ez doazen aztertzean, gauzak planteatzea zilegi dela uste dut; asmo onez, baina beldurrik gabe.
Gaizki esanak barkatu, beraz; baina, mesedez, ondo esanak gogoan hartu.
Aupa Donostiarra.
Hala ere, inor mindu ez dadin, aldatu egin dut pasarteren bat. Esan nahi dudana horrela hobeto islatzen delakoan.
ResponderEliminar