2010/09/14

Donostiarra 2010eko Kontxako bigarren jardunaldian

Aurreko igandean esan nuen bezala, berriro ere esan behar dut aipagarria izan zela donostiar arraunzaleek Donostiarrari emandako babesa, bai leiho-balkoietan banderak zintzilikatuz, bai soinean kamisetak jarrita.

Zinez uste dut Kontxako Banderaren aurtengo edizioa inflexio-puntu bat izan dela klubaren eta Donostiako traineru bateratuaren sendotze-prozesuan. Iruditzen zait aurten lehen aldiz ikusi dela argi eta garbi donostiarrek bere egin dituztela traineru hau eta talde hau. Donostiako arrauna maite dutenen traineru bihurtzen ari da Donostiarra. Horixe zen helburua, eta ematen du lortzen ari dela; aurten horixe iruditu zait behintzat. Alde horretatik, urrats garrantzitsua.
Kirol-emaitzen aldetik (hona hemen edizio honetako denborak eta bestelako datuak), bigarren jardunaldian itxura bikaina erakutsi zuen Donostiarrak. Estropadaren lehen herena Pedreñaren pare ibili zen, eta besteengandik ez oso urruti. Hala zebiltzala ikusita, azkeneraino dena ematen jardun zuten gure mutilek eta, nire iritziz, oso emaitza ona lortu zuten: Pedreña 26 segundo eskasera izan zuten, Astillero eta Hondarribia 40 segundora, eta ez San Juanek eta ez Kaiku indartsuak ez zioten minutua atera Donostiarrari (20:46,40). Beste kontu bat izan zen Oriorena, horiek arraunean baino gehiago surfean ibili zirela zirudien-eta, itzulerako luze eder horretan.
Pentsa liteke Kontxa honetan erakutsi duela Donostiarrak baduela nahikoa oinarri etorkizunari behar bezala aurre egiteko. Orain, ea blokea mantentzen den eta ea behingoz udazken eta neguko lana behar bezala egiten den, aparteko arazo eta eragozpenik gabe. Eta geroak esan beza gerokoa...

2010/09/10

Neskei deia Ur-Kirolakek, HITZAn

Iaz emakumezkoen trainerua uretaratu zuen Ur-Kirolakek Kontxako banderan, lehen aldiz. Donostiako emakumeek Kontxan eduki duten lehen ordezkaritza izan zen iazkoa. Hala ere, aurtengoan ezin izan dute taldea osatu, eta, tamalez, ez da Donostiako ontzirik izango bandera garrantzitsuenaren lehian.

Horregatik, Donostiako neska kirolzaleei Ur-Kirolakera joan eta arraunean aritzeko proba egin dezatela dei egin die Iñaki Arana presidenteak, ez baitute aurtengo 'hutsune donostiar' hau hurrengo urtean ere gerta dadin.

Irutxuloko HITZAk Kontxako Banderari eskainitako gehigarri berezian ikus dezakegu hori. Gehigarri horretan, Ur-Kirolaki buruzko albiste horrez gain, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlariari egindako elkarrizketa mamitsua (agur usaina ere igarri diot, tamalez) eta Kontxako Banderaren historian izandako garaipen-boladak jorratzen dituen artikulua ere baditugu, besteak beste.

Berriro ere, arraunari tarte bikaina eskaintzen dio gure hiriko egunkari honek. Eta, badakizue, neskak, anima zaitezte!

2010/09/07

Donostiarrak egoitza berria izango du

Donostiarra klubak, sortu zenean, Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak taldeek Kaiarriban zituzten sotoetan ezarri zuen bere helbide soziala. Besterik ezean egin behar izan zuen hautu hori, nonbaitetik hasi beharra zegoela-eta. Dena dela, ez zirudien lekurik egokiena gauzak kudeatzeko egoitza modura, traineruak eta arraunak gordetzeko sotoak besterik ez baitziren azken batean. Baina ez zen aparteko baliabiderik klubean behar horri aurre egiteko, eta pentsatzen dut izango zituztela buruhauste handiagoak garai hartan, egoitza itxuroso bat lortzekoaren aurretik.

Gerora, goiko argazkian duzuen Bretxako denda ireki zen, antzinako Arrandegiko eraikin zaharrean, zinema-aretoen aurrez aurre. Bereziki ikuspegi komertzialarekin irekitako lokala izan zela iruditzen zait: kamisetak, banderak eta bestelako produktuak saltzeko leku gisa eratu zen, bazkide izateko orriak jasotzeko eta beste zeregin batzuetarako behin-behineko egoitza bezala ere erabili izan den arren.

Hala ere, pentsatzekoa zen egoitza formal baten beharra bazuela klubak. Eta hara, klubaren webgunean gaur adierazi denez, datorren ostegunean inauguratuko da klubaren egoitza berria. Ez nolanahikoa gainera. Alboko bi argazki hauetan agertzen dena duzue.

Salamanka Pasealekuko 13. zenbakian dago, Miramar eraikinean, klubaren izaeraren funtsa den Kantauri itsasoari begira. Gure traineru eta arraunlariei bezalaxe, ez zaio kresalari aurre egin beharra faltako egoitza berriari. Gaur bertan izan naiz bertan bistadizo bat ematen eta kanpotik behintzat itxura txukuna du; jantziz, argazki zaharrez eta garaikurrez dotore apainduta ere ageri da erakusleihoa. Kanpoko itxuraren partez, barruan taldearen arduradunek egingo dutenak izango du, ordea, garrantzia.

Beste urrats bat kluba sendotzeko bidean. Ni behintzat bidelagun izango naute. Ea asko biltzen garen.

2010/09/06

Donostiarra 2010ko Kontxako lehen jardunaldian



Traineruak zer egin duen komentatu aurretik, zeozer esan nahiko nuke kolore zuri donostiarraren inguruan. Pozgarria izan zen ikustea kaian Donostiarraren bandera ugari zeudela zintzilik, eta, era berean, aipagarria iruditu zitzaidan zale asko eta asko zeudela gure klubaren kamisetarekin jantzita. Uste dut ezin ukatuzkoa dela urtez urte goraka doala klubaren kolorez jantzeko animatzen den pertsona kopurua. Proiektua hein batean sustraitzen ari den seinale.
Alabaina, pentsatzen dut, eta zinez triste esan behar dut hau, animo eta arnas eskasa ematen diegula gure traineruari eta arraunlariei. Egia da Kaiarribako sototik arranplara bidean gure mutilek txaloak jaso zituztela donostiar arraunzaleen eskutik, beste guztiek bezalaxe, baina arranplako ur-ertzean, trainerua uretaratzen ari zirenean, beste taldeek samalda koloretsua ondoan izaten duten unean, oso lagun gutxi zeuden bertan, Donostiarrako kamiseta jantzita, beren animoak emateko. Eta berdin lehorreratzean.

Badakit bakoitzak nahi duena animatzeko eta nahi duen klubeko zale izateko eskubidea duela, nola ez, baina Donostiako pertsona asko ikusi nituen atzo beste taldeetako kolorez jantzita, baita donostiar 'ospetsu' zenbait ere... Klub hau (eta bere proiektua) gure sentitzen ez badugu donostiarrok, eta sentitzen dugunok ez badiogu horren berri ematen taldeari, arraunlariak zuzenean animatuz adibidez, jai izango dugu, eta alferrik izango dira gero traineruaren errendimendua hobea izateko desioak (burlak eta gusto txarreko komentarioak ez direnean).
Bestalde, nire txalorik beroenak Donostiarrak kaian jarri zuen "tabernatxoan", dendan eta hegaluxe-mokaduen salmentan eguzkipean aritu ziren direktibo, arraunlari eta bestelako laguntzaileei. Denak estropadaz gozatzen eta haiek hor lanean. Ederra hegaluzea, egia esan behar bada!!!

Kirol arloari dagokionean, zer esan. Aurrena, esan behar da, azken jardunaldietan ikusitakoa berretsiz, Lugañene zaharrarekin aritu zirela donostiarrak. Iazko denbora bertsuak egin zituzten, bai irabazleak (Kaikuk, 19:12,66) eta bai Donostiarrak, 20:20,52. Denboraldiaren berri izan duenak, eta talde gisa funtzionatzeko izan dituzten arazoak ezagutzen dituenak bazekien gutxi gorabehera denbora horretan ibiliko zirela (1:07 atzetik, iaz baino 5 hobeto), nahiz eta minututik jaisteko grina hori hor dagoen. Dena dela, ez da berri txarra Orio, Pedreña, Astillero eta Hondarribia 50 segundo baino gutxiagora edukitzea. Gainera, itzulerako luzea oso ona egin zuten denek (Hondarribiak adibidez 3 segundo eskas galdu zituen Kaikurekin luze horretan), eta hor ere gehiago urrundu ziren tarte txikiagoa lortzeko gure aukerak.

Ea datorren astean gutxienez atzokoa egiten duten, eta hobetzerik balego, primeran. Iaz zertxobait behera egin zuten gurrek bigarren igandean. Animo bada, arraunlariak, eutsi goiari.
Eta zuek, arraunzaleak, jarri banderak balkoietan, jantzi kamisetak, eta joan arraunlariak zuzenean animatzera, kontxo!!!

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/09/03

Kontxari buruzko webgune onena

Kontxako banderaren lehen ekitaldia (sailkatzeko estropada) izan genuen atzo, ezusteko nabarmenak eta itsasoko arraunketa-erakustaldi ederrak gozatzeko aukera emanez gainera.
Datozen bi igandeetan, "benetako" bi estropadak izango ditugu, eta historiara pasatuko diren datu ugari ikusi, entzun eta biziko ditugu. Urtero halaxe geratzen baita.

Urtez urte metatuz joan diren datu horiek kontsultatzeko gogoa ere izan ohi du askotan arraunzaleak: zer gertatu zen 1983ko edizio hartan? zein urtetan irabazi zion Oriok Lasarte-Michelini? zein izan zen lehen edizioaren irabazlea? Horiei eta beste galdera gehiagori erantzuna emateko ezagutzen dudan webgune onena aurkeztu nahi dizuet gaurkoan, nahiz eta askok ezaguna izango duzuen honezkero. Blog honen eskuinaldean, Arraunaren Inguruko Webguneak atalean agertzen den lehen estekan daukazue: Kontxako Banderaren historiala. Aspaldiko datu okerrak baztertuz, Rafael Aguirre Francok plazaratu zituen datu zuzenak biltzen dira bertan (bai baita oraindik 1879ko lehen edizioan Pasaiako Avantek irabazi zuela dioen datu-bilduma edo irabazle-zerrendarik).

Hainbat informazio aurkituko duzue bertan: urteak aukeratzeko orri nagusia, herri bakoitzak irabazitako banderen kopurua, urte guztietako irabazleen zerrenda, eta, nola ez, urte bakoitzeko datuak. Hona hemen, adibide gisa, 1896, 1922, 1939, 1956 edo 1989ri buruzko orriak. Sarrera honen irudian ikusiko duzuen moduan, bideoak ere eskaintzen dira urte askotan; berde argiz markatuta dituzue urte horiek orri nagusian.

Besterik ez, bada, hortxe dago datu-festa, horrekin gozatu nahi duenarentzat. Eta zorte on zortzi traineruei Kontxan!!!

2010/08/31

2010ko KAE Liga amaitu da

Horixe ba, amaitu dela aurtengo KAE Liga. Aurrera pauso bat egitea zen asmoa, eta halaxe egin da: 5. postua lortu du A taldeak, 114 puntu batuta (8,14 batez beste). Gogoan izan iaz 7. postua lortu zuela, 88 puntu eskuratuta (5,87 batez beste).

Ia sinbolikoa bada ere, aurten bere lehen garaikurra eskuratu du Donostiarrak: KAE-1eko Gipuzkoako Liga. Esan bezala, klubaren historian lehen garaipena izateak ematen dion garrantzi ia sinbolikoa da bere baliorik handiena; baina bada zerbait, eta izan dadila etorkizunean lortuko diren garaipen garrantzitsuen atari.

Taldea arraunlari beterano eta indartsuz sendotu da, baina badirudi ez dela udazken-neguetako lan egokirik egin ahal izan talde horren arraunketa bateratzeko. Ea datorren denboraldian lortzen dugun behingoz hori, denboraldi dezente baitaramatzagu kontrako urratsez hasita.

B taldeak
ere dezente egin du aurrera, eta ez nolanahi. Guztiz etxeko taldea osatu du, bertako arraunlari mordoxka bat elkartuta. Oso gazteak horietako asko. Gure etorkizuna. 8. postua lortu du: 158 punturekin (9,29 batez beste); bada nahikoa jauzi iazko 11. postu, 42 puntu eta 2,9 batez bestekoarekin konparatuta.
Hona hemen, A eta B taldeetan aritu diren arraunlariak, eta bakoitzak jokatutako estropaden kopurua:

A


B


Unai Luzuriaga
14 Xabier Goienetxea (Pat.) 17
Iñaki Andonegi
14 Xabier Agirre
17
Miguel A. Enriquez
14 Oier Iurramendi
17
Ibai Sistiaga
14 Nikolas Yurramendi 17
David Iglesias
14 Ibon Letamendi
17
Jon Sardon
13 Ariel F. Lalosevich 17
Mikel Kortadi
13 Elias Arruabarrena 16
Aitor Aranegi
12 Jon Enbil

16
Imanol Cascante
12 Telmo Yurramendi 16
Juan Mari Lujanbio (Pat.) 12 Julen Yarza
15
Ekain Iriarte
11 Jon Aitor Krutxaga 14
Jon Quintana
11 Alberto Domingo
13
Patxi Olabe
11 Mikel Iradi

12
Igor Palenzuela
10 Luis Garcia Molina
11
Ricardo Ponce
10 Xabier Zubiri
9
Gorka Ibarluzea
5 Xabier De Diego
6
Iker Iturralde
4 Mikel Egaña
4
Ander Iriarte (Pat.) 2 Roman Araujo
3
Telmo Yurramendi 1 Ricardo Ponce
1

(Argazkia: deustuarrauntaldea.com)

2010/08/26

Donostiarrak Kontxan zuzenean, bai edo ez?

Data hauetan, urtero-urtero sortzen da eztabaida: donostiarrek zuzenean Kontxako Banderan parte hartu behar duten edo ez... Bakoitzak bere iritzia izango du honi buruz, baina askotan beldurtu ere egiten da bat jendea zeinen kategorikoa den ikusita.

Tira, hasteko, betiko debekatuko nuke Arraunketaren Olinpiada izendapen hortera eta ezin absurdoago hori. Ezin dut eraman. Olinpiada olinpiada da, eta Kontxako Bandera Kontxako Bandera da. Ez da zertan konparatu, eta Donostiarra klubetik bertatik izen hori erabili izanak halako mutur-okertze bat eragin dit. Hala ere, ni horrelakoa naiz, ez egin kaso handirik. Dena dela, gogoratu nahi nuke Olinpiadetan ere geratzen direla on asko kanpoan: esaiozue Jokoetara joan ezinean geratzen den laugarren belozista estatubatuarrari, bera baino marka txarragoa duen hainbat parte hartzen ikusten ari denean.

Jarraitzeko, onartzen dut ez dela atsegina hasiera-hasieratik atze-atzean geratzen den traineru bat ikustea (azken 10 urteotan pasa den bezala), are gutxiago zuk maite duzun trainerua denean, eta nolabait kalte egiten diola estropadaren ikuskizunari (bai eta Donostiako klubei berei ere).

Hori alde batetik. Baina, bestalde, donostiarrek besterik gabe lekurik izan beharko ez luketela diotenek ere, gauza asko izan beharko lituzkete kontuan. Postura hau defendatzen dutenen artean bereizi nahiko nituzke arraun-munduan dabiltzanak eta kaleko zaletu 'xume' batzuk. Arraun munduan dabiltzanek badakite Donostiaren berri, eta besterik gabe kirol irizpideak jarraituta "onenak irabaz (edo parte har) dezala" defendatzen dute. Eztabaida sakona eta kontsentsua behar da auzia konpontzeko; lehen esan bezala, hau ez baita olinpiada, Kontxako Bandera baizik, eta udal batek era pribatuan antolatzen duen bandera. Eztabaida dadila eta auzia konpondu. Horretan ez dut askorik esateko.

Kaleko zaletu askoren ahotik, ordea (Donostiaz kanpokoez ari naiz), goitik-beherako begiradak, topiko aspergarriak, eta errespetu falta handiak ere jasan behar izan ditu pertsonalki donostiar honek, ezjakintasunaren ahotik, gehienetan. Horiei bizpahiru gauza esan nahi nieke.

Askorentzat Donostia hutsaren hurrengoa da kirol honetan, ez da arraun herri "autentikoa," (berena bai, noski) eta “betidanik” erridikuloa egin du Kontxan. Alabaina, Donostia historikoki erreferentea izan da arraun munduan; hasiera-hasieratik, onenetakoa baitzen traineruak arrantza kuadrillek osatzen zituzten garaian (XX. mendeko lehen hamarkadetara arte). Hala ere, ez da hain atzera joan behar; 90eko hamarkadan ohorezko txandan eta are "podiumean" sartzen ziren donostiarrak, eta ohikoa zen bi donostiar izatea Kontxako banderan lehian, sailkapen estropadan bere lekua irabazi zuelako bigarren traineru batek. Bestalde, ez da ahaztu behar arraunketa olinpikoaren aitzindari ere izan dela Donostia, 1920ko hamarkadatik bertatik. Bada zeozer Donostia arraunketan, beraz.

Eta nola ez, kontuan hartu behar da Donostiak antolatzen duela Banderarik garrantzitsuena, duela 130 urte baino lehenagotik. Batzuen ustez, Kontxako Banderaren fama horretaz “aprobetxatu” egin nahi du Donostiak. Fama hori airetik edo zerutik etorri izan balitz bezala. Eta ez, ez da zerutik etorri: arraunaren herri "ez-autentiko" honek ehun urte baino gehiagoz lan egin du estropada hau orain dena izan dadin lortzeko. Badirudi ez dela aitortu egin behar Donostiak arlo horretan egindako lana. Kirol honek bizi izan zituen urte latzenetan ere (1950eko hamarkadan adibidez), estropada jarduna guztiz ahulduta zegoen urte horietan, beste hainbat herri (denok dakigun salbuespen onrosoez aparte) arraunaz batere arduratzen ez ziren garai horietan, Donostiak herriz herri egin zuen lana, kuadrillak bildu eta Kontxara etor zitezen konbentzitzeko, sari itxurosoak proposatzeko, Kontxako bandera eta, ondorioz, arraunketa bera bizirik mantentzeko, azken batean. Baina hori Donostiak eta ez bestek egin izana, zer inporta dio... ken zaitezte orain paretik eta trabatik donostiarrak.

Egia da lan hori dena Donostiari komeni zitzaiolako egin zela, hiriari sona ematen ziolako, baina baita ere kirol hau maite zuten agintari askok lana latz egin zutelako ere. Zenbat herrik egiten zuen lan arrauna aurrera ateratzeko? Zenbat bandera jokatzen ziren garai haietan? Zenbat herrik hartzen zuen kirol honi bultzadatxo bat emateko eta sos batzuk emateko buruhauste arina? Orain oso grazioso geratzen da Odon eta Denisi egurra ematea (ni lehena, aizue, itxurakeriak salatzeko), baina Kontxako Bandera bezalako gauza eder bat lortu izana ere ez al zaio aitortu behar Donostiari, meritutxo hori eta meritu horrek dakartzan eskubidetxoak ere ez al zaizkio aitortu behar?

Eta, hala ere, halako goitik-beherako begirada batzuk ere jasan behar dira, baita kirol honetara atzo goizean iritsitako batzuen eskutik ere. Ken daitezela orain donostiarrak paretik, traba egiten dute eta! Ba ez, Kontxako banderaren historiak bere nondik-norakoa izan du, bere izaera propioa eta bakarra du, eta donostiarrei aitortu behar zaie bertan zer egin erabakitzeko eskumena. Azken batean ez delako arbitrariedade handirik egiten, 8 ordez 7 sailkatzeko araua besterik ez da jartzen. Jakin nahiko nuke askoren iritzia Bandera hau eta bere historia osoa beren herrian kokatua balitz. Eta noski, kritikatzen den gauza bakarra da donostiarren parte hartzea; antza, inork ez du arazorik gipuzkoar guztiek, maila apalenekoek ere, sailkapen-estropadan aritzearekin, nahiz eta bizkaitar, kantabriar edo galiziar 'hobeak' alboan geratu.

Beste kontu bat da zergatik ez duen Donostiak neurri egokia eman traineruan azken urteotan. Kritikoa naiz klub donostiarrek izan dituzten hainbat jokabiderekin, uste baitut ez direla Donostiako arraunaren onerako izan. Baina esan behar da, era berean, adibidez Donostiako trainerilla oso bat blokean beste herri bateko talde batek fitxatuko balu, oso bitxia izango litzatekeela gero talde horrek Donostiari Kontxan parte hartzeko eskubidea ukatu nahi izatea, maila ematen ez duelako aitzakian. Ez dut esan bidezkoa ez litzatekeenik, esan dut bitxia irudituko litzaidakeela. Badakit arrauna aldatu egin dela, eta beste kirol-irizpide batzuk, eta kirola gainditzen dutenak, bereziki, direla nagusi gaur egun (kupoei buruzko eztabaida ere hor dago: ni kupoen aldekoa naiz, askok 'onenak irabaz dezala' ideiaren kontrakoa dela uste badute ere; hala ere, kuriosoa da, 'onenak irabaz dezala' ideia hutsa matizatu egin behar dela-eta kupoen alde dauden askok 'onenek parte har dezatela' ideia hutsa defendatzen dute Kontxan). Baina bego hor esana esan behar nuena.
Donostiarrek pribilegio guztiak galtzearen kontra EZ dagoen arraunzale batek esaten dizue: edozer gauza defendatzen dela ere, topiko txoroak utzi alde batean, arren; errespetu bat Donostiari.

2010/08/25

Presidentearen adierazpenak

Alberto Goitia, Donostiarrako presidentea, bi aldiz plazaratu zaigu azken egunotan, nolabait denboraldiaren orain arteko balantzea egiteko eta etorkizunerako espero eta nahi duena adierazteko.
Lehenik, klubaren webgunean bertan agertu zaigu, eta ondoren Noticias de Gipuzkoa egunkarian eskainitako elkarrizketa honetan.

Ideia nagusiak: hainbat zirkunstantzia direla-eta, udazken-neguetako hainbat hilabetetan ezin izan da lana behar bezala egin, eta horren isla da aurten ez dela bete-beteko errendimendua eman ahal izan, nahiz eta helburuak bete diren gutxi gorabehera; laneko ildo honi jarraipena emanez gero datozen hilabeteetan eta lan-taldea mantenduz gero, datorren urtean jauzi kualitatiboa emateko esperantza dago, eta 2011n igoerari aurre egiteko moduan izango omen da kluba. Nola ez, Donostiako gizarte osoari dei egiten dio, bai alde sozialetik bai ekonomikotik arnas eman diezaion ekimenari. Donostiarrak Kontxan zuzenean parte hartzeari buruz ere zeozer badio.

Xehetasun gehiago, noski, aipatutako bi elkarrizketa horietan.

(Argazkia: noticiasdegipuzkoa.com)

2010/08/20

10.000 alajaina !!!

Oporretan nabil egun hauetan, eta, zertaz idatzi apuntatzen ari banaiz ere, ez dut ez astirik eta (bereziki) ez gogorik txolarte bat hartu eta idazki bat egiteko. Ondo merezitako oporren alferrean ere ondo bizi baita bat, zer arraio. Hemendik oso egun gutxira hasiko naiz, ostera, zeozer berria idazten.

Hala ere, bistadizo azkar bat eman diot blogari eta, zer ikusiko eta.. 10.000 bisitaren muga gainditu duela, alajaina!!! Ez nuen inondik ere espero, duela urte eta erdi nire gogoetak eta handik eta hemendik bildutakoak hemen idaztea pentsatu nuenean, horrelako oihartzuna izan zakeenik blog honek: 18-20 bisita inguru egunean batez beste.

Beraz, ez dut askoz gehiago esateko, hauxe ez bada: eskerrik asko zuri irakurle, baita zuri ere, zuri ere bai, eta zuri ere bai... eta horrela 18-20 horiei 10.000 aldiz... eskerrik asko. (Hamar) mila esker.

PD: egunak pasa badira ere, ez dut aipatu gabe utzi nahi Joxan Jauregik Donostiarraren webgunean B traineruari buruz esandako hau.

2010/08/07

Loiolatarraren San Inazioko estropaden historiala

Duela aste batzuetako blog-sarrera honetan, Loiolatarra elkarteak San Inazio egunean egin ohi dituen batel-estropadak aipatu nituen. 1983an jokatu zen estropada hori aldiz. Ordundik hona, urtero jokatu da estropada hori, eta ezin da aipatu gabe utzi elkarte horrek ibai-arraunketa sustatzeko eginiko ahalegina.

Foro bateko mezu batean jakinarazi denez, Gipuzkoako Aldundiko web orri honetan Loiolatarrak antolatutako estropada honen edizio guztien berri ematen da: emaitzak, denborak, eta baita urte batzuetako irabazleen tripulazioak ere. Aipatzekoa da 1986 eta 1987an Loiolatarra bera izan zela irabazlea.

Datu interesgarriak, inondik ere. Honen bidez, elkarte horrek duen meritua aitortu nahi nuke.

2010/08/04

On-line denda webgunean, eta bazkide-kanpaina berria

Etengabeko berrikuntzak egiten ari da kluba bere webgunean, eta berri pozgarria da hori, niretzat behintzat. Lehengoan, bideoteka gehitu zuten. Oraingoan, bi ekimen berri jakinarazi dituzte baliabide horren bitartez:
1) On-line denda: jakinik Bretxako denda dotoreak ordutegi murritza duela, edo jendeari agian deserosoa gertatuko zaiola Parte Zaharrera ordu jakin batzuetan etorri beharra, baliabide ezin praktikoagoa da horrelako denda bat jartzea Interneten. Ea ohiko apalkeria bazterrean utzi eta Donostian bandera eta kamiseta gehiago ikusteko bidea ematen duen ekimen honek.

2) Bazkide-kanpaina berria: 1.000 bazkide izatetik 2.000 izatera iristea da helburua. Masa soziala eta oinarri ekonomikoa sendotzea ezinbestekoa baita. Bazkideok ere mugitu behar dugu, proiektuaren zabalkundean transmisio-uhal lana egiteko.

Zorionak klubeko arduradunei, eta segi horrela.

2010/08/02

B trainerua bikain

Askotan, gehiegitan, goi mailako gauzei bakarrik erreparatzen diegu, kontuan izan gabe normalean gauza xumeetan dagoela benetako gauzen autentikotasuna. Donostiarra traineruan ere, zaleon artean behintzat (pentsatzen dut klubean ezetz), sarritan iruditzen zait ez diogula benetako garrantzia ematen atzetik datozen gaztetxoek egiten duten lan isilari. Lan isil baina ezin garrantzitsuagoari, esango nuke. Etorkizuna ondo asentatu nahi bada, oinarri egokia ezarri behar zaio Donostiako arraunari, eta dudarik ez dago B traineruan tiraka ari diren horiek direla etorkizuna.

Zer-nolako etorkizuna dugu ba, ontzi horretan? Ikus dezagun: adibide modura, asteburu honetako bi estropadei begiratuta, ikusiko dugu 16 arraunlari aritu direla Lugañeneko tostetan bi egun horietan, eta azpimarratu behar da 16 arraunlari horiek, guztiak, etxekoak direla, propioak, Donostian arraunean hasitakoak, eta, bakarra salbu, denak donostiarrak. Eta, batez besteko adina, 21 urtekoa da. Kontuan izanda 16 kirolari horietatik 12k ez dituztela 22 urte baino gehiago, eta haietatik 7 ez direla iristen 20 urtera oraindik, gauza nabarmena eta pozgarria da oso ontzi gaztea dugula.

Plantilla horrekin, B trainerua maila txukuna ematen ari da KAE-2 Ligan: 4 txanda daude (16 talde daudenez) liga horretan, eta hirugarren txandan (hau da, bigarren onenean) sartzea lortu dute, 8. postuan baitaude gaur egun.

Uste dut Joxan Jauregiren lana oso ona izaten ari dela, eta A trainerukoak eliterako bidearen bila ari diren bitartean, B trainerua egiten ari den lana dela benetan Donostiako arraunaren etorkizuna asentatuko duena. Aitor diezaiogun, bada, talde horri bere meritua, eta jaso ditzatela arraunlari horiek behar eta merezi bezainbeste animo. Etxean luzaro egingo ahal dute beren ibilbidea!!!

2010/07/28

Unai Luzuriaga "Txinpart" Donostiarraren webgunean

Donostiarra klubaren webguneak eskaintzen duen informazioaren artean, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari egiten zaion elkarrizketa hau gehitu dute gaur.

Kirol-ibilbide luzeko arraunlari donostiar honek hainbat gauza komentatzen ditu, eta irakurtzea gomendatzen dizuet. Hona ideia nagusiak: pixka bat goraxeago egotea espero zuten; maila oneko arraunlariak daude klubean, baina oraindik talde modura guztiz bateratu gabe daude, eta plantillari eutsiz gero (garrantzitsua da hori), datorren urtean pauso nabarmena emango luke traineruak arlo horretan. Bere kirol-bizitzako azken urratsak etxean emateko asmoz itzuli da Donostiara, traineru bateratuaren proiektuan beti sinetsi izan duelako, eta esperientzia zabalarekin eskain dezakeen laguntza emateko prest.

Oso arraunlari kuttuna izan dut Unai Luzuriaga betidanik; adiskide ez banaiz ere, txikitatik ezagutzen dut, eta pertsona ezin jatorragoa izateaz gainera, arraunlari izugarria eta langilea iruditu izan zait beti. Edozein giza talderentzako funtsezkoa. Traineru bateratuaren proiektua gauzatu zenean, ezinbesteko pieza izan behar zuela pentsatu nuen, dudarik gabe gainera, eta guztiz poztu nintzen aurten itzuli zela jakitean. Urtero denboraldia amaitzen denean trasteak utzi eta erretiratzeko gogoa zinez ulertzen badut ere, espero dut oraindik ere puska batean arituko dela tostan jo ta fuego, Donostiako arraunaren etorkizunari arnas ematen.

PD: Norbaitek esan diezaiola KAE Ligari Unairen fitxan agertzen den adina ez dela zuzena. Mirari bat litzateke 53 urterekin duen sasoia izatea. :)

2010/07/23

TKE Ligako ordezkari donostiarrak

TKE Ligara igotzeko asmoa eta helburua du Donostiako ordezkari zuzena den Donostiarra traineruak. Hala ere, hori noiz gertatuko zain, sutsuki zain, gauden bitartean, ezin dugu ahaztu badirela arraunlari donostiarrak TKE Ligan dabiltzan beste ontzietako tostetan. Hamabi dira arraunlari horiek, eta ez nolanahiko arraunlariak gainera.

Horra: Gabi Larrinaga, Iñaki Arrieta, Loren Jauregi, Iker Aranburu eta Lander Larrauri, San Pedron; Axier Kolina, Haritz Etxebeste eta Fernando Balentziaga, Orion; David Sainz, Alain Osanbela eta Ion Piñeiro, San Juanen; eta Asier Etxebeste, Castron.

Gai horixe jorratu du Irutxuloko HITZA egunkariko Itzurun gehigarriak bere gaurko alean. Elkarrizketa egiten zaie arraunlari horiei, eta aurtengo denboraldian egindakoari eta egitea espero dutenari buruz mintzo zaizkigu.

Guztiz artikulu interesgarria; eta, beste behin ere, aipagarria eta eskertzekoa da Irutxuloko HITZAk arraunari eskaintzen dion tarte mamitsua.

2010/07/21

Donostiarra zazpigarren Gipuzkoako txapelketan

Donostiarrak zazpigarren postua lortu du, gaur etxean, Kontxan, jokatu den Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Badirudi Donostiarrari asko gustatzen zaiola postu hori, orain arte jokatu dituen lau txapelketetan (hiru Gipuzkoakoak, eta bat Euskadikoa) postu berbera lortu baitu. Eta ez da ahaztu behar KAE Ligako aurreko bi denboraldietan ere zazpigarren geratu dela.

Espero dezagun laster hautsiko dela joera hori, postu hobeagoak lortuz. Hona hemen gaurko denborak:

1 HONDARRIBIA 20:05,68
2 SAN JUAN 20:09,00
3 ORIO 20:26,40
4 ZUMAIA 20:54,12
5 SAN PEDRO 20:59,88
6 ZARAUTZ 21:07,74
7 DONOSTIARRA 21:28,46
8 GETARIA 21:48,82
9 TRINTXERPE 21:51,00
10 HIBAIKA 22:30,54

Felix Erdozia hil da

Gipuzkoako Arraun Federakuntzak bidalitako ohar baten bidez jakinarazi da Felix Erdozia Martiarena hil berri dela, 95 urte zituela.

Urtetan Ur-Kirolak taldeko arraunlari izandakoa, gero talde horretako entrenatzaile izan zen, baita klubeko presidentea ere 1949 eta 1971 bitartean. Gerora, 1971 eta 1984 bitartean, Espainiako Arraun Federazioaren presidente ere izan zen. Seguruenik, bera izan zen arraunketa olinpikoa indartzen ahalegin handiena egin zutenetako bat.
Besarkada bat arraun munduko pertsona garrantzitsu honen senitarteko eta adiskide guztiei.

(Argazkia: Felix Erdozia, berari egindako omenaldi batean, Lasurtegi eta Climent arraunlarien artean: diariovasco.com).

2010/07/18

Martin Berasategik Donostiarraren propaganda ETBn

Aspalditik ezaguna da Martin Berasategi sukaldari handia xaltxa guztietan ibili zalea dela. Lan isil asko egina da Martin, dudarik gabe, baina jendaurreko plaza zaratatsuetan agertzea oso gustukoa duela ere ezin uka.

Kontua da uztailaren 15ean berriro ere telebistan agertu zela, beste sukaldari famatu baten programan, hain zuzen: David de Jorgek aurkezten duen Robin Food programan.

Eta hara non agertu zitzaigun Donostiarra traineruko bandera atzean zuela, lepoan zapia jarrita, eta mahai gainean zapia eta txanoa, denak ere klubaren ikurrarekin. David de Jorgek ere lepoan du zapia. Traineruari arnas ematera deitu zituen arraun zaletuak, eta txiki-txikitatik ezagunak dituen klubeko arduradunak goraipatu zituen (Joserra Mendizabal, Mendi, eta Joxan Jauregi bereziki, Parte Zaharrekoak izaki, Martin bezalaxe).

Kuriosoa egin zait horrelako programa batera joatean Berasategik izan duen okurrentzia edo detallea; baina traineruaren oihartzun mediatikoa eta taldearen sozializazioa indartzeko balio badu, bejondeiola Martini.

Programa osoa ikusi nahi duenak, hemen du aukera (1:20 - 2:50 minutuan egiten du "propaganda"), eta mendrezka ezin goxoagoa egiteko jarraibideak ere ikasiko ditu, bide batez. On egin!

2010/07/15

Mendiren gogoeta Donostiarraren webgunean









Badira aste batzuk Donostiarra klubaren webgunea martxan dabilela. Informazio interesgarri asko eskaintzen du, eta albiste eta gogoeta eguneratuak ere bai. Oraintsu, bideoak eskaintzen dituen atala gehitu dutela ikusi dut. Hobetzeko alderdi batzuk ere badituen arren, hori komentatzea agian beste egun baterako utziko dugu.

Oraingoan, Jose Ramon Mendizabal, Mendi, Donostiarrako entrenatzaileak egindako analisi bat eskaintzen digu webguneak. Lehen bost jardunaldi hauen ondoren gertatutakoaz eta denboraldi honetan traineru donostiarrarekin espero dezakegunaz mintzo da Mendi. Uste dut interesgarria dela eta esperantzarako bidea ere ematen digula donostiar arraunzaleoi, banderak lortzeko aukera ere ez baitu baztertzen. Ligarako, ideia nagusi bat du Mendik: erregulartasuna da gakoa eta Elantxobeko hankasartzea ezin da errepikatu. Hala bedi.

Beste webgune batean ere kolaboratzaile moduan artikuluak idazten ditu Mendik. Impulsofijo izeneko webgunean KAE-1 ligari buruzko iritziak plazaratzen ditu bere atal berezian. Arraun munduko kirolari, entrenatzaile eta kazetari interesgarrien lankidetza lortu dute Impulsofijoko arduradunek; zorionak haiei.

2010/07/14

Donostiarrako arraunlariak Kaiko jaietako txupinazoan

Asteburu honetan, Donostiako Kaiko Karmengo jaiak (eskuineko Karramarro sinpatiko hori ikurtzat duten jaiak) ospatuko dira.

Osteguna, uztailaren 15a, izango da jaien lehenengo eguna. Hasiera-ekitaldi nagusia, egun horretako iluntzean, 20:30ean, botako den txupinazoa izango da. Eta Donostiarra traineruko arraunlariek izango dute txupinazo horretako etxafuegoa pizteko ardura eta ohorea.

Ondo pasa Kaieko jaietan!!

2010/07/04

Xabier Zabala "Bixkar"

Irutxuloko HITZAk ostiraletan kaleratu ohi duen ITZURUN gehigarriko aste honetako alean, Xabier Zabala Bixkar arraunlari eta entrenatzaile donostiarrari egin diote elkarrizketa.

Xabier Zabala (hona hemen KAE Ligan duen fitxa) Ur-Kirolakeko arraunlari eta entrenatzaile izandakoa da ("Nire bihotzeko kluba Urki da" dio elkarrizketan), eta hainbat talde eta klubetan egin du arraun bere kirol-ibilbidean. Azken urteetan Hernanin dabil, gaztetxoekin lanean bereziki, hango arraun-tradizioa berreskuratu eta sendotu nahian. Kirol arloan dituen buruhausteez gainera, AHTko obrek egoitzarik gabe utziko dituen kezkari ere egin beharko dio aurre. Arraunlari gisa, berriz, San Pedron arituko da aurten, gero erretiratzeko asmoa badu ere.

Artikulu mamitsua da, eta guztiz gomendagarria, hango eta hemengo arraunari buruzko gauzak jakin nahi dituenarentzat. Donostian arraunak duen egoerari buruz (harrobiaren inguruan batez ere) esaten duena ere aipagarria iruditzen zait: "Bai Urkin eta bai Arraunen dominak lortzera iritsi ginen talde asko egon ginen. Orain, ordea, badira urte batzuk beheko mailetan emaitza onik lortzen ez dutela. Kategoria txikietako lana nahiko utzia dagoela iruditzen zait".