2009/11/15

350 arraunean Benta Berrin



Atzo 350 kiroilari baino gehiago izan ziren arraunean, ergometroari tiraka, Benta Berriko kiroldegian, Donostiako XI. Indoor Herri estropadan. Bertakoez gainera, kanpotik etorritako hainbat kirolari izan zirela jakinarazi du Irutxuloko HITZAko albisteak.

Emaitzak ikusi nahi badituzue, dokumentu honetan ageri dira denborak, kategorien arabera sailkatuta.

2009/11/11

Tornozulotik HITZAn berriro !!

Donostia eta arrauna uztartzeko bokazioa duen blog xume hau Irutxuloko HITZAn aipatu zuten irailean, egunkari horrek Kontxako Banderaren harira argitaratutako gehigarrian. Berri pozgarria izan zen honako blogari honentzat. Berriro ere pozteko gaia eman dit egunkari arraunzale donostiarrak, blogaren beste ezaugarri bat plazaratzen baitu HITZAk gaurko alean: bertsoak.

Blogari begiratu arin bait ematea besterik ez dago, istorio zaharrak kontatzeko zaletasuna dudala ikusteko; eta, bertsoak izan dira, luzaro, istorio jakingarriak gizarteratzeko baliabide erakargarrienetako bat. Han eta hemen bildu ditudan istorio eta bertsoak zuenganatu nahi izan ditut: adibidez, gaurkotasuna izanagatik aspaldikoa den donostiarren arteko ikamika; 1915ean oriotarrak, donostiarrak eta hilkutxa baten inguruko istorio xelebrea, XIX. mendeko getariarren eta donostiarren arteko batel-desafioa, edo 1925eko Ur-Kirolakeko arraunlarien balentria mingarria. Azken istorio hau hartu du hizpide Irutxuloko HITZAk arraunak eta bertsoak duten lotura aipatzeko.

Berriro ere, egunkari horri eskerrak eman beharrean nago, arraunari eskaintzen dioten atentzioa ez delako nolanahikoa eta nire bloga hainbesteraino kontuan hartzea oso pozgarria delako niretzat. Nire eskerrona behar bezala ez dakit ondo adieraziko dudan, eta, bertso gaietan ari garenez, Manuel Lasarte handiaren bitartez hitz hauek esan nahi nizkioke HITZAri, leitzarrak direlakoan:

Gaur erregaliz jantzi naute ta
pozik arkitzen naiz ziñez.
Nik onenbeste merezi nunik
nago siñistu eziñez,
baiña leitzarrak gaur denak egin
dute borondate fiñez.
Kezka bat daukat, zuekin zorrak
nola ordaindu jakin ez.

GBC saskibaoi-taldea Donostiarrari arnas ematen



Gipuzkoa Basket Club (GBC) saskibaloi-taldeak arnas eman nahi dio Donostiarra traineruaren ekimenari, eta hori publikoki plazaratu nahi izan zuten atzo, ekitaldi sinboliko batean, Gorka Ramoneda GBCko presidenteak eta Alberto Goitia Kaiarribakoak.

(Argazkia: estropa.net)

2009/11/05

Gora Ur-Kirolak 1925

Joan den astean Ur-Kirolakek 1925ean oinazez irabazitakoa kontatu nuen, eta ARGIA astekariko kronika bat ere gehitu nizuen. Astekari horren hurrengo alearen azalean, 1925eko abuztuaren 30ekoan, honako bertso hauek argitaratu ziren, garaipen haren omenez.



(Irudia: ARGIA aldizkariko hemeroteka)

2009/11/04

Bilera udaletxean



Atzo bilera izan zuten, Udaletxean, Donostiarrako zuzendaritzak eta udaleko kirol-arduradunek. Krisi garai hauetan udalak proiektuarekin izango duen inplikazioa jakin nahi zuten, eta, antza, udalak ez du bere laguntza jaitsiko. 125.000 euro jasoko ditu klubak aurten ere, beraz.

Baina, beste babesle nagusi baten bila dabil Donostiarra, etorkizuneko bidea sendo oinarritzeko, Construcciones Moyua proiektutik joan zenetik babesle nagusi gabe izan baitzen aurreko denboraldian. Hurrengo denboraldirako babeslea bilatzeko lan horretan Udalaren laguntza nahiko luke klubak.


Kontua da oraintxe dela plantilla zehaztuta izateko edo zehazten aritzeko garaia, eta, babeslerik izango den edo babesle horrek zenbat emango duen jakin ezean, nekez egin ahal izango zaiela proposamen zehatzik arraunlariei. Are gehiago, arriskutsua izan liteke bete ezin izango diren promesak egitea, aurten ikusi den bezala.

Albiste honetan dioenez, Mendi izango da aurten ere entrenatzaile, osasun arazoak guztiz gaindituta ez baditu ere, eta plantilla landu eta finkatzeko lanetan dihartu, aurrekontua zehaztu gabe izateak sortzen duen eragozpen handiarekin.

Espero dezagun, hala ere, urrats bat egingo duela aurrera Donostiarrak, eta ez dela beste trantsizio denboraldi bat metatuko. Latza litzateke.

2009/10/26

Ur-Kirolak 1925: Ipurmasailak odoletan



Ipurmasailak minbera, larrututa eta are odoletan izatea, arraunlariek hurbiletik ezagutzen duten kontua da. Tentu handiz zaindu eta zaildu beharrekoa da tostan hain marruskadura-saio gogorretan erabiltzen den ipurdi-alderdi hori. Duela gutxi Korta berak azaltzen zuen telebistan, gordintasun osoz, arraunean hasi zen garai hartan maindireak ipurdian literalki itsatsita esnatzen zela hainbatetan. Gaur kontatu nahi dizuedan istorioa, ordea, ez da arraunlarien ohiko ipurdi-min horiei buruzkoa, istripu batek eragindakoa baizik.

Ur-Kirolak 1922an sortu zuten arraunzale donostiar batzuek, aulki mugikorrean aritzeko zaletasunak bultzatuta. Lehiatzeko yolarik ez zutela-eta, bat beren kasa eraikitzea erabaki zuten. Baina plano eta informazio askorik gabekoak izaki, nahiko ontzi zatarra atera omen zitzaien: Euskotarra. Ez zen arraunerako ontzi baliagarria, eta irtenbide bat bilatu beharra zegoen, hartaz. Club Nauticoko biltegietan erdi ahaztuta zegoen yola zahar bat eskatu zioten klub horri, eta pixka bat zaharberritu eta gero, Urkik izan zuen bere lehen yola "lehiakorra": Antziak (ikus goiko argazkia). Halamoduzko ontzi horrekin 1924an Espainiako txapelketara joan eta irabazi egin zuten.

Jakina, irabazteko asmo berarekin joan ziren 1925ean Alacant aldera Angel Lizarraga, Agustin Lacoste, Jose Etxeberria eta Gaspar Iparragarai arraunlariak, Mariano Larrandia lemazainarekin batera. Hona hemen tripulazioa. Arraunketako teknika ez omen zuten oso landua aulki mugikorrerako, baina kementsuak eta gogo berokoak izateak konpentsatzen zuen gabezia hori. Eta kartsutasun hura frogatu beharra gertatuko zitzaion arraunlari bati estropada erdian. Izan ere, txapelketa lehiatzen jo eta su ari zirela, eserlekuko orga lekutik irten egin zitzaion Lizarragari, eta zuzenean errailen gainean eserita geratu zen. Hala, ipurdia aurrera eta atzera horren mingarriki zigortuz jarraitu behar izan zuen arraunean. Ez zen giro izango azpialde horretan! Hala ere, hortzak estutu eta ekinez, txapelketa irabazi ahal izan zuen Ur-Kirolakeko laukoteak:

1. Antziak (Ur-Kirolak), 7:47
2. Irrintzi (Club Nautico Donostia), 7:53
3. Arrea (Alacant), 7:59
4. Morato (Bartzelona), 8:13
5. Yo (Tarragona), 8:34

Era arranditsu eta bizi honetan kontatu zuen balentria hura Argia aldizkariak, 1925eko abuztuaren 23ko alean (beheko irudian ondo irakurtzen ez baduzu, egin klik esteka honetan):



Hala ere, agian ipurdiko min lazgarri horren arriskuari gehiegi iritzita-edo, ontzi berria eduki beharko zutela pentsatu zuten donostiarrek. Real Sociedadek sustatutako diru-biltze bati esker, Italian yola bat eraikitzeko adina eskuratu zuek Urkik: Ametza ontzia. Ondo eskertuko zuen Lizarragaren atzealdeak.

(Lehen argazkia: Ur-Kirolak)
(Bigarren irudia: Argia aldizkariko hemeroteka)

2009/10/19

Animo Mendi !!



Todoremo.com
foroan esan dutenez, Donostiarrako entrenatzaile Joserra Mendizabal, Mendi, Zaintza Intentsiboetako Unitatean (UVIn) omen dago, ostiraletik, odol-zirkulazioko arazo bat dela-eta.

Bihoakio hemendik besarkadarik handiena berari, eta bere senitarteko guztiei. Une latz hauetan, beste baterako utziko dugu horrek ekar ditzakeen kirol-ondorioei buruzko gogoeta; pertsona baikara beste ezeren aurretik, eta beste ezer baino lehenago.

Animo Mendi, eutsi gogor. Maite zaituztenek behar zaituzte. Donostiako arraunak behar zaitu.

(Argazkia: Diario Vasco)

2009/10/15

Facebook-era iritsi da Tornozulotik



Nire adiskide arraunzale bat ez da oso pozik egongo, eta barkamena eskatu beharko diot igual. Adiskide horrek ez du ulertzen zertan ibiltzen den hainbeste jende Facebook eta antzeko sare sozial horietan. Ez du ulertzen zertan lagun dezaketen horren tresna hotz eta artifizialek harremanak eratzen. Bere iritziz, harremanak gauza sinpleagoa dira, hainbeste alanbike bihurri erabili beharrik gabekoa: bere ustez, nahikoa da, Iztuetak zioen bezala, diosal moduan emandako bizkarreko sendo bat, adiskidetasun beroena adierazteko. Lege zaharrean, ze arraio. Utikan formulismo txepelak eta gehiegizko legamiak. Adiskidetasuna beroan landu behar dela dio, aurrez aurre eta zuzenean, eta askoz hobe, gainera, mahai baten inguruan edo garagardo fresko baten aurrean egiten bada. Hainbesteko ezinikusia die horrelako kontuei, bere kasa kamiseta bat diseinatu eta soinean jantzita poz-pozik erakutsi zidan lehengoan: "NOT IN FACEBOOK" dio, letra zuri handiz, kamiseta urdin hark.

Nik ez dut maiz pentsatu gai horren inguruan, eta zuzeneko harremanen aldekoa banaiz ere (izan ere, adiskide horren eta bion artekoa mahai, terraza eta garagardo artean ere mamitutakoa baita, eta ez dago damurik, ez horixe), a priori ez dut sekula ezertxo ere izan sare sozial horien kontra. Hala ere, ez dut parte hartzeko asmorik izan inoiz.

Kontua da duela egun batzuk estropa.net webgune bikaineko lagunek Facebook-eko adiskide izateko eskaera egin zidatela. Eta ni, zer zen asko jakin gabe ere, ba, eskaera onartu eta sare horretara sartu nintzen. Espero dut nire adiskidea ulerkorra izango dela; azken batean, ez naiz ni izen eta abizenez sartu Facebook-era, Facebook bera bezain tresna hotz eta artifizial bat sartu da: bloga. Facebook-en egin ditudan saio lotsati eta apurretan, baten bati bidali diot harreman-eskaera, eta beste batzuek ere eskaera luzatu didate neroni. Sare txikia eratu dut, inondik ere, baina tira, aparteko asmo handirik gabekoa da blog hau, ze demontre. Aritu beharrean nabil oraindik, hala ere; ez naiz oso eroso sentitzen oraindik tresna maneiatzen, eta ez dakit zer-nolako jokoa emango didan.

Baina tira, hor duzue berria eta gonbita: Tornozulotik Bloga (hori baita Facebook-eko ierabiltzaile-zena) sare horretan dago, eta nahi duenak hor dauka adiskide gisa agregatzeko aukera. Adiskide beharra izango dut, agian... zalantza baitut kamiseta urdin ederreko bat ez ote dudan galduko (egia esan, bi kamiseta eder dauzka, Donostiarrarena ere ezin dotoreago luzitzen baitu sarri han eta hemengo estropadei begira). Batek daki.

2009/10/13

Anaitasunezko afaria Artesanan



Opor egunak dira hauek Donostiarrako arraunlari, entrenatzaile eta zuzendarientzat. Tira, ez hainbeste azken bi talde horretakoentzat, lanean ariko baitira taldea prestatzen, datorren urteko denboraldiari ahalik eta modurik onenean aurre egin ahal izateko. Zurrumurruak ugari dira, etor litezkeen arraunlarien inguruan, baina egiazko berririk oraindik bat ere ez.

Bitartean, atseden eta ospakizun garaia da arraunlari eta zaletuentzat. Joan den ostiralean, anaitasunezko afari bat egin zen Union Artesanan; jakina da soziedade hori oso inplikatua dagoela Donostiarrako zuzendaritzan, eta soziedadeak arraun-taldeari egindako omenarekin batera, soziedadeari eskerrona adierazteko baliatu zuen taldeak afari hura. Elkarte gonbidatzaileko kideekin batera, Donostiarrako A eta B taldeetako hainbat arraunlari, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak eta enpresa babesleetako ordezkariak batu ziren, bai eta Ur-Kirolak, Arraun Lagunak eta Fortunako lagun batzuk ere.

Bertan jakitera eman zen 500 bazkide batu direla ia proiektura. Gutxitxo, akaso, Donostia batentzat; baina hori da gure inplikazioaren neurria, tamalez.
Afariari buruzko argibide xeheak ematen dira albiste honetan.

PD: Joti, taldearen izena Donostiarra da, edo la (trainera) Donostiarra, erdaraz enpeñatzen bazara; baina inola ere ez La Donostiarra. Ez da lehen aldia egunkari horretan horrela idatzita ikusten dudana.
(Argazkia: Diario Vasco)

2009/09/30

Aio, Patxi, aio !!!



Jakina da ikusmin nabarmena sortzen dutela Kontxako estropadek. Era guztietako arraunzale eta ikusleak bildu izan ohi ditu, arraunlarien jardunaz gozatzeko. Ez dakit argazkian agur egiten ari den gixon hori oso arraunzalea zen, edo, besterik gabe, jende asko biltzen zen lekuan subditoen estimu pixka baten bila etortzen zen. Hala ere, hortxe dugu Francisco Franco diktadorea, Azor itsasontziaren karelera hurbilduta, traineruen aurrean, poz pozik.

Francok Donostian igaro ohi zituen udarak jorratzen dituen liburu bat aurkeztu berri du Javier Maria Sada kronistak, eta, horrek gogorarazi digu diktadoreak banderan izan ohi zuen protagonismo punttua. Argazkia 1969ko estropadetakoa da; beraz, Lasarte-Michelineko Klaudio Etxeberriak pasatu behar izan zuen urte hartan bandera hain esku nazkagarrietatik jasotzeko tragoa. Gure historiaren zati dira, eta ez da ahaztea komeni.

(Argazkia: Kutxa Fototeka)

2009/09/23

1945eko Espainiako Txapelketa



Diario Vascok dakarren artikulu honek, Donostiako arraunaren anekdota bitxi bat dakarkigu gogora, 1945ean Donostiak traineruen Espainiako Txapelketa irabazi zuenekoa. Duela urtebeteko beste artikulu honetan, txapelketa horri buruzko beste hainbat argibide ematen dira. Kuriosoa da kontraesana dagoela bi artikuluotan traineruaren izenaren inguruan, lehenengoan La Teresita izena du traineru donostiarrak; bigarrenean, berriz, La Donostiarra.

Artikuluotan esaten dena laburbilduz: urte hartan, Pedreña, Kaiku, Hondarribia eta San Pedrok zuten txapelketa jokatzeko eskubidea. Pasaitarrek uko egin zioten joateari, eta antolatzaileek erabaki zuten Donostiak parte har zezala haien ordez. Presaka, tripulazio bat biltzea lortu zuen Eustakio Iraola Famao patroi ezagunak. Donostiarren parte-hartzearekin ados egon ez eta, ikamikak izan ziren estropada aurreko orduetan, Kaiku eta Pedreñak donostiarrak kale txarrenera eramateko proposamena ere egin omen zuten; azkenik, sestaotarrak eta kantabriarrak ez ziren irteerara aurkeztu.

Irten ziren, beraz, beste bi gipuzkoarrak, itsaso zakarrera, eta donostiarrek irabazi zuten txapela. Hona hemen tripulazio irabazlea: Famao patroi, eta tostetan Ramon Indo, Esteban Azkue, Luis Gaztañazpi, Joaquin Fresnedo, Segundo Manterola, Bautista Oliden eta Jose Mari Zumeta oriotarrak, eta Felipe Zumeta, Jose Mari Jauregi, Antonio Yarza, Pablo Agote, Pedro San Martín eta Jose Galdos donostiarrak. Ordezkoak: Amado Inda, patroia; eta Jose Vaqueriza donostiarra eta Santiago Arrillaga oriotarra.

(Argazkia: Diario Vasco - Kutxa)

2009/09/20

Gabi Larrinaga: donostiar arraunlari handia



Duela hamar bat egun, Gabi Larrinaga (1975) arraunlari donostiarrari elkarrizketa egin zion BERRIA egunkariak. Kontxako Banderaren zurrunbiloa zela-eta, ahaztu egin zitzaidan horren berri ematea blog honetan.
Azken urteotan Donostiak izan duen arraunlari onenetako eta ezagunenetako bat da Gabi Larrinaga, sei taldetan ibilia da eta Kontxan 14 partaidetza izan ditu (1995ean irabazi zuen). Bere kirol-ibilbidearen nondik norakoak kontatzen dizkigu elkarrizketa honetan: Arraun Lagunak, Donibaneko, Pasai Donibane, Orio, Zarautz eta San Pedro taldeetan izan duen ibilera, joan-etorrien zergatia, eduki dituen taldekideak, eta etorkizunerako dituen asmoak. Elkarrizketa interesgarria.

2009/09/14

Donostiarra Kontxako banderan: 2. jardunaldia



Kontxako Banderaren bigarran jardunaldian, Kaikuk aho bete hortz utzi gintuen guztiok; hainbestekoa izan zen bere nagusitasuna. Donostiarrari dagokionez, lehenenego igandean baino zertxobait okerrago aritu zen: 20:57,72 egin zuen, irabazlearengandik 1;34ra (hona hemen denbora guztiak). Baina Mendi entrenatzaileak esan zuen modura, iaz baino minutu eta erdi hobeto ibili dira irabazlearekiko, bi jardunaldiak batuta. Aurrera begira kontuan hartzeko datua izan liteke, pauso bat eman dela ikusteko-edo.

Era berean, aipatzekoa da aldaketak egin zituela tripulazioan, eta lehen jardunaldian aritu ez ziren hiru arraunlariak barruan jarri zituela Mendik bigarrenean. Denek izan dute, beraz, Kontxan jarduteko aukera.

Orain, ikusi beharko da nola ekiten zaion denboraldi berriari. Zuzendaritza eta bazkide berriak, diru-sarrerak eta denboraldia prestatzeko denbora nahikoa eskura izanik, eboluzioa ikusi beharko genuke datorren urtean. Hala bedi.

Argazkia: Irutxuloko HITZA

2009/09/13

Tornozulotik bloga Irutxuloko HITZAn



Irutxuloko HITZAk Kontxako Banderari buruz argitaratutako gehigarri berezian, blog xume honi tartetxo bat eskaintzea erabaki zuten egunkarri horretako kirol kazetariek. Gehigarriaren VII. orrialdean, blog hau sortzeko arrazoiak, nire arraunzaletasunaren nondik norakoak eta Donostiako arraunari buruzko iritzi batzuk irakurleen esku jartzea egoki iruditu zitzaien.

Eskerrak eman behar dizkiet, beraz, Estitxu Zabala kazetariari eta HITZAko gainerako adiskideei, eta nire iritziak balio eskasekoak direla iruditzen zaienei... ba, barkatu, aizue.

2009/09/12

Ur-Kirolakeko neskak Kontxan lehen aldiz




Kontxako banderan emakumezkoen traineru donostiar baten aurreneko saioa egin du gaur Ur Kirolak taldeak. Taldea osatzea kosta zitzaien, baina azkenean 17 arraunlari bildu zituzten, San Pedro, Koxtape eta Fortunako baten bat elkartuta, eta Zierbenako klubak utzi zizkien arraunak. Uztailean hasita, denbora gutxi izan dute Kiriko traineruan arraunkera bateratzeko, Tubal Lakuntza oriotarraren gidaritzapean.

Kanporaketan parte hartu guten 11 taldeen artean 10. iritsi dira neska donostiarrak. Norabait iristeko bidean garrantzitsuena lehen urratsa egitea omen denez, ezin aipatu gabe utzi aurten gertatutakoaren meritua Donostiako arraunarentzat. Hona hemen plantilla:

Aitziber Lizarralde Otegi
Alazne Esnaola Etxeberria
Alba Ayucar Castro
Amaiur Esnaola Illarreta
Ane Arbillaga Etxarri
Arantza Arregi Izagirre
Haizea Ibargarai Osa
Irati Altube Esparza
Irati Salsamendi Lozano
Izaro Garmendia Iruretagoiena
Josune Lizaso Mujika
Laura Goldaracena Unanue
Lurdex Etxeberria Zarautz
Miren Etxeberria Iriondo
Nora Ruiz Ceberio Aranzabal
Patricia Garmendia Freire
Saioa Simal Zabalo
Txelo Lopez Paris
Zuriñe Alberdi Iraola (Pat.)
Argazkia: todoremo.com

2009/09/08

Donostiarra Kontxako banderan: 1. jardunaldia




Kontxako banderaren lehen jardunaldian Donostiarrak eginiko lana balekoa izan dela uste dut. Jakina da itsaso barea izanik 20 minutura ahalik eta gehien hurbiltzea zela asmoa, eta irabazlearengandik minutu bat baino gehiago ez galtzea. 20:23,74 denbora egin zuten (hona hemen denbora guztiak), eta, marka hobexeagoa egingo zutela uste bazuten ere, ez da batere emaitza txarra Kaiku irabazle indartsutik 1:12ra iristea; kontuan hartuta, gainera, minutua baino gutxiago atera ziotela Hondarribia eta Pedreñak, 43 segundo eskas Urdaibaik eta 40 segundo besterik ez Oriok. Eta itxaropenerako datu bat: ziabogatik bueltan, poparean, itzulerako luzean, 12 segundo besterik ez zizkion kendu Urdaibaik, 14 Pedreñak eta 17 Oriok.

Ahazten ez badugu ipar-ekialdeko haizearekin txarrena den 4. kalea egokitu zitzaiela eta erantzukizunak sortutako nerbioak ere gainean izan zituztela, ez dira emaitza txarrak etorkizunari itxaropenez begiratzeko, traineru barruan 10 arraunlari propio (gehi iaz ere Donostiarran aritu zen 11. bat) aritu zirela jakinda. Oinarri itxaropentsua da hori, etorkizuna eraikitzen hasteko.
Datorren asterako, minututik jaisteko erronka bere gain hartu dute arraunlariek, lehen astean gaizki egindakoa ikasi dutelakoan; hona hemen Asier Lopez patroiaren adierazpenak.

Uretatik kanpora, pozgarria izan zen arraunzale ugari Donostiarraren kamiseta erostera animatu zirela jakitea (300dik gora saldu omen ziren); ikusi behintzat asko ikusi nituen kamiseta soinean zeramatela, Kaiko eta Parte Zaharreko zaletu uholde koloretsuan. Balkoi batzuk (espero baino gutxiago, ordea) bandera zintzilika dutela ere ikus daiteke. Era berean, itxura ganorazkoa zuen traineruak, kolore zuriz (edo urdin argiz?) eta babeslez hornitua, Kontxako uraren gainean. Gauzak martxan doazen seinale. Kaian saldu zituzten hegaluze pintxoak behintzat, oso goxoak zeuden. Zorionak zuzendaritzari.
Eta aupa Donostiarra!!

Argazkia: kaiarribadonostiarra.com

2009/09/02

1.000 bazkide lortzea helburu



Donostiarra traineruaren proiektua gizarteratzeko lanean gogor ari dira klubekoak; horren lekuko atzoko aurkezpena, bazkideak biltzeko ekimen berria aurkeztu baitzuen klubak atzo. Ekimen honetan, Gureak taldeko EgunOn zerbitzuaren lankidetza izango dute, herritarrei informazioa zabaltzeko eta bazkide egiteko bideak zehazteko. Gaur egun dauzkagun 400 bazkidetik 1.000 izatera omen da kanpaina berri honen helburua. Ez da ahaztu behar 1.000 bazkidek 30.000 euroko diru-sarrera eratuko luketela; ez da mauka makala klubaren diru-kutxarentzat.

30 soziedade gastronomikok ere 100 euroko ekarpena egingo dutela esan du Alberto Goitia presidenteak elkarrizketa honetan.

Beste puntu aipagarri bat da klubak, azkenean, webgune berria ireki duela (eskuineko esteken zerrendan duzue eskura). Arraunzaleentzat eta Donostiarrako bazkideentzat atari baliagarria eratzen badute, edukiz aberatsa eta informazio eguneratukoa, Internetek eskaintzen duen potentzialitateaz baliatzeko aukera eskainiko zaio Donostiako arraunari.

2009/08/30

Donostiarra: Liga denboraldia amaitu da


Amaitu da aurtengo KAE-ARC Liga. Kontxaren atarian, hainbat ondorio ateratzeko garaia da hau.

Kontuan hartzekoa da iaz eta aurten taldea eratzeko eta bideratzeko prozesuak eta epeak oso desberdinak izan direla, tamalez (ez ditugu xehetasunak eta arrazoiak berriro errepikatuko). Hala ere, emaitzak hortxe-hortxe ibili dira Donostiarra A traineruari dagokionez: aurten 88 puntu lortu dituzte 15 estropadatan (5,86 batez beste), iaz 81 puntu 14 estropadatan (5,78 batez beste). Denboraldian izandako bilakaera ere iazkoaren nahiko antzekoa izan da: sailkapenaren erdialdeko emaitzak lortzen hasi (helburua zen bezala), abuztu hasieran emaitza onenak lortu, eta abuztu amaieran emaitza kaskarrenak; Kontxari begira egindako lan kargaren eraginez, seguruenik. Ea aurten Kontxan iazkoa hobetzerik duten; aurrerapausu baten seinale izango litzateke, datozen urteetan emango omen den jauziaren atari gisa-edo.

B taldean berriz, gorabehera asko izan diren arren (gertatu behar ez luketen itsusikeriak barne) eta emaitzak erdipurdikoak izan badira ere, ontzat eman beharko da esperientzia, etorkizunari oinarria jartzeko lehen pausua izan delakoan. Harrobiko gaztetxoei lehiaketan murgiltzen hasteko aukera eman die B traineru honek, eta jarraipena izan dezala garapen-prozesu horrek datozen urteetan, benetan garrantzitsua baita hori etorkizuna eduki nahi duen talde batentzat. Hori bai, errepikatu behar ez diren gauzak bazterrean utzi behar lirateke betiko; eta seriotasun eta zintzotasun handiagoak exigitu beharko lizkioke zuzendaritzak hainbat teknikori.

Arraunlariek denboraldian izan duten egitekoa ikusi nahiz gero, hona hemen arraunlari bakoitzak jokatutako estropada kopurua:
DONOSTIARRA A
Aitor Aranegi 15
Andima Martinez 15
Ekain Iriarte 15
Hibai Fuente 15
Ibai Sistiaga 15
Jon Lizarralde 15
Patxi Olabe 14
Asier Lopez (Pat.) 13
Iagoba Bakero 13
Jon Sardon 13
Iñaki Fraile 11
Gorka Ibarluzea 10
Iñigo Collazo 10
Jon Quintana 10
Aritz Peiro 9
Unai Iparragirre 8
Telmo Yurramendi 7
Ion Fidalgo (Pat.) 2
Ander Iriarte 0
Imanol Brit 0

DONOSTIARRA B

Hodei Abaurrea 15
Iban Ramos 15
Oier Iurramendi 15
Jon Mayoz 14
Mikel Iradi 14
Xabier Zubiri 14
Andoni Lizaso (Pat.) 13
Lander Clemente 13
Mauricio Barros 13
Ricardo Ponce 13
Xabier Lezertua 13
Asier Urdangarin 12
Aitor Casis 11
Nikolas Yurramendi 8
Ekaitz De Ibero 7
Jokin Egaña 6
Alberto Domingo 5
Xabier De Diego 5
Elias Arruabarrena 2
Manu Roteta (Pat.) 2
Andres Fernandez 0

2009/08/20

Izurdearen fama eta botakarraren izana

Botakarra, Scomberesox saurus.
Demagun izurde bat eta botakar bat uretan ziztu bizian igerian ikusten ditugula, norgehiagoka larri batean lehiatzen. Jakinik bata bestaren harraparia dela, lehia orekatua izango al litzateke? Zein gertatuko litzateke irabazle?

Ez, ez, lasai... oraingoa ez baita itsasoko animaliei buruzko natura-dokumental bat, XIX. mendeko getariarren eta donostiarren arteko arraun-desafio bat baizik. Eta zer pintatzen dute, bada, bi animalia horiek istorio honetan? Ba, horiexek zirela desafio hartako ontzien izenak: Izurdia Getariakoa eta Potakorra Donostiakoa.

Desafioa Getarian jokatu zen; zein urtetan egin zen ezin dugu jakin zehazki, ez baitago data zehatzik adierazita inon. Hala ere, Antonio Zabala zenak Jose Manterolaren bilduman jasota topatu zituen egun hartako kontuak jorratzen dituzten bi bertso-paper. Hortaz, eta bilduma hori 1877koa denez, estropada nahitaez lehenagoko urteren batean gertatu zela badakigu behintzat. Bertso-paper horietako baten izenburua (Izurdiaren fama eta potakorraren izana) erabili dut, hain zuzen, idazki honi titulua jartzeko.

Dena delako urte hartan, nolabaiteko liskarra izan omen zen arraunlari getariarren eta donostiarren artean, Donostian lehenago antolatutako estropada bat zela medio: hainbat kontu eta eztabaidaren ondoren, ez zen estropada jokatzerik izan. Hurrengo egunetan, Donostiakoei errua botaz, Getarian burla eta mespretxu ugari ibili omen ziren airean donostiarren kontra. Azkenean, kontuak garbitzeko-edo, getariarrek desafioa bota zieten donostiarrei: batel-estropada bat, bosna arraunlari eta patroia izanik tripulazioa. Eta mila erreal jokoan; ez zen sari makala, garai haietarako.

Donostiarrek desafioa onartu, eta hitzartutako egunean hantxe agertu ziren Getarian batel gainean Donostiako gazteak, Anselmo patroiaren gidaritzapean. Eta bai gazteak izan ere donostiarrak, hamazazpi-hemezortzi urteko mutikoak baitziren. Getariako jendea seko harrituta geratu omen zen, gaztetxo haien itxura ikusita:

Allegatu ziraden
Getariko errira,
noski jendia franko
bazegon begira;
alkarri esanaz zeuden
alditik aldira:
"oiek estroparako
gizonak al dira?"

Apusturako lasta gisa, sei-zazpi arroa harri hartu zituzten donostiarrek, eta, bertso-paperetan esaten denez, hori ere txit barregarria izan omen zen getariarrentzat. Potakorra ea "pleiteroa" al zen (pleita edo karga eramaten zuen itsasontzia, alegia) eta antzeko burlen berri ematen da bertsoetan. Abiatu aurretik, orekarik gabeko norgehiagoka zirudien: gizaseme sendo eta zailduz osatutako izurdea, oraindik ia nerabe ziren gazte batzuez osatutako botakarraren aurka. Alabaina, uraren gainean giharrak dantzan hasi zirenean:

Gizon aulak zirala
galdubak petxutik,
indarrik etzutela
ibiltzeko txutik;
alere izurdiak
ez tragatziatik,
potakorrak utzi du
izurdia atzetik.

Oraiñdaño itxasuan
askok du ikusi:
izurdiak segita
potakorra igesi;
orain biyak pelian
diranian asi,
potakorra jarri da
izurdian nagusi.

Garaipen honek oso pozik jarri zituen, noski, donostiarrak. Ezustekoa eman eta mila erreal poltsikoratzeaz gainera, azkenaldi horretan jasan zituzten burlak kitatu zituzten getariarrekin. Eta, atzera, burlak beste aldera itzuli ziren:

Zubek eginak diran
burlaren erdiyak
jarri eztitugu emen
ez pentsa guziyak;
amarretatikan bost
dirade utziyak,
karanba getariyar
demontrez josiyak!

Adios, getariyarrak,
adios, ikusi arte,
ezer ofrezitutzen
bada eman parte;
Getariyatik ezta
Donostiya aparte,
adios, aje gabiak,
nai dezuten arte.

Azken lerro hauek une horretako sentimenen isla besterik ez dira, ez dakidala haserretu getariarrik. Arraunean garai onenak bizitzen ari ez diren bi herri historikoren omena izan dadila istoriotxo hau.

2009/08/15

Soziedadeak Donostiarrarekin bat eginez



Donostiako soziedade gastronomikoak Donostiarra traineruaren proiektuan inplikatuta daude. Jakina da Union Artesana ondo errotuta dagoela uztailean izendatu berri den zuzendaritzan. Eta, harreman-sare hori aprobetxatuta, beste soziedade asko ekimenarekin bat egin dezaten lortzeko bidean dira, traineruari dirutxo bat emanez, edo jendea bazkidetzara batzeko zereginean lagunduz.

Traineru berria gizarteratzeko lanean ari diren seinale, bart arratsean Donostiarraren bandera zintzilik ikusi genuen hainbat soziedadetan. Hemen jarri dudan argazkia, Kanpandegi kaleko Zubigain soziedadeko mastarena da. Hori bai, bandera buruz behera zintzilikatuta ikusi genuen, bai hemen eta bai Gaztelubiden ere; akats hori konpon dezala konpondu behar duenak.

Bestalde, bandera horiek, kamisetak eta Donostiarraren gainerako merchandising gauzak saltzen dituzte Lorea izeneko dendan, Portu eta Aingeru kaleen izkinan (Aingeru kaleko eskaileratik hurbilen dagoen izkinan).