2010/02/17

Urumean ontziak ezin behar bezala ibili

Arraun Lagunak taldeko Pedro Indo arraunlari ohiari elkarrizketa egiten zaio, gaur, Diario Vasco egunkarian. Garai bateko eta gaur egungo arraunketaren arteko desberdintasun batzuk aipatzen dira, baina, bereziki, nire ustez garrantzi bereziko kontu bat plazaratzen du Pedro Indok: Urumearen nabigagarritasuna.

Aspalditik, nahiko zabartuta dago Urumea; lokatz ugari metatzen da ibaiaren hondoan eta bazterretan, eta ez da hori konpontzeko behar bezalako garbiketarik egiten. Uraren ibilbidea nekezagoa egiten du horrek, eta, leku gehiegitan, asko urritzen du ibaiaren zabalera eta sakonera. Duela hilabete batzuetako beste artikulu batean, ibaiaren egoera horrek Ondarretako hondarraren eskasian ere eragina zuela esaten zen, uraren ibilera nekezaren eraginez ez baitzen hondar guzti hori itsasora iristen eta, gero, hondartzetan metatzen.

Eta, jakina, sakonera eskasak eta ibilgu murritzak guztiz zailtzen du ontziak bertatik igarotzeko aukera. Zer esanik ez bosgarren zubi horren obra amaiezinek egoera hori areagotu ondoren. Zer gertatzen da horren ondorioz? Ba, Indok dioen bezala, orain Donostiako klubek ezin dituzte beren entrenamenduak egin Urumea ibaian, beti egin izan den bezala (are gutxiago estropadak antolatu). Soustonseraino joan-etorriak egin behar izaten dituzte, eta horrek, bidean aurrera eta atzera ibiltzeak dakarren arriskuaz gain, beste eragin txar bat du: kirola ikusezin bihurtzen duela. Ibaian jendea arraunean ikusteak gogoa (harra) sor diezaioke jendeari, etorkizuneko arraunlariei. Baina horrelakorik ikusi ezean, nola piztu ezer? Indok dio Soustonsen oso pozik daudela arraunlari donostiarren jardunarekin, besteak beste bertako afizioaren pizgarri ere badelako.

Beste hainbat lekutan ibaien egoera eta itxura txukuntzen ari dira, baita kirola egiteko eremuak prestatzeko ere, Tolosan egin duten hesi puzgarri hori lekuko. Hemen ordea, ibaiaren egoerari kasurik ez, zubien lanak noiz amaituko jakin ez (hiri honetan ohikoa den moduan), ibaian arraunlaririk ez, kirola gizarteratzeko modu hori berreskuratzerik ez, arraunlari donostiarrak bidaia ezerosoetan ibil daitezen saihesteko aurreikuspenik ez, eta abar.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/02/16

Plantilla eraberritua

Gaurko Irutxuloko HITZAn Donostiarrako plantillaren eta entrenamenduen berri ematen da. Mendi entrenatzailearekin izandako solasaldia du ardatz artikulu horrek, eta informazio oso interesgarria ematen da bertan. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dut, informazio eta iritziz oso mamitsua baita, baina ona hemen bertako laburpena.
Gaur egun, 35 arraunlari ditu klubak entrenatzen, iazkoaren bikoitza hain justu (17). Etxeko arraunlariek (Arraun, Fortuna eta Urkikoek) proiektuan duten eta izan behar duten garrantzia azpimarratu nahi izan du Mendik ("proiektuaren muina dira"), eta, horregatik, zein etorriko pentsatzeak baino iaztik kluba utzi dutenek kezka handiagoa sortzen diotela dio. Beraz, Imanol Cascante, David Iglesias, Miguel Angel Enriquez, Mikel Kortadi eta Iñaki Andonegi berrien ekarpena baloratuta ere, 35eko kopuru handi hori baloratzen du berak.

Entrenamenduen baldintza txarrak azpimarratzen ditu gero (Pasaian ari dira batik bat, baina azpiegiturarik ez du klubak han). Lan fisikoaz aparte, arraunkera bateratzen ari dira orain, taldea egiten (adierarik zabalenean), eta sentsazioak onak dira. Goiz omen da zer-nolako emaitzak izango dituzten jakiteko, baina goruntz egitea da helburua, aurkariak ere ondo indartu direla badakien arren.

Urte apal batzuen ondoren, harrobia mugitzen ari dela uste du Mendik, eta horretan goiko traineruaren bultzadak zeresana izango duela pentsatzen du. Aurten ere bigarren trainerua aterako da; Manu Roteta izango da berriro entrenatzailea, baina lana arinduko dion laguntzaile bat izango du urte honetan.

1.000 bazkide biltzeko ahalegin horretan, 800eko kopurua gainditua dagoela esan du. Udalak bere diru-laguntza mantendu du (ezinbestekotat jotzen du laguntza hori etorkizunerako), eta babesle baten bilaketan bide onetik doazela dioen arren, ezer ere ez dagoela itxita aitortu du.

(Argazkia: irutxulo.info)

2010/02/02

Beteranoak Londresera begira

Donostiako Arraun Lagunak klubeko beteranoen zortzikoak Londreseko Head of The River ospetsuan parte hartuko du martxoan.

Berrogeita hamar urte inguruko adinean dabiltza, arraunlari hauek, eta bertan dira, besteak beste, gaztetan hainbat Kontxa (ez tosta donostiarretan baina) irabazitako eta pisu arineko Munduko Txapeldun ere izandako Eulogio Genoba eta Benito Elizalde. Eta horiekin batera, Joseba Higos, Aitor Iriondo, Borja Pablos, eta abar. Guztira hamabost bat arraunlari biltzen ditu beterano talde honek.

Diario Vasco egunkariko albiste honetan kontatzen dira talde horren nondik norakoak: nola elkartu ziren, urte askoren buruan, eta berriro ere lehiatzeko erabakia hartu zuten, barruko "harra" lasaitzeko asmoz. Eta bai ondo egin ere: gogoratu nahi dizuet zortziko honek iazko ekainean Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituela, blog honetan bertan aipatu genuen moduan. Etorkizunean Munduko Txapelketan aritzeko asmoa ere badute. Aurtengoan, behintzat, Londreseko Head of The River proban saiatuko dira.

Aurreko edizioetan Ur-Kirolakeko beteranoak ere aritu izan dira han, eta pentsatzekoa da aurten ere bertaratuko direla; ea, beraz, donostiar arraunlari hauek denek, lehian gozatzeaz gain, beren helburuak betetzen dituzten.
Animo bada denoi.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/01/26

Berriak ere ontzian dira jada

Azken egunotako albiste eta zurrumurruen bidez, pixkanaka plantilla osatuz joan dela jakin ahal izan dugu. Hala ere, tripulazioa traineruan zailtzeko garaia ere bazela pentsatzen genuen askok, arraunkerak bateratzeko eta ontzia nola ibil zitekeen jakiteko.
Lehenagoko asteetan, zintzo asko atera izan da trainerua, etxeko arraunlariekin (Zumaia aldetik etorritako Iglesias gehituta), eta sentsazioak ez omen ziren batere txarrak. Duela egun batzuk, ordea, azken inkorporazioak gehitu dira trainerura, eta (azkenik) denak lanean ari dira: lehendik aipatutako Andonegi, Cascante, Kortadi, Grandal, eta abar.

Berritasun gisa esan daiteke (niretzat behintzat berria baita), Ariel izeneko Argentinako kirolari bat ere ari dela entrenamenduetan; indar handiko elementu horietako bat da, antza, oraindik arraunean ikastea falta zaion arren. Trintxerpetik etorritako beste arraunlari bat ere ba omen da, ez dakit haren izenik. Patroi kontuetan, Asier Lopez arituko da aurten berriro ere, eta Urkin duela urte batzuk ibilitako bat ere itzuli omen da.

Orain, telefono eta bulegoetan egin duen lanetik harago, arraunlari talde hori kudeatzeko erronka izango du Mendik, bai arraunkera lantzeko, bai pertsona multzo hori talde trinko modura behar bezala gidatzeko. Ez dut dudarik asmatuko duela eta Donostiarrak aurtengoan koska bat gora egingo duela bere emaitzetan.
Animo, bada, denoi !!

2010/01/21

1991: Lugañeneren istripua



Youtuben topatutako bideo kurioso bat dakarkizuet hona oraingoan. Bideo ezin interesgarriagoak biltzen ditu webgune horretan jmazkue izeneko (edo goitizeneko, hobeto esanda) arraunzale bikainak. 1988tik honako Kontxako Banderaren irudi ia gehienak dauzka ezarrita bertan, eta beste hainbat eta hainbat bideo ikusgarri jarri ditu zale guztion eskura. Mila esker, jmazkue.

Bideo honetan, Arraun Lagunak taldeko Lugañene traineruak 1991ko Kontxako Banderaren lehen jardunaldian izandako istripua ageri da. Branka aldeko ababorrean kolpe bat jaso zuen traineruak, beroketa egitean ziaboga hartzen ari zirela (metalezko baliza tankar haietako batekin) eta, gero, korrika eta presaka konponketa-lanak egin behar izan zituzten arrapalan, bandera lehiatzera itzuli aurretik. Aurpegi ezagunak ikus daitezke irudietan, ontziaren inguruan kezkati. Ia ahaztua nuen anekdota hau atseginez ikusi dut, ia 20 urteren ondoren.

Beste urte batean San Pedroko Libiak antzeko istripua, baina larriagoa, izan zuen: balizarekin talka egin eta dezenteko zuloa ireki zitzaion branka aldean traineruari, eta oker ez banago estropada amaitzea lortu zuten; entzuna dudanez, kamiseta edo antzeko jantzi bat pelota gisa bildu eta zuloan jarrita ibili omen ziren. Gertakari haren irudirik ez dut aurkitu tamalez.

2010/01/17

Danbor nagusiak Donostiarrarekin



Gauza jakina da Donostiako soziedade gastronomikoek eta bestelako elkarteek laguntza zuzena eman izan diotela Donostiarra proiektuari, bai konpromisoz bai diru ekarpenez. Atzo, danborrada heltzear dagoela aprobetxatuz, ekitaldi sinboliko bat egin zuten kaian: 15 konpainiako danbor nagusiak Donostiarrako traineruaren ondoan argazkian atera ziren, bere laguntza irudikatzeko.

Irudi hutsen gainetik, Donostiako herritarrek traineruari eman beharreko arnasaren ikur izan dadila. Herriaren bultzadaren argazki hori ez da asko, baina, era berean, bada zeozer, hastear dagoen denboraldiaren aurrean oraingoz bizi dugun informazio gabeziaren erdian.

(Argazkia: noticiasdegipuzkoa.com)

2010/01/16

Euskadiko Distantzia Luzeko outrigger txapelketak















Gaur jokatu dira Hondarribian aulki mugikorreko Euskadiko Distantzia Luzeko outrigger txapelketak. Bertan izan dira Donostia Arraun Lagunakeko eta Ur Kirolakeko hainbat ontzi, (8+ senior donostiar bat aurkeztu da aspaldiko partez, Arraunena hain zuzen). Txapelketan ez da inolako dominarik lortu.

Hona hemen, estropa.net webgunean eskainitako emaitzak.

2010/01/04

Zurrumurruak berretsi

Urte Berri on opatzearekin batera, hor zehar zebiltzan zurrumurru batzuen berri eman nizuen. Bada, atzo Donostiarrako lehendakariorde Iradi azaldu zen Euskadi Irratiko Tostartean programan, eta zurrumurru zirenak berretsi zituen:
  • Babesle berria du klubak, eta ezaguna gainera: Construcciones Moyua itzuliko omen da.
  • Babes horretan oinarrituta, kalitateko 7-8 arraunlari bildu ditu taldeak: izenik ez du eman, baina Cascante, Iglesias, Kortadi, Grandal, eta abar aipatu izan dira; auskalo azkenean etorriko diren. Eta beste hainbat erakartzeko asmoa ere bada.
  • Azken batean, talde lehiakorra egitea da asmoa. Eta babesleak emandako geriza garrantzitsua izango da lan horretan.
  • Politikarien (udalaren) inplikazioak huts ez egiteko eskaera ere izan zen.
  • Larunbatean prentsaurrekoa emango dute, guztiaren berri zehatza emateko.
Beno, ea ezer okertzen ez den, eta aurten KAE Ligako punta puntan ikusten ditugun donostiarrak. Hala bedi.

2009/12/29

Zurrumurruak eta Urte Berri on !!!



Tira, 2009 urtea amaitzear dagoen honetan, hurrengoari begira hastea besterik ez zaigu geratzen. Aurrekoan gaizki egindakoetatik ikasi, eta 2010ean hobeto aritzeko ahaleginak egin.

Hori horrela, zurrumurruen munduan gabiltza Donostiarran zer gertatzen den jakin nahian. Duela aste gutxi oso beltza zen panorama, antza: esponsorrik ez, dirurik ez, kanpotik arraunlari onik ekarri ezin, eta, panorama horren aurrean, etxekoak ere alde egiten. Dirudienez, egoerari buelta ematekotan dira zuzendaritzakoak: esponsor indartsua lortu omen dute (zein den ezin esan, baina entzun dudanez, ezaguna izan daiteke), eta horren harian, maila dezenteko hainbat arraunlari ezagun erakartzeko bidean omen dira donostiarrak. Izen batzuk badabiltza hor zehar bolo-bolo, baina nahiago ezertxo ere ez esan, "omen" horiek denak errealitate bihur daitezen arte.

Datorren urtea on-ona izan dadila denontzat, eta Donostiarrak eta Donostiako arraunak pausotxo bat aurrera egin dezala bere sendotze progresioan.

Zurrumurruak eta Urte Berri On denoi!!!

2009/12/23

1959: Pasai Donibaneko Pietate bitxia



Argazki hau ez da donostiarrena, eta ez du Donostiarekin zuzenean zerikusirik, Kontxan egina dela ez bada. Baina, hala ere, blog honetan jartzea erabaki dut, merezi duelakoan. Uste dut Amara Zaharreko La Barranquesa jatetxe ezagunean ikusi nuela lehen aldiz argazki hori. Eta, gerora, inguruko janari-denda batean ere zintzilikatuta egon zela iruditzen zait. Beti pentsatu izan dut argazki ederra, estetikoa eta gogorra dela. Kirol honen alderdi latz eta ia epikoa etorri zitzaidan gogora, ikusi nuen lehen aldian.
Bitxikeria gisa, traineruaren branka aldean Pietate edo Pietá moduko konposizio kuriosoa agertzen da: arraunlari bat, leher eginda, beste baten magalean datza, Jesukristo eta Ama Birjinak eratutako irudi dramatiko ezagunaren modura.
Diario Vascoko artikulu honetan zehazten da argazki horren nondik norakoa. 1959ko Kontxako Banderan ateratakoa da irudia, eta Pasai Donibaneko Yola klubeko tripulazioa ageri da bertan. Hona hemen ontzian ageri direnak: Bibiano Etxabe, patroi; arraunlariak, ababorrean, Manuel Etxabe, Felix Makazaga, Iñaki Lopetegi, Carmelo Garmendia, Esteban Sagarzazu eta Miguel Goikoetxea; istriborrean, Imanol Goikoetxea, Joxe Salaberria, Antonio Legorburu, Anakel Garmendia, Miguel Egaña, Joxe Mari Karrere eta Ramon Goikoetxea.

Pietatean, berriz, Joxe Salaberria da "Jesukristo", eta Imanol Goikoetxea "Ama Birjina".

2009/12/11

1948: Franco Kontxako Banderan hiltzeko saioa

Bai, ondo irakurri duzue. Lehenagoko blog-sarrera batean aipatu nuenez, diktadorea, Donostiara uda pasatzera etortzen zenean, Kontxako Bandera ikustera etorri zalea zen; eta, egoera hori aprobetxatu nahiean-edo, uretan traineruak jo eta ke ari ziren unean Franco atentatuan hiltzea bururatu zitzaien anarkista batzuei 1948an.

Ez pentsa, gainera, asmoa nolanahikoa zenik, hegazkinez bonbardaketa egitea baitzen plana. Ez didazue esango ez denik oso irudi zinematografikoa: marko inkonparablea, traineruak lehian itsasoan, bazterrak milaka pertsona oihularirekin gainezka... eta, hara, zeruan hegazkin bat agertu hegaldi arinean, bonbak askatu, eta "daanbaaaaa!!" Francoren itsasontzia milaka zati eta printzatan lehertuta eztanda lehor batean.
Laureano Cerrada Santosek jarri zuen martxan atentatua. CNTko kide hau, Gerra Zibilean borrokatu eta gero, Frantziara ihes egin eta erresistentzian aritu zen naziek okupatutako aldean. II. Mundu Gerra amaitzean, Franco borrokatzeko xedeari ekin zion. Franco hiltzea izango zuen helburu, hain justu. Eta, zer okurrituko eta, traineru festa aprobetxatuz, diktadorearen itsasontzia hegazkinez bonbardatzea.

Horren atentatu berezia egiteko, hegazkina behar zuen aurrena. “Nord 1202/II Norécrin II” modeloko abioi kaxkar bat eskuratu zuen ("bizikleta bat", atentatuan parte hartu zutenen hitzetan). Kaxkarra, baina 175 kilo lehergai eramateko modukoa. Azpialdean, fuselajea zulatu eta arrapala erako batzuk eratu zituzten, bonbak bertatik askatzeko.

Hala, 1948ko irailaren 12an, Banderaren bigarren jardunaldian, ordubata aldera, Hondarribia eta Pedreñaren lehiak bazterrak sututa zituen unean, abioi bat azaldu zen Donostiako zeruan, pirueta bereziak eginez. Kirol-festaren barruko beste ikuskizun bat zela pentsatu zuten askok, baina ez, Frantzia aldetik aireraturiko bonba-hegazkina zen. Plana pentsatu bezala zihoala uste izango zuten anarkistek, seguru asko...

Alabaina, Francoren itsasontziaren bertikala hartzea lortzeko aukera izan baino askoz lehenago, armadako hidroabioi bat eta kaza batzuk hurbildu zitzaizkien hegan. Maniobra batzuk egiten saiatu arren, argi ikusi zuten berehala ihes egitea beste aukerarik ez zutela. Gainera, itsasontziko kanoi antiaereoak hegazkinerantz apuntatzen hasi zirela ere konturatu ziren. Bonbak nola-hala bota-ez-bota zalantzan izan ziren pixka batean, baina ez botatzea erabaki zuten azkenean. “Ni una bomba en el barrio de los pescadores, todas para el pescador de agua dulce” omen zen kontsigna. Azken maniobra bat baliatuz, hanka egitea lortu zuten.

Luze eztabaidatu izan da zerk huts egin zuen. Norbaitek abisua eman zuela da uste zabalduena, txibatazoa izan zela, alegia. Kontuak kontu, Cerrada ez zen amore ematekoa, eta beste atentatu saio batzuk burutatu zitzaizkion, Aieteko jauregian egitekoa, adibidez. Horiek, ordea, beste leku baterako istorioak dira.

Gertakari honi buruz gehiago jakin nahi duenak, jo dezala hona edo hona, edo azken web orri horretan azaldutako bibiografiara. Eta, liburu horietatik, hona bereziki: Los atentados contra Franco, Eliseo Bayo, Plaza & Janes, 1976.

Hona hemen, traineru-estropada horretan Franco erakusten duen NO-DOa. Hondarribitarren eta Pedreñakoen arteko lehia aipatzen da, eta donostiar ugari Alderdi-Ederren diktadoreari agur egiten. Atentatu-saiakeraz, baina, ez da ezer esaten, noski:




(Argazkiak: Laureano Cerrada eta atentatuan erabilitako hegazkin modeloa. Iturria: diariodevurgos.com)

2009/12/02

Clavijo loiolatarrak ergometro maratoiko marka lortu du



Gaurko Irutxuloko HITZAn kontatu zaigu Joseba Clavijo arraunlari loiolatarrak ergometro gaineko maratoi distantziaren aurtengo munduko markarik onena lortu duela. 2007an egin zuen saioa lehen aldiz, eta 2 ordu 59 minutu 27 segundo eta 9 ehunen behar izan zituen 42,195 "metroak" egiteko. Joan den asteburuan, berriz, 20 minututan hobetu zuen marka, 2 ordu 39 minutu 32 segundo eta 9 ehuneneko denbora ezarrita.

Albistean aipatzen denez, baliteke Joseba Clavijo aurten Donostiarran aritzea. Hala balitz, berak entrenatutako hainbat arraunlari izango lituzte tostakide, Ur-Kirolaken arraun egindakoa eta bertako entrenatzaile izandakoa baita Clavijo.

2009/11/18

1.000 bazkide biltzeko beste saio bat



Antza denez, bazkide gehiago biltzeko beste kanpaina bati ekingo dio laster Donostiarrak. Oraingo 600eko kopurua gainditu eta 1.000 bazkide lortzea omen da helburua. Era berean, bazkideei arreta pixka bat eskaintzen hasiko dira, txartela helaraziko baitzaie.

Buruhauste ugari izango ditu, dudarik gabe, zuzendaritzak, ez baitira garai gozoak hauek arraun talde baten denboraldia kirol eta ekonomia aldetik zuzendu behar dutenentzat. Baina bazkideak ere taldearen ondarea dira, eta behar bezala zaindu behar dira, eta informazioa eta arreta eskaini.

Ea, ba, zortea duten kanpaina berri horretan.

2009/11/15

350 arraunean Benta Berrin



Atzo 350 kiroilari baino gehiago izan ziren arraunean, ergometroari tiraka, Benta Berriko kiroldegian, Donostiako XI. Indoor Herri estropadan. Bertakoez gainera, kanpotik etorritako hainbat kirolari izan zirela jakinarazi du Irutxuloko HITZAko albisteak.

Emaitzak ikusi nahi badituzue, dokumentu honetan ageri dira denborak, kategorien arabera sailkatuta.

2009/11/11

Tornozulotik HITZAn berriro !!

Donostia eta arrauna uztartzeko bokazioa duen blog xume hau Irutxuloko HITZAn aipatu zuten irailean, egunkari horrek Kontxako Banderaren harira argitaratutako gehigarrian. Berri pozgarria izan zen honako blogari honentzat. Berriro ere pozteko gaia eman dit egunkari arraunzale donostiarrak, blogaren beste ezaugarri bat plazaratzen baitu HITZAk gaurko alean: bertsoak.

Blogari begiratu arin bait ematea besterik ez dago, istorio zaharrak kontatzeko zaletasuna dudala ikusteko; eta, bertsoak izan dira, luzaro, istorio jakingarriak gizarteratzeko baliabide erakargarrienetako bat. Han eta hemen bildu ditudan istorio eta bertsoak zuenganatu nahi izan ditut: adibidez, gaurkotasuna izanagatik aspaldikoa den donostiarren arteko ikamika; 1915ean oriotarrak, donostiarrak eta hilkutxa baten inguruko istorio xelebrea, XIX. mendeko getariarren eta donostiarren arteko batel-desafioa, edo 1925eko Ur-Kirolakeko arraunlarien balentria mingarria. Azken istorio hau hartu du hizpide Irutxuloko HITZAk arraunak eta bertsoak duten lotura aipatzeko.

Berriro ere, egunkari horri eskerrak eman beharrean nago, arraunari eskaintzen dioten atentzioa ez delako nolanahikoa eta nire bloga hainbesteraino kontuan hartzea oso pozgarria delako niretzat. Nire eskerrona behar bezala ez dakit ondo adieraziko dudan, eta, bertso gaietan ari garenez, Manuel Lasarte handiaren bitartez hitz hauek esan nahi nizkioke HITZAri, leitzarrak direlakoan:

Gaur erregaliz jantzi naute ta
pozik arkitzen naiz ziñez.
Nik onenbeste merezi nunik
nago siñistu eziñez,
baiña leitzarrak gaur denak egin
dute borondate fiñez.
Kezka bat daukat, zuekin zorrak
nola ordaindu jakin ez.

GBC saskibaoi-taldea Donostiarrari arnas ematen



Gipuzkoa Basket Club (GBC) saskibaloi-taldeak arnas eman nahi dio Donostiarra traineruaren ekimenari, eta hori publikoki plazaratu nahi izan zuten atzo, ekitaldi sinboliko batean, Gorka Ramoneda GBCko presidenteak eta Alberto Goitia Kaiarribakoak.

(Argazkia: estropa.net)

2009/11/05

Gora Ur-Kirolak 1925

Joan den astean Ur-Kirolakek 1925ean oinazez irabazitakoa kontatu nuen, eta ARGIA astekariko kronika bat ere gehitu nizuen. Astekari horren hurrengo alearen azalean, 1925eko abuztuaren 30ekoan, honako bertso hauek argitaratu ziren, garaipen haren omenez.



(Irudia: ARGIA aldizkariko hemeroteka)

2009/11/04

Bilera udaletxean



Atzo bilera izan zuten, Udaletxean, Donostiarrako zuzendaritzak eta udaleko kirol-arduradunek. Krisi garai hauetan udalak proiektuarekin izango duen inplikazioa jakin nahi zuten, eta, antza, udalak ez du bere laguntza jaitsiko. 125.000 euro jasoko ditu klubak aurten ere, beraz.

Baina, beste babesle nagusi baten bila dabil Donostiarra, etorkizuneko bidea sendo oinarritzeko, Construcciones Moyua proiektutik joan zenetik babesle nagusi gabe izan baitzen aurreko denboraldian. Hurrengo denboraldirako babeslea bilatzeko lan horretan Udalaren laguntza nahiko luke klubak.


Kontua da oraintxe dela plantilla zehaztuta izateko edo zehazten aritzeko garaia, eta, babeslerik izango den edo babesle horrek zenbat emango duen jakin ezean, nekez egin ahal izango zaiela proposamen zehatzik arraunlariei. Are gehiago, arriskutsua izan liteke bete ezin izango diren promesak egitea, aurten ikusi den bezala.

Albiste honetan dioenez, Mendi izango da aurten ere entrenatzaile, osasun arazoak guztiz gaindituta ez baditu ere, eta plantilla landu eta finkatzeko lanetan dihartu, aurrekontua zehaztu gabe izateak sortzen duen eragozpen handiarekin.

Espero dezagun, hala ere, urrats bat egingo duela aurrera Donostiarrak, eta ez dela beste trantsizio denboraldi bat metatuko. Latza litzateke.

2009/10/26

Ur-Kirolak 1925: Ipurmasailak odoletan



Ipurmasailak minbera, larrututa eta are odoletan izatea, arraunlariek hurbiletik ezagutzen duten kontua da. Tentu handiz zaindu eta zaildu beharrekoa da tostan hain marruskadura-saio gogorretan erabiltzen den ipurdi-alderdi hori. Duela gutxi Korta berak azaltzen zuen telebistan, gordintasun osoz, arraunean hasi zen garai hartan maindireak ipurdian literalki itsatsita esnatzen zela hainbatetan. Gaur kontatu nahi dizuedan istorioa, ordea, ez da arraunlarien ohiko ipurdi-min horiei buruzkoa, istripu batek eragindakoa baizik.

Ur-Kirolak 1922an sortu zuten arraunzale donostiar batzuek, aulki mugikorrean aritzeko zaletasunak bultzatuta. Lehiatzeko yolarik ez zutela-eta, bat beren kasa eraikitzea erabaki zuten. Baina plano eta informazio askorik gabekoak izaki, nahiko ontzi zatarra atera omen zitzaien: Euskotarra. Ez zen arraunerako ontzi baliagarria, eta irtenbide bat bilatu beharra zegoen, hartaz. Club Nauticoko biltegietan erdi ahaztuta zegoen yola zahar bat eskatu zioten klub horri, eta pixka bat zaharberritu eta gero, Urkik izan zuen bere lehen yola "lehiakorra": Antziak (ikus goiko argazkia). Halamoduzko ontzi horrekin 1924an Espainiako txapelketara joan eta irabazi egin zuten.

Jakina, irabazteko asmo berarekin joan ziren 1925ean Alacant aldera Angel Lizarraga, Agustin Lacoste, Jose Etxeberria eta Gaspar Iparragarai arraunlariak, Mariano Larrandia lemazainarekin batera. Hona hemen tripulazioa. Arraunketako teknika ez omen zuten oso landua aulki mugikorrerako, baina kementsuak eta gogo berokoak izateak konpentsatzen zuen gabezia hori. Eta kartsutasun hura frogatu beharra gertatuko zitzaion arraunlari bati estropada erdian. Izan ere, txapelketa lehiatzen jo eta su ari zirela, eserlekuko orga lekutik irten egin zitzaion Lizarragari, eta zuzenean errailen gainean eserita geratu zen. Hala, ipurdia aurrera eta atzera horren mingarriki zigortuz jarraitu behar izan zuen arraunean. Ez zen giro izango azpialde horretan! Hala ere, hortzak estutu eta ekinez, txapelketa irabazi ahal izan zuen Ur-Kirolakeko laukoteak:

1. Antziak (Ur-Kirolak), 7:47
2. Irrintzi (Club Nautico Donostia), 7:53
3. Arrea (Alacant), 7:59
4. Morato (Bartzelona), 8:13
5. Yo (Tarragona), 8:34

Era arranditsu eta bizi honetan kontatu zuen balentria hura Argia aldizkariak, 1925eko abuztuaren 23ko alean (beheko irudian ondo irakurtzen ez baduzu, egin klik esteka honetan):



Hala ere, agian ipurdiko min lazgarri horren arriskuari gehiegi iritzita-edo, ontzi berria eduki beharko zutela pentsatu zuten donostiarrek. Real Sociedadek sustatutako diru-biltze bati esker, Italian yola bat eraikitzeko adina eskuratu zuek Urkik: Ametza ontzia. Ondo eskertuko zuen Lizarragaren atzealdeak.

(Lehen argazkia: Ur-Kirolak)
(Bigarren irudia: Argia aldizkariko hemeroteka)

2009/10/19

Animo Mendi !!



Todoremo.com
foroan esan dutenez, Donostiarrako entrenatzaile Joserra Mendizabal, Mendi, Zaintza Intentsiboetako Unitatean (UVIn) omen dago, ostiraletik, odol-zirkulazioko arazo bat dela-eta.

Bihoakio hemendik besarkadarik handiena berari, eta bere senitarteko guztiei. Une latz hauetan, beste baterako utziko dugu horrek ekar ditzakeen kirol-ondorioei buruzko gogoeta; pertsona baikara beste ezeren aurretik, eta beste ezer baino lehenago.

Animo Mendi, eutsi gogor. Maite zaituztenek behar zaituzte. Donostiako arraunak behar zaitu.

(Argazkia: Diario Vasco)