
Aste honetan bertan, bere ibilbideko lehen urtea betetzen du
Tornozulotik (Donostiarrak arraunean) blogak. Horra Tornozulo, ezkerreko argazkian.
Duela 12 hilabete esan nuen moduan, blog honek ez zuen aparteko pretentsiorik: Donostiako arraunaren inguruan sor litezkeen berriak bitakora moduan biltzea besterik ez, erreferentzia xume bat izan zedin donostiar arraunzaleentzat. Ez dakit nire asmo hori behar bezala betetzen asmatu dudan, baina kontua da
6.500 bisita inguru bildu dituela blogak urte honetan. Bisiten eta erabiltzaile desberdinen batez bestekoak aterata, egunero
18 bisita inguru izaten ditu leku honek, eta
11-12 erabiltzaile desberdin sartzen dira, zeozerren bila. Batzuetan zerbait aurkitzen duten seinale, espero dut. Nire eskerrik bero-bero eta zinezkoenak horiek denentzat!!
Irakurle anonimo horien ondoan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Irutxuloko HITZA egunkaria, irakurle ez-anonimo izateaz gainera eta Donostiako arraunari leku eta dedikazio ezin hobea emateaz gainera, blog hau eta blogari hau ere bere
orrietan hizpide izan baitira (birritan gainera). Mila esker HITZAri ere. Bai eta
estropa.net webguneko arduradunei ere, beti laguntzeko prest izanik, arraunaren zabalkunderako lankidetzaren eredu iruditzen zaizkit-eta. Eta jakina, laguntza edo informazio eske joanik erantzuteko astia hartu eta argibideak eman dizkidaten guztiei ere, eskerrik asko.
Arrauna ez ezik bertsolaritza ere gustuko dudalako, bi arlo horiek batzen dituzten idazkiak prestatu izan ditut askotan, kontu zaharrei buruzkoetan bereziki. Izan ere, egunerokotasun hurbilenetik ihes eginda, aspaldiko kontuak eta Donostiako arraunaren iraganeko istorioak kontatzea ere gustagarri gertatu zait, besteak beste: Luis Karril
donostiarra zela azpimarratzea;
1915-6ko Kontxetan donostiarrek, oriotarrek eta hilkutxa batek protagonizatutako gorabeherak; XIX. mendeko Getariako izurdearen eta Donostiako botakarraren
arteko desafioa; 1948an Kontxako banderan bertan
Franco hiltzeko izan zen saioa; eta beste hainbat.... blogaren eskuineko
Etiketak atalean
Kontu Zaharrak hautatuta izango dituzue eskueran (bertsoak dituztenak bilatzeko,
Bertsoak etiketa hautatu).
Atal horretako
Donostiarra (Kudeaketa-zuzendaritza) etiketa hautatuta, klub horren zuzendaritzan, kudeaketan, bazkide bilaketan, eta antzekoetan izandako b

erriak aurkituko dituzue.
Donostiarra (Kirola) etiketan, berriz, kirol-jarduneko emaitzak, plantilla kontuak eta bestelakoak. Bi arloetan, klubarentzako urte garrantzitsua izan da hau, garrantzitsua izan denez. Gainerako etiketetan, Donostiako arraunean eragina duten klub, pertsonaia, lehiaketa eta era guztietako berriak biltzen saiatu eta antolatzen saiatu naiz. Zuek esango duzue asmatu dudan edo ez.
Eskuineko zutabean agertzen den nire posta helbidea zuen esku geratzen da, zerbait komentatu nahi baduzue, edo, zuzenean, zerbaiten kexa egiteko arrazoia ikusi baduzue. Eta ezin aipatu gabe utzi Facebook-en ere badela
Tornozulotik Bloga (izen horixe baitu sare sozial horretan); nahi duen edozein egin daiteke blogaren "lagun", hala nahi izanez gero.
Tira, nire aldetik besterik ez. Han eta hemen biltzen ditudanak nahi duenaren eskueran jartzen saiatuko naiz aurrerantzean ere; beraz, eskerrik asko kontatzen ditudan albiste, istorio eta bestelako txorradak irakurtzeko interesa edo pazientzia izan eta izango duzuen guztioi.