2010/07/28

Unai Luzuriaga "Txinpart" Donostiarraren webgunean

Donostiarra klubaren webguneak eskaintzen duen informazioaren artean, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari egiten zaion elkarrizketa hau gehitu dute gaur.

Kirol-ibilbide luzeko arraunlari donostiar honek hainbat gauza komentatzen ditu, eta irakurtzea gomendatzen dizuet. Hona ideia nagusiak: pixka bat goraxeago egotea espero zuten; maila oneko arraunlariak daude klubean, baina oraindik talde modura guztiz bateratu gabe daude, eta plantillari eutsiz gero (garrantzitsua da hori), datorren urtean pauso nabarmena emango luke traineruak arlo horretan. Bere kirol-bizitzako azken urratsak etxean emateko asmoz itzuli da Donostiara, traineru bateratuaren proiektuan beti sinetsi izan duelako, eta esperientzia zabalarekin eskain dezakeen laguntza emateko prest.

Oso arraunlari kuttuna izan dut Unai Luzuriaga betidanik; adiskide ez banaiz ere, txikitatik ezagutzen dut, eta pertsona ezin jatorragoa izateaz gainera, arraunlari izugarria eta langilea iruditu izan zait beti. Edozein giza talderentzako funtsezkoa. Traineru bateratuaren proiektua gauzatu zenean, ezinbesteko pieza izan behar zuela pentsatu nuen, dudarik gabe gainera, eta guztiz poztu nintzen aurten itzuli zela jakitean. Urtero denboraldia amaitzen denean trasteak utzi eta erretiratzeko gogoa zinez ulertzen badut ere, espero dut oraindik ere puska batean arituko dela tostan jo ta fuego, Donostiako arraunaren etorkizunari arnas ematen.

PD: Norbaitek esan diezaiola KAE Ligari Unairen fitxan agertzen den adina ez dela zuzena. Mirari bat litzateke 53 urterekin duen sasoia izatea. :)

2010/07/23

TKE Ligako ordezkari donostiarrak

TKE Ligara igotzeko asmoa eta helburua du Donostiako ordezkari zuzena den Donostiarra traineruak. Hala ere, hori noiz gertatuko zain, sutsuki zain, gauden bitartean, ezin dugu ahaztu badirela arraunlari donostiarrak TKE Ligan dabiltzan beste ontzietako tostetan. Hamabi dira arraunlari horiek, eta ez nolanahiko arraunlariak gainera.

Horra: Gabi Larrinaga, Iñaki Arrieta, Loren Jauregi, Iker Aranburu eta Lander Larrauri, San Pedron; Axier Kolina, Haritz Etxebeste eta Fernando Balentziaga, Orion; David Sainz, Alain Osanbela eta Ion Piñeiro, San Juanen; eta Asier Etxebeste, Castron.

Gai horixe jorratu du Irutxuloko HITZA egunkariko Itzurun gehigarriak bere gaurko alean. Elkarrizketa egiten zaie arraunlari horiei, eta aurtengo denboraldian egindakoari eta egitea espero dutenari buruz mintzo zaizkigu.

Guztiz artikulu interesgarria; eta, beste behin ere, aipagarria eta eskertzekoa da Irutxuloko HITZAk arraunari eskaintzen dion tarte mamitsua.

2010/07/21

Donostiarra zazpigarren Gipuzkoako txapelketan

Donostiarrak zazpigarren postua lortu du, gaur etxean, Kontxan, jokatu den Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Badirudi Donostiarrari asko gustatzen zaiola postu hori, orain arte jokatu dituen lau txapelketetan (hiru Gipuzkoakoak, eta bat Euskadikoa) postu berbera lortu baitu. Eta ez da ahaztu behar KAE Ligako aurreko bi denboraldietan ere zazpigarren geratu dela.

Espero dezagun laster hautsiko dela joera hori, postu hobeagoak lortuz. Hona hemen gaurko denborak:

1 HONDARRIBIA 20:05,68
2 SAN JUAN 20:09,00
3 ORIO 20:26,40
4 ZUMAIA 20:54,12
5 SAN PEDRO 20:59,88
6 ZARAUTZ 21:07,74
7 DONOSTIARRA 21:28,46
8 GETARIA 21:48,82
9 TRINTXERPE 21:51,00
10 HIBAIKA 22:30,54

Felix Erdozia hil da

Gipuzkoako Arraun Federakuntzak bidalitako ohar baten bidez jakinarazi da Felix Erdozia Martiarena hil berri dela, 95 urte zituela.

Urtetan Ur-Kirolak taldeko arraunlari izandakoa, gero talde horretako entrenatzaile izan zen, baita klubeko presidentea ere 1949 eta 1971 bitartean. Gerora, 1971 eta 1984 bitartean, Espainiako Arraun Federazioaren presidente ere izan zen. Seguruenik, bera izan zen arraunketa olinpikoa indartzen ahalegin handiena egin zutenetako bat.
Besarkada bat arraun munduko pertsona garrantzitsu honen senitarteko eta adiskide guztiei.

(Argazkia: Felix Erdozia, berari egindako omenaldi batean, Lasurtegi eta Climent arraunlarien artean: diariovasco.com).

2010/07/18

Martin Berasategik Donostiarraren propaganda ETBn

Aspalditik ezaguna da Martin Berasategi sukaldari handia xaltxa guztietan ibili zalea dela. Lan isil asko egina da Martin, dudarik gabe, baina jendaurreko plaza zaratatsuetan agertzea oso gustukoa duela ere ezin uka.

Kontua da uztailaren 15ean berriro ere telebistan agertu zela, beste sukaldari famatu baten programan, hain zuzen: David de Jorgek aurkezten duen Robin Food programan.

Eta hara non agertu zitzaigun Donostiarra traineruko bandera atzean zuela, lepoan zapia jarrita, eta mahai gainean zapia eta txanoa, denak ere klubaren ikurrarekin. David de Jorgek ere lepoan du zapia. Traineruari arnas ematera deitu zituen arraun zaletuak, eta txiki-txikitatik ezagunak dituen klubeko arduradunak goraipatu zituen (Joserra Mendizabal, Mendi, eta Joxan Jauregi bereziki, Parte Zaharrekoak izaki, Martin bezalaxe).

Kuriosoa egin zait horrelako programa batera joatean Berasategik izan duen okurrentzia edo detallea; baina traineruaren oihartzun mediatikoa eta taldearen sozializazioa indartzeko balio badu, bejondeiola Martini.

Programa osoa ikusi nahi duenak, hemen du aukera (1:20 - 2:50 minutuan egiten du "propaganda"), eta mendrezka ezin goxoagoa egiteko jarraibideak ere ikasiko ditu, bide batez. On egin!

2010/07/15

Mendiren gogoeta Donostiarraren webgunean









Badira aste batzuk Donostiarra klubaren webgunea martxan dabilela. Informazio interesgarri asko eskaintzen du, eta albiste eta gogoeta eguneratuak ere bai. Oraintsu, bideoak eskaintzen dituen atala gehitu dutela ikusi dut. Hobetzeko alderdi batzuk ere badituen arren, hori komentatzea agian beste egun baterako utziko dugu.

Oraingoan, Jose Ramon Mendizabal, Mendi, Donostiarrako entrenatzaileak egindako analisi bat eskaintzen digu webguneak. Lehen bost jardunaldi hauen ondoren gertatutakoaz eta denboraldi honetan traineru donostiarrarekin espero dezakegunaz mintzo da Mendi. Uste dut interesgarria dela eta esperantzarako bidea ere ematen digula donostiar arraunzaleoi, banderak lortzeko aukera ere ez baitu baztertzen. Ligarako, ideia nagusi bat du Mendik: erregulartasuna da gakoa eta Elantxobeko hankasartzea ezin da errepikatu. Hala bedi.

Beste webgune batean ere kolaboratzaile moduan artikuluak idazten ditu Mendik. Impulsofijo izeneko webgunean KAE-1 ligari buruzko iritziak plazaratzen ditu bere atal berezian. Arraun munduko kirolari, entrenatzaile eta kazetari interesgarrien lankidetza lortu dute Impulsofijoko arduradunek; zorionak haiei.

2010/07/14

Donostiarrako arraunlariak Kaiko jaietako txupinazoan

Asteburu honetan, Donostiako Kaiko Karmengo jaiak (eskuineko Karramarro sinpatiko hori ikurtzat duten jaiak) ospatuko dira.

Osteguna, uztailaren 15a, izango da jaien lehenengo eguna. Hasiera-ekitaldi nagusia, egun horretako iluntzean, 20:30ean, botako den txupinazoa izango da. Eta Donostiarra traineruko arraunlariek izango dute txupinazo horretako etxafuegoa pizteko ardura eta ohorea.

Ondo pasa Kaieko jaietan!!

2010/07/04

Xabier Zabala "Bixkar"

Irutxuloko HITZAk ostiraletan kaleratu ohi duen ITZURUN gehigarriko aste honetako alean, Xabier Zabala Bixkar arraunlari eta entrenatzaile donostiarrari egin diote elkarrizketa.

Xabier Zabala (hona hemen KAE Ligan duen fitxa) Ur-Kirolakeko arraunlari eta entrenatzaile izandakoa da ("Nire bihotzeko kluba Urki da" dio elkarrizketan), eta hainbat talde eta klubetan egin du arraun bere kirol-ibilbidean. Azken urteetan Hernanin dabil, gaztetxoekin lanean bereziki, hango arraun-tradizioa berreskuratu eta sendotu nahian. Kirol arloan dituen buruhausteez gainera, AHTko obrek egoitzarik gabe utziko dituen kezkari ere egin beharko dio aurre. Arraunlari gisa, berriz, San Pedron arituko da aurten, gero erretiratzeko asmoa badu ere.

Artikulu mamitsua da, eta guztiz gomendagarria, hango eta hemengo arraunari buruzko gauzak jakin nahi dituenarentzat. Donostian arraunak duen egoerari buruz (harrobiaren inguruan batez ere) esaten duena ere aipagarria iruditzen zait: "Bai Urkin eta bai Arraunen dominak lortzera iritsi ginen talde asko egon ginen. Orain, ordea, badira urte batzuk beheko mailetan emaitza onik lortzen ez dutela. Kategoria txikietako lana nahiko utzia dagoela iruditzen zait".

2010/06/28

Banyoles: Arrauneko beteranoek beste urre bat

Asteburu honetan, aulki mugikorreko modalitateko Espainiako txapelketak jokatu dira Banyolesen. Eta, donostiarrei buruz esan behar da bai Arraunek bai Urkik hainbat kategoriatan parte hartu dutela.

Aipamen berezia egin behar zaio Arraun Lagunakeko beteranoen 8+ ontziari. Urrezko domina lortu dute, eta, horrela, beste garaipen bat metatu du ibilbide ezin dotoreagoa daraman beterano talde honek.

Banyoleseko Espainiako txapelketen emaitzak aurkituko dituzue hemen, eta beteranoen emaitzak, berriz, hemen.

2010/06/24

Aurkezpena Irutxuloko HITZAn

Irutxuloko HITZAren gaurko alean, Donostiarrak larunbatean egindako aurkezpenaren berri ematen da. Blogaren aurreko sarreraren osagarri izan daitezkeen hainbat datu eta Mendiren adierazpenak biltzen dira. Ez ditugu lehen esandakoak errepikatuko, eta albistera joan dadila gehiago jakin nahi duenak. Hala ere, datu esanguratsu batzuk azpimarratu nahi ditut:

Dirudienez, Igor Palenzuela zalantza da oraindik: amaitzear du Irungo Santiagotarrak taldearekin aulki mugikorreko denboraldia, eta jaso dezakeen lan-eskaintza baten zain omen dago.
Zuzendaritzaren garrantzia azpimarratzen du Mendik, "behar bezalako zuzendaritza daukagu, bere pentsamolde propioarekin, eta hainbat arlotan proiektua sendotzea lortzen ari dira".

Horretarako urrats bat, webguneaz gainera, lokal komertzial berria da. Bretxako arrandegiaren eraikinean dago, zinemen aurrean. Biltegi moduan erabiltzen dute eta Donostiarrako arropak ere salgai dituzte bertan. Larunbat eguerditan irekitzen dute.

Etzi, beraz, lehen saioa. Hantxe izango gara, mutilei arnas emateko.

2010/06/19

Gaurko aurkezpena: Torrekua abian da

Ikusten duzue argazkian: Donostiarraren traineruak Torrekua izena izango du. Horixe jakinarazi da gaur kaiean izan den aurkezpenean.

Pertsonalki, esan behar dut asko gustatu zaidala traineruarentzat aukeratu duten izena, kaiaren eta, oro har, Donostiako arraunaren historian guztiz errotuta dagoen izena baita. Luis Karril handia Torrekua izengoitiaz ezaguna zen (blog honetan duela urtebete azaldu nuen moduan), Torrean bizi baitzen, antzinako Itsas Kontsuletxean (gaur egungo Untzi Museoan), hau da, Donostiarra klubaren ikurrean agertzen den eraikinean. Lehenagoko traineruan Kiriko handiari egindako omenaren ondoren, ezin egokiagoa iruditu zait izena.

Bestalde, esan behar da aurten babesleak (Toyota, Bretxa, Druck, Egun On, Casino Kursaal) azalduko direla Torrekuaren kroskoan.

Traineruaren eta Donostiarrako plantillaren aurkezpena egin da gaur eguerdian. Entrenatzaileak eta presidenteak hitz batzuk esan dituzte, hastear dagoen denboraldiaren inguruan. Gero, hamaiketako xume bat eskaini zaie bertaratu diren bazkide eta zale guztiei. Era berean, bazkideak biltzeko ekimenean aurrera jarraitzen dutela plazaratu da, helburu berria jarriz: 2.000 bazkide. Ez dakit 1.000ra iritsi garen, baina ez dago gaizki asmoz behintzat oso gora jo nahi izatea.

Tira, bihar bertan hasiko da B traineruaren denboraldia, eta datorren asteburuan traineru nagusiarena; ea zer nola ekiten dioten lehiari: aurrera bada, Torrekua, eta aurrera Lugañene!!

PD: eskerrik asko aurkezpenean gertatutakoaren berri eta bertako argazki hauek eman dizkidan adiskideari. Aurreko sarrera batean esan nuen moduan, horren berandu abisatu zutenez beste hitzordu bat nuen gaurko, eta ezin izan naiz aurkezpenean azaldu. Mila esker, adiskide.

2010/06/18

Hona hemen plantillak

Hona hemen Donostiarra taldeak 2010 denboraldirako KAE Ligan izango dituen plantillak. Ezkerrean A trainerukoak (Mendiren gidaritzapean), eskuinean B trainerukoak (Joxan Jauregi izanik entrenatzailea). 22 arraunlari ditu zerrenda bakoitzak; hori bai, izenaren ondoren "*" ikurra duten arraunlariak bi zerrenetan, A eta B trainerukoetan, ageri dira:
A
B
Aitor Aranegi Alberto Domingo
Ander Iriarte* Alberto Rebollo
Asier Lopez Ander Iriarte*
David Iglesias Ander Paisan
Ekain Iriarte Ariel F. Lalosevich
Gorka Ibarluzea Elias Arruabarrena
Ibai Sistiaga Ibon Letamendi
Igor Palenzuela Jon Aitor Krutxaga
Iker Iturralde Jon Enbil
Imanol Cascante Julen Yarza
Iñaki Andonegi Luis Garcia Molina
Jon Quintana Mikel Egaña
Jon Sardon Mikel Iradi*
Juan Mari Lujanbio Nikolas Yurramendi*
Miguel Angel Enriquez Oier Iurramendi
Mikel Iradi* Ricardo Ponce*
Mikel Kortadi Roman Araujo
Nikolas Yurramendi* Telmo Yurramendi*
Patxi Olabe Xabier Agirre
Ricardo Ponce* Xabier De Diego
Telmo Yurramendi* Xabier Goienetxea
Unai Luzuriaga Xabier Zubiri

2010/06/17

Bazkideeen eguna eta plantillen aurkezpena

Hona hemen Donostiarraren webgunean argitaratu duten oharra (post-data bat dut amaieran klubekoentzat):

Bazkideen egunaren ospakizuna, hamaiketakoa eta taldeen aurkezpenarekin

Larunbat honetan, ekainak 19, Donostiarra-Kaiarriba Arraun Elkartearen bazkideen eguna ospatuko da Donostiako portuan dagoen Arrantzaleen Kofradian, eguerdiko 12:00etan. KAE-1 eta KAE-2ko denboraldiak hastear daudenean, Klubak bazkideei eskerrak eman nahi dizkie beraien babesagatik, beraiek gabe Donostiarraren proiektua ezinezkoa izango litzatekeelako.

Horregatik, deialdia egiten zaie bazkideei, jarraitzaileei eta komunikabideei festa honetan parte hartzeko. Bertan, “A” eta “B” taldeko arraunlariak banan bana aurkezteaz gain, Alberto Goitia lehendakariak eta “A” taldeko entrenatzaileak, Jose Ramon Mendizabalek, hitz batzuk esango dituzte.

Hamaiketakoa dohainik egongo da denontzat, taldeko armarria duen kristalezko edalontzi bat erosi ezkero. Fruitu lehorrak, txistorra eta tortila pintxoak, sagardoa, garagardoa eta ura egongo dira nahi adina.

Animatu eta hurbildu!

PD: lehenago abisatu izan balute, bertan izango nintzen... baina bi eguneko aurrerapen eskasez abisatuta, ba ezin izango dut, beste zerbaiterako hitzordua baitut. Ez dakit beste norbaiti ere pasatuko zaion, baina, horrelako gauzak antolatzea gauza arazotsua izan daitekeela onartuta ere, eskertzekoa litzateke aurrerapen handiagoz egitea horrelako deialdiak hurrengoetan. Ondo pasa, zoaztenak.

2010/06/12

Ekaineko denboraldi-aurreko estropadak

Azken bi asteburu hauetan, traineru-ligak hasi aurreko bi estropada ohikoak jokatu dira Lekeitio eta Mutrikun (emaitzak ikusteko egin klik hemen eta hemen).

Oso ondo ez dakit entrenamenduaren progresioa nola daraman edo eraman nahi duen Mendik, eta bestalde, bereizi egin behar dira prestakuntzako estropada hauek eta benetako lehiaketetako estropadak. Hala ere, emaitzak ikusi besterik ez dago ondorio pare bat ateratzeko.

Santurtzi, Isuntza eta Zierbena aurretik ditugu, eta Kantabria aldean Camargo ematen ari den neurri egokiarekin (ikus Caja Cantabria banderako gaurko emaitzak), pentsa liteke ohorezko txandan sartzea gauza borrokatua izango dela. Bi estropada hauetan 20 - 30 segundo atzetik ibili dira donostiarrak.

Ziabogen denborak ikusita, iruditzen zait bi estropadetako lehen hiru luzeetan nolabaiteko maila txukuna eman duela traineruak eta azken luzean beherakada izan duela.

Tira, ekainaren 26an eta etxean (Donostian) hasiko du benetako lehia Donostiarrak, eta ikusiko dugu non kokatzen diren lehen postuak lortzeko norgehiagoka horretan. Animo, bada.

(Argazkia: destuarrauntaldea.net)

2010/06/01

Donostiarra bere webgunea berritzen

Ez dakit joan den astean udaleko ordezkariekin izan zuten bileraren ondorio izan den, edo berez tokatzen zen lan bat zen; kontua da, aspalditik nahiko utzia zegoen webgunea berritzeari ekin diola Donostiarrak.
Oraindik ere lanean ari dira, eta behin-behinekoa da oraindik weba, baina zer-nolako itxura eta osaera izango dituen ikusteko behintzat balio du begi-bistan dugunak. Gerora gunea pixkanaka eguneratzen ahalegin handiagoa egingo dutela espero dugu, geldirik eta informazio berririk gabeko webgune batek ezer gutxirako balio baitu.

Dena dela, datu aipagarri batzuk ikusi ditut behin-behineko webgunean:
  • Argazki historikoen atalean, konturatu naiz blog honetan argitaratutako irudi batzuk bildu dituztela. Pozten nau klubekoek Tornozulotik bloga jarraitzen dutela jakinda. Eskerrik asko.
  • 748 bazkide garela dio. Uste nuen 800ak gainditu zituela klubak, horrelako zerbait esan zen aurreko albisteren batean.
  • Dirudienez, klubaren egoitza soziala (edo helbidea behintzat) jadanik ez dira Kaiarribako sotoak, baizik eta Bretxako lokal komertzial bat.
  • Babesleen artean marka berriak aurki dezakegu: Toyota, Druck eta CC La Bretxa. Lehenagoko Casino Kursaal, Egunon eta Udalaren ondoan, betiere.

2010/05/30

Berriak Donostiarran

Albiste berriak ditugu Donostiarraren inguruan. Garrantzizkoena, edo zabalduena behintzat, atzo jakinarazi zen, hainbat egunetan zurrumurru gisa barreiatzen ari bazen ere: Juan Mari Lujanbio izango da aurten traineru donostiarreko patroi.

Antza, Asier Lopezek ezin ditu ondo uztartu kirol-jarduera eta arlo pertsonal eta laborala, eta nahiago izan du patroi nagusiaren postua beste baten esku utzi, nahiz eta errekameran geratuko den, bere beherra izanez gero. Hutsunea betetzeko patroi bila kanpora joan behar izan dute donostiarrek, etxeko patroien artetik ezezkoa eman ziotelako batzuek Mendiri eta besteren bat arazo fisikoekin omen dagoelako.

Juan Mari Lujanbio izan da azkenik hautatua, eta jadanik entrenatzen ari da Donostiako uretan. Patroi kontrastatua eta arrakastatsua izateaz gain, ez da ahaztu behar duela lau bat urte Donostian aritua dela Lujanbio, Arraun Lagunak taldean. Dena dela, txakur-kros txapelketetan aritzen denez, agian abuztuko estropadaren bat galdu lezake pasaitarrak.

Bestalde, aste honetan bilera izan dute udaletxeko eta Donostiarrako ordezkariek. Udaletxeak arraun-taldearekin duen hitzarmena birplanteatu egingo da, dirudienez. Ez da ezusteko albistea Donostiako udala zer-nolako zurrunbilo ekonomikoetan dabilen ikusita. Horretaz gainera, bazkideak zaintzeko hainbat neurri aztertu ziren: Internet bidezko komunikazioari arreta gehiago eskaintzea, bazkide txarelari etekin handiagoa ateratzeko neurriak, eta abar.

Datorren asteburuan Lekeition eta hurrengoan Mutrikun traineru-estropadak izango dira, Ligak hasi aurreko azkenetako probak. Gure traineruak eman dezakeenari neurria hartzeko aukera izango dugu behingoz.

2010/05/24

Urumea ibaiaren ertzetik

Sarri asko, udako goi mailako arraunketa besterik ez dugu izaten donostiarrok kontuan: Kontxako banderaren garaian akordatzen gara Donostiako traineruaz, apenas inporta zaigun Liga, agian jakin ere ez dugu egingo trainerilla eta batela existitzen direnik ere, eta Oxford-Cambridge lehiari arreta gehiago eskaintzen diogu Londresen gure arraunlariek egindakoari baino.

Arlo mediatikoak garrantzi nabarmena duen garai honetan, ahaztu egiten zaizkigu arraunak dituen beste hainbat eta hainbat alderdi. Isileko ahalegin eta lan ugari egiten dute Donostiako klubek, modalitate eta adin askotan, nahiz eta izeberg horren puntta besterik ez den ailegatzen herritarrarengana.

Hori dena etorri zitzaidan burura atzo, Urumea ibaiaren ertzean paseatzen ari nintzela. Mikel Laboa pasarelatik Loiola aldera egin duten bide berria Ur-Kirolak klubaren egoitzatik igarotzen da, eta oso gustagarria izan zen niretzat atzo han zen ikuskizuna: edozein adinetako gizon eta emakume, mutil eta neska, entrenatzen, arraunkera lantzen, eta, noski, arraunketaz gozatzen. Gozamendua baita lanaren oinarria.

2010/05/16

V. Kataluniako Nazioarteko Opena

Asteburu honetan, maiatzaren 15 eta 16an, V. Kataluniako Nazioarteko Opena jokatu da Banyoleseko uretan.
Aurten ere bertan izan dira Ur-Kirolak taldeko arraunlariak, gaztetxoen kategorietakoak bereziki. Askotan zertxobait alboratua geratzen da arraunketa olinpikoa, eta badu meritua klub donostiarrek modalitate honetan egiten duten ahaleginak.

Openaren webgunean ikus ditzakezue lehiaketa honen arautegia, programa, partaideen zerrenda, ordutegia eta, jakina, emaitzak.

Zorionak eta animo, beraz, Ur-Kirolakeko arduradunei eta, nola ez, uretan jo eta ke aritu diren Asier, Aitor Izagirre, Andoni Etxebeste, Ander Odriozola, Elias Arruabarrena, Eneko Larrañaga, Eneko Pinzolas, Jon Amilibia, Xabi Murua, Xabi De Diego, Alazne, Ane Arratibel, Josune Lizaso, Elene Lopetegi, Leire Etxebeste eta Larraitz Esnaolari.

2010/05/09

1889: Sanjuandarren traineru seboduna

Pepe Artola da, dudarik gabe, blogari koxkero honentzat, XIX. mendeko Donostiako pertsonaiarik kuttunenetako bat. Berezko grazia eta "errikoxemeen" umorea barra-barra zituen gizon hark. Hainbeste ganorabako eta txoroflautarentzat estatuak eta bestelako omenaldiak eskatzen diren garai honetan, hobe genuke donostiarrok gure izaeraren neurria eman duten pertsona hauen oroimena ez galtzea (ezkerreko argazkian duzue Pepe Artola).

Arraunari dagokionez, hainbat bertsotan landu zituen Pepe Artolak ikusi zituen estropadak eta garaipen eta porrotak, eta bere grazia bereziarekin kontatzen zituen betiere, garaiko bere herrikideen gustagarri. Haren bertso-paper batzuek eman digute, hain justu, orain kontatuko dugun istorioaren berri: sanjuandarrek eta donostiarrek 1889an izandako desafioa eta traineru seboduna.

Kontua da 1889ko Kontxako Bandera jokatu zela irailaren 23an, eta donostiarrak garaile atera zirela sanpedrotarren eta Donostiako beste traineruaren aurretik. Azkenak geratu ziren sanjuandarrak, eta dirudienez nahiko atzean geratuta; emaitzen dokumentuetan ez da jasotzen Pasai Donibanekoen denborarik. Ez ziren estropadarekin batere konforme geratu, antza, San Juanekoak, eta, arantza kendu nahian-edo, desafio egin zioten irabazleari, hau da, Luis Karrilen tripulazio donostiarrari.

Esaten zuten Donosti ontan
etzeguela gizonik,
berriz pelian asi ezkero
etzekatela gauz onik,
amar bat milla errial pozik
jarriko zutela andik,
beste ainbeste nai baldin bazan
baldin ta jarri emendik.

Kondiziyua lan abek zuten
treñerua abek artu,
ala berian abek zutena
Pasaitarrari trukatu,
esanaz aiek len zebiltena
kabarra zala gertatu,
arrengatikan zirala bada
arren atzian geratu.

Arretarako lenaztik zuten
seboz ondo bete killa,
nairik aurria denai artuta
ondo irten gizon pilla,
Donostiarrak joan ziranian
aien kabarraren billa,
kraka ikusi ziyoten eta
andik asi zan naspilla.

Donostiyako patroiak zuben
esan arrazoiarekin,
treñero ura etzeguela
estropararako berdin,
eztala ondo arrexkatzia
ontzi sebodunarekin,
alaz guztiyaz irtengo zala
itz eman zubenarekin.

Argi dago zein zen "nahaspila". Sanjuandarrek ontziaren aitzakia eman omen zuten Kontxan hain makal ibiltzeko, eta desafioa egin zieten donostiarrei, baina elkarri traineruak trukatuta. Pasaitarrek erabilitako traineruaren bila joatean, Luis Karrilen mutilek harrituta eta haserre ikusi zuten sanjuandarrek seboa emana ziotela ontziaren azpialdeari.

Horrela zioen, Rafael Agirre Francok zehazten duenez, La Voz de Guipuzcoa egunkariak: "a los marinos de aquí les causó mala impresión el saber que la lancha que usaron los de Pasajes en el último regateo estaba untado de sebo, porque entendían que habiéndose carenado las cuatro traineras en este puerto no tenían derecho los de Pasajes a retocar el que les cupo en suerte". Iskanbila dezente izan zen horren harira, eta portuko komandante Baldasano jaunaren arbitrajea ere beharrezkoa izan zen auzi hori konpontzeko, eta halako batean konforme jarri ziren ontzi kontuetan.

Desafioaren eguna iristean, urriaren 6an, San Juanekoak Ondarroako arraunekin aurkeztu omen ziren Donostian, garai hartako onentsuenak zirelakoan. Uste zuten horrela erraz gaindituko zituztela Donostiako "zaharrak". Baina:

Esan bezela biyak batian
emendikan ziran irten,
indar lanari denak txit gogor
ziyoten bada ekiten,
emengo zarrak bala bezela
zuzen ta bizi zebilten,
bestiak berriz apar tartian
esponja ta ura egiten.
(...)

Donostiyarrak aisa diyote
estropara irabazi,
lengo txandan bañan atzerago
orainguan dute utzi,
obea zuten ez baziraden
pelian jokatzen asi,
eskax dirala indar lanian
berak lezakete etsi.

Estropara ontan ler egiñ eta
onuntz iritxitakuan,
beste ontziyan denak sartuta
beren errira ziran juan,
lenago deitzen zaion bezela
arunzko Pasaya San Juan,
Donostiyarrek onez aurrera
deituko diyote Juan San.

2010/05/02

Aulki mugikorreko 8+ Euskadiko Txapelketa

Gaur, Soustonseko uretan aulki mugikorreko Euskal Ligako beste jardunaldi bat jokatu da. Bertan izan dira Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak klubetako hainbat ontzi, adin eta kategoria askotan. Guztira, dozena bat ontzi baino gehiago lehiatu dira donostiarren alde, ahaztu gabe beste hainbeste gertatzen dela Gipuzkoako Ligan ere. Uste dut eskertzekoa eta txalotzekoa dela talde donostiarrek modalitate erdi-baztertu honetan egiten duten ahalegina, gaztetxoekin bereziki.

Aspaldiko partez, kategoria "garrantzitsuenean", seniorren 8+ kategorian, ontzia uretaratu dute donostiarrek aurten: Donostia Arraun Lagunakena, hain zuzen. Ikusi genuen, besteak beste, martxoan Londresen aritu zirela.

Gaur, 8+ kategoria horretako Euskadiko Txapelketa jokatu da Soustonsen, eta azkenak geratu dira. Hona hemen denborak:

1. Hondarribia 6:13,95
2. Orio 6:21,74
3. Getxo 6:24,16
4. Santiagotarrak 6:24,73
5. Donostia Arraun Lagunak 6:51,76

Jardunaldiko beste kategorietako parte-hartze eta emaitzak ikusteko, egin klik hemen.