2012/08/23

Orfeoiaren kontzertuko agur hitzak

Nire eskura iritsi da Donostiako Orfeoiak, Donostiarraren eskutik, abuztuaren 10ean Trinitate Plazan eman zuen kontzertuko sarreraren idazkia.

Kontzertuaren hasieran, Unai Elizasuk agur hitz batzuk eskaini zizkien kontzertua entzutera bertaratu zirenei. Elizasu, bertso munduan ezaguna izateaz gainera, Donostiarra traineruko arraunlari ere bada, eta bere agur horretan nolabait uztartu egin zituen orfeoi baten eta traineru baten jarduerak, eta aipatu zuen Donostiako orfeoia donostiarrontzat den ikonoaren parekoa nahi dugula gure trainerua ere.

Ba horixe, idazkia nire eskura iritsi dela, eta zuekin konpartitzeko modukoa iruditu zaidala. Hortxe doa:

"Gabon eta ongi etorri, Donostiarrako traineruaren alde antolatu dugun Donostiako Orfeoiaren kontzertu honetara.

Emanaldiari hasiera eman aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Donostiarra traineruaren proiektuan babesle eta laguntzaile, edo hobe esanda, tostakide zaituztegun guztioi. Eskerrak eman, Donostiako udalari ere. Euren babesa, olatuak baitira guretzat. Olatu hauen gainean, gure lana, azkar eta ondo egin ahal dugulako.

Eta gaurko honetan, modu berezian eskertu nahi dugu, Donostiako orfeoia. Azken batean, arraunlariok  oso identifikatuak sentitzen garelako zuekin.
Arraunlariok, akordean arraun egitea dugulako helburu. Itsasoaren pentagraman, notak marrazten ditugu paladaro. Haizearen melodian, gure arraunkaden erritmoa harmonikoa izaten ahalegintzen garelako.
Zuek, ahotsa tonuan jartzeko whiskia hartzen duzuen bezala, hartzen dugu guk ere... bueno, alegia.. oso identifikatuak sentitzen garela zuekin.

Egunen batean, donostiar zalegoak, halako orfeoia izatearen harrotasun bera, traineruarekin izan dezan, lanean dihardugu. Traineruaren babesean sorturiko kamiseta bana utzi dizuegu aulkietan, Donostiako estropadatan jantzi dezazuen. Orfeoiak ahots kolore asko dituen bezala, Kontxako estropadan, kolore guztien artean, kamiseta zuriak ikusi nahiko genituzke uretatik, eta kamiseta zuri horien babesean irten, eta sartu nahiko genuke portuan.

Aurkezpenari bukaera emateko, hona hemen gaurko tripulazioa, ababorreko kontraalto eta istriborreko sopranoak, popako bajo eta brankako tenoreak. Euren formarik gorenean datoz, Trinitate itsaso eder honetara.... Sainz Alfaro patroi dutela, gure estropada batean, minutuak beste, kantu eskainiko dizkigute. Ziurrenik, kantu gehiago entzungo zenituzkete pozik... guk ere, minutu gutxiagoan egin nahiko genituzke estropadak, baina.

Besterik gabe, goza ezazue gaurko Donostiako orfeoiaren emanaldiarekin... goza ezazue, bihar bertan hasiko den Donostiako Aste nagusiarekin... eta goza ezazue... bueno ez, Donostiako arraunlariok, zuek gozarazten ahaleginduko gara datozen estropada, eta batipat, Iraileko lehen bi igandeetan, Kontxako badian."

Hala bedi, Unai, azken esaldikoa batez ere.

2012/08/15

Tostako arrauna: donostiarren garaipenak

Jende askorentzat, gehiegirentzat, arrauna ACT ligarekin eta telebistaren arreta mediatikoarekin sortu zen. Hori baino lehenagokoa ez da existitzen haientzat, edo topiko huts batzuk besterik ez dituzte ezagutzen. Baina ez, arraunak badu bere historia luzea, belaunaldi ugariren jarduna hartzen duena.

Hala, behin, Donostia arraunean hutsaren pareko (izan) dela esaten zidaten batzuekin hitz egiten jardun nintzen, eta konturatu nintzen horretaz guztiz sinetsita zeudela eta inguruko gehienak uste berekoak zirela. Ni datu batzuk ematen saiatu nintzen (haien iritzia aldatzeko arrakasta handirik gabe), eta gero, etxera bueltan, gogoeta egin nuen neronek ere ez nekiela Donostiako ontziek lortutako garaipen askoren berri. Eta pentsatu nuen ea egongo ote zen nonbait informazio hori dena bildua. (Tostako arraunaz ari naiz hemen, nahiz eta jakina den arraunketa mugikorrean ere Donostia aitzindari izan dela eta garaipen asko lortua dela historian zehar).

Horrek akuilatuta, han eta hemen datuak jasotzen aritu izan naiz (oso modu arin eta alferrean egia esan), eta biltzen nituen datuak Wikipedian jartzen aritu naiz, nonbait jasoa gera zedin, ni baino lan handiagoa egin duen eta informazio hobea duen lankideren baten laguntzarekin. Hortxe duzue eskura informazio hori dena, sarrera honetan: Donostiako traineruak: Donostiako ontzien palmaresa. Datu horiek zenbaki eta taula modura bilduta ikus ditzakezue irudi hauetan, hainbat modutara sailkatuta. (Bide batez, esan behar dut Wikipediaren euskarazko bertsioa askoz osatuagoa dagoela erdarazkoa baino, arraun estropada eta kluben informazioari dagokionean. Jo ezazue euskarara beraz... hor ere).

Informazio interesgarria irudituko zaizuela espero dut. Eta, noski, ez dut dudarik datu hauetan hutsuneak izango direla. Guztiz eskertuko nuke lan hau osatuko eta hobetuko duen edozein informazio.

Donostiarra ETBko programan

ETB-K kateak astelehen gauetan ARC ligari eskaintzen dion programan Donostiarrari buruzko erreportajetxoa eman zuten joan den astean. Behean duzuen bideoko 1:15 minutuan hasten da.

Unai Elizasu eta Xabier Zabala ("Bixkar") arraunlariak agertzen dira, baita Mendi entrenatzailea ere, Donostiarrak denboraldi honetan izan duen ibilbideari buruz hitz egiten: denboraldi-aurreko planifikazioa, liga hasierako zailtasunak eta etorkizunerako asmoak. Gainera, Elizasuk irrati-programarako egindako testu batek markatzen du erreportajearen sarrera eta amaiera. Hortxe duzue bada:

2012/08/06

Portaletas - Trophée Teink 2012

Iaz ere eman nizuen Teink zeharkaldiaren berri. Arraun estropada interesgarri honetan, Donostiako talde bat dugu, Portaletas izenekoa.

Bada, aurten ere abian jarri da Teink 2012 zeharkaldia. Facebookeko helbide honetan aurkituko duzue arraunlari donostiar horien partaidetzari buruzko informazioa: Portaletas - Trophée Teink 2012. Bertan azaltzen dira estropadaren ibilbidea, egutegia, eta argazkiak.

Merezi duen ekimen bat dela uste dut, eta arreta pixka bat eskaintzea ere ez legoke gaizki. Zorte on Portaletasentzat.

2012/08/05

Suspertzen ari da Donostiarra

Ligaren erdia joana den honetan, badirudi bere neurri onenaren bidean jarri dela Donostiarra. Denboraldi hasiera ez zen batere ona izan, espero baino askoz postu eta denbora eskasagoak lortu zituen gure traineruak. Emaitzak pentsatu bezain onak ez zirela onartuta ere, klub barrutik konfiantza transmititzen zen, egiten ari zen lanak bere fruituak emango zituelakoan.

Eta, hala, azken hiru estropadetan koska bat gora egin dela ikus daiteke. Uztailaren 28ko Getariako estropadan, 3. postua lortu zuen Donostiarrak,  bere txanda aise irabazita eta ohorezko txandako Santurtzi eta Elantxobe gaindituta. Hurrengo eguneko Lekeitioko banderan, segundo eskasera egon zen txanda irabaztea eta ohorezko txandako Lekittarra gainditzea. Eta atzo, Orioko banderan, berriro ere 3. postua lortu zuten, bere txandan nagusi, eta goiko txandako Lekittarra eta Elantxoberi irabazita. Oriori ez beste denei irabazi die estropadaren batean. Badirudi, gainera, postuetan ez ezik, denboretan ere aurrera doazela gure mutilak, azken hiru estropadetan 30 segundo baino gutxiago kendu baitizkie Oriok, eta atzokoan 18 segundo eskas besterik ez. Eta, lehen aldiz, iazko puntu kopurua gainditu du Donostiarrak (53 zeramatzan iaz zazpigarren estropadan, eta 55 aurten).

Espero dezagun hobekuntza horrek gora egingo duela, taldea batzen eta puntuan jartzen doan heinean. Kontxara unerik egokienean iristea litzateke onena. Ez dakit ezustekoren bat emateko, baina bai, gutxienez, etxeko zaleak gustora eta pozik uzteko. Hala izan bedi.

Ezin ahaztu, era berean, B traineruaren lan paregabea. Trintxerpe eta Orio indartsuen ondoren, sailkapen orokorreko 3. postua sendotu besterik ez dute egiten astez aste. Atzo ere oso emaitza ona lortu zuten Plentzian. Etorkizuna zuena da mutilak.

Argazkia: Klausser.

2012/08/04

Orfeoi Donostiarraren kontzertua abuztuaren 10ean

Donostiarrak kontzertua antolatu du aurten ere: Donostiako Orfeoia, abuztuaren 10ean, 22:30ean Trinitate Plazan.
Sarreren prezioa 18 eurokoa izango da, baina Donostiarrako bazkideek 15 euroan lortzeko aukera izango dute abuztuaren 8a baino lehen hartzen badituzte. Horretarako, bazkideek (bazkide txartelarekin) klubak Salamanka Pasealekuan duen lokaletik pasa beharko dute, 17:30etik 19:30era abuztuaren 1, 2, 3, 6, 7 eta 8an. Bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu.


2012/07/26

Emakumeak Kontxan duela 115 urte: Pasaiako batelerak.

Emakumeek 2008an hartu zuten parte lehen aldiz Kontxako Banderan. Aurrerapauso nabarmena izan zen hura emakumeen arraunarentzat, pixkanaka egituratzen eta garatzen zihoan modalitate horri aurrenekoz eskaini baitzitzaion tostako arraunketan den proba garrantzitsuenean lehiatzeko bidea.

Alabaina, ez zen hura izan emakumeak Kontxan arraunean aritu ziren lehen aldia. Urte dezente atzera egin beharko dugu, 110 urte baino gehiago egin ere, eta hara: 1897an Pasaiako batelera ospetsuak estropadan lehiatu ziren Donostiako badiako uretan.

Ezaguna da Pasaiako batelerek izan zuten sona, eta ez dugu blog honetan haien berri xeherik emango (interesa duen irakurleak, hemen topatuko du informazio gehiago), baina aitortu behar da arrasto sakona utzi zutela arraunaren historian Victor Hugo idazlea eta Felipe IV.a erregea bezalako pertsonaiak liluratu zituzten emakume haiek.

Bada, esan bezala, Laura Hermo eta bere neskek emakumezkoen I. Kontxako Bandera Galizia aldera eraman baino 111 urte lehenago, batelera pasaitar haiek arraunean aritu ziren Donostiako uretan, 1897an. Gizonezkoen estropadak puri-purian ziren garai hartan Kontxan, eta pentsa liteke arrakasta-olatu horri jarraituz antolatu zela Donostian estropada hura.

Launa arraunlariko hiru ontzik hartu zuten parte, milia bateko ibilbidean, eta, arraunlari edo ontzi irabazleen izenik gorde ez bada ere, badakigu 9 minutu eta 25 segundoko denbora behar izan zutela milia hori egiteko. Ez dakit, ordea, horrelako beste estropadarik egin zen ala gauza guztiz bakana izan zen.

Uste dut gustura ikusiko lituzketela batelera haiek gaur egun emakumeek egunez egun eskaintzen dizkiguten arraun-ikuskizun paregabeak.

2012/07/15

1890eko kartel kuriosoa


Traineruen historiako pasarterik ezagunenetako bat da 1890ean Donostiak eta Ondarroak jokatutako desafio-estropada hura, donostiarrek Luis Karrilen gidaritzapean irabazitakoa. Blog honetan eman nuen desafio horren berri sarrera honetan.

Interneten beste gauza batzuen bila nenbilela goiko irudi hori aurkitu dut, eta hona ekartzea pentsatu dut, kuriosoa edo, gutxienez, ikusgarria delakoan. Garai bateko estetikaren erakusgarria bai behintzat. Irudian agertzen den argazki hori nonbait ikusia nuela iruditzen zitzaidan, eta bai, oker ez banago, Ollagorra soziedadeko beheko solairuko paretan zintzilik dago.

PD: Facebooken ohar bat egin dit Orioko arraunzale batek. Horri esker jakin dut hemen informazio gehiago eskaintzen dela irudi horri buruz. Mila esker arraunzale horri.

2012/07/10

Donostiarra ez da batere fin hasi


ARC Ligaren lehen bi jardunaldiak pasatu dira, eta, tamalez, Donostiarra ez dabil aurtengo plantilla hobekuntzari begiratuta espero genuen bezain ondo.

Denboraldia hasi baino lehen, Mendik berak esana zuen iaz baino azkarrago zihoala ontzia, helburua zela ohorezko txandan egotea —baina betiere bigarren postuari begira (play-offa gogoan), eta ez litzatekeela seinale ona izango laugarren postutik beherakoei begira egotea. Bada, lehen bi estropadetan zazpigarren eta seigarren iritsi dira donostiarrak (agur play-offa, ala?), ohorezko txandan lehiakide izan beharko lituzkeen Santurtzi eta Lekittarratik urrutiago geratuta beste helburu batzuekin abiatu den Getaria batetik baino. Ligaren maila urtez urte gorantz doan arren, aurtengo plantilla ez dago egina iazko emaitzak errepikatzeko, eta are gutxiago postu okerragoak lortzeko. Badago hor, beraz, zer hausnartua, zer hausnartua badagoenez.

Zerk egin ote du huts, bada? Aurten ere badirudi ezin izan dela behar bezala prestatu trainerua udazken-negu-udaberri garaietan.
Jakina da Donostiako arraunaren egitura oso berezia dela —beste herrietan ez bezalakoa—, klub eta interes asko uztartzen asmatu behar dela, zaila dela antolaketa eta erabaki-esparruak eragozpenik gabe kudeatzea… baina, kontxo, ezinezkoa da urtero berdin ibiltzea. Traineru bateratua bosgarren urtean da jadanik, eta arazo horiek aienatuta beharko lukete honezkero. Beste hainbat klubek aparteko arazorik gabe uztartzen dituzte arraun mugikorra eta trainerua, eta gainera, hemen ez bezala, trainerilla eta batela ere lantzen dituzte.

Gogoeta lasaia egin beharko dute hala egin behar dutenek, zer ari den pasatzen urtez urte traineruarekin, gure arraunaren estamentuen arteko harremanarekin eta, ondorioz, zer oinarri ari garen ezartzen Donostiako arraunaren etorkizunerako. Egungo egitura oso ona izan daiteke geroari begira: klub bakoitzaren idiosinkrasia historikoa mantentzeko aukera ematen du, eta Donostiako masa sozialaren katalizatzaile gisa funtzionatzen duen trainerua jartzen du uretan. Beste ezein egiturak ezin du hori eskaini. Egitura hori hobetzeko egin beharko litzateke lan. Zinez uste dut arraunaren historian lehen mailako erreferente izan den gure hiriari zor zaiola horrenbeste.

Zeozer positiboa esateko, esango dut benetan pozgarria dela B trainerua eskaintzen ari zaiguna. Azken urteetako lana biribiltzen duen talde bat osatu da, talde gaztea eta etxekoa, eta arraunean txukun ari direla ikus daiteke astez aste. Hori ere bada beste arrazoi bat A trainerua ahal den bezain ondo “zukutzeko”… gazte hauei Donostian bertan erreferente erakargarri bat eskaintzea.

Beste gauza positibo bat esateagatik, ba Kontxa aipatuko dut. Optimista zoro bat naizela? Seguruena. Konfiantza itsua dut nik, ordea, Mendiren lanean, eta, ekipo hau zertxobait eskas hasi bada ere, ezin da ukatu bertan badagoela segundo dezente azkarrago ibiltzeko lehengaia. Nire esperantza da astetik astera barruan duena ateratzen hasiko dela Torrekua eta bere maila onena emateko moduan iritsiko dela irailera. Ligan ematen den neurria edozein dela ere, arantza sakon bat dugu sartuta donostiarrok: azken 10-15 urteetan Kontxan, gure estropadan, hobeto aritu ezin izana. Nik behintzat badut arantza hori. Eta arantza hori pixka bat kentzeko lehen aukera aurtengoa izango zela uste nuen duela gutxi arte.
Aurten ez bada, ea datorren urtean bihurtzen den esperantza egia.

2012/07/01

Donostiako traineruen izenak Kontxako historian.

Behean jarri dudan zerrenda horrek ez du aparteko pretentsiorik. Besterik gabe, kuriosidade gisa jarritakoa da. Kontxako Banderan 130 traineru donostiar baino gehiago lehiatu dira historian zehar, eta traineru horien izenak zein izango ziren ikustea okurritu zitzaidan behin, horri buruzko konbertsazio baten harira. Rafael Aguirrek argitaratutako liburuan (*) aurkitu nituen datuak.

Zerrendan sartzen diren izenak Donostiako taldeek estropadara eramandako traineruenak dira. Garai batean traineruak trukatu egiten ziren bigarren jardunaldian, eta horregatik Donostia adibidez oriotarren edo getariarren traineruekin aritzen zen bigarren igande horretan. Bigarren iganeetako traineru horiek, beraz, ez ditut zerrendatu; donostiarren ontziak besterik ez dira ageri (nahiz eta Donostian eginak ez izan edo beste herri edo klub batek utziak izan).

1879 Lequeitiarra (Kontxako Bandera bat irabazi zuen lehen trainerua)
1887 Guipuzcoana
1890 Invencible, Cariño
1891 Illar Azala, Julio, Maria Cristina
1892 Golondrina, Amigos, Nª Sra. de Lourdes
1894 Donostiarra, Amigos, Lezo, Nª Sra. de la Paz
1895 Traineru donostiarrei ez zieten parte hartzen utzi, beste herrietakoek izen emateari uko egin ez ziezaioten. Erreibindikazio modura estropada bat egin zuten donostiarrek, traineru hauekin: Donostiarra, Santa Ana, Josefita.
1896 Moñoño, Aerolito, Santa Ana, Josefita, Santiago
1897 Moñoño, Ramon y Saturnina, Agustina, Santa Ana, Nª Sra. del Pilar
1898 Esperanza, Santa Ana, Agueda, Nª Sra. de la Paz
1899 Donostiarra, Aerolito,San Francisco de Asis, Santa Ana
1900 Joshepa Antoni, Virgen del Mar, A la aventura
1901 San Jose, Corazon de Jesus,  A la aventura
1903 San Juan
1906 Santa Maria, Patriarca San Jose, Glorioso San Pedro, San Juan
1909 Guipuzcoa
1915 Luis Esperanza
1918 Koruko Amabirjina
1919, 1920, 1921 Nª Sra. del Carmen
1916, 1917, 1922 Club Maritimo Donostiarra
1923, 1924, 1925, 1926 Donostiarra
1927 La moderna Orio
1928 Virgen del Mar
1929, 1930 Joshe Antoniyo
1931 Koshkero
1932 Koshkero, Joxemaitarra
1933 El empuje donostiarra,  Amaikak Bat
1935, 1934 Donostiarra II
1940 Koruko Ama, Loyolatarra
1941 Amaikak Bat
1942 Loyolatarra
1946 Donostiarra,  Teresita
1947 Virgen del Coro, Loyolatarra
1949, 1950 San Vicente (Kontxan irabazi duen azken traineru donostiarra, Esperanza klubekoa)
1951-1975 (Urte hauetan, antolatzaileek ad hoc egindako traineruak erabiltzen ziren Kontxan).
1976 Itxaropena
1980 Donostia
Eta, garai berriagoetan, ezagunak ditugun traineru-izenak (erabilitako lehen urtea bakarrik jarri dut):
1981 Luis Carril
1982 Koruko Ama
1988 Lugañene
1993 Mari Galant
2008 Kiriko
2009 Torrekua (nahiz eta urte horretan Donostiarra izena eraman zuen).
Argazkia: 1920 urteko Nª Sra. del Carmen, Kiriko patroi.
(*) AGUIRRE, Rafael: Donostiako estropadak (1879-2001) Regatas de la Concha. Kutxa, Donostia, 2001

2012/06/22

Jarri bandera balkoian !!

Traineru denboraldia hastera doa, eta gure mutilak itsasoan jo eta su ibiliko dira bihar eta etzitik aurrera. Haien lana horixe baita: gorputza behartu eta barrenean duten guztia ematea, Donostiako traineruak ahalik eta postu eta denbora onenak lor ditzan.

Eta zuk, donostiar arraunzale, zuk zer egingo duzu? Gure lana, gure funtzioa da estropadetan petriletik edo itsasertzetik arraunlariei animoak eta arnasa ematea. Ez ditzagun bakarrik utzi, nabari dezatela badutela zale andana bat atzean.

Dena dela, estropadetara joateko gogorik, denborarik edo kemenik ez baduzu, ba, mekauenlaletxe, jarri gutxienez bandera balkoian zintzilik! Ikus dezatela donostiar guztiek hemengo trainerua Donostiarra dela, eta gure ontziaren alde gauden donostiarrak ez garela gutxi. Bandera erosia baduzu, ez zaizu ezer kostatzen leihoan zintzilik jartzea, eta, erosi ez baduzu, erraz eros dezakezu Salamanka pasealekuko klubaren egoitzan, edo online Donostiarraren webgunean.

Gogoan izan gure hiriko arrauna ohoratu zuten arbasoak begira dauzkagula. Ez diezaiegun huts egin!!

2012/06/18

Ekaineko denboraldi-aurreko estropadak

Ekaineko asteburu hauetan, denboraldia hasi aurreko hiru estropada jokatu ditu Donostiarrak. Motorrak berotzeko, probak egiteko eta aurkariei neurria hartzeko erabiltzen dira estropada horiek; ligako estropadetarako ahalik eta punturik onenean iristeko, azken batean.

Hiru estropada horietan, esan daiteke Donostiarrak ez duela aparteko emaitzarik lortu. Gutxi gorabehera espero zen neurria eman du, demostrazio berezirik egin gabe. Hala ere, beti izan da faktore edo elementu aipagarriren bat, emaitza normalean baino gehiago erlatibizatu behar dela adierazten duena.

Lehenengo estropadan, Lekeition, bigarren luze harrigarriki trakets bat egin zuten donostiarrek, eta gainerako hiru luzeen denbora narrastu egin zuten. Bigarrenean, Mutrikun, haizea oldartu egin zen estropadan zehar, eta sailkapena asko baldintzatu zuen horrek. Hirugarrenean, Allotzen, Torrekua ez zen traineru bat probatzen ibili ziren (argazkian duzuena; dirudienez traineru zahar bat da, ur geldiko estropadetan erabiltzeko asmoa dute, baina bizpahiru entrenamendu besterik ez dituzte egin harekin), eta, urtegietan egiten diren estropadek izaten dituzten baldintza bereziez gainera, kontuan hartu beharreko faktorea izan zen hori.

B traineruak, Ondarroan izan zuen atzo estropada, eta aurten ere tamaina txukunean ibiltzeko moduan dela erakutsi zuen. 

Baina, esan bezala, probak besterik ez dira izan horiek. Asteburu honetan hasiko dira Ligak,  ARC 1 Liga, Elantxoben, 24an, eta ARC 2 Liga Luancon, 23an. Hortxe hasiko gara benetako emaitzak ikusten, eta ondorioak ateratzen.
Aupa Donostiarra!!!
(Argazkia: Joxeju Olasagasti)

2012/06/11

Argazki zahar baten pisua

Egia galanta da ez dela komeni etengabe atzera begira bizitzea. Oraina behar bezela disfrutatzea eta etorkizunari behar bezala aurre egitea eragozten du atzera begira ibili behar horrek.

Hala ere, arraunaren arloan, susmoa dut Donostian ez zaiola merezi adinako aitortza egiten gure iraganari. Era txatxu eta antzuan elkarri mokoka aritzeko joera handiegia dugu (ez da, antza, joera berria, eskuinean dituzuen 1916ko bertso horiek diotenez), etorkizuna zalantzan jartzeraino. Eta, kanpokoa gehiegi goretsiz, ez dugu Donostiak arraunaren historian izan duen eta izan behar duen lekua apreziatzen. Ondare aberats hori balioetsiko lukeen museo edo antzeko zeozer egitea ere inori ez zaio burutik pasatu.

Zertara datorren txapatxo hau? Beno, beheko argazki hau topatu dut (Luis Karril eta bere kuadrilla omen dira), argazki ederra inondik ere.... eta morrosko donostiar jator horien aurpegiek nolabait kargu hartzen ari zaizkigula iruditu zait. Pixka bat jota nagoela? Baliteke.


2012/06/02

2012 denboraldiko traineruaren aurkezpena

Gaur, eguerdian, Donostiarraren aurkezpena izan da Kaian. Ekitaldi xumea izan da, baina esanahi berezikoa arraunzale donostiarrontzat. Beno, Donostiako traineruaren aldekoontzat bai, behintzat.

Aurrena, aurtengo denboraldian gure bi traineruetan ibiliko diren arraunlariak aurkeztu dira hedabideetako argazkilarien eta zaleen aurrean. Harrobiko aspaldiko arraunlarien ondoan, aurpegi berriak ikusi ahal izan ditugu, Mendi entrenatzailearen zaintzapean betiere. Traineruan ere esponsor berriak erakusgai.

Ondoren, klubeko presidente Alberto Goitiak hartu du hitza: klubak urtez urte egiten dituen urratsak azpimarratu ditu, eta aurten dituzten aurreikuspenak zein diren azaldu ditu (ARC ligan goian ibiltzea eta, ahal bada, play-offean sartzea). Bazkideoi gure laguntasuna eskertu eta gero, bazkide kopurua handitzeko ahalegina egiteko eskatu digu berriro ere.

Presidenteak jasotako txaloen ondoren, bi bertsolarik bertso bana bota dute, zaleok lehorrean eta arraunlariek itsasoan dugun garrantzia aipatuz.

Azkenik, Juan Karlos Izagirre alkateak gogoan izan du alkate izendatu ondoren izan zuen lehen ekitaldi ofiziala Donostiarraren iazko aurkezpena izan zela, eta hitz goxoak izan ditu traineru eta arraunlarientzat (behean duzue bete hitzen bideoa, Irutxuloko HITZAk eskainia).

Eta, amaitzeko, mokadu gustagarri bat hartzera gonbidatu gaitu klubak bertaratu garen bazkide eta zale guztiak. Eskertzekoa.

Aurkezpena egina dago, bada.... orain egurra emateko sasoia hasi da. Bertsolariak esan bezala, zaleok lehorrean eta arraunlariak uretan. Ea bada. 
Aupa Donostiarra!!!

2012/05/30

Motorrak berotzen, lehorrean eta uretan

Aurreko sarreran esan bezala, hastear dago 2012ko traineru-denboraldia, eta Donostiarrari iritsi zaio, entrenamendu eta prestaketako hilabete luze hauen ondoren, udarari begira motorra bete-betean jartzeko garaia.

Denboraldiari hasiera emateko bi ekitaldi izango ditu klubak asteburu honetan: bata deportiboa, uretan, eta bestea instituzionala, lehorrean.

  • Denboraldi-aurreko lehen traineru estropada jokatuko da Lekeition, igandean, ekainaren 3an, 11:30ean. Lehen aukera izango du Donostiarrak, ligan bere arerio izango diren beste traineruei (Orio, Santurtzi, Lekittarra, Zarautz eta abarri) neurria hartzeko. Ekainaren 17an, beste estropada bat izango da, Nafarroako Alloz urtegian, Gipuzkoako traineru onenak bilduko dituena.
    Pentsatzen dut zaleok bezainbeste gogo izango dutela arraunlariek ere uretan egurra ematen hasteko.
  • Traineruaren aurkezpena izango da, larunbatean, ekainak 2, 12:30ean, kaian (Portaletas aurrean). Horrekin batera, bazkideen kopurua handitzeko kanpaina egin da, berriro ere, orain gutxi gorabehera garen 1.000 bazkideak askoz gehiago izan gaitezen. Donostiarrak garelako, kontxo!! (Nik, behintzat, ezin izango dut arlo horretan lagundu, jadanik ondo zukutuak baititut nire familiak eta adiskide-taldeak eskaintzen zizkidan aukerak).
    Era berean, klubak jakinarazi du MerkaOn-ekin akordioa lortu duela, zerbitzu horrek eskaintzen dituen deskontuak eta bestelako abantailak eskura izan ditzagun Donostiarrako bazkideok. Bazkide-txartel berriak banatu ditu, horretarako.


2012/05/26

2012 denboraldi berriari begira

Trainerilla denboraldia bukatzen ari da, eta ekaina hastearekin bat hasiko da traineru denboraldia bete-betean. Motorrak berotzeko ohiko estropadak aurrena (Mutriku, Lekeitio,...) eta ligakoak ekain amaieran.

Nolabaiteko inpresioa dut denboraldi hau berezia dela Donostiarrarentzat. Beste aurrerapauso bat eman nahi izan da proiektuaren garapenean, baina aurten igo nahi den koska ohikoa baino handiagoa dela uste dut. Azken urteotan izan den bilakaera kontuan hartuz eta  aurtengo plantilla nola osatu den ikusita, badirudi goragoko helburuak lortu nahi direla.

Horrek, noski, exijentzia eta erantzukizuna handitzea dakar berarekin, eta egoera berri horri neurria hartzea garrantzitsua izango da klubarentzat. ACT liga bera ere aurten oso urrun ez dela izango pentsa lezake norbaitek. Hitz potoloak dira horiek. Lehenengo, ikusi egin beharko da zer maila ematen dugun uretan, eta horretan oinarrituta hitz egin ahal izango dugu aukera hori izango dugun ala ez.

Hala ere, badakit klubean bertan bertigo pixka bat ere sortzen duela panorama horrek: ACT ligan beste parametro deportibo eta, batez ere, ekonomiko batzuk gestionatu behar dira... eta gaur egun dagoen panorama ikusita (esponsorren mundua oso eremu latza bihurtu da), ez litzateke oso ingurune gozoa izango. Baina, anbizioa dagoen lekuan, arriskua ere hor dago.

Tira, ARC ligan paper txukuna egiten bada, play-offean sartzea lortzen bada, eta aspaldiko partez Kontxan itxuraz aritzen bagara, nigatik koforme. Eta uste dut klubean ere horrenbestean. Denboraldi interesgarria, beraz, donostiarrontzat. 

Gure aldetik, balkoietan bandera jartzea eta estropadetan petriletik marru batzuk botatzea... horra gure egitekoa. Aurreko urteetan baino gehiago izango ahal gara! Talde honek merezi du eta. Gu behintzat, berriro diot, Txindokira joateko gogoz gaude.
Aupa Donostiarra! 

2012/05/07

1910eko apustua: Donostiako bi baserritar, Orioko arraunlari bakar baten aurka

Zein urtetan gertatu zen zehazki ez dakigun arren, badakigu 1910 urte inguruan gertatu zela orain kontatuko dizuedan apustu kurioso hau. Protagonistak: Donostiako bi baserritar (aietearrak, hain justu) eta Orioko arraunlari entzutetsu bat.

Antonio Zavalak AUSPOA Bilduman argitaratutako Estropadak Bertsotan(*) liburuan aurkitu dugu gertaera hau, azalpen batzuk ematen baititu Fermin Imaz bertsolari donostiarraren bertso batzuetan narratzen dena hobeto ulertzeko. Eta, dudarik gabe nik baino askoz grazia handiagoarekin egiten duenez kontakizuna, hobe dut besterik ez esan eta hitza Zavala jaunari berari eman:

"1910 urte inguruan ba omen zan Orion izengoitiz Aundiya edo Orioko Aundiya esaten zioten gizon sendo bikain bat, itxasoan makinista ibiltzen zana, Orion garai artan zan arraunlaririk onena.
Aundiya onek apustua egin zuan Aiete aldeko bi baserritarren kontra, Orioko barratik Donostiraiño, sei milla guzira, arraunketan batelean. Baserritar oiek pasaitar batzuekin prestatu omen ziran.
Estropada asi eta Aundiya aurretik jarri zan. Bi minutu baiño geiagoko aldea artu zien baserritarrei. Auek indarra bai ugari, baiña trebetasunik ez. Itxura gabeko arraunketan zijoazen.
Orduan, Pasaiko maixu oiek, albotik zijoazen baporetik, oiu egin zieten:
-Motellek, zuzen joatea naikoa dezute! Jarri baporearen ondoan eta segi oni lasai! Baiña zuzen! Zuzen!
Baita ala egin ere baserritarrak, eta alderatzen asi eta bai aurreratu ere oriotarrari. Alde aundiaz irabazi zioten.
Gertaera ontaz bertsoak jarri zituan Donostiako Fermin Imaz bertsolariak. Ez degu papera iñon ere arkitu. Emen eskeintzen ditugun bertsoak bertako mariñel zaarrei -Inazio Aizpuru, Inazio Karril eta abar- zor dizkiegu. Baita eman ditugun argibideak ere."

Bakarra bikotearen aurkako estropada
1.
Bertso batzuek ateratzeko,
jaunak, izan det asmua,
orain baño leenagotikan
artua neukan planua;
batzuentzako poztasuna da,
bestientzako damua;
tokatzen ez dan arrazoyikan
publikatzera ez nua,
gure Jainkuak eman deidala
entendimentu sanua.
2.
Gauzak pasatu diran bezela,
kristauak, nai ditut konta;
arraunian asi ziraden
beatzi t'erdiyak jota;
ango jendien burlak orduan
brankan gañera iyota,
esanaz: «Eman akiyozute
erremolkeko txikota,
oiek emendik Donostiyara
ez dituk iritxiko ta».
3.
Oiek ez-ezik bestiak ere
oituak burla egiten,
bañan ez dakit pertsonarikan
errespetatzen dakiten;
bañan orrela oinperatzia
zer pena ematen duten,
etzuten asko pentsatzen baño
inbentzible ziran irten,
......................
......................
4.
Gizon galanta izanagatik
ez da jeniyoz ustela,
andik onuntza olako markik
etzun egingo bestela;
bañan berriz e bikuarekin
fiyatu ez ditezela,
sei milla eta piko badaude
esaten duten bezela,
gizon bakarra probatutzeko
uste det naikua zala.

Badugu estropada bitxi horren beste erreferentzia bat. Izan ere, Fabian Loidi apaizak, bere Oriotarrak poeman (**), bertso batzuk eskaini baitzizkion Orioko Aundiari. Bertso horietan aipatzen den desafioa Fermin Imazek kontatutakoa berbera bada, aipatzekoa da hemen ez direla bi baserritar donostiar agertzen oriotar handiaren aurka, Erdozia donostiarra eta Artzak pasaitarra baizik. Harritzekoa da Antonio Zavalak izandako informatzaile zuzenek horrelako datu bat gaizki ematea, eta agian antzeko beste apustu bat zela pentsa liteke. Baina tira, estropada bera izan edo ez izan, horra bertsoak:

Orioko aundia
1.
Orio degu gizon bikaiñak
sortu dituan erria.
Bi metro luze, indar biziko
zan Oribarko Aundia.
Palanka-beso, gerri biguna,
erraldoi arraunlaria.
Aren indarrak ikaratu zun
Kantabri-kosta guzia.
2.
Arraun-lanean danak ausita
etsairik gabe gelditu,
neurriz kanpoko borrokaria,
gizonak ezin garaitu.
Itxas-olatu aundiak ere
ezin zioten jarraitu.
Aren garaian batel-estropak
erabat ziran amaitu.
3.
Erraldoi ori menderatzeko
baziran asmo zorrotzak;
bear zirala iru gizonen
beso, gerri ta biotzak.
Agertu ziran indar aundiko
bi arraunlari batentzat:
Donostiako Erdozia ta
bestea Pasaiko Artzak.
4.
Oriotikan Donostiraiño
eratu zuten borroka.
Zubi aurretik abitu ziran
arraun-indarrez orroka,
Aundi bakarrak bide erdiraiño
erakutsi zien popa,
azkenik larri ontzi bikoak
irabazi zun estropa.

(Argazkia: Aieteko Munto baserri ezaguna, gaur egun tamalez erortzear dagoena).
(*) ZAVALA, A: Estropadak bertsotan, AUSPOA Bilduma, Sendoa, Oiartzun, 2003.
(**) LOIDI, F: Esku-azalak, Colección Olerti., 1962

2012/05/02

Donostiako klubak aulki mugikorreko txapelketetan

Atzo jokatu zen Legution aulki mugikorreko 8+ kategoriako Euskadiko Txapelketa. Joan den asteburuan Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Orion. Donostiako bi klubetako zortzikoak izan ditugu bi txapelketa horietan.

Hona hemen emaitzak:

EUSKADIKO TXAPELKETA
1. Hondarribia A 05:49,11
2. Orio  05:56,41
3. Hondarribia B 06:02,11
4. Ur-Kirolak 06:07,23
(Donostia Arraun Lagunak sailkapen-estropadan kanporatuta geratu zen)

GIPUZKOAKO TXAPELKETA
1 Hondarribia A 04:10,27
2 Orio 04:16,11
3 Hondarribia B 04:24,55
4 Donostia Arraun Lagunak 04:28,14
(Ur-Kirolak sailkapen-estropadan kanporatuta geratu zen)

(Argazkia: Luis Lizarralde)

2012/04/25

Donostiarrako lehen arraunlari-zerrendak. Balorazio txiki bat.

ARC ligako webgunean argitaratu dituzte klubetako plantillen behin-behineko lehen zerrendak. Horien artean daude Donostiarrako A traineruaren eta B traineruaren arraunlari-zerrendak.

Jakina denez, zerrenda horiek aldaketak izan ditzakete ekainean, behin betiko zerrendak aurkezten direnean, baina lehen balorazio bat egiteko bidea erakusten digute behintzat.

Esan daitekeen lehen gauza da etxekoek osatzen dutela, aurten ere, plantillaren zatirik handiena. Azken denboraldietan, etxeko arraunlariek erakutsia digute ARC ligan maila oso duina mantentzeko oinarria eratzen dutela, eta hori ez da oinarri makala, hortik gora hobetzeko elementuak elkartzeko aukerarik izanez gero panorama polita zabaltzen baita. Lehen zerrenda hauetan Donostiarrak 45 arraunlari ditu guztira, eta horietatik 36 dira propioak, 35 harrobikoak.

Harrobiko horien artean, azpimarratzekoa da arraunlari batzuk itzuli egin direla Donostiako traineruen tostetara: Loren Jauregi (azken urteotan San Pedron ibilia) eta Gari Azkue (40 urte ditu, fitxak 27 dioen arren, Bartzelonako Joko Olinpikoetan aritua eta junior mailako Munduko Txapelketan dominak irabazia) beteranoak, euskararen munduan ezaguna den Unai Elizasu, eta lehenago Donostiarran aritutako Iñigo Collazo. Urrian jakinarazi zen Aritz Jauregi ere Donostiara itzuliko zela, baina ez da azkenean zerrendan, arrazoiak edozein direla ere.
Itzulera horiek erakusten dute klubaren sinesgarritasuna handituz doala, eta sendotu egiten dela Donostiako traineruan donostiar onenak biltzeko asmoa. 

Horiekin batera, trainerura batu dira harrobikoak ez diren Julen Durandegi (iaz Ur-Kirolakeko zortzikoan ibilia), Alain Osanbela, Gari Tolosa eta Joseba Etxabe.

Arraunlari horien denen beso-gerrietan egongo da Donostiak historiaz merezi duen lekura itzultzeko aukera eta erantzukizuna. Edo saiatzekoa behintzat. Noski, Txindokira igotzeko irrikitan gaude zale batzuk... ea aurtengoan (zaila izango den arren, Orio parean egokitu zaigunez).

Bestalde, guztiz aipagarria da B traineruan sendotu egin dela harrobia lantzeko zeregina. Harrobikoen kopurua handitu egin da iaztik (zerrendako 21etik 19 harrobikoak dira), jende oso gaztea arituko da tostetan, eta etorkizuna lantzeko eta bermatzeko aukera paregabea eskainiko du horrek.

2012/04/18

S. D. Txapel Aundi

Duela egun batzuetako ale batean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak S.D. Txapel Aundi elkartea izan zuen hizpide.

1956an sortutako Martuteneko elkarte hau oso errotua dago auzoan, eta hainbat ekimen eta arlo landu izan ditu bere historian zehar: festak, txirrindularitza (criteriuma antolatzen dute udazkenean), herri-kirolak, eta, nola ez... arrauna.

Ez dut Noticias de Gipuzkoako testu hori sarean, euskarri digitalean, aurkitzerik izan, baina elkarteak bereziki 1960ko hamarkadan arraunketan egindakoaz ere mintzatzen ziren elkarteko bazkideak. Arraunarekin izan zuen harreman horrengatik, aipatua dugu Txapel Aundi lehenago blog honetako sarrera honetan.

Txapel Aundi Martutenen dago, Urumearen ertzean, eta arraunean aritzeko baliabideak eta aukera zituztela ikusi zuten; hala, 1960ko hamarkadan batel eta trainerillak uretaratu zituzten. 1962an Espainiako txapeldunak izan ziren trainerilletan, eta elkarteko kide Rafael Almandoz zegoen txapela lortu zuten arraunlarien artean.

Juanito Irizar bazkideak anekdota gisa kontatzen duenez, bera zen trainerillak eta batelak bere kamioiean alde batetik betera eramateko ardura zuena. Taldea garraiatzeko autobusa ordaintzeko diru handirik ez, eta Jaizkibel konpainia militarraren autobusa erabiltzen omen zuten batzuetan. Jakina da konpainia militar horretako buruzagietako bat, Aizpurua kapitaina, oso arraunzalea zela (Kontxan aritutako traineru sendoa ere osatu zuten), eta horri esker erabili ahal izan zuten beren autobusa.

Goiko argazkian duzue Txapel Aundiko trainerillaren tripulazioa. Hona hemen arraunlariak: Rafael Almandoz, Tiburcio Etxeberria, "Bixentiko" Elizondo, J.M. Lizeaga "Ubillos", Antonio Oliden, Victor Sarasola eta Klaudio Etxeberria "Gorria".

Arrauna sustraitua egon izan da betidanik Donostian, modalitate guztietan, eta komeni da horrelako elkarte eta ekimenen berri izatea. Txapel Aundiko trainerillaren argazki gehiago ikusteko, horra Kutxatekako argazki-galeria. (CC BY-NC-ND-3.0-ES / KUTXATEKA / Paco Marín)