2010/05/30

Berriak Donostiarran

Albiste berriak ditugu Donostiarraren inguruan. Garrantzizkoena, edo zabalduena behintzat, atzo jakinarazi zen, hainbat egunetan zurrumurru gisa barreiatzen ari bazen ere: Juan Mari Lujanbio izango da aurten traineru donostiarreko patroi.

Antza, Asier Lopezek ezin ditu ondo uztartu kirol-jarduera eta arlo pertsonal eta laborala, eta nahiago izan du patroi nagusiaren postua beste baten esku utzi, nahiz eta errekameran geratuko den, bere beherra izanez gero. Hutsunea betetzeko patroi bila kanpora joan behar izan dute donostiarrek, etxeko patroien artetik ezezkoa eman ziotelako batzuek Mendiri eta besteren bat arazo fisikoekin omen dagoelako.

Juan Mari Lujanbio izan da azkenik hautatua, eta jadanik entrenatzen ari da Donostiako uretan. Patroi kontrastatua eta arrakastatsua izateaz gain, ez da ahaztu behar duela lau bat urte Donostian aritua dela Lujanbio, Arraun Lagunak taldean. Dena dela, txakur-kros txapelketetan aritzen denez, agian abuztuko estropadaren bat galdu lezake pasaitarrak.

Bestalde, aste honetan bilera izan dute udaletxeko eta Donostiarrako ordezkariek. Udaletxeak arraun-taldearekin duen hitzarmena birplanteatu egingo da, dirudienez. Ez da ezusteko albistea Donostiako udala zer-nolako zurrunbilo ekonomikoetan dabilen ikusita. Horretaz gainera, bazkideak zaintzeko hainbat neurri aztertu ziren: Internet bidezko komunikazioari arreta gehiago eskaintzea, bazkide txarelari etekin handiagoa ateratzeko neurriak, eta abar.

Datorren asteburuan Lekeition eta hurrengoan Mutrikun traineru-estropadak izango dira, Ligak hasi aurreko azkenetako probak. Gure traineruak eman dezakeenari neurria hartzeko aukera izango dugu behingoz.

2010/05/24

Urumea ibaiaren ertzetik

Sarri asko, udako goi mailako arraunketa besterik ez dugu izaten donostiarrok kontuan: Kontxako banderaren garaian akordatzen gara Donostiako traineruaz, apenas inporta zaigun Liga, agian jakin ere ez dugu egingo trainerilla eta batela existitzen direnik ere, eta Oxford-Cambridge lehiari arreta gehiago eskaintzen diogu Londresen gure arraunlariek egindakoari baino.

Arlo mediatikoak garrantzi nabarmena duen garai honetan, ahaztu egiten zaizkigu arraunak dituen beste hainbat eta hainbat alderdi. Isileko ahalegin eta lan ugari egiten dute Donostiako klubek, modalitate eta adin askotan, nahiz eta izeberg horren puntta besterik ez den ailegatzen herritarrarengana.

Hori dena etorri zitzaidan burura atzo, Urumea ibaiaren ertzean paseatzen ari nintzela. Mikel Laboa pasarelatik Loiola aldera egin duten bide berria Ur-Kirolak klubaren egoitzatik igarotzen da, eta oso gustagarria izan zen niretzat atzo han zen ikuskizuna: edozein adinetako gizon eta emakume, mutil eta neska, entrenatzen, arraunkera lantzen, eta, noski, arraunketaz gozatzen. Gozamendua baita lanaren oinarria.

2010/05/16

V. Kataluniako Nazioarteko Opena

Asteburu honetan, maiatzaren 15 eta 16an, V. Kataluniako Nazioarteko Opena jokatu da Banyoleseko uretan.
Aurten ere bertan izan dira Ur-Kirolak taldeko arraunlariak, gaztetxoen kategorietakoak bereziki. Askotan zertxobait alboratua geratzen da arraunketa olinpikoa, eta badu meritua klub donostiarrek modalitate honetan egiten duten ahaleginak.

Openaren webgunean ikus ditzakezue lehiaketa honen arautegia, programa, partaideen zerrenda, ordutegia eta, jakina, emaitzak.

Zorionak eta animo, beraz, Ur-Kirolakeko arduradunei eta, nola ez, uretan jo eta ke aritu diren Asier, Aitor Izagirre, Andoni Etxebeste, Ander Odriozola, Elias Arruabarrena, Eneko Larrañaga, Eneko Pinzolas, Jon Amilibia, Xabi Murua, Xabi De Diego, Alazne, Ane Arratibel, Josune Lizaso, Elene Lopetegi, Leire Etxebeste eta Larraitz Esnaolari.

2010/05/09

1889: Sanjuandarren traineru seboduna

Pepe Artola da, dudarik gabe, blogari koxkero honentzat, XIX. mendeko Donostiako pertsonaiarik kuttunenetako bat. Berezko grazia eta "errikoxemeen" umorea barra-barra zituen gizon hark. Hainbeste ganorabako eta txoroflautarentzat estatuak eta bestelako omenaldiak eskatzen diren garai honetan, hobe genuke donostiarrok gure izaeraren neurria eman duten pertsona hauen oroimena ez galtzea (ezkerreko argazkian duzue Pepe Artola).

Arraunari dagokionez, hainbat bertsotan landu zituen Pepe Artolak ikusi zituen estropadak eta garaipen eta porrotak, eta bere grazia bereziarekin kontatzen zituen betiere, garaiko bere herrikideen gustagarri. Haren bertso-paper batzuek eman digute, hain justu, orain kontatuko dugun istorioaren berri: sanjuandarrek eta donostiarrek 1889an izandako desafioa eta traineru seboduna.

Kontua da 1889ko Kontxako Bandera jokatu zela irailaren 23an, eta donostiarrak garaile atera zirela sanpedrotarren eta Donostiako beste traineruaren aurretik. Azkenak geratu ziren sanjuandarrak, eta dirudienez nahiko atzean geratuta; emaitzen dokumentuetan ez da jasotzen Pasai Donibanekoen denborarik. Ez ziren estropadarekin batere konforme geratu, antza, San Juanekoak, eta, arantza kendu nahian-edo, desafio egin zioten irabazleari, hau da, Luis Karrilen tripulazio donostiarrari.

Esaten zuten Donosti ontan
etzeguela gizonik,
berriz pelian asi ezkero
etzekatela gauz onik,
amar bat milla errial pozik
jarriko zutela andik,
beste ainbeste nai baldin bazan
baldin ta jarri emendik.

Kondiziyua lan abek zuten
treñerua abek artu,
ala berian abek zutena
Pasaitarrari trukatu,
esanaz aiek len zebiltena
kabarra zala gertatu,
arrengatikan zirala bada
arren atzian geratu.

Arretarako lenaztik zuten
seboz ondo bete killa,
nairik aurria denai artuta
ondo irten gizon pilla,
Donostiarrak joan ziranian
aien kabarraren billa,
kraka ikusi ziyoten eta
andik asi zan naspilla.

Donostiyako patroiak zuben
esan arrazoiarekin,
treñero ura etzeguela
estropararako berdin,
eztala ondo arrexkatzia
ontzi sebodunarekin,
alaz guztiyaz irtengo zala
itz eman zubenarekin.

Argi dago zein zen "nahaspila". Sanjuandarrek ontziaren aitzakia eman omen zuten Kontxan hain makal ibiltzeko, eta desafioa egin zieten donostiarrei, baina elkarri traineruak trukatuta. Pasaitarrek erabilitako traineruaren bila joatean, Luis Karrilen mutilek harrituta eta haserre ikusi zuten sanjuandarrek seboa emana ziotela ontziaren azpialdeari.

Horrela zioen, Rafael Agirre Francok zehazten duenez, La Voz de Guipuzcoa egunkariak: "a los marinos de aquí les causó mala impresión el saber que la lancha que usaron los de Pasajes en el último regateo estaba untado de sebo, porque entendían que habiéndose carenado las cuatro traineras en este puerto no tenían derecho los de Pasajes a retocar el que les cupo en suerte". Iskanbila dezente izan zen horren harira, eta portuko komandante Baldasano jaunaren arbitrajea ere beharrezkoa izan zen auzi hori konpontzeko, eta halako batean konforme jarri ziren ontzi kontuetan.

Desafioaren eguna iristean, urriaren 6an, San Juanekoak Ondarroako arraunekin aurkeztu omen ziren Donostian, garai hartako onentsuenak zirelakoan. Uste zuten horrela erraz gaindituko zituztela Donostiako "zaharrak". Baina:

Esan bezela biyak batian
emendikan ziran irten,
indar lanari denak txit gogor
ziyoten bada ekiten,
emengo zarrak bala bezela
zuzen ta bizi zebilten,
bestiak berriz apar tartian
esponja ta ura egiten.
(...)

Donostiyarrak aisa diyote
estropara irabazi,
lengo txandan bañan atzerago
orainguan dute utzi,
obea zuten ez baziraden
pelian jokatzen asi,
eskax dirala indar lanian
berak lezakete etsi.

Estropara ontan ler egiñ eta
onuntz iritxitakuan,
beste ontziyan denak sartuta
beren errira ziran juan,
lenago deitzen zaion bezela
arunzko Pasaya San Juan,
Donostiyarrek onez aurrera
deituko diyote Juan San.

2010/05/02

Aulki mugikorreko 8+ Euskadiko Txapelketa

Gaur, Soustonseko uretan aulki mugikorreko Euskal Ligako beste jardunaldi bat jokatu da. Bertan izan dira Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak klubetako hainbat ontzi, adin eta kategoria askotan. Guztira, dozena bat ontzi baino gehiago lehiatu dira donostiarren alde, ahaztu gabe beste hainbeste gertatzen dela Gipuzkoako Ligan ere. Uste dut eskertzekoa eta txalotzekoa dela talde donostiarrek modalitate erdi-baztertu honetan egiten duten ahalegina, gaztetxoekin bereziki.

Aspaldiko partez, kategoria "garrantzitsuenean", seniorren 8+ kategorian, ontzia uretaratu dute donostiarrek aurten: Donostia Arraun Lagunakena, hain zuzen. Ikusi genuen, besteak beste, martxoan Londresen aritu zirela.

Gaur, 8+ kategoria horretako Euskadiko Txapelketa jokatu da Soustonsen, eta azkenak geratu dira. Hona hemen denborak:

1. Hondarribia 6:13,95
2. Orio 6:21,74
3. Getxo 6:24,16
4. Santiagotarrak 6:24,73
5. Donostia Arraun Lagunak 6:51,76

Jardunaldiko beste kategorietako parte-hartze eta emaitzak ikusteko, egin klik hemen.

2010/04/20

Garai bateko arraun elkarte donostiarrak

"Garai bateko" diot izenburuan, baina mintzagai izango ditudan elkarteak ez dira antzinakoak berez, bizirik eta kementsu baitaude gaur egun ere. Alabaina, Donostiako arraun munduan garai batean izandako garrantziarengatik aipatuko ditut, eta, hain justu horregatik, protagonismoa antzina izan zutelako, deitzen diet horrela. Ez dakidala, beraz, inor haserretu.
Arraun-kirolaren lehen garaietan (tostako arraunketaz ari gara), arrantzale-kuadrillak aritzen ziren, arrantza-patroi baten gidaritzapean, ondoko herrietako beste arrantzale-kuadrillekin lehian. Era horretakoak lirateke Karril, Kiriko, Soterotxo eta abarren garaiko taldeak. Gaur egun (1970tik aurrera), berriz, arraunketa helburu duten arraun-klub modernoak ditugu (Donostia, Ur-Kirolak, Arraun Lagunak, Fortuna, Donostiarra...). Baina, arrantza-kuadrillen eta klub modernoen bi garai horien artean, hau da, 1930, 40, 50 eta 60ko hamarkadetan, zein talde aritu ziren donostiarren ahalegina katalizatzeko lanean?

Gauza jakina da Ur-Kirolak aitzindaria, eta ez nolanahikoa, izan zela arraun olinpikoko modalitatean, eta, horrekin batera, tostako arraunketan ere aritu izan zela noizbait, aipatu ditugun urte horietan, Donostiak Kontxan aritzeko talderik ez zuenean, adibidez. Baina, bereziki, ondoren azalduko ditugun elkarteek mantendu zuten bizirik Donostiako tostako arraunketa hamarkada haietan: Loiolatarra, Amaikak-Bat, Esperanza eta Txapel Aundi.

Elkarte horien ezaugarria da denek ere kirol modalitate asko landu izan dituztela, eta horien arteko bat zela arrauna. Meritu berezia izan dute hirian, eta bakoitzak bere auzoan, kirol-jardueraren arnasari eusteko.

Loiolatarra
k 1940ko hamarkadan atera zuen trainerua, eta 1940 - 1947 bitartean aritu zen Kontxako Banderan (Sebastian Bakeriza, Landaberea eta Urdiziain patroi izanik, besteak beste). Gerora arraunarekin izan duten harremana pixkanaka urritu bada ere, 30 urte dira batel estropada bat antolatzen dutela urtero Loiola auzoko San Inazio jaietan (1987an Loiolatarra bera izan zen garaile).

Amaikak-Bat elkarteak 1932an egoitza Erdialdetik Parte Zaharrera ekarri zuenean heldu zion arraunari. Urte horretan bertan Kontxan parte hartu eta bigarren postua eskuratu zuen. Kontxako Bandera lortzeko lehian izan zen 1932, 1933, 1934, 1935, 1940, 1941 eta 1942 urteetan; azken urte hauetan, Loiolatarrarekin batera. Antton eta Sebastian Bakeriza, eta Eustakio Iraola "Famao" izan ziren Amaikak-Bateko patroiak.

Esperanza izango da, dudarik gabe, zerrenda honetako elkarte ezagunena, berak lortua baita Donostiako talde batek irabazi duen azkeneko Kontxako Bandera (espero dezagun, ez dela luzarorako izango hori). 1950ean irabazi zuen elkarte koxkero honek trapua, Antonio Korta "Pintxan" patroiarekin, eta 1949 eta 1958. urteetan ere aritu zen Kontxako uretan norgehiagokan. Traineruaz aparte, batel eta trainerillan ere hainbat aldiz izan zen goi mailako lehian, adibidez Espainiako txapelketetan. 1948ko Espainiako txapeldun izan zen bateletan (eta bi 2. postu ere eskuratu zituen) eta trainerilletan bi aldiz igo zen podiumera.

Txapel Aundi izango da aipatuko dugun azken elkartea, seguruenik ezezagunena irakurlearentzat. Martuteneko elkarte honek 1960ko hamarkadan batel eta trainerillak uretaratu zituen, eta 1962an Espainiako txapeldunak izan ziren trainerilletan.

Funtsezkoak izan ziren elkarte hauek denak Donostiako arraunketarentzat, bakoitza bere garai eta moduan, eta interesgarria iruditu zait gure historiako orrialde hauek nolabait azpimarratzea, gauza hauek ahazteko dugun joera nolabait arintzeko asmoz-edo.


Argazkiak
1.
Loiolatarra trainerua Kontxako puntetan, 1940ko hamarkada (loiolatarra.org)
2. Loiolatarra trainerua Urumeako uretan, 1940ko hamarkada (loiolatarra.org)
3. Amaikak-Bat taldeko arraunlariak Kontxan, 1932 (sociedadesgastronomicas.com)
4. 1950ean Kontxako bandera irabazi zuen Esperanzako tripulazioa (sociedadesgastronomicas.com)

2010/04/12

KAE-ARC ligako lehen zerrendak argiraratuta

KAE-ARC ligako webgunean, taldeen behin-behineko plantillak argitaratu dituzte. Zerrenda horiek hainbat aldaketa izan ditzakete behin betiko taldeak zein izango diren zehaztu arte. Hala ere, plantillaren oinarria zein den ikus daiteke jadanik. A traineruko behin-behineko zerrenda duzue hemen, eta B trainerukoa, berriz, hemen.
Orain arte jakin dugunarekin alderatuta, berrikuntza nagusi gisa esan dezakegu Igor Palenzuela arraunlaria Donostiarran arituko dela aurten, eta ez da inkorporazio makala hori. B traineruan berriz, aurpegi berri ugari, eta entrenatzaile aldaketa: iaz ibili zen Manu Rotetaren ordez, Joxan Jauregi handia arituko da zeregin horretan.

Guztira, 42 arraunlari daude Donostiarrako zerrendetan, 28 propio eta 14 ez-propio.

2010/04/11

Donostiako ontziak Gipuzkoako Batel Txapelketan


Asteburu honetan jokatu dira Gipuzkoako Batel Txapelketak. Gizonezkoen senior mailan, zazpigarren postua lortu dute Fortunako donostiarrek; Federazio Sarian parte hartu dute gaur, atzo larunbatean lehen laukotean sartzea lortu ez zutenez. Hona hemen emaitzak:
1. San Pedro 8:52,89
2. Zumaia 8:58,50
3. San Juan 9:14,78
4. Mutriku 9:22,01
5. Zarautz 9:21,44
6. Hibaika 9:24,01
7. Fortuna 9:55,10
8. Hibaika 10:39,25

Emakumeetan Kirikok seigarren postua lortu du seniorretan; laugarrenak baino denbora hobea egin dute gaur, baina atzo ez zuten Txapelketa lehiatzeko lau onenen hartean sailkatzerik izan. Hauek izan dira emakumeen denborak:
1. Getaria 9:54,96
2. Zumaia 10:02,47
3. San Juan 10:05,12
4. Hondarribia 10:26,69
5. Tolosaldea 9:48,18
6. Kiriko 10:25,06
7. Hibaika 10:25,96

Gainerako kategorietan, ez dute parte hartu talde donostiarrek, ez emakumeetan ez gizonezkoetan. Batel Ligan, berriz, hirugarren postua lortu zuten Fortunako mutilek (hiru partaideren artean), eta Kirikoko emakumeek zazpigarren postua (zortzi partaideren artetik). Txapelketako denbora guztiak eskura dauzkazue hemen.

(Argazkia:
estropa.net)

2010/04/01

Donostiarraren inguruan afaria Union Artesanan

Donostiarra traineruaren ekimenean ari diren alderdi guztiak bildu ziren Union Artesanako afari baten inguruan, sendotze bidean doan proiektu honi arnasa emateko asmoz, gaurko Diario Vascoko albiste honetan esaten denez.

Bertan izan ziren Alberto Goitia presidentea, Joserramon Mendizabal Mendi entrenatzailea, arraunlariak, Jon Lasa eta Ramon Etxezarreta politikariak, soziedade gastronomikoetako hainbat ordezkari, eta traineruaren babesle diren Casino Kursaal, Gupost eta EgunOn enpresetako arduradunak.

Mendik balio berezia aitortu zien aurten trainerura etorri diren arraunlari beteranoen ekarpenari, eta helburuak lortzeko bidean direla esan zuen. Goitia presidenteak, berriz, onartu zuen babesle gehiago biltzeko lanetan ari direla. Denon artean Donostiak arraunaren munduan merezi eta behar duen lekua berreskuratuko dugula, horixe izan zen desio eta asmo biziena.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/03/28

Donostiarren emaitzak Tamesisen


Aurreko sarreran esan bezala, Tamesiseko Head of the River Race estropada jokatu da asteburu honetan. Hemen dituzue lau 8+ ontzi donostiarren emaitzak (azpimarratzekoa Arrauneko beteranoek lortutakoa: 9.ak beteranoen sailkapen orokorrean, eta lehenak VC adin-kategorian).

SENIOR kategorian:
1. Molesey 17:21,76
4. Astillero 17:42,88
19. Orio 18:08,67
20. Hondarribia 18:08,94
106. Donostia Arraun Lagunak 18:49,34
134. Santiagotarrak 18:58,20

Hau da donostiar seniorren tripulazioa, ordezkoak barne: Ander Iriarte, Ekain Iriarte, Patxi Olabe, Telmo Yurramendi, Nikolas Yurramendi, Aitor Aranegi, Oier Yurramendi, Jon Krutxaga, Ander Iñiguez, Xabier Agirre eta Alberto Domingo; lemazaina, Xabier Cano.

BETERANOEN kategorian (Vesta Veterans' Head of the River):
1. Taurus VA 13:28,41
9. Donostia Arraun Lagunak VC 13:55,01
66. Ur-Kirolak VB 14:44,12
85. Ur-Kirolak VD 15:00,24

Emaitza eta denbora guztiak hemen aurkituko dituzue: senior kategoriakoak hemen eta beteranoen kategoriakoak hemen. Argazkiak ikusi nahi gero, hona hemen Arraun Lagunak taldeko seniorrak, eta, beteranoetan berriz, hemen UrKirolak VB, hemen UrKirolak VD, eta hemen Arraun Lagunak VC.

2010/03/24

Urki eta Arraun, Tamesisera

Asteburu honetan, martxoaren 27 eta 28an, Head of The River estropada ospetsua jokatuko da Londresen, Tamesis ibaiko uretan. Iaz Ur-Kirolak bakarrik aritu zen, donostiarren partetik, proba horretan, guztira hiru 8+ ontzi: emakumezkoen ontzi bat aurkeztu zuten, eta beteranoz osatutako beste bi ontzi. Aurtengo saioan, bina 8+ aurkeztuko dituzte bai Ur-Kirolak bai Donostia Arraun Lagunak taldeek.

Ur-Kirolakek, iaz bezala, beteranoen bi zortziko eramango ditu Londres aldera. Talde bat bestea baino beteranoagoa da; tripulazio batekoak 53 urte ingurukoak dira, eta bestekoek, berriz, 36 urteko batez bestekoa dute.

Donostia Arraun Lagunakek senior talde bat izango du Tamesiseko uretan. Ontzi gaztea da, 23 urte inguru dituzte, eta beren entrenamenduak tartekatu egin behar izaten dituzte Donostiarra traineruan egiten dituztenekin. Beste zortzikoa beteranoena da; garai batean Munduko Txapeldun izandako arraunlariak dituzte, eta iaz beterano kategoriako txapelketa ugari irabazi zituzten.

Honen guztiaren berri xeheagoa duzue Irutxuloko HITZAko albiste honetan. Zorte on Londresera doazen donostiar guztiei.

(Argazkia: irutxulo.info)

2010/03/20

Posterrerako argazkia

Atzo, Nautiko eraikinaren ondoan egin duten terraza berrian bildu ziren Donostiarrako entrenatzailea, Mendi, eta taldeak gaur egun plantillan dituen 36 arraunlariak. Haien aurrean, klubak dituen bi traineruak eta beren arraunak ere apain eta txukun kokatu zituzten.

Arrazoia? Argazkian dotore ateratzea. Izan ere, Donostiarraren 2010eko poster ofizialerako argazkia atera zuten, Donostiako kaiko leku horretan. Traineru eta arraunak, ondoan arraunlariak, eta atzean Kontxa; ez dut uste askorik egin beharko duenik argazkilariak irudi ederra lortzeko.

Aurten posterra izango dela jakitea berri pozgarria da behintzat, taldea gizartean ikusgai egiteko bide xume baina egokia baita, nire ustez.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/03/16

Gora Arraunak eta Donostia


Askotan iruditzen zait donostiarrok ez dugula gure arraunketaren historia behar bezala ezagutzen, eta klitxe huts batzuetan erortzen garela geronen nondik-norakoak ezartzerakoan. Horixe bera pentsatu nuen jmazkue arraunzale bikainak Youtubera igotako bideo batzuk ikusi ondoren.
Seguruenik, Todoremo foroko helbide honetan esteka edo loturak jarri zirenean izango zenuten bideo horien berri: ETBk 1987an emititutako Gora Arraunak dokumentalaren 5 kapituluak dira, hiruna ataletan eskainiak. Hala ere, inor balego han ikusi ez zituenik, hemen gomendatu nahi nituzke, arrauna maite duen edonorentzat sail paregabea baita. Eta, Donostiako gaira hertsiki ekarriz, arreta berezia merezi dute bigarren kapituluko bigarren atalak eta azken (bosgarren) kapituluko lehen atalak.

Gomendatutako lehenean, Ur-Kirolak klubak arraunketa olinpikoaren euskal historian izan zuen funtsezko garrantzia azaltzen eta azpimarratzen da; bestean, Donostiak traineruen historian izandako pisu nabarmena jorratzen du (Kontxa, Luis Karril, Kiriko, Soterotxo, Esperanza... eta ondorengo zatiketa ere bai, noski).

Zinez uste dut merezi duela. Eta eskerrik beroenak, berriro ere, jmazkueri.

2010/03/10

Blogak urte 1 bete du

Aste honetan bertan, bere ibilbideko lehen urtea betetzen du Tornozulotik (Donostiarrak arraunean) blogak. Horra Tornozulo, ezkerreko argazkian.
Duela 12 hilabete esan nuen moduan, blog honek ez zuen aparteko pretentsiorik: Donostiako arraunaren inguruan sor litezkeen berriak bitakora moduan biltzea besterik ez, erreferentzia xume bat izan zedin donostiar arraunzaleentzat. Ez dakit nire asmo hori behar bezala betetzen asmatu dudan, baina kontua da 6.500 bisita inguru bildu dituela blogak urte honetan. Bisiten eta erabiltzaile desberdinen batez bestekoak aterata, egunero 18 bisita inguru izaten ditu leku honek, eta 11-12 erabiltzaile desberdin sartzen dira, zeozerren bila. Batzuetan zerbait aurkitzen duten seinale, espero dut. Nire eskerrik bero-bero eta zinezkoenak horiek denentzat!!

Irakurle anonimo horien ondoan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Irutxuloko HITZA egunkaria, irakurle ez-anonimo izateaz gainera eta Donostiako arraunari leku eta dedikazio ezin hobea emateaz gainera, blog hau eta blogari hau ere bere orrietan hizpide izan baitira (birritan gainera). Mila esker HITZAri ere. Bai eta estropa.net webguneko arduradunei ere, beti laguntzeko prest izanik, arraunaren zabalkunderako lankidetzaren eredu iruditzen zaizkit-eta. Eta jakina, laguntza edo informazio eske joanik erantzuteko astia hartu eta argibideak eman dizkidaten guztiei ere, eskerrik asko.

Arrauna ez ezik bertsolaritza ere gustuko dudalako, bi arlo horiek batzen dituzten idazkiak prestatu izan ditut askotan, kontu zaharrei buruzkoetan bereziki. Izan ere, egunerokotasun hurbilenetik ihes eginda, aspaldiko kontuak eta Donostiako arraunaren iraganeko istorioak kontatzea ere gustagarri gertatu zait, besteak beste: Luis Karril donostiarra zela azpimarratzea; 1915-6ko Kontxetan donostiarrek, oriotarrek eta hilkutxa batek protagonizatutako gorabeherak; XIX. mendeko Getariako izurdearen eta Donostiako botakarraren arteko desafioa; 1948an Kontxako banderan bertan Franco hiltzeko izan zen saioa; eta beste hainbat.... blogaren eskuineko Etiketak atalean Kontu Zaharrak hautatuta izango dituzue eskueran (bertsoak dituztenak bilatzeko, Bertsoak etiketa hautatu).

Atal horretako Donostiarra (Kudeaketa-zuzendaritza) etiketa hautatuta, klub horren zuzendaritzan, kudeaketan, bazkide bilaketan, eta antzekoetan izandako berriak aurkituko dituzue. Donostiarra (Kirola) etiketan, berriz, kirol-jarduneko emaitzak, plantilla kontuak eta bestelakoak. Bi arloetan, klubarentzako urte garrantzitsua izan da hau, garrantzitsua izan denez. Gainerako etiketetan, Donostiako arraunean eragina duten klub, pertsonaia, lehiaketa eta era guztietako berriak biltzen saiatu eta antolatzen saiatu naiz. Zuek esango duzue asmatu dudan edo ez.

Eskuineko zutabean agertzen den nire posta helbidea zuen esku geratzen da, zerbait komentatu nahi baduzue, edo, zuzenean, zerbaiten kexa egiteko arrazoia ikusi baduzue. Eta ezin aipatu gabe utzi Facebook-en ere badela Tornozulotik Bloga (izen horixe baitu sare sozial horretan); nahi duen edozein egin daiteke blogaren "lagun", hala nahi izanez gero.

Tira, nire aldetik besterik ez. Han eta hemen biltzen ditudanak nahi duenaren eskueran jartzen saiatuko naiz aurrerantzean ere; beraz, eskerrik asko kontatzen ditudan albiste, istorio eta bestelako txorradak irakurtzeko interesa edo pazientzia izan eta izango duzuen guztioi.

2010/03/03

Plantillari buruzko datu gehiago

Plantillaren osaerari buruzko datu gehiago ematen dizkigu Diario Vascoko gaurko aleak. Duela bi aste 35 arraunlari zituela zioen Mendi entrenatzaileak Irutxuloko HITZAn; gaurko albistean, bat gehiago, 36, dituela jakinarazten digu.

Aurten etorri diren arraunlarien arteko berri esanguratsuena Unai Luzuriaga "Txinpart" traineruan izango dela jakitea da; erretiratzeko edo aurten atseden hartzeko asmoa zuela zabaldu izan da, baina, antza, Donostiarrako tostetan ikusi ahal izango dugu. Berri bikaina, dudarik gabe.

Donostiara zetorrela ez genekien beste arraunlari berria Iker Iturralde da (oker ez banago iaz hasi zen arraunlari hau San Pedron, eta Trintxerpen utzia aritu zen). Zehaztutako bi horien ondoan, lehen ere aipatutako Cascante, Kortadi, Enriquez, Andonegi, Iglesias, eta Clavijoren berri ematen digu egunkariko albisteak. Asier Lopez patroi izango dela ere berretsi du.

Iaztik hona abantaila bat badela dio Mendik: alderdi teknikoa. Izan ere, iaz arraunkera ezarri behar izan zuen, eta etxeko arraunlariek esfortzu hori nolabait egina dute, aurten asimilatua izango dute arraunkera; berriek bateratzea izango da erronka, taldea osatzea.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/02/17

Urumean ontziak ezin behar bezala ibili

Arraun Lagunak taldeko Pedro Indo arraunlari ohiari elkarrizketa egiten zaio, gaur, Diario Vasco egunkarian. Garai bateko eta gaur egungo arraunketaren arteko desberdintasun batzuk aipatzen dira, baina, bereziki, nire ustez garrantzi bereziko kontu bat plazaratzen du Pedro Indok: Urumearen nabigagarritasuna.

Aspalditik, nahiko zabartuta dago Urumea; lokatz ugari metatzen da ibaiaren hondoan eta bazterretan, eta ez da hori konpontzeko behar bezalako garbiketarik egiten. Uraren ibilbidea nekezagoa egiten du horrek, eta, leku gehiegitan, asko urritzen du ibaiaren zabalera eta sakonera. Duela hilabete batzuetako beste artikulu batean, ibaiaren egoera horrek Ondarretako hondarraren eskasian ere eragina zuela esaten zen, uraren ibilera nekezaren eraginez ez baitzen hondar guzti hori itsasora iristen eta, gero, hondartzetan metatzen.

Eta, jakina, sakonera eskasak eta ibilgu murritzak guztiz zailtzen du ontziak bertatik igarotzeko aukera. Zer esanik ez bosgarren zubi horren obra amaiezinek egoera hori areagotu ondoren. Zer gertatzen da horren ondorioz? Ba, Indok dioen bezala, orain Donostiako klubek ezin dituzte beren entrenamenduak egin Urumea ibaian, beti egin izan den bezala (are gutxiago estropadak antolatu). Soustonseraino joan-etorriak egin behar izaten dituzte, eta horrek, bidean aurrera eta atzera ibiltzeak dakarren arriskuaz gain, beste eragin txar bat du: kirola ikusezin bihurtzen duela. Ibaian jendea arraunean ikusteak gogoa (harra) sor diezaioke jendeari, etorkizuneko arraunlariei. Baina horrelakorik ikusi ezean, nola piztu ezer? Indok dio Soustonsen oso pozik daudela arraunlari donostiarren jardunarekin, besteak beste bertako afizioaren pizgarri ere badelako.

Beste hainbat lekutan ibaien egoera eta itxura txukuntzen ari dira, baita kirola egiteko eremuak prestatzeko ere, Tolosan egin duten hesi puzgarri hori lekuko. Hemen ordea, ibaiaren egoerari kasurik ez, zubien lanak noiz amaituko jakin ez (hiri honetan ohikoa den moduan), ibaian arraunlaririk ez, kirola gizarteratzeko modu hori berreskuratzerik ez, arraunlari donostiarrak bidaia ezerosoetan ibil daitezen saihesteko aurreikuspenik ez, eta abar.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/02/16

Plantilla eraberritua

Gaurko Irutxuloko HITZAn Donostiarrako plantillaren eta entrenamenduen berri ematen da. Mendi entrenatzailearekin izandako solasaldia du ardatz artikulu horrek, eta informazio oso interesgarria ematen da bertan. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dut, informazio eta iritziz oso mamitsua baita, baina ona hemen bertako laburpena.
Gaur egun, 35 arraunlari ditu klubak entrenatzen, iazkoaren bikoitza hain justu (17). Etxeko arraunlariek (Arraun, Fortuna eta Urkikoek) proiektuan duten eta izan behar duten garrantzia azpimarratu nahi izan du Mendik ("proiektuaren muina dira"), eta, horregatik, zein etorriko pentsatzeak baino iaztik kluba utzi dutenek kezka handiagoa sortzen diotela dio. Beraz, Imanol Cascante, David Iglesias, Miguel Angel Enriquez, Mikel Kortadi eta Iñaki Andonegi berrien ekarpena baloratuta ere, 35eko kopuru handi hori baloratzen du berak.

Entrenamenduen baldintza txarrak azpimarratzen ditu gero (Pasaian ari dira batik bat, baina azpiegiturarik ez du klubak han). Lan fisikoaz aparte, arraunkera bateratzen ari dira orain, taldea egiten (adierarik zabalenean), eta sentsazioak onak dira. Goiz omen da zer-nolako emaitzak izango dituzten jakiteko, baina goruntz egitea da helburua, aurkariak ere ondo indartu direla badakien arren.

Urte apal batzuen ondoren, harrobia mugitzen ari dela uste du Mendik, eta horretan goiko traineruaren bultzadak zeresana izango duela pentsatzen du. Aurten ere bigarren trainerua aterako da; Manu Roteta izango da berriro entrenatzailea, baina lana arinduko dion laguntzaile bat izango du urte honetan.

1.000 bazkide biltzeko ahalegin horretan, 800eko kopurua gainditua dagoela esan du. Udalak bere diru-laguntza mantendu du (ezinbestekotat jotzen du laguntza hori etorkizunerako), eta babesle baten bilaketan bide onetik doazela dioen arren, ezer ere ez dagoela itxita aitortu du.

(Argazkia: irutxulo.info)

2010/02/02

Beteranoak Londresera begira

Donostiako Arraun Lagunak klubeko beteranoen zortzikoak Londreseko Head of The River ospetsuan parte hartuko du martxoan.

Berrogeita hamar urte inguruko adinean dabiltza, arraunlari hauek, eta bertan dira, besteak beste, gaztetan hainbat Kontxa (ez tosta donostiarretan baina) irabazitako eta pisu arineko Munduko Txapeldun ere izandako Eulogio Genoba eta Benito Elizalde. Eta horiekin batera, Joseba Higos, Aitor Iriondo, Borja Pablos, eta abar. Guztira hamabost bat arraunlari biltzen ditu beterano talde honek.

Diario Vasco egunkariko albiste honetan kontatzen dira talde horren nondik norakoak: nola elkartu ziren, urte askoren buruan, eta berriro ere lehiatzeko erabakia hartu zuten, barruko "harra" lasaitzeko asmoz. Eta bai ondo egin ere: gogoratu nahi dizuet zortziko honek iazko ekainean Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituela, blog honetan bertan aipatu genuen moduan. Etorkizunean Munduko Txapelketan aritzeko asmoa ere badute. Aurtengoan, behintzat, Londreseko Head of The River proban saiatuko dira.

Aurreko edizioetan Ur-Kirolakeko beteranoak ere aritu izan dira han, eta pentsatzekoa da aurten ere bertaratuko direla; ea, beraz, donostiar arraunlari hauek denek, lehian gozatzeaz gain, beren helburuak betetzen dituzten.
Animo bada denoi.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/01/26

Berriak ere ontzian dira jada

Azken egunotako albiste eta zurrumurruen bidez, pixkanaka plantilla osatuz joan dela jakin ahal izan dugu. Hala ere, tripulazioa traineruan zailtzeko garaia ere bazela pentsatzen genuen askok, arraunkerak bateratzeko eta ontzia nola ibil zitekeen jakiteko.
Lehenagoko asteetan, zintzo asko atera izan da trainerua, etxeko arraunlariekin (Zumaia aldetik etorritako Iglesias gehituta), eta sentsazioak ez omen ziren batere txarrak. Duela egun batzuk, ordea, azken inkorporazioak gehitu dira trainerura, eta (azkenik) denak lanean ari dira: lehendik aipatutako Andonegi, Cascante, Kortadi, Grandal, eta abar.

Berritasun gisa esan daiteke (niretzat behintzat berria baita), Ariel izeneko Argentinako kirolari bat ere ari dela entrenamenduetan; indar handiko elementu horietako bat da, antza, oraindik arraunean ikastea falta zaion arren. Trintxerpetik etorritako beste arraunlari bat ere ba omen da, ez dakit haren izenik. Patroi kontuetan, Asier Lopez arituko da aurten berriro ere, eta Urkin duela urte batzuk ibilitako bat ere itzuli omen da.

Orain, telefono eta bulegoetan egin duen lanetik harago, arraunlari talde hori kudeatzeko erronka izango du Mendik, bai arraunkera lantzeko, bai pertsona multzo hori talde trinko modura behar bezala gidatzeko. Ez dut dudarik asmatuko duela eta Donostiarrak aurtengoan koska bat gora egingo duela bere emaitzetan.
Animo, bada, denoi !!

2010/01/21

1991: Lugañeneren istripua



Youtuben topatutako bideo kurioso bat dakarkizuet hona oraingoan. Bideo ezin interesgarriagoak biltzen ditu webgune horretan jmazkue izeneko (edo goitizeneko, hobeto esanda) arraunzale bikainak. 1988tik honako Kontxako Banderaren irudi ia gehienak dauzka ezarrita bertan, eta beste hainbat eta hainbat bideo ikusgarri jarri ditu zale guztion eskura. Mila esker, jmazkue.

Bideo honetan, Arraun Lagunak taldeko Lugañene traineruak 1991ko Kontxako Banderaren lehen jardunaldian izandako istripua ageri da. Branka aldeko ababorrean kolpe bat jaso zuen traineruak, beroketa egitean ziaboga hartzen ari zirela (metalezko baliza tankar haietako batekin) eta, gero, korrika eta presaka konponketa-lanak egin behar izan zituzten arrapalan, bandera lehiatzera itzuli aurretik. Aurpegi ezagunak ikus daitezke irudietan, ontziaren inguruan kezkati. Ia ahaztua nuen anekdota hau atseginez ikusi dut, ia 20 urteren ondoren.

Beste urte batean San Pedroko Libiak antzeko istripua, baina larriagoa, izan zuen: balizarekin talka egin eta dezenteko zuloa ireki zitzaion branka aldean traineruari, eta oker ez banago estropada amaitzea lortu zuten; entzuna dudanez, kamiseta edo antzeko jantzi bat pelota gisa bildu eta zuloan jarrita ibili omen ziren. Gertakari haren irudirik ez dut aurkitu tamalez.