ARC Ligaren lehen
bi jardunaldiak pasatu dira, eta, tamalez, Donostiarra ez dabil aurtengo plantilla
hobekuntzari begiratuta espero genuen bezain ondo.
Denboraldia hasi
baino lehen, Mendik berak esana zuen iaz baino azkarrago zihoala ontzia,
helburua zela ohorezko txandan egotea —baina betiere bigarren postuari begira (play-offa
gogoan)—, eta ez litzatekeela seinale ona izango laugarren postutik beherakoei begira
egotea. Bada, lehen bi estropadetan zazpigarren eta seigarren iritsi dira donostiarrak
(agur play-offa, ala?), ohorezko txandan lehiakide izan beharko lituzkeen Santurtzi
eta Lekittarratik urrutiago geratuta beste helburu batzuekin abiatu den Getaria batetik baino. Ligaren maila urtez urte gorantz doan arren, aurtengo plantilla ez
dago egina iazko emaitzak errepikatzeko, eta are gutxiago postu okerragoak
lortzeko. Badago hor, beraz, zer hausnartua, zer hausnartua badagoenez.
Zerk egin ote du huts, bada? Aurten ere badirudi ezin izan dela behar bezala prestatu trainerua udazken-negu-udaberri garaietan.
Jakina da Donostiako
arraunaren egitura oso berezia dela —beste herrietan ez bezalakoa—, klub eta
interes asko uztartzen asmatu behar dela, zaila dela antolaketa eta
erabaki-esparruak eragozpenik gabe kudeatzea… baina, kontxo, ezinezkoa da urtero
berdin ibiltzea. Traineru bateratua bosgarren urtean da jadanik, eta arazo
horiek aienatuta beharko lukete honezkero. Beste hainbat klubek aparteko arazorik gabe uztartzen
dituzte arraun mugikorra eta trainerua, eta gainera, hemen ez bezala,
trainerilla eta batela ere lantzen dituzte.
Gogoeta lasaia egin
beharko dute hala egin behar dutenek, zer ari den pasatzen urtez urte
traineruarekin, gure arraunaren estamentuen arteko harremanarekin eta,
ondorioz, zer oinarri ari garen ezartzen Donostiako arraunaren etorkizunerako.
Egungo egitura oso ona izan daiteke geroari begira: klub bakoitzaren
idiosinkrasia historikoa mantentzeko aukera ematen du, eta Donostiako masa
sozialaren katalizatzaile gisa funtzionatzen duen trainerua jartzen du uretan.
Beste ezein egiturak ezin du hori eskaini. Egitura hori hobetzeko egin beharko
litzateke lan. Zinez uste dut arraunaren
historian lehen mailako erreferente izan den gure hiriari zor zaiola horrenbeste.
Zeozer positiboa
esateko, esango dut benetan pozgarria dela B trainerua eskaintzen ari zaiguna.
Azken urteetako lana biribiltzen duen talde bat osatu da, talde gaztea eta etxekoa,
eta arraunean txukun ari direla ikus daiteke astez aste. Hori ere bada beste arrazoi
bat A trainerua ahal den bezain ondo “zukutzeko”… gazte hauei Donostian bertan
erreferente erakargarri bat eskaintzea.
Beste gauza
positibo bat esateagatik, ba Kontxa aipatuko dut. Optimista zoro bat naizela?
Seguruena. Konfiantza itsua dut nik, ordea, Mendiren lanean, eta, ekipo hau
zertxobait eskas hasi bada ere, ezin da ukatu bertan badagoela segundo dezente azkarrago
ibiltzeko lehengaia. Nire esperantza da astetik astera barruan duena ateratzen hasiko
dela Torrekua eta bere maila onena emateko moduan iritsiko dela irailera. Ligan
ematen den neurria edozein dela ere, arantza sakon bat dugu sartuta
donostiarrok: azken 10-15 urteetan Kontxan, gure estropadan, hobeto aritu ezin
izana. Nik behintzat badut arantza hori.
Eta arantza hori pixka bat kentzeko lehen aukera aurtengoa izango zela uste
nuen duela gutxi arte.
Aurten ez bada, ea
datorren urtean bihurtzen den esperantza egia.









